Prentsa Oharren banner

Gasteizko Udalaren eta EHUko ordezkari nagusien arteko bilera

 

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Estíbaliz Canto Hezkuntza eta Kultura zinegotziak topaketa izan dute gaur goizean Eva Ferreira EHUko errektorearekin eta Manoli Igartua Arabako campuseko errektoreordearekin. Unibertsitateko zuzendaritza taldea berritu zenetik, ezaugarri horretako lehen harremana da bai errektore mailan, bai errektoreorde mailan.

 

Udalak unibertsitatearekin dituen elkarlaneko eremu desberdinak gainbegiratzeko balio izan du bilerak. Era berean, ahalduntzea eta prestakuntza moduko arloetara bideratutako etorkizuneko ekimen bateratuak arakatu dituzte. Gasteizek EHUrekin duen hitzarmen-markoak ekimen-aukera zabala eskaintzen du; esate baterako, udako ikastaroen moduko adibide finkatuak. Aipatutako lankidetzaren beste adibide batzuk dira farmakutsadurari edo eskola-bereizketa egoerari heltzeko egindako lanak. Elkarlan-lerroen artean, kirol-medikuntza arloko ikerketa ere nabarmentzen da.

 

“Euskal Herriko Unibertsitatea lehen mailako agentea da Gasteizko garapen sozialean, kulturalean eta ekonomikoan. Udalak eta EHUk beren indarrak batzen dituzten guztietan, hiria irabazle ateratzen da eta gure nahia lanean jarraitzea da Unibertsitateak egiten duen ekarpena bistaratzeko. Era berean, sinergia berriak sortu nahi ditugu herritarren onerako”, adierazi du Gorka Urtaran alkateak gaurko topaketaren ostean.

 

Antzeko hitzak adierazi ditu Eva Ferreira errektoreak ere. Haren esanetan, “historikoki, Gasteizko Udala eta Euskal Herriko Unibertsitatea elkarlan estuan aritu dira. EHU Arabako unibertsitatea da eta Gasteizko parte da, bertako eragile sozial eta kultural handienetako bat delako. Gauza asko partekatu ditugu Udalarekin eta proiektu berrietan ere elkarlanean jarraituko dugu gasteiztarren alde”.

Share

Prentsa-deialdiak (2021-04-16)

Prentsaurrekoa. ‘Energia %100 Herritara’ kanpaina aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregi; Ingurumen Kudeaketa eta Plangintza zinegotzi Cesar Fernandez de Landa; eta “Klima zaindariak”

Eguna. Ostirala, apirilak 16

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko Kintoen aretoa

* Kanpainaren aurkezpena amaitu eta gero, alkateak Gobernu Batzordean hitz egindako gaiak hizpide izango ditu.

Share

Paco Ibáñez, Antton Valverde eta Juana Castro izango dira Gasteizen Poetak maiatzean programan

Maiatzaren 7tik 29ra bitartean izango da bederatzigarren edizioa

 

Poetak maiatzean jaialdiaren bederatzigarren edizioaren aurkezpen ofiziala egin da gaur goizean Montehermoso kulturunean. Maiatzaren 7tik 29ra bitartean egingo da Gasteizko udaberriko agendako ekitaldirik finkatuenetako hau.

Honakoak izan dira prentsaurrekoan: Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto, Kultura eta Kirol foru diputatu Ana del Val, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritzako zuzendari Goyo Zorro, Vital Fundazioko Arantxa Ibañez de Opacua eta Poetak maiatzean jaialdiko zuzendari Elisa Rueda.

Aurtengo jaialdia aurrez aurrekoa izango da berriz ere, pandemiaren ondorioz online egin zen aurreko edizioaren ostean. “Segur aski, aurten gozatu ahalko ditugun zenbait lan bizi izan dugun egoera hau izango dute oinarri,  auza askoren gaineko hausnarketa eragin digu eta” adierazi du Estibaliz Cantok.

Hunkitu Arte elkarteak antolatzen du Elisa Ruedak sortu eta zuzendutako ekimen hau, Araban poesia hedatzea eta poesiaren eta gizarte-ehunaren arteko lotura sortzea xede.

2021ean parte hartzeko eskabide ugari jaso dituztela azpimarratu du Ruedak. “Poema asko 100 poeta eta Kristalezko orrialdeak deituriko jardueretan parte hartzen zuten poetek eginak dira. Garrantzitsua iruditzen zaigu jaialdiaren izpirituari eustea mantentzea, bizi dugun egoera zail honetan ilusio hori askatzea”

Programa

Aurtengo programan poesia errezitaldiak, musika, poesia lehiaketak, erakusketak, dantza, lantegiak…. izango dira adin guztietako jendearentzat. Aipagarriak dira, besteak beste, Paco Ibáñez, Antton Valverde eta Juana Castro.

Paco Ibañezek maiatzaren 14an Principal antzokian emango duen kontzerturako sarrerak agortuta daudela iragarri du Hezkuntza eta Kultura zinegotziak. “Gaur ezagutuko dugu aurtengo edizioko gainerako programazioa. Ziur naiz horrek ere harrera bikaina izango duela”.

Era berean, programatutako jardueretara joatera gonbidatu ditu gasteiztarrak. “Maiatzaren 7tik 29ra bitartean Gasteiz poesiaren hiriburu bihurtuko da. Aurtengo edizioko bertsoekin liluratzera animatzen ditugu gasteiztarrak. Berriro gogoratzen dugu Kultura segurua dela”.

Poetak maiatzean ekimenak Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren, Vital Fundazioaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntza du.

Informazio gehiago

 

 

Share

Datorren igandean amaituko da ‘Udan gozatu’ opor jardueretarako programan izena emateko epea

Udalak 2.210 leku eskaini ditu 8 jarduera-programatan banatuta, eta segurtasuna bermatzen du horietan, covid-aren kontrako beharrezko neurriak hartuta.

 

Datorren igandean, apirilaren 18a, amaituko da Gasteizko opor jardueretarako “Udan gozatu” programan izena emateko epea. Pandemiagatik urtebeteko etenaldia izan ondoren, aurten 2.210 leku eskaini ditu udalak: 1.797 leku 4 eta 17 urte bitarteko gazteentzat, eta 413 leku Kirol Zerbitzuak herritar guztiei eskainitako jarduera nautikoetako hastapen ikastaroetan. Jarduerak modu seguruan egingo dira, covid-aren kontrako neurri egokiak aplikatuta.

2021eko ekainaren 21etik abuztura egingo dira jarduerak, 8 programatan banatuta: ‘jolas txokoak’, ‘Udako ludotekak’, ‘Green Summer Camp’, ‘Abentura-udalekuak’, ‘Udako txokokluba’, ‘Jarduera nautikoetako campusa’, ‘Udalekuak hondartzan’ eta ‘Jarduera nautikoetako hastapen ikastaroak’.

Izena eman ondoren, maiatzaren 10ean zozketa egingo da, eta maiatzaren 10etik 18ra hartu ahalko dira lekuak. Maiatzaren 21ean argitaratuko dira hutsik geratutakoen zerrenda, eta maiatzaren 26tik ekainaren 6ra bitartean eskatu ahalko dira. Jarduera nautikoetako hastapen ikastaroei dagokionez, maiatzaren azken astetik aurrera eskatutako dira, leku guztiak bete arte.

Lekuak eskatzeko moduak: gizarte-etxeetan aldez aurretik hitzordua eskatuta (8:30etik 20:00etara, astelehenetik ostiralera); herritarrei laguntzeko telefonora deituta (010 eta 945161100), edo  webguneko egoitza elektronikoan  www.vitoria-gasteiz.org

Informazio gehiago

Share

2020ko aurrekontua 6 milioi euro baino gehiagoko aurrezpen garbiarekin itxi da

Gasteizko Udalaren 2020ko aurrekontua ixteko dekretua arestian sinatu da, eta emaitza positiboak eman ditu bere magnitude nagusietan. Hala gertatu da aurrezpen garbiarekin, 6.191.811,18 eurokoa izan baita; zenbateko hori diru-sarrerei gastu arruntak, urteko amortizazio teorikoa eta interesak kenduz kalkulatzen da. “Oso garrantzitsua da iazko aurrekontua aurrezpen garbiaren zenbateko positiboarekin itxi izana, oso testuinguru korapilatsutik abiatu baikinen; izan ere, azkar baino azkarrago erreakzionatu behar izan genuen koronabirusaren krisiak Udalaren egoera ekonomikoari kalte larriak egin ziezazkion saihesteko. Aurrezpen garbia sortu izanaren ondorioz, ez dugu onetsi beharko finantzak onbideratzeko planik. Hori egin behar izango genukeen, gastuak diru-sarrerak baino handiagoak izan balira”, zehaztu du alkateorde eta Ogasuneko zinegotzi Iñaki Gurtubaik.

Aurrekontu-emaitza doitua ere positiboa izan zen, 10.929.124,55 eurokoa. Zenbateko hori lortutako diru-sarreren guztizkoaren eta sortutako gastuen guztizkoaren (ez bakarrik arruntak, aurrezpen garbiaren kasuan bezala) arteko aldea da.

2020ko aurrekontuaren itxieraren hirugarren magnitude garrantzitsua gerakinak dira. Pasa den ekitaldian, 40.146.576,04 euroko diruzaintzako azken gerakina sortu zen. Magnitude horri kendu behar zaio kobrantza zalantzagarriko diru-sarreren marjina (15.254.400 euroan zenbatetsia): hala, 24.892.175,53 diruzaintzako guztizko gerakina ateratzen da, eta zenbateko hori gehitzen zaie 2021eko aurrekontuei, aurreko ekitalditik datozen funts gisa. Aurrekontuen mekanikak bi kontzeptutan banatzen du zenbateko hori:

  • Diruzaintzako gerakin lotua14.064.441,30 euro—: ezinbestean erabili behar da proiektu eta obra jakinetan (BEArako eta haren kargatze-unitate funtzionalerako Udalaren ekarpena finantzatzea, Eskualde Planaren bidez enplegua sortzea eta abar).
  • Gastu orokorretarako diruzaintzako gerakina10.827.734,24 euro—: lizitatze-fasean edo adjudikatuta dauden obra eta proiektuetan erabiltzen da (hala nola Ariznabarreko aparkalekua amaitzea, Triana zubiaren irisgarritasun-proiektua burutzea, bertan Gasteiz Antzokia jartzeko Ruiz de Bergaratarren jauregia birgaitzeko lanak eta abar).

Oraingo ekitaldi ekonomikora gehitzen den beste zenbateko bat Ekarpen-konpromiso sendoak kontzeptua da; zenbait proiektutarako beste administrazio batzuek egindako azken ekarpenei dagokie, eta 24.394.180,76 eurokoa da. Kontzeptu horren eta diruzaintzako guztizko gerakinaren batura, 49.286.356,30 eurokoa da.

2020ko aurrekontuaren itxieraren beste adierazle bat diruzaintzako gerakin likidoa da; haren zenbatekoa honela lortzen da: lehen adierazitako 49,2 milioi euroko zenbatekoa ken 2021eko martxoaren 26ra arte kreditu-gerakin erantsien guztizkoa (46.102.478,14 euro); guztira 3.183.878,16 euro dira, eta zenbateko hori hainbat helbururi eslei dakiekeen ekonomia-funts bihur daiteke.

COVID-19aren pandemiak eragindako ziurgabetasun ekonomiko eta sozialaren gaur egungo testuinguruan, berri ona da ikustea Gasteizko Udalak 2021eko aurrekontuari gehitu ahal izango dizkiola behar diren gerakinak abian dauden obrak eta proiektuak amaitzeko eta ekonomiaren zein gizartearen arloetan egundo ikusi gabea den egoera honi sendotasun handiagoz aurre egiteko, ondorioztatu du Iñaki Gurtubaik.

Share