Prentsa Oharren banner

Zeledon Txikiri eta Neska Txikiri harrera

Gasteizko Udalak harrera egin die gaur arratsaldean 2020ko eta 2021eko Andre Maria Zuriaren jaietan Zeledon Txiki eta Neska Txiki izan behar zuten haurrei, COVID-19a dela eta ezin izan baitziren ospatu.

Eneko Asurmendik 14 urte ditu eta Maite Gonzálezek 15 eta, horrenbestez, ezingo dira aurrerantzean pertsonaia ospetsu horiek izan. Horregatik, omenaldia egin nahi izan die udalak eta oparitxo bat banatu die.

Ekitaldian izan dira Gorka Urtaran alkatea, Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Canto eta udal korporazioko beste zenbait partaide.

Share

Prentsa-deialdiak (2021-10-27

Prentsaurrekoa. ‘Makers’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Óscar Gomez Mata, zuzendaria eta antzezlea; eta Marta Monfort, Udal Antzoki sareko arduraduna

Eguna. Asteazkena, urriak 27

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

————————————-

Prentsaurrekoa. 2021eko Martin Fiz Maratoia eta elastiko ofiziala aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta maratoiko zuzendari tekniko eta atleta Martín Fiz

Eguna. Asteazkena, urriak 27

Ordua. 12:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

——————————————–

XXV Congreso Nacional de la Investigación Osea biltzarraren inaugurazio ekitaldia

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Asteazkena, urriak 27

Ordua. 20:00

Tokia. Europa Biltzar Jauregia, María de Maeztu entzun-aretoa

Share

Osasunaren arloko elkarteentzako laguntza ekonomikoa handituko du Urtaranen gobernuak 2022an

Aurten baino diru gehiago jasoko dute osasunaren arloko entitateek datorren urtean. Zehazki, gutxienez % 12 handituko du Osasun Publikoaren Zerbitzuak elkarte horiei dirulaguntzak emateko deialdiaren zuzkidura. 2022ko aurrekontuan diru gehiago izan ala ez egingo da ekarpen ekonomiko handiago hori.

Gainera, Gizarte Politiken Sailarekiko lankidetzari esker —arlo soziosanitarioko elkarte eta jarduera horientzako atal bat baitzuen bere dirulaguntza-deialdian—, Osasun Publikoaren Zerbitzuaren deialdi bakar batean elkartuko dira horrelako proiektuetarako laguntza guztiak. Horrela, izapideak erraztuko zaizkie elkarteei, dokumentazioa bi sailetan aurkeztu behar izatea ekiditen delarik. Gizarte Politiken Sailak 2021ean proiektu horietara bideratu duen zuzkidura ekonomiko bera gehituko zaio baliagarri dagoen aurrekontuari.

Horri esker, 400.000 eurotik gorakoa izango da Osasun Publikoaren Zerbitzuak elkarte sozio-sanitarioei zuzentzen dien dirulaguntza-deialdiaren aurrekontua. Izan ere, orain arte horretara bideratzen ziren 325.000 euroei gutxienez % 12 gehitzea aurreikusten da, Gizarte Politiken Sailetik bertara bideratuko diren 40.000 euroez gain.

“400.000 eurotik gora baliatuko ditugu gaixotasunen prebentzioaren arloko sentsibilizazio-proiektuak bideratzeko, osasuna sustatzeko eta gaixotasun kronikoak dituztenen bizi-kalitatea hobetzeko. Entitate soziosanitarioak babesten jarraituko dugu, orain arte adina edo gehiago, eta zenbateko horiek dira hori frogatzeko modurik onena”, adierazi du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek.

Epeei dagokienez, ezohiko moduan kudeatuko den deialdi baten bitartez antolatuko da ehun soziosanitarioari emango zaion laguntza ekonomikoa. “Badakigu kezka handia dutela entitateek, zein ekarpen ekonomiko egokituko ote zaien. Horregatik, deialdi aurreratu bat onetsiko dugu. Dagoeneko egin dira egun gutxiren buruan deialdiaren berariazko oinarriak argitaratu eta urte hasierarako hori ebatzi eta dirulaguntzen zenbatekoak zehazteko beharrezko diren gestioak eta barruko tramiteak”, azaldu du.

Deialdi horren helburu nagusia da entitate guztiek baldintza berberetan jaso ahal izatea laguntza —hori justifikatzen duten irizpide teknikoak aintzat hartzen direlarik, eta elkarteek aldez aurretik ezagutzen dituzten parametroekin bat etorriz—, eta entitateek berek erabaki ahal izatea zein proiektu eta jarduera aurkeztu nahi dituzten.

Hartara, Kirol eta Osasun zinegotziak adierazi duenez, Urtaranen gobernuak laguntza-deialdi baten bitartez arlo sozioekonomiko kolektiboei ematen zaien laguntza berrantolatzeko finkatu zituen helburuak beteko dira: aurrekontua ez murriztea, hitzarmenen bitartez diruz lagundu dakiokeen orori laguntzen jarraitzea, administrazio-izapideak arintzea eta planteamendu berri hori elkarteekin partekatzea.

Share

Jakinarazpen publikoa Vitoria-Gasteiz gertatutako eraso matxista kasuaren aurrean

Gure udalerrian, Florida parkearen inguruan gertatu berri den eraso matxista dela eta, Vitoria-Gasteizko Udaletik adierazi nahi dugu erasoa irmotasunez gaitzesten dugula eta haren aurka gaudela. Horrez gain, biktima eta bere inguruari laguntza osoa eskaini nahi diogu eta jakitera eman nahi diogu gertu izango gaituela eta bere esku jarriko ditugula behar dituen baliabide psikologikoak, juridikoak, sanitarioak, babesekoak eta harrerakoak. Bukatzeko, bere interesei eragiten dien informazio guztia izango duela bermatu bermatzen diogu.

Horren harira, Vitoria-Gasteizko Udalak Indarkeria Matxistaren aurrean jarduteko eta hari aurre egiteko Protokoloa aktibatu du kasuaren berri izan eta haren ikuspegirik osoena eta zehatzena izateko aukera eman duen informazioa egiaztatu bezain azkar. Jarraian, bilera baterako dei egin du, informazio guztia biltzeko eta erantzun instituzionala zein biktimarentzako eta haren inguruarentzako arreta koordinatzeko.

Azpimarratu nahi dugu indarkeria matxistak giza eskubideak larritasunez hausten dituela eta garrantzi handiko arazoa dela indarkeria jasaten duten emakumeeneta LGTBI pertsonen duintasunari eta osotasun fisikoari eta moralari eraso egiten diena, erailketa matxista matxismo horren adierazpen larriena izanik. Indarkeria hori ez dute ekintza isolatu batzuek osatzen; gure gizartea osatzen duten jokabide esplizituz, mezu sexistez eta sinboloez osatutako sare bat da, eta emakumeak gizonen mende mantentzea eta indarrean den sistema hetereopatriarkalak finkatutako mugak hausten dituen gorpurik, eredurik edo jokabiderik ez onartzea helburu du.

Horren harira, Vitoria-Gasteizko Udalak, emakumeek eta LGTBI pertsonek kolektigiza eskubideak benetan erabil ditzaketela bermatzeko ardura duen instituzio publikoa denez gero, neurriak bultzatuko ditu honako hauetarako: udal-erakundeek eta herritarrek oro har berehala eta irmotasunez erantzuna emateko edozein eraso matxistari, biktimei lehentasunez arreta emateko, emakumeei eta LGBTI pertsoneei indarkeriari aurre egiteko tresnak emateko prebentzio-jarduketak garatzeko eta erasotzaileen gizarte-zigorgabetasuna ez onartzeko. Gainera, Udalak konpromisoa hartzen du lan egiten jarraitzeko eta laguntza eskaintzeko, bere eskumenak betez, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bermatzeko.

 

Hori guztia dela eta, Udalak:

Bat egiten du mugimendu feministak eta LGTBI kolektiboek dei egindako gaitzespen-ekintza guztiekin eta gonbitea luzatzen die herritar guztiei horietan parte hartzeko, bai eta Udalaren babesa behar duten gaitzespen-ekintzak Udalari jakinarazteko ere. Udalak bat egin du Gasteizko LGTBI kolektibooek deitutako elkarretaratzearekin, bihar arriaren 27an , Andramari Zuriaren enparantzan, 19:00ean.

Share

Udalak Europako Energiaren Astea ospatuko du udal eraikinetako eraginkortasuna hobetzeari buruzko kanpaina batekin

Aldabeko eta Ibaiondoko gizarte-etxeetan, Mendizorrotzeko kirol-instalazioetan eta Umandi ikastolan 4 informazio-panel egongo dira gaurtik aurrera energia arduraz erabiltzeari buruz kontzientziatzeko 

 

Europako Energiaren Astea kontinente osoan ospatzen da urriaren 25etik 31ra bitartean eta Gasteizko Udalak aukera aprobetxatu du udalak berak kudeatutako 229 eraikinek energia termikoaren kudeaketan duten aldaketa ikusarazteko, eta egunero gizarte-etxeetara, kultura- eta kirol-zentroetara, eskoletara eta udal bulegoetara joaten diren 20.000 pertsona baino gehiago haien erabilera eraginkorraz sentsibilizatzeko.

Aste honetan zehar, gune horietako lauretan, hots, Aldabeko eta Ibaiondoko gizarte-etxeetan, Mendizorrotzeko kirol esparruan eta Umandi ikastolan, 4 informazio-totem egongo dira. Haietan udal eraikinen energia-kontsumoa eta haren bilakaera azaltzen da, bai eta energia berriztagarrien erabilerak orokorrean eta bereziki 4 espazio horietan izango duen gorakada ere.

Ekimenaren helburua da herritarrak energia behar bezala erabiltzearen inguruan sentsibilizatzea, bai udal espazio horien erabiltzaile gisa, bai beren etxeetan dituzten ohituretan. Gasteizko Udalak bere energia termikoa kudeatzen duen 229 eraikinek 54,4 milioi kWh baino gehiago kontsumitu zituzten 2019an, eta datozen urteetan helburua da kontsumo hori 1 milioi kWh baino gehiagotan murriztea, kudeaketa eraginkorrago bati esker eta herritar guztien laguntzarekin.

“Eraikinek hirietako CO2 emisioen % 30 sortzen dute; beraz, ezinbestekoa da energia berriztagarrien erabilera handitzea. Proposatutako jarduketekin, Gasteizko udal eraikin eta instalazioetan energia berriztagarrien erabilera bikoiztea lortuko dugu, CO2 emisioak nabarmen murriztuz”, adierazi du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguezek.

Hala, adibidez, Aldabeko gizarte-etxea energia berriztagarriak % 61 erabiltzetik % 77 erabiltzera pasatuko da, Ibaiondoko gizarte-etxea % 31tik % 82ra, Mendizorrotzeko kirol esparrua % 11tik % 91ra eta Umandi ikastola iturri berriztagarriak ez erabiltzetik % 91 erabiltzera.

Udalak, halaber, erabilera-aholku errazak emateko aprobetxatu du kanpaina, udalak kudeatutako 229 eraikinetan energia kontsumoa are gehiago murrizten laguntzeaz gain, etxeetako kontsumo pribatua gutxitzeko ere erabilgarriak izango direlakoan. Aholku horiek dira, besteak beste, dutxa laburragoak hartzea, bero- eta hotz-iturriak itzaltzea berotu edo hoztu nahi den espazioan ez bagaude, beroa alferrik galtzea saihestea espazioak zentzuz aireztatuz, edo arduradunei matxuren berri ematea.

Share

Brenda Chávez idazleak, Patagonia etxeak eta OCUren ordezkariak kontsumo arduratsurako jarraibideak emango dituzte Gasteizko Europa biltzar etxean egingo den topaketan

Udalak sustatutako Konpondu proiektuaren baitakoa da herritarrei irekitako jardunaldi hau, gauzak bota aurretik konpon daitezela sustatzeko proiektukoa.

 

Errebelatu eta konpon ezazu. Egin zaitez konponder” jardunaldia hartuko du ostegunean, 18:00etan, Europa jauregiak. Brenda Chávez idazleak, Patagonia etxeak eta OCUk Euskadin duen ordezkari Kepa Loizagak kontsumo arduratsurako jarraibideak emango dituzte, herritarrei irekitako topaketan (libre, edukiera bete arte). Hondakinen Kudeaketaren Zerbitzuak eta Enpresa Zerbitzuak sustatutako Konpondu proiektuaren ekimena da, bota aurretik konponketa bultzatzeko.

Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi Cesar Fernandez de Landak azpimarratu duenez, jardunaldi honetan “erosteko orduan selektiboak izatearen garrantzia aztertuko da, produktu iraunkorrak aukeratuz, eta erabili eta botatzearen kontsumo-eredutik aldenduz, eta konponketaren arloko Gasteizko profesionalen lana balioetsiz, izan ere gure gauzen bizitza luzatu egiten dute, hartara planetaren baliabideen gaineko presioa arindu eta hondakinen sorrera murrizten delarik”.  

Izan ere, Gasteizko udalaren lan-ildoetako bat da ekoizpen- eta kontsumo-eredu linealetatik zirkularretarako trantsizioa sustatzea.Ekonomia zirkularra ingurumen-iraunkortasunarekin lotutako kontzeptu ekonomikoa da, eta helburu du produktuen, materialen eta baliabideen balioa ekonomian ahalik eta luzaroen mantentzea, eta hondakinen sorrera minimora murriztea” adierazi du Enpleguko zinegotzi Igor Salazarrek.

Arlo horretan eta lehengaien krisi handiaren testuinguruan sortu da Konpondu proiektua

 

Izena emateko formularioa

Lekua

Francisco de Vitoria aretoa, Europa biltzar etxean

Sarrera

Plaza-kopuru mugatua. Erreserba ezazu sarrera, izena emateko formularioa erabiliz. Ekitaldiaren egunean sarrera librea egongo da, lekuak bete arte.

Programa

  • 18:00. Harrera eta ongietorria.
  • 18:10. “Konponketak planeta-baliabideetan duen eragin positiboa” . Brenda Chavezen hitzaldia, “Tu consumo puede cambiar el mundo” eta “Al borde de un ataque de compras” liburuen egilea eta Carro de combate kolektiboko kidea.
  • 18:30. Patagonia Europe-ren hitzaldia
  • 19:00. Hemengo konpontzaileekin solasaldia: “Gasteizen kontsumo-produktuak konpontzera eramaten dituenaren oztopoak, motibazioak eta profila”.
  • 19:30. “Bermea eta konponketak. Kontsumitzaileen eskubide berriak zaharkitze goiztiarra saihesteko”.
    Kepa Loizagaren hitzaldia, OCUren Euskadiko ordezkaria.
  • 19:50. Jardunaldiaren ondorioak eta itxiera.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share

Aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteek gazteengan izan duten inpaktuari buruzko azterlana argitaratu du Gazteria Zerbitzuak

Lanbideren datuez gain, hamar laguni egindako elkarrizketak jasotzen ditu txostenak.

 

Aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteek Gasteizko gazteengan izan duten inpaktuari buruzko azterlana argitaratu du Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuaren gazteen errealitatearen behatokiak. Azterketa kuantitatiboa eta kualitatiboa egiten da bertan, adi baterako enplegu-erregulazioko espedienteek gazteengan izan duten eraginaren inguruan.

Azterlanak, Lanbidek aldizka argitaratzen dituen datuak jasotzeaz gain, analisi kualitatibo bat egiten du, lan-egoera hori bizi izan duten 10 gazteri egindako elkarrizketa sakonak oinarritzat hartuz. Gainera, gazteen emantzipazioarekin zerikusia duten beste gai batzuei buruzko iritziak ere jaso dira bertan —etxebizitza, ikasketak edo beste—.

Gasteizko gazteen artean pandemiak eragindako ezohiko egoerari erantzuteko diseinatutako “Erronka: Gazteak” Gazte Planaren barruan sartzen da dokumentu hori.

Gasteizko Eskualdeko VIII. Enplegu Planarekin lankidetzan egin da txostena, eta doan eskura daiteke Gasteizko Udalaren webgunean, Gazteria Zerbitzuaren atalean

Share

Sevillako Udalaren ordezkariak Gasteizen izan dira, Eraztun Berdearen proiektua bere egiteko asmoz

Gorka Urtaran alkateak, Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi César Fernández de Landak eta Joseba Sánchez zerbitzuburuak hartu dituzte, gaur goizean, Sevillako alkateorde Jose Luis David Guevara eta bertako Udaleko Ingurumen Arloko ordezkariak, zein Eraztun Berdearen proiektua sakonki ezagutzeko asmoz etorri baitira Gasteizera.

Honela azaldu du alkateorde andaluziarrak: “Eraztun Berdearen proiektua garatzen ari da Sevilla, eta besteren esperientziatik ikastera etorri gara Gasteizera. Hiri honek nazioarteko aintzatespenak ditu, eta non hobeto ezagutzen diren hiri-espazioak finkatzen, naturalizatzen dakitenak. Hiriak ematen dizkigun aukerak aprobetxatu nahi ditugu, 42 kilometro ibilbidea eratzeko, horrebeste gorazarre jaso dituen Gasteizkoarenaren antzeko proiektu bat eginez.”

 

Share

Carlos Núñez, Alasdair Fraser, Natalie Haas eta Amak arituko dira Gasteizen, Aitzina Folk jaialdiaren IX. edizioan

Urriaren 29tik urtarrilaren 2ra bitartean egingo da jaialdi solidarioa, hiriko hainbat lekutan.

 

Aitzina Folk jaialdi solidarioaren IX. edizioa hartuko du Gasteizek, urriaren 29tik urtarrilaren 2ra bitartean. Hamahiru jardueratik gora izango dira hiriko hainbat lekutan, jende ororentzat.

Gaur aurkeztu dute ekitaldia prentsaren aurrean Montehermoso kulturunean, Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok, Kulturako foru zuzendari Inmaculada Sánchez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagastik, Laboral Kutxako ordezkari Kepa Ortiz de Urbinak, Vital Fundazioaren zuzendari Arantxa Ibáñez de Opacuak eta Aitzina Folk jaialdiaren zuzendari Patxi Villének.

“Aitzina Folkek urriaren 29tik urtarrilaren 2ra bitarterako proposatutako jarduerekin bat egitera animatu nahi ditugu gasteiztarrak. Izan ere, 13 ekitaldi baino gehiago dago, jende ororentzat. Guztiz gomendagarria” adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

  1. edizio honetko ikuskizunak aurrez aurrekoak izango dira, arauak, edukierak eta segurtasun-neurri oro beteko direlarik. Urtero bezala, nazioarteko eta bertako artistak izango dira jaialdian eta emakumeen presentzia sustatuko da “Emakumeak folkean” atalarekin. Ekitaldi hauek izango dira, besteak beste: familientzako bi kontzertu “Txikifolk” atalean, Gorka Bravoren “Ehun doinuak” liburuaren aurkezpena, eskolen topaketa (aurten aurrez aurrekoa) eta hiru lantegi. Kalejirak hurrengo edizio baterako utzi dira.

 

Programa

Urriaren 29an izango da lehen emanaldia, Santa Maria katedralean, Aitzina Folk jaialdiaren IX. edizioa aurkezteko kontzertuarekin. Taraceak Donejakue bideko musikak ekarriko dizkigu Madriletik, Erdialdeko Europako musikatik Galiziakora, tradizioa eta oraina uztartuz, jazzaren lengoaia eta erritmo iberiar eta mediterraneoak baliatuta.

Abenduaren 5ean, igandea, bi kontzertu izango dira: Bata Txikifolk atalean,  Gaztela eta Leongo Silberius de Uraren “Neonymus” haurrentzako ikuskizuna izango da Jesus Ibañez de Matauco antzokian. Kontzertu didaktiko elkarreragilea, paleolitikotik gaur egunera arteko bidaia musikala, mota askotako soinu eta musika tresnak lagunduta. Bestea, jaialdian errepikatzen duten nazioarteko bi figura handiren kontzertua, Iradier Arenan.  Alasdair Fraserrek – Eskoziako biolin-jotzaile onena– eta Natalie Haasek – Kaliforniako txelo-jotzaile bikainak –  SYZYGY  lana aurkeztuko digute.

Abenduaren 10ean, ostirala, Kataluniako folka izango da Jesus Ibáñez de Matauco antzokian, Josep Maria Ribelles Band taldearekin.  Konpositore eta musikari handia da, eta Estatuan arpa zeltikoan espezializatutako arpa-jotzaile bakarretakoa.

Abenduaren 11n, larunbata, Euskadiko Ander García Triok bere laugarren diskoa -AMAHIRU- aurkeztuko du Oihaneder Euskararen Etxean. Ander Garciak (kontrabaxu-jotzaile, konpositore eta abeslari bilbotarra), Jorge Castañadak (piano-jotzailea) eta Mikel Urretagoienak (bateria) osatutako hirukoteak euskal erritmoak interpretatzeko modu berriak dakartza, eta euskal sustraiak gaur egungo jazzera hurbiltzen ditu, hainbat urtetako ikerketaren emaitza gisa.

Abenduaren 12an, igandea, hiru jarduera izango dira. Eskolen topaketa, Jesus Guridi musika-kontserbatorioan. Familientzako kontzertu didaktikoa (Txikifolk) Iván Allue polifazetikoaren eskutik, Jesus Ibañez de Matauco antzokian. Iván maitasunez gogoratzen dute askok pandemian zehar egindako “balkoiko bertsioak” kontzertuengatik. Arratsaldean, Miranda de Ebroko NoReM (Noites de Rock e Meigas) taldearen musika, Jesus Ibañez de Matauko antzokian. Taldeak Galiziako kultura eta folklorea gaur egungo erritmo eta estiloekin uztartzen dituzte, poparekin eta rockarekin esaterako. Abenduaren 18an, larunbata, Palentziako Tabanera de Cerratoko El Naán taldea etorriko da Jesús Ibáñez de Matauco antzokira. 2009an sortutako talde sortzaile honek musika eta poesia ditu sorkuntzarako ildo nagusi, eta arrakasta handia lortu du nazioartean.

Abenduaren 19an, igandea, Gorka Bravo musikariak (Kolme Katu, Sarrabete…), jaialdiaren laguntzaile handiak, “Ehun doinuak” izenburuko bere liburua aurkeztuko du Jesús Ibáñez de Matauco antzokian, eta kontzertua eskainiko. Egun eta toki berean,  “Sutan dantzan” musika- eta dantza- ikuskizuna aurkeztuko dute Julen Alonso trikitilari bikainak eta Oinkari taldeak. Jaialdiko ekitaldi nagusia abenduaren 27an izango da; Carlos Nuñez artista handiak kontzertua emango du Principal antzokian, eta  ‘A irmandade das estrelas’ lanaren 25. urteurrena ospatuko.

Iñaki Palacios & The Gaels taldeak emango du urteko azken kontzertua, abenduaren 29an, Amurrio Antzokian. “Baltik” hirugarren diskoa aurkeztuko dute, non txistuaren soinuaren bidez Irlandako musikara eramango gaituen, doinuak lagun. Jaialdiak 2022ko urtarrilaren 2an emango dio amaiera IX. edizioari, Iradier Arenan izango diren bi kontzertuekin. Bata, Amak proiektu interesgarria osatzen duten amena – euskal folklorearen melodiak eta ahots polifoniko bikainak –, eta, bestea, Berriketan talderena, txalapartaren eta flamenkoaren uztarketa.

Aitzina Folk jaialdiaren IX. edizioak berritasun garrantzitsua dakar: jaialdiko jarduera guztiak barne hartzen dituzten 50 bonu jarriko dira salgai, 60 euroko prezio berezian. Bonu horiek eta banakako sarrerak (5 eta 20 euro arteko prezioekin) jaialdiaren webgunearen bidez eskuratu ahal izango dira (www.aitzinafolk.org).

Sarreran salmenta eta zero ilarakoen salmentako (Laboral kutxa: 3035 0228 96 2280099996) irabazi guztiak Aefat elkarteak (ataxia telangiektasiak eragindako familiak batzen dituena) sustatzen duen eta Nafarroako Unibertsitatea Klinikan egiten den terapia genikoaren alorreko ikerketa finantzatzera bideratuko dira.

Informazio gehiago

Aitzina Folk 2021 prentsa_dossierra_EUS

 

 

 

 

 

Share

Udalak BEIren ezaugarri nagusiak azalduko ditu bideoen bitartez

Hamar bideo labur BEIren ezaugarri nagusiak laburbiltzeko. Udalak ikus-entzunezko lan batzuk atera ditu  Gasteizen laster martxan jarriko den garraio-sistema horri buruzko informazio guztia helarazteko herritarrei.

 

“Informazio-bideoen helburua da garraio-sistema berri horren ezaugarri nagusiak ezagutaraztea modu erraz eta oso bisualean. Irudien bidez BEI jasangarria, irisgarria, berritzailea eta segurua dela azaltzen dugu, eta ibilbideari, ibilgailuan sartzeko moduari, segurtasun-sistemei eta errei esklusiboen abantailei buruzko xehetasunak ematen ditugu”, azaldu du TUVISAko lehendakari eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

Zehazki, minutu bateko iraupena duen bideo nagusi bat egin da eta lau pilula espezifiko. Bideoak euskaraz eta gaztelaniaz daude eskuragai eta azpitituluak dituzte irisgarriago izateko.

Udalak Bus Elektriko Inteligenteari buruzko zabaltze kanpaina bati ekin zion irailean. Plan horren baitan, eskuorriak eta liburuxkak banatu dira geltoki eta postontzietan, proba-bidaiak egin dira, BEIren ibilgailu bat jarri da kalean jendeak gertutik ezagutzeko, monitoreek informazioa eman dute… Bideoak kanpaina horren barruan daude.

BEI garraio-sistema jasangarriagoa, irisgarriagoa, berritzaileagoa eta seguruagoa izango da. Udalak 9 milioi euroko inbertsioa eginda, puntako teknologia izango duten 13 ibilgailu elektriko berriek Gasteizko 14 auzo elkartuko dituzte. TUVISAren 2. linean eskainiko dute zerbitzua, eta tarte osoan 3 milioi erabiltzaileri zerbitzua eskaintzeko ahalmena izango dute. Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren finantzaketa du. Web-orri honetan aurki daiteke BEIri buruzko informazioa: www.bei.eus.

 

 

Share