Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-10-07)

Prentsaurrekoa. Udal eraikinetan energia aurrezteko ekintzak aurkeztea

Parte hartzaileak. Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzia Borja Rodríguez; eta Ferrovial Construcción enpresako Efizientzia Energetikoaren zuzendari David Pocero

Eguna. Osteguna, urriak 7

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————————————–

Prentsaurrekoa. VIII. MINIATURE Biltzarra aurkeztea

Parte hartzaileak. Economía Sustapen zinegotzi Maider Etxebarria; Enpleguaren Sustapen, Merkataritza eta Turismo foru diputatu Cristina González; Turismo eta Merkataritza kontseilariorde Jesús García de Cos;  eta MINIATURE Biltzarreko antolatzaileak

Eguna. Osteguna, urriak 7

Ordua. 12:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————————

SUM21 Hiri Mugikortasun Iraunkorrari buruzko Biltzarra, amaiera ekitaldia

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

-Mahai ingurua: “La neutralidad tecnológica, indispensable en el desarrollo de la movilidad sostenible y clave para las ciudades”. Han izango dira ere FEMPeko Mugikortasun batzordeko presidentea; Petronor enpresako presidentea eta Errepide Garraioaren Nazioarteko Elkarteko zuzendaria

– Bilboko Deklarazioa sinatzea

Eguna. Osteguna, urriak 7

Ordua. 12:30

Tokia. Euskalduna jauregia

————————————-

Zuzenbide Kolaboratiboko Euskadiko Elkartearen VIII. Biltzarrari hasiera ematea

Parte hartzaileak. Alkateorde Iñaki Gurtubai; Arabako ahaldun nagusi Ramiro González; Eugenio Arteche Palomar, Eusko Jaurlaritzako Justizia zuzendaria; eta Susana Sucunza, Zuzenbide Elkartearen Euskadiko Elkartearen presidentea

Eguna. Osteguna, urriak 7

Ordua. 16:00

Tokia. Europa Biltzar Jauregia, Gasteiz aretoa

————————————————

Ingurumena eta Osasunari buruzko Jardunaldiari hasiera ematea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Osteguna, urriak 7

Ordua. 18:00

Tokia. Europa Biltzar Jauregia, Francisco de Vitoria aretoa

Share

[Eguneratua] Datorren larunbatetik aurrera, udal igerilekuek ohiko funtzionamendua berreskuratuko dute

Osasun larrialdia amaitutzat jo delarik, udalaren kirol instalazioetan pandemiaren aurreko edukiera berreskuratu ahalko da. Igerilekuak ere barne hartuko ditu egoera berriak; horrenbestez, urriaren 9tik aurrera (larunbata), ohi bezala funtzionatzen hasiko dira, hau da, ez da hitzordua eskatzeko sistema erabili beharko, covid-19ak eragindako murrizketengatik egin behar zen bezala. Zerbitzu teknikoak sartzeko tornuen sistema berregokitzeari ekin diote, larunbatetik aurrera normaltasunez funtzionatu dezaten.

Beraz, bihartik aurrera udal igerilekuetan igeri egiteko tartea erreserbatzeko sistema informatikoa ez da larunbaterako txanda hartzeko aukerarik izango, egun horretan hasiko baita ohi bezala funtzionatzen.  Ordura arte, hori bai, ostegunerako eta ostiralerako erreserba egin ahal izango da. Ostegun eta ostiralerako erreserba egina duten pertsonek azken hilabeteetan egin den bezala erabili ahalko dituzte igerilekuak.

Gizarte-etxe eta kiroldegietako instalazioetan egin ohi diren kirol-jardueretan ere edukieraren % 100 berreskuratuko da. Udalak programatutako jardueren kasuan, edukiera % 75era handitzeak eskain zitekeen gehieneko leku-kopurura iristea ekarri zuen. Dena dela, leku gehiago eskaintzerik dagoen aztertuko da.

Instalazioei dagokienez nabarmendu beharra dago Lakuako pilotaleku estalia berriro ere kirol-jardueretarako erabiltzen hasiko dela, joan den astera arte txertaketa zentro gisa funtzionatu ondoren. Datorren astetik aurrera berreskuratuko du instalazio horrek ohiko erabilera.

Share

Gasteiz Klima Aldaketara Egokitzeko Ekintza Planaren zirriborroa erkatuko du bihar Udalak herritarrekin

Montehermoso kulturuneak Gasteizko Klima Aldaketara Egokitzeko Ekintza Plana egiteko irekitako parte-hartze prozesuaren beste saio bat hartuko du bihar, urriak 7, arratsaldeko 17: 00etan. Oraingo honetan, Udalak herritarrekin alderatuko du planaren zirriborroa, planaren eta haren jarduera-esparruaren lehen azalpen bat eta taldekako tailer bat biltzen dituen dinamika batean. Tailer horretan, Udalaren planak proposatzen dituen 71 neurrietatik zehatzenak eta hurbilenak berrikusi eta eztabaidatuko dira.

Cesar Fernández de Landa Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotziak eta beste udal talde batzuetako ordezkariek parte hartuko dute saio tekniko honetan.

Gasteizko Klima Aldaketara Egokitzeko Ekintza Plana Klimaren eta Energiaren aldeko Alkatetzen Itunaren Esparruan garatzen da, eta udalerriko klima-aldaketara egokitzeko plangintza klimatikoa egiteko tresna da, Gasteizko Udalak eta inplikatutako gainerako eragileek modu eraginkorrean eta koordinatuan jardun ahal izan dezaten klima-aldaketaren ondorio kaltegarriak minimizatzeko.

Share

Buru-gaixotasunaren gaineko aurreiritziei aurre egiteko gonbita egingo du “Mitoak apurtuz, errealitateak eraikiz” kanpainak

 

“Mitoak apurtuz, errealitateak eraikiz” kanpaina aurkeztu du ASAFESek —buru-gaixotasuna dutenen eta senitartekoen elkarteak—, datorren igandean, urriak 10, Buru Osasunaren Nazioarteko Eguna dela-eta Udalaren laguntzarekin sustatuko dituen ekintzen arteko nagusietako bat.

Buru-gaixotasunaren inguruko tabuak suntsitzen laguntzea da kanpainaren helburu nagusia, hots, pertsona oro eskubide osoko herritarra izango den gizarte inklusiboago baten alde egitea. Errealitate zehatzak ezagutaraztea da kanpainaren oinarria, eta gogoeta egiteko gonbita, buru-gaixotasunen inguruko hainbat uste okerri aurre egiten dieten gizon-emakumeen lekukotasunak tarteko; azken batean, uste oker horiek baztertzeko gonbita.

Aurreiritziei aurre egiteko orduan herritar guztiak inplikatzeko premia nabarmendu du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek; beldurrak saihestu eta gaixotasun mentalen errealitatera hurbiltzeko premia. Bidenabar, gorazarre egin dio ASAFESi, 40 urtez egin duen lana dela eta; zer esanik ez, pandemiaren ondorioz egokitutako zirkunstantzietan.

“Mitoak apurtuz, errealitateak eraikiz” kanpainak pieza nagusi bat izango du, sare sozial eta hedabideetan zabalduko den bideo bat, zortzi lekukotasun jasotzen dituena, zeinen bitartez gogoeta egin eta buru-gaixotasuna dutenengana hurbiltzeko moduak bilatzeko gonbita egingo baita, edonor egokitu bailiteke, bizitzako uneren, batean egoera horretan.

Informazio gehiago: “Mitoak apurtuz, errealitateak eraikiz” kanpainaren bideoa

Share

Datozen hilabeteetan Anestesia, S.A., Agustín Jiménez eta David Navarro arituko dira Kultura Bizia espazioan

 

Orain arte 32.000 ikusle igaro dira Iradier Arenatik, 61 egunetan izan da programazioa, eta ia 90 ikuskizun eskaini dira

Erakundeek eta Kultura Bizia elkarteak lankidetza 2022ko urtarrilera arte luzatuko dela iragarri dute gaur

 

Vitoria-Gasteizen, 2021eko urriaren 6an.  Erakundeek eta Kultura Bizia elkarteak Iradier Arenan kultura programatzen jarraitu ahal izateko lankidetza 2022ko urtarrilaren 10era arte luzatuko dela iragarri dute gaur; bide batez, balantzea egin dute, eta programazioa aurreratu.

Kultura eta Kiroleko foru diputatu Ana del Valek, Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok, Laboral Kutxako Komunikazio arduradun Kepa Ortiz de Urbinak eta Kultura Biziaren lehendakari Javier Sagastumek hartu dute parte aurkezpenean.

Joan den maiatzaren 1ean abian jarri zenetik, 32.000 ikusle igaro dira Iradier Arenako Kultura Bizia espaziotik, 61 egunetan izan da programazioa, eta ia 90 ikuskizun eskaini dira. “Publikoaren erantzuna oso ona izan da”, adierazi du Sagastumek: “gehitu beharra dago musika eta antzerki taldeentzat eta abarrentzat lana ekartzeaz gain, programazioko egun bakoitzean 35 pertsona inguru aritu direla lanean, eta 10-12 pertsonako talde bat jarraian; hori bultzada garrantzitsua izan da bizitzea egokitu zaigun garai honetan”. Elkarteak bideo bat argitaratu du, zeinak ongi laburbiltzen baitu hilabete hauetako programazioa.

Ana del Val foru diputatuak, berriz, “proiektuaren alde egitean eta orain luzatzean asmatu” dutela azpimarratu du, “arrakastatsua gertatu baita“. Izan ere, “kulturaren mundua suspertzeko bidean gaude, ia normaltasun osoa berreskuratzen eta ziur gaude kultura inoiz baino biziago dagoela eta segurua dela; baina publikoaren bultzada ere behar duenez, eta alor publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza, proiektuari laguntzen jarraituko dugu“, azaldu du.

Estíbaliz Canto zinegotziak adierazi duenez, “Kultura Bizia elkarteak garatu duen kultur programazioak benetan erantzun ona lortu du Gasteizko zein beste leku batzuetako publikoaren aldetik. Eskerrak eman nahi dizkiet Javier Sagastagumeri eta haren taldeari, hilabete hauetan egin duten ahalegin handiagatik. Proiektu honek ederki islatzen du zer lortu dezakeen arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzak. Iradier Arenak kultur esparru gisa duen balioa ere agerian utzi dugu elkarrekin, Gasteizerako etorkizun handia baitu”.

LABORAL Kutxako Komunikazio arduradun Kepa Ortiz de Urbinak, berriz, proiektuari laguntzen jarraituko dutela baieztatu du: “gauzak egiteko beste modu bat dagoela erakutsi dugu, erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetzaren bidez. Kultura motor ekonomiko eta soziala da, enplegua eta aberastasuna sortzen baititu.  Kultur proiektuek ere enpresa pribatuaren sostengua eta babesa behar dute, eta Laboral Kutxa hor egongo da ekimen hori eta lankidetzarako sor daitezkeen antzekoak bultzatuz.”

Espazioa, apirilaren 12an aurkeztua, erakundeen arteko lankidetzari eta erakunde eta kultur eragileen arteko entzute aktiboari esker sortu zen, sektoreak espazio bat behar baitzuen azken urteko egoera dela kausa segurtasun baldintzei eta publiko kopuruari dagokienez beste areto batzuetan eskaintzerik ez zegoen programazioa aurrera ateratzeko. Besteak beste, babesle hauek laguntza izan du: Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Laboral Kutxa.

 

Baieztatuko ekitaldiak

Zenbait ekitaldi baieztatu dira datozen egunetarako:

  • S. A., Anestesia, Angelus Apatrida, Proudz
  • Gasteiz On pasarela
  • Miniature
  • Boxeo gaualdia
  • Algara eta Korrontzi
  • Olatz Salvador + Idoia
  • Bakarrizketak (Agustin Jiménez, David Navarro eta Txabi Franquesa)
  • Stay Homas
  • Pirritx, Porrotx eta Marimotots
  • Mulixka dantza taldea + Koro Araba + Luis Aranburu

Sarrerak webgune honetan erosi ahalko dira: www.kulturabizia.eus

Share

Herritarren Segurtasunaren Batzarraren data aldatzea, urriaren 6tik 13ra

Jakinarazten da urriaren 6ko 12:00etarako deitutako bilkura (dagoeneko etenda) urriaren 13ko 11:00etan egingo dela.

Bilkura horretako gai-zerrendako puntu bakarra honako hau izango da:

– Herritarren Segurtasunaren Saileko zinegotzi ordezkariaren agerraldia, EH Bildu Gasteiz taldeak 2021eko irailaren 21ean eskatuta, udaltzaingoa kamera pertsonalekin grabatzen hasteari buruzko informazioa eman dezan.

Etendako bilkuraren gai-zerrendako gainerako puntuak hurrengo ohiko bilkuran aztertuko dira.

Share