Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-10-18)

Prentsaurrekoa. Vitoria-Gasteizko zuhaiztia hobetzeko ekintzak aurkeztea

Parte hartzaileak. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escudero

Eguna. Astelehena, urriak 18

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————————————–

Prentsaurrekoa. ‘Konponders gara’ kanpaina aurkeztea

Parte hartzaileak. Ingurumen Plangintza eta Kudeaketa zinegotzi César Fernández de Landa;  Enplegu zinegotzi Igor Salzar; eta Ihobe elkarteko Jasangarritasuna arloko zuzendaria

Eguna. Astelehena, urriak 18

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————————————

Prentsaurrekoa. ‘Haziaraba in the mapping’ jaialdia aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto; Kultura eta Kirol foru diputatu Ana del Val; Udal Antzoki Sareko buru Marta Monfort; Fundación Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibáñez de Opacua; eta Pilar López Teatro Paraisoko zuzendaria

Eguna. Astelehena, urriak 18

Ordua. 11:30

Tokia. Teatro Principal Antzokia

———————————————

Gogorak Institutuak antolatu duen “Elkarbizitza Eraikiz” solasaldien zikloari hasiera ematea. Ekitaldia ETAren jardueraren amaieraren 10. urteurrenean izango da.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Astelehena, urriak 18

Ordua. 18:30

Tokia. Goiuri jauregia

Share

Prentsa-deialdiak (2021-10-16)

‘Kontsumo iraunkorreko alternatibak’ Klimaren aldeko jardunaldiari hasiera ematea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Larunbata, urriak 16

Ordua. 10:00

Tokia. Montehermoso jauregia, Ortuño aretoa

Share

Akordioa lortzeko borondatearekin ekingo dio alkateak 2022ko aurrekontuaren negoziazioari, talde guztien ekarpenak jasotzeko gertu

  • Ordenantza fiskalen gaineko debatearen emaitza ontzat jo du Gorka Urtaranek, zergak izoztearen helburu nagusia lortu baita

Datorren urteko udal zergen debatearen fase erabakigarria gainditu delarik, 2022ko aurrekontua negoziatzeko prest agertu da Gorka Urtaran alkatea, eta talde politikoek leku izango duten akordioa lortzeko. “Ordenantzen debatean ikusi da gure jarrerak besteenetara hurbildu nahi izan ditugula, eta asmo horrekin berarekin ekingo diogu udal aurrekontuak negoziatzeari. Talde politiko guztiekin hitz egin nahi dugu, haien ikuspegia aintzat hartzen saiatu, aurrekontu aberatsago, zabalago eta hobea egin ahal izateko, Gasteizerako”, adierazi du.

Orobat ontzat jo du ordenantza fiskalen debatearen emaitza. “Helburu nagusia udal zergak izoztea zen, eta lortu dugu”, nabarmendu du. Bigarren helburuari, hots, tasa eta prezio publikoak bizitzaren kostuaren arabera eguneratzeari dagokionez —diru-sarreren eta udal-gastu arrunten arteko aldea handitu ez dadin—, beharrezko zen % 3ko igoerara iristea ezinezkoa izan dela azaldu du. “Horrek esan nahi du datorren urtean Udalak erosteko ahalmen txikiagoa izango duela, bizitzaren kostuaren igoera % 1etik gorakoa baita, eta diru-sarreren eta gastuen arteko aldea handitu egingo dela, kontu-hartzaile nagusiak beharrezkotzat jotzen duen aurrezpen garbia murrizteaz gain, baina egia da erdibideko puntu bat lortu dugula, gobernu gisa planteatzen genuen eguneratzearen eta izoztearen artean”.

Ordenantza fiskalen debatean baliatutako negoziazio-mekanika errepasatu du alkateak, eta gogora ekarri ditu egindako lehen bilera-sorta, oposizioko taldeek ezarritako marra gorriak eta atzo gobernu taldeak batzordeko debatean izan zuen jarrera proaktiboa. “Akordioa lortzeko borondatea erakutsi du gobernu honek, eta zuzenketa batzuekin bat etorri da, erdibide batera iristeko. Ordenantza fiskalen inguruan akordioa lortzea nahi izango nukeen; aurrekontuen inguruan lortzea espero dut. Badu garrantzirik, hiriarentzat”, nabarmendu du.

Share

Asteuburuko aurreikuspenak

Urriak 15, ostirala

  • Livia López Osasun eta Kirol zinegotzia Linfologiaren Nazioarteko II. Kongresuaren inaugurazioan izango da 16: 00etan, Europa Jauregian
  • Alkateorde Jon Armentiak eta Bizikidetzako eta Aniztasuneko zinegotzi Miren Fernández de Landak Miniature Social Experience-ko elkarte laguntzaileen aintzatespenean parte hartuko dute 20: 30ean La Peña Vitoriana Tenis Clubean.

 

Urriak 16, larunbata

  • Gorka Urtaran alkateak eta Miren Fernandez de Landa Gazteria zinegotziak Fridays For Future Gasteiz elkarteak klimaren alde antolatutako jardunaldien irekieran parte hartuko dute 10: 00etan Montehermoson.

 

Igandea, urriak 17

  •  ASAMMAk antolatutako Bularreko Minbiziaren eta Ginekologiaren aurkako II. Lasterketa Solidarioaren sari banaketan izango dira Gizarte Politiketako zinegotzi Jon Armentia eta Osasun eta Kirol zinegotzi Livia López, 11: 00etan, Cervantes pasealekuan.
  • Livia López Osasun eta Kirol zinegotziak Lurreko Mushing Txapelketaren sari-banaketan parte hartuko du 12: 30ean Armentiako Basoaren sarreran.

 

 

Share

Adinekoentzako zerbitzuetako girotze soziokulturalerako programa luzatzea onetsi da

Gizarte Politiken Sailak 388.520 € jarriko ditu gizartean parte hartzeko eta aisialdirako jarduerak kudeatzeko

 

Tokiko Gobernu Batzarrak udalaren adinekoentzako lau zerbitzutako girotze soziokulturalerako programa luzatzea onetsi du gaur. Zerbitzu hauek dira, zehazki: San Prudentzio zentro integrala, Aurora eta Los Molinos etxebizitza komunitarioak, eta Olarizuko Santa Mariako eguneko arreta zerbitzua.

Sirimiri enpresak beste urte batez —2022ko otsailetik 2023ko otsailera arte— jarraituko du gizartean parte hartzeko eta aisialdirako jarduerak kudeatzen baliabide horietako erabiltzaileentzat; Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 388.520 € jarriko ditu horretarako.

Gizarte Gaien zinegotzi Jon Armentiak girotze soziokulturalerako programen garrantzia nabarmendu du, “adinekoen bizi-kalitatea hobetzen laguntzen” baitute. “Jarduera ludiko horien bitartez pertsonen arteko harremanak sustatzen ditugu, parte-hartzea eta bizikidetza. Horrek eragin positiboa du haien ongizate emozionalean, eta narriadura fisiko edo psikikoa eragozten du”.

 

Hitzarmena

Era berean, Arabako Gizarte Laneko Diplomatuen Elkargo Ofizialarekiko lankidetza-hitzarmena onetsi du udal gobernuak.

Horren bidez, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 10.000 € jarriko ditu gizarte lanari buruzko jardunaldi bat antolatzeko, Gizarte Lanaren Mundu Eguna ospatzeko, eta gizarte langileentzako ikastaro eta lantegiak egiteko, besteak beste.

Share

Atxilotua autoritate-agente baten aurkako atentatuagatik

Udaltzainek atzo arratsaldean 27 urteko gizonezko bat atxilotu zuten agintaritza-agenteen aurkako atentatuaren ustezko delitua egiteagatik.

Gizonezkoak eraso egin zion Domingo Beltran kalean bigarren ilaran autoa aparkatu zuelako salaketa jarri behar zioten udaltzainetako bati. Atxilotuak, hasieran, uko egin zion bere burua identifikatzeari eta ibilgailuaren dokumentazioa emateari.

 

Errekisitoria judiziala 

Udaltzainek bart gauean Gasteizko epaitegi bateko errekisitoria judiziala zuen 29 urteko emakumezko bat atxilotu dute. Errekisitoria emakumea bilatzeko, atxilotzeko eta epaitegira eramateko zen. Emakumeak Salburua auzoko etxebizitza batetik alde egin nahi ez zuelako abisua jaso ostean gertatu zen atxiloketa.

 

Suhiltzaileak

Suhiltzaileek atzo Gasteiz hiribidean zihoala erratz-makina batean piztu zen sua itzali behar izan zuten. Suak motorrean piztu ziren.

Bestalde, Cola y Goiti kalean aparkatuta zegoen ibilgailu bateko motorrean harrapatuta geratu zen katu bat ateratzen lagundu zuten. PSISZko kideek motorra desmuntatu behar izan zuten animalia askatu ahal izateko.

Share

Euskadiko eta Nafarroako lurreko mushing-txapelketa Gasteizen izango da berriro

Euskadiko eta Nafarroako lurreko mushing txapelketa —lor-txakurren lasterketa— hartuko du berriro Armentiako basoak asteburu honetan; izan ere, Gasteizen izan zen 2019an ere —joan den urtean ezin izan zen egin, pandemiagatik—.  Euskadi eta Nafarroako kirol-federazioek antolatzen dute kirol-ekitaldi hori, eta hainbat autonomia-erkidegotako parte-hartzaileak izan ohi ditu. Nagusiki, larunbat arratsaldean —urriak 16— eta igande goizean —urriak 17— izango da. Ekitaldi honek Vitoria-Gasteizko Udalaren laguntza du.

5,7 kilometroko zirkuitua egin beharko dute parte hartzen duten taldeek egun bakoitzean. Zortzi kategoria daude, txakurkrosetik hasi —korrikalari bat, txakurrarekin— eta zortzi txakurrek tira egiten dioten lerarekin buka. Tenperaturaren arabera erabakiko da larunbateko probari ekiteko ordua, printzipioz 17:00etarako programatuta badago ere; izan ere, tenperatura-tarte baten barruan egin behar dute lasterka txakurrek. Federatuentzako lehiaketarekin batera, herri-proba bat ere aurreikusi da.

 

 

Share

Gasteizko kontzejuen lehendakari diren emakumeen lana aintzatetsi du udalak, Landa Eremuetako Emakumeen Nazioarteko Egunean

Landa Eremuko zinegotziak eskertu egin du emakumeek bizitza politikoan eta gizartean parte hartzea,  “ezinbestekoa baita landa eremuek, oro har, duten maskulinizazio-  eta zahartze-espirala hausteko“.

 

Gaur, urriak 15,  Landa Eremuetako Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Udalak aitorpena helarazi die Gasteizko udalerriko kontzejuetako emakumezko lehendakariei, azken agintaldian beren herrietako politikak eta estrategiak koordinatu eta zuzentzeko ardura hartu baitute. “Nazio Batuen Erakundeak berak ere uste du emakumeak ahalduntzea eta bizitza politikoan eta gizartea parte hartzea ezinbestekoa dela landa-eremuek oro har izan ohi duten maskulinizazio- eta zahartze-espirala hausteko. Emakumeak funtsezkoak dira landa-ekonomia dinamizatu eta dibertsifikatzeko. Gaur, lehen lerroan ari zareten emakumeen lana eskertu nahi dizuegu, premiak asetzen eta konponbideak proposatzen diharduzue, eta eredu zarete zuen lekukoa hartuko duten neskatila eta emakume gazteentzat. Emakumeen ahalduntzea positiboa da gure komunitateen garapen sozial eta ekonomikorako, eta funtsezkoa berdintasuna lortzeko, ikusarazteko eta lana duintzeko bidean” azpimarratu du Landa Eremuko zinegotzi Miren Fernández de Landak.

Gasteizen, 61 kontzejuetako 12k dituzte emakumeak lehendakari, zehazki, Aberasturi, Arkauti, Betoñu, Gaztelu, Gardelegi, Mendiola, Estarroa, Otogoien, Gometxa, Otazu, Uribarri Dibiña eta Villafrancak.

Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak urriaren 15a finkatu zuen Landa Eremuetako Emakumeen Nazioarteko Egun gisa, emakumeek arlo horretan egindako lana aitortzeko, eta nekazaritza eta landa-garatzeko, txirotasuna desagerrarazteko eta elikagaien segurtasuna hobetzeko egindako ekarpena eskertzeko. Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera, landa-eremuko emakumeek nekazaritzako eskulanaren % 43 dira, eta lurra landu eta haziak landatzeko eguneroko lanean, beren komunitateen elikadura bermatzen eta nazio osoei elikagaiak ematen laguntzen dute.

 

Share

Urtaranen gobernuak bi hitzarmen sustatuko ditu ausazko jokoekiko eta apustuekiko adikzioen prebentziorako

Tokiko Gobernu Batzarrak ASAJER-Errehabilitazioan ari diren Arabako Jokalarien Elkartearekiko bi lankidetza-hitzarmen onetsi ditu, ludopatia prebenitzeko eta ausazko jokoekiko eta apustuekiko adikzioek dakartzaten arazoez sentsibilizatzeko zenbait programa garatzearren. Hitzarmen horien bidez, besteak beste, “On line zurekin” izeneko programa sustatuko da, haur, nerabe eta gazteei zuzendutakoa bereziki.

Hitzarmenetako bat orokorragoa da, prebentzio unibertsalerako ekintzak sustatzeko baita, ASAJER elkarteak jokoarekiko adikzioak eragindako egoerekin lotuta jasotzen dituen kontsultei erantzute aldera. Prebentzio selektiborako ekintzak ere aurreikusten dira, talde zaurgarriak identifikatu eta erantzukizunez jokatzea ahalbidetuko dieten estrategiak eskaintzeko. Azkenik, prebentzio egokitua dugu, hau da,  berariaz zuzendutakoa arazoak dituzten jokalariei, jokoarekiko adikzioa dutenei eta haien familia eta gertukoei. Udalak 20.604 euroko laguntza ekonomikoa emango dio ASAJER elkarteari informazio, prebentzio, detekzio, orientazio eta sostengu zerbitzuen sorta zabal hori eskaintzeko.

Beste hitzarmenak “On line zurekin” aholkularitza-zerbitzua ematea ahalbidetuko du, zeinak ume, nerabe eta gazteen ausazko jokoekiko eta teknologiekiko adikzioa landuko baitu. “On line zurekin” programaren bidez, lan hauek bideratuko dira: aholkularitza, hezkuntza arloko prebentzio-plan bat, telefono bidezko arreta, hezitzaileentzako berariazko jarduerak eta ASAJER elkartearen webguneak eguneratzeko lanak. Udalaren ekarpen ekonomikoa hitzarmen horretarako 29.886 eurokoa da.

Share