Prentsa Oharren banner

Gasteizek bere mugikortasun eredua erakutsi du SUM Bilbao kongresuan

Alkateak amaiera ekitaldian parte hartu du eta Arabako hiriburuak mugikortasun iraunkorrarekin duen konpromisoa berretsi du

 

 

 

 

 

 

Gasteizek bere mugikortasun jasangarri eta osasungarriaren eredua erakutsi du gaur SUM Bilbao kongresuan, mundu osoko ehun aditu bildu dituen biltzarrean. Gorka Urtaran alkateak Bilboko Adierazpena sinatu du gainera, Arabako hiriburuak hiriko mugikortasun iraunkorrarekin duen konpromisoa berretsiz.

Alkatea Urban Mobility Congress Sustainablearen itxiera saioko protagonista ere izan da. Bertan ‘Berrikuntza eta neutraltasun teknologikoa ardatz hartuta, mugikortasun iraunkorraren’ gaia jorratu dute. Foro horretan hausnarketak partekatu ahal izan ditu Emiliano López Petronorreko presidentearekin, Alfonso Gil FEMPeko mugikortasun eta garraio batzordeko presidente eta Bilboko Mugikortasun zinegotziarekin eta Ramon Valdivia Asticeko zuzendari nagusiarekin.

Gorka Urtaranek mugikortasun aktibo, jasangarri eta seguruaren aldeko apustua egin du bere hitzaldian, etorkizunerako trantsiziorako formula gisa. Aktiboa, oinez eta bizikletaz joan-etorriak egitea erraztuz, batez ere giza eskala duten Gasteiz bezalako hirietan. Jasangarria, BEIren moduko zero emisioko garraio publikoa sustatuz. Eta segurua, superetxadiak bezalako eredu urbanistikoen bidez, bizitzeko espazio publiko baterantz joateko.

Share

Prentsa-deialdiak (2021-10-08)

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, urriak 8

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Gasteizek merkataritza eta turismoa biziberritzeko bi plan bultzatuko ditu

Ekonomia Sustapenaren Sailak hiri-hobekuntzak, ekimen digitalak eta sentsibilizazio-kanpainak barne hartzen dituzten hogei jarduera inguru bideratuko ditu, eta europar funtsak lortzen saiatuko da 

 

Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapenaren Sailak bi plan landu ditu tokiko merkataritza eta turismoa biziberritzen laguntzeko; orotara 22 jarduera barne hartzen dituzte, 2023 baino lehen burutzeko xedez. Estrategia bikoitzak ia 2,5 milioi euroan balioetsitako hainbat hobekuntza aurreikusten ditu, eta Udala europar laguntzen bidezko finantzaketa lortzen saiatuko da. Proiektuetan udalaren beste sail batzuek ere parte hartuko dute, hala nola Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Saila eta Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Saila, Merkataritza eta Ostalaritza Mahaiak eta Turismo Mahaiak egindako ekarpenak aintzat hartuta.

Batetik, Leap (jauzia ingelesez) Plana deritzona: horren barruan 13 ekintza sartu dira, 1,8 milioian balioetsiak, tokiko merkataritza erakargarriagoa bihurtzeko xedez. Lau jarduera-arlotan banatzen da: eraldaketa digitala, zenbait neurrirekin, esaterako, online erosketen diagnostikoa edo azoka eta ferien mapa interaktiboa lantzea; salmenta-guneen eraldaketa, zeinaren barruan proiektu ezagunak sartzen baitira, besteak beste, El Corte Inglés-en zama-lanetarako kaia, Julian Arrese kalean (Lakua-Arriaga) aparkaleku bat eraikitzea, Simon Bolibar plazako pergola konpontzea edo Azoka plazan eguzki-plakak instalatzea; hornikuntza-katea, Basaldeko mintegiko nekazaritza ekologikoko produktuen erosketa errazteko, eta sentsibilizazioa eta prestakuntza, tokiko merkataritza eta ekonomia zirkularra sustatzeko kanpainen bitartez.

Bestetik, Combine (konbinatu) Proiektua, leku turistikoetan merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko helburua duena. Proiektuak bederatzi ekintza barne hartzen ditu, eta 690.507 euroko aurrekontua du. Negozioen lehiakortasuna areagotzea lortu nahi da, hirian hobekuntzak eginez (erdialdeko hiri-altzariak ordeztea, zoladura konpontzea, seinaleak berritzea eta Erdi Aroko etxarteak egokitzea), ekimen digitalak bultzatuz (establezimenduen mapa interaktiboa), eta negozioei aholku emanez (ekonomia zirkularraz eta kultura begetariano eta beganoaz).

 

Share

TUVISAren autobusak semaforo-lehentasunarekin zirkulatzen hasi dira, eta errei esklusiboetatik, BEIren trazaduraren parte batean barrena

TUVISAren autobusak semaforo-lehentasunarekin zirkulatzen hasi dira, errei esklusiboetan barrena, autobus elektriko inteligentearen ibilbidearen barrena. Beste urrats bat egin du gaur goizean Gasteizko Udalak, puntako teknologiako 13 ibilgailu elektriko baliatuz 14 auzo lotuko dituen garraio-sistema berritzailea ezartzeko bidean.

Goizean goizetik, bidegurutze berriak gaitu dira, baita zenbait biribilguneren barrutik igarotzen direnak ere, eta, orobat, autobusei gainerako ibilgailuen aldean igarotzeko lehentasuna ematen dieten semaforoak. BEI martxan jarriko den 2. lineari eragiten dio neurri horrek, eta 2. linearen ibilbidearekin bat egiten duten ibilbide-zati guztiei. Zehazki, L6, L8 eta G2 lineei.

Madril kalea / Gamarrako atetik Salbatierrabide / Lasarteko atera arteko zatian hasi da funtzionatzen taxuketa berri hori. Adibidez, Ospitalearen aurrean, Telefonikako biribilgunean. Lehen egunetan, Udalak eta TUVISAk probak egingo dituzte, eta emaitzak aztertuko eta hobekuntza txikiak egingo.

Era berean, BEI geltoki berriak ere gaitu dira gaur bertan. 2A linean, Unibertsitatekoa eta Salbatierrabidekoa —garai bateko Araba Klinikaren ondoan—. Gainera, 2B lineako Mendizorrotzeko ohiko geralekua kendu da, BEIren geltoki berria gaitu denez gero, eta intermodaleko L2A.

 

 

Share

Gasteiz pintxoaren hiriburu izango da berriz ere, MINIATURE biltzarrari esker

  • Urriaren 15etik 21era egingo da biltzarraren zortzigarren edizioa, Europa jauregian, Iradier Arenan eta Arabako jatetxeetan.

Gasteizek pintxoen inguruko esperientzia-proposamena berritu du Miniature Pintxos Congress biltzarraren 8. edizioarekin. Urriaren 15etik 21era bitartean egingo da  Europa biltzar-jauregian, Iradier Arenan eta, bereziki jatetxeetan, jende orori zuzendutako jarduerekin.

Gaur goizean aurkeztu dute prentsaurrekoan  2021eko edizioa, eta bertan izan dira MINIATURE biltzarreko zuzendari Ruben Cos, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza sailburuorde Jesús García de Cos, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko foru diputatu Cristina González, Vital Fundazioaren ordezkariak eta Gasteizko lehen alkateorde Maider Etxeberria.

“MINIATURE biltzarrak begirada guztien erdian jartzen du gure hiria, Gasteiz. MINIATURE gure enogastronomiaren eta honen kalitatearen eta sorkuntzaren erakusleiho bikaina da eta, aldi berean, turismo erakargarri Gasteizerako. Hemengo enogastronomia helmuga turistikoaren funtsezko zutabea da, helmuga iraunkor gisa” nabarmendu du lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren zinegotzi Maider Etxebarriak aurkezpenean.

Aurtengo edizioa Miniature Social Experience jardunaldiarekin hasiko da urriaren 15ean, ostiralean, Europa jauregian. Bertan, ikusgarritasuna emango zaie sukaldaritzaren, gastronomiaren eta ostalaritzaren bidez egoera ahulean, baztertuak edo baztertuak izateko arriskuan dauden kolektiboen integrazioan eta ongizate pertsonalean ahalegintzen diren pertsona eta elkarteei.

Besteak beste, honako proiektu eta ekimenak izango dira: El Sabor Perdido, MD Anderson Cancer Center Fundazioarena; Cocinar a Ciegas elkartearen ekimenak eta ahotsez eragindako sukalde-prototipo baten aurkezpena; Miguel Herreraren Cueva del Gato Hotelaren eta El Golimbreo Eskola Inklusiboaren esperientzia, Rondan; La Cistérnigako Hotel Escuela San Cristóbal hotela, Valladoliden; eta El Quiosco de Down -en proposamen interesgarria, A Coruñako Ourense plazan. Eguna amaitzeko, afaria izango da Peña Vitoriana Tenis klubean, Cocinar a Ciegas elkarteak prestatutako pintxoak dastatuta.

Miniatura Kids ere izango da aurten, iaz osasun egoeragatik izandako etenaren ondoren. Europa jauregian egingo da larunbatean (hilak 16). Urriaren 17an pintxo-barra ere izango da; hogeita hamar bat tabernaren proposamenak dastatzeko aukera, Iradier Arenan.

Esperientzia gastronomikoak 

MINIATURE biltzarraren programa nagusia 18an hasiko da, jatetxeetako esperientzia gastronomikoekin. Horietan pintxoei eta miniaturako sukaldaritzari buruzko hitzaldi, bazkari eta afari gastronomikoak eskainiko dira.Urriaren 18an, Madrilen bizi den Luke Jang sukaldari korearrak emango dio hasiera biltzarrari, Jardines de Uleta hoteleko jatetxean, eta, gauean, Manuel Berganza gijondarra arituko da La Kobatxan. Berganzak Leioan ikasi zuen, eta ibilbide bikaina egin du, eta horren isla da New Yorkeko Andanada 141 jatetxeak Michelin izar bat lortu izana.

Asteartean, hilak 19, Calahorrako Lucia Grávalos sukaldari gaztea hartuko du Kea jatetxeak. Rodri García eta Maikel de Santosen taldearekin batera, lurraldeko eta hurbileko produktuaren inguruko proposamena aurkeztuko digu, horrekin protagonismo handia hartzen ari baita gastronomia-arloan, bai Calahorran, bai berriki Madrilen inauguratu duen Mentican ere. Gauean, Atabaka jatetxearen paraje ikusgarrietan, Oroko Santutegian, Michelin izarra duen Valdemoroko Chiron jatetxeko Ivan Muñoz sukaldariaren hitzaldi eta miniaturako sukaldaritzako afaria izango da.

Urriaren 20an, asteazkena, Gastroarte sukaldari taldeko Diego René malagarrak Andaluziako proposamen fresko eta sortzailea ekarriko du OtoGoieneko Borda Berri erretegira.

Amaitzeko,  urriaren 21ean, osteguna, pintxo-afaria, Peña Vitoria Tenis Klubeko jatetxean, eta 2021eko txapelketa eta lehiaketetako pintxorik onenak dastatzeko aukera izango da.

 

Iron Chef eta beste zenbait jarduera

Bada hitzordu gastronomiko gehiagorik ere. Urriaren 20an, asteazkena,  Miniature Iron Chef izango da Mano Lenta, Andere, Berenjenal eta Murgiako Casa del Patrón Hoteleko jatetxean. Taldekako pintxo txapelketa da, eta lau afari proposatu behar dira; mahaikideek bozkatu egingo dute talde bakoitzaren menuko zein proposamen aurkeztuko den, urriaren 21ean, Europa jauregian egingo den finalera, epaimahaiaren aurrera.

Europa jauregiak Euskal Herriko Pintxo txapelketaren hamaseigarren edizioa eta pintxo tradizionalen txapelketa ere hartuko ditu.

Miniature programa: PDF PROGRAMA_MINIATUREv2 (1)

 

Share

Neutraltasun klimatikoaren europar misioaren parte izan nahi duten hirien foroan posizionatu da Gasteiz, Sevillan

Hiri-azpiegitura berdeen eta mugikortasunaren arloko estrategiak azaldu ditu Ana Oregi alkateordeak, eta zirkulartasunaren, auzoak eraberritzearen eta nekazaritzako elikagaien inguruko proiektuak

 

I Foro Urbano foroan izango da Gasteiz aste honetan, Sevillan, non, besteak beste, neutraltasun klimatikoaren europar misioa osatu nahi duten hiriek parte hartuko baitute.

Ana Oregi alkateordeak parte hartuko du bertan; zehazki, “Perspectiva de las ciudades de mediana y pequeña escala frente a la Misión Europea de Ciudades” izeneko lantaldean.  Gainera, CitiEs 2030 ekimena bilduko da foro horretan, europar misioaren ispilu den taldea, zeini Gasteizek hainbat proiektu aurkeztu baitizkio: Hiri Azpiegitura Berdearen Estrategia, mugikortasun iraunkorreko politikak eta ekonomia zirkularreko ekimen aitzindariak, hala nola auzoak energia-eraginkortasunaren ikuspegitik birgaitzea edo nekazaritzako elikagaien estrategia, besteak beste.

“2012an, Europako Batzordeak European Green Capital saria eman zion Gasteizi, ingurumen- eta hirigintza-politikei gorazarre egineko; bereziki, klima-aldaketaren, mugikortasun iraunkorraren, airearen kalitatearen, kalitate akustikoaren, uraren kudeaketaren eta natura eta biodibertsitatea babestearen ingurukoei. 2019an, NBEk sustatutako Global Forum on Human Settlements organizazioak Global Green City izendatu zuen Gasteiz, garapen iraunkorreko helburuak (GIH) eta 2030 Agenda betetzeko egindako ahaleginengatik eta lorpenengatik, bereziki mugikortasun iraunkorrari, energia-efizientziari, hiri inteligenteari, zaborrik ez sortzeari, espazio publikoko politikei, lurzoruaren erabilera iraunkorrari, urari, ingurumen-kalitateari eta oinarrizko zerbitzuei dagokionez”, nabarmendu du Ana Oregik.

Arazo globalei aurre egiteko erronken artean, Ana Oregik nabarmendu du klimari dagokionez neutralak izango diren Europako lehen 100 hirietako bat izan nahi duela Gasteizek, “Europako Batzordeak eta Parlamentuak 2030ean Europako 100 hiri klimari dagokionez neutralak izan daitezen finkatutako bost misioetako baten parte izan. Misio horrek eraldaketa babestu nahi du, Parisko Akordioa eta 2030 Agenda azkarrago betetzeko. Hautagai bikaina da Gasteiz, europar misio horretan parte hartzeko. Karbonoa murrizteko konpromiso argiak burutzeko oinarriak jarri ditugu, hainbat arlotako proposamen ausartak tarteko —hiri-mugikortasuna, hiri-plangintza, hiri-azpiegitura berdeak, karbono-hustubideen sorkuntza eta lurzoruak berreskuratzea, natura-tratamenduen bidez, besteak beste—, planetarekiko konpromiso horretan gure udalerriak nazioarteko abangoardian jarrai dezan garatu eta bultzatuko ditugun beste politika batzuez gain”.

 

 

 

 

Share

Udalak bere eraikinen emisioetan 3.200 CO2 tona baino gehiago murriztuko du, eta energia berriztagarrien erabilera bikoiztuko

Herritarrak sentsibilizatzeko kanpaina bat ere sustatuko du, karbonoan neutroa den hiria lortzeko bidean aurrera egiteko xedez

 

Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguezek prentsaurrekoa eman du gaur goizean, Ferrovial Construcción enpresako Energia Eraginkortasunaren arloko zuzendari David Pocerorekin batera, Gasteizko Udala aipatutako enpresarekiko lankidetzan egitekoa den jardueren berri emateko, udal eraikinen energia-eraginkortasuna hobetzea helburu.

“Funtsezko bi ildotan egingo dugu lan, eta horien osagarri, herritarrak sentsibilizatzeko ildo bat ere sortuko da, karbonoan neutroa den hiria lortzeko bidean aurrera egiteko asmoz. Lan horren ondorioz, bikoiztu egingo da kontsumitzen dugun energia ekoizteko energia berriztagarrien erabilera, eta Gasteizko Udalaren guztizko C02 emisioak 3.382 tona gutxituko dira urtean”, iragarri du Rodríguezek.

David Pocerok azaldu duenez, energia-eraginkortasun handiagoa lortzeko kontsumo-datuen kudeaketa aurreratua baliatuko da, eta horiek hobeto neurtu eta jarraitzea ahalbidetzen duen tresna espezializatu bat, Hefesto izenekoa.

“% 100ean hodeia baliatzen duen tresna da, gune anitzeko arkitektura duena, eta oso ahaltsua da datuak analizatzeko, fakturak eta lekuan bertako elementuak integratzeko, sorkuntza deszentralizatzeko eta txosten pertsonalizatuak egiteko. Hori dena diru-aurrezpenaren eta ingurumen-hobekuntzaren zerbitzura jarriko da, eta gasteiztarren bizi-kalitatearen hobekuntza ere ekarriko du“, erantsi du.

Borja Rodríguezek gidatzen duen sailaren asmoa da esponentzialki handitzea udal eraikinetan energia berriztagarrien erabilera, oraingo % 25etik % 34ra igarotzeko eta, ondorioz, berotegi-efektuko gasen emisioa gutxitzeko. Biomasa eta aerotermia baliatzen dituzten instalazio berrien bitartez egingo da hori bereziki.

Esate baterako, Hegoalde gizarte-etxean, biomasaren erabilera % 63 ingurutik % 90era igoko da; suhiltzaileen eta udaltzainen egoitzan, zeinean orain arte ez baita energia berriztagarririk erabili, % 93an biomasa baliatuko da; Jundizko Enpresa Mintegiak ere ez du energia berriztagarririk erabiltzen, baina aurrerantzean % 100ean biomasa erabiliko da bertan.

 

Herritarrak sentsibilizatzea

Zinegotziak harago joateko gogoa azaldu du, herritarren sentsibilizazioa eta kontzientziazioa ere sustatu nahi baita, gasteiztarrek energiarekin lotuta dituzten ohiturak hobetze aldera. “Gure instalazioetatik milaka eta milaka gasteiztar igarotzen dira egunero, eta energiaren kudeaketa iraunkorra lortzeko egiten dugun ahaleginari instalazio horien erabilera eraginkorragoak lagundu behar dio, eta ohitura “berde” horiek herritar ororen etxeetara, lanlekuetara, ikaslekuetara eta aisialdira zabaldu”.

Ildo horri jarraituz, 2021-2022 ikasturtean herritarrak kontzientziatzeko zenbait ekintza antolatuko dira, besteak beste:

Europako Energia Iraunkorraren Astearen batera, informazio-kanpaina bat egingo da urriaren 25etik 29ra bitartean, udal eraikin nagusietako batean informazio-euskarriak jarriz, bertan energiarekin lotutako ohitura egokiak sustatzearren.

2022ko lehen seihilekoan kanpaina bat egingo da hiriko ikastetxeetan, ikasleak energia zentzuz erabiltzearen eta modu eraginkorragoan kontsumitzearen garrantziaz sentsibilizatzeko. Kanpainak udal ekipamenduetako energia-kudeaketa ezagutzeko bisita gidatuak barne hartuko ditu, eta “eraginkortasun taldeak” izeneko programa sortuko da, ikasleak berak arduratu daitezen beren ikastetxeetan energia egoki erabiltzen dela zaintzeaz.

Horretaz gain, bideo bat grabatuko da, udal eraikinetara egiten diren bisitetan ohiturak hobetzeko bereziki, eta eguneroko bizimoduan oro har; orobat, udalaren beste programa batzuekin batera lan egingo da, hala nola Etxe Berdeak programa, eta kalean erakusketa informatiboa jarriko.

“Klima aldaketaren kontrako borroka guztioi dagokigu, baina erakundeok badugu gure gain hartu beharreko erantzukizunik. Banakoen kontzientziazioaz haratago, Udalaren eta antzeko erakundeen erantzukizuna da urratsak egitea, energia hornikuntzaren kudeaketa iraunkorrerako kontratuaren esleipena duen enpresarekin lankidetzan aritzeko ekimen honetan bezala, kontratu hori Udalaren garrantzitsuenetako bat baita.  Ekintza horiek bat datoz Espainiako Gobernuak sustatutako klima-aldaketaren legearen helburuekin, lege horrek trantsizio energetikoan aurrera egiten jarraitzea ahalbidetuko baitu”, amaitu du.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share

Atxilotua errekisitoria judizialagatik

Udaltzainek atzo errekisitoria judiziala zuen 21 urteko gazte bat atxilotu zuten. Posta kalean hiritarren segurtasuneko lanak egiten ari zen patruila batek ezagutu zuen.

Gazteak Gasteizko epaitegi batek igorritako bilatzeko, atxilotzeko eta bertaratzeko agindua zuen.

 

Share