Prentsa Oharren banner

Mentxu Ramilok, Itziar Nanclares de Gamboak eta Borja Muñozek irabazi dute Ikerketa feministen lehiaketako bigarren edizioa

Urtean zehar gai hauek landuko dituzte: autodefentsa, sexu-heziketa eta guraso izateko nahia heterosexualak ez diren gizonengan.

 

Atzo jakinarazi zituzten Gasteizko Ahalduntze Feministarako Eskolaren testuinguruan antolatutako Ikerketa feministen lehiaketaren emaitzak. Bigarren edizioan, eta lehenengoak izanda harrera ona ikusita, Lehiaketak zuzkidura eta aukeratutako proposamen kopurua handitu zituen. Hala, orain hiru ideia dira irabazleak eta bakoitzak 4.800 euroko saria jasoko du.

 

Aukeratutako proposamenak honako hauek izan dira: 

40 años de autodefensa feminista en Vitoria-Gasteiz. Una aproximación a su genealogía y a sus protagonistas,  Mentxu Ramilo Araujo.

Proposamen horren helburua da autodefentsa feministaren mugarri garrantzitsuenetatik ibilbide historikoa egitea eta hamarkadaz hamarkada tresna horrek zer bilakaera izan duen aztertzea. Aitzindariak ezagutzea eta haiei aitorpena egitea ere lortu nahi du, baita Gasteizen eta Araban autodefentsa egituratzeko etorkizuneko proposamenak identifikatzea ere.

 

Gasteizko eskola-eremuan sexu-hezkuntzarako erabiltzen diren material eta baliabideak aztertzea, ikuspegi sexologiko, feminista eta intersekzionaletik // Análisis de materiales y recursos para la educación sexual en el ámbito escolar de Vitoria-Gasteiz, desde una perspectiva sexológica, feminista e interseccional, Itziar Nanclares de Gamboa eta Borja Muñoz Arrastia.

Lan honen helburua da aipatutako materialen testuak eta ikonografia aztertzea, joera sexista, arrazista, kapazitistak edo LGTBIfobikoak ba ote dauden ikusiz, edo bestela, iruditeria anitz eta inklusiboa sortzen laguntzea. Horrez gain, gizateriaren sexu-aniztasuna aintzat hartzen duten materialak prestatzeko eta horiek ikuspegi sexologiko, feminista eta intersekzionaletik lantzeko gakoak ere proposatuko ditu.

 

Gizon ez-heterosexualen guraso-desira ez-patriarkalen iruditeriak zabaltzen. Ikuspegi intersekzionala,  Borja Muñoz Arrastia.

Proposamen honetako helburuen artean, nabarmentzekoa da identitate maritxua eraikitzearen eta gurasotasunaren gaineko rol patriarkalen arteko elkarrekintzari behatzea. Horrez gain, guraso-desira onartzeko prozesuan eta har daitezkeen erabakien norabideetan (gauzatzea, saiatzea, uztea…) izan daitezkeen zailtasunak bistaratzea ere helburu du:

 

Ikerketen aurkezpena  

Aukeratutako ikerketa-proposamenen aurkezpen-ekitaldia maiatzaren 23an izango da, Emakumeen Etxean, Etxanobe Jauregian. Proposamenak urtean zehar garatuko dira. Testuinguru-konferentzia, Berdintasun-printzipioaren zeharkakotasuna ikerketan, Valentziako Unibertsitatean Zuzenbide doktorea den Asun Ventura Franchek egingo du eta Arantza Campos Rubio, Emakume eta Gizonen berdintasunaren gaineko Masterra: Berdintasun Agenteak masterreko zuzendarikidea, izango da moderatzailea. Biak dira Zuzenbide Konstituzionaleko Sare Feministako (RFDC) kideak.

Hizlariak ikerketei aplikatutako metodologiei egindako kritiken inguruan hitz egingo du; “gizonei gertatzen zaiena soilik kontuan izanik ‘genero-itsutasuna’ etetea eta emaitzak biztanleria guztiari zabaltzea” proposatzen du. Ondoren, Lehiaketaren II. edizioa irabazi duten ikerketen egileek aurkeztu egingo dituzte.

 

EHUrekin lankidetzan

Ikerketa feministen lehiaketaren helburua da Eskolaren testuinguruan ikerketa feminista eta ezagutza sustatzea, udalerrian ahalduntze feminista lortu ahal izateko. Lehiaketaren oinarriek ezartzen dutenaren arabera, ikerketa-lanek proposatzaileen intereseko gaien ingurukoak izan behar dute eta ahalduntze feministaren esperientziak eta/edo eraldaketa sozialak emakumeen eta LGTBI pertsonen eskubideen alde nola lagun dezaketen landu behar dute.

Gasteizko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak EHUko Emakume eta Gizonen berdintasunaren gaineko Masterra: Berdintasun Agenteak masterrarekin lankidetzan antolatu du Ikerketa feministaren lehiaketaren bigarren edizioa.

Share