Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-10-14)

Prentsaurrekoa. Euskadi Bono Dendan Vitoria-Gasteizko Udalaren parte hartzeko protokoloa aurkeztea

Parte hartzaileak. Lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapen zinegotzi Maider Etxebarria; eta Kontsumo, Merkataritza eta Turismo sailburu Javier Hurtado

Eguna. Osteguna, urriak 14

Ordua. 10:30

Tokia. Eusko Jaurlaritzako prentsa aretoa. Lakua II, Donostia kalea, 1

———————————————

Prentsaurrekoa. ‘Prusik’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Virginia García, egilea, zuzendaritza eszenikoa eta dantzaria; eta Damián Muñoz, zuzendaritza eszenikoa

Eguna. Osteguna, urriak 14

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

———————————————–

GaituzSport sariak banatzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Arabako diputatu nagusi Ramiro González

Eguna. Osteguna, urriak 14

Ordua. 19:30

Tokia. Europa jauregia

Share

Herritarren Segurtasunak 42 agente trebatu ditu kamera pertsonalak erabiltzen, poliziaren esku-hartzeak grabatzeko

Dagoeneko dozena bat aldiz erabili dira

42 agente prestatu ditu dagoeneko Herritarren Segurtasunaren Sailak, joan den irailetik Udaltzaingoaren esku-hartzeak, premiazko esku-hartzeak edo segurtasunerako arriskutsuak direnak grabatzen dituzten kamera pertsonalak erabiltzen.

Horrelako 12 kamera ditu Udaltzaingoak, eta, martxan jarri zirenetik, dozena bat aldiz aktibatu dira, noiz erabili behar diren argitzen duen protokoloaren haritik —bertan finkatzen da, orobat, grabatutako irudien tratamendua eta erabilera—, indarrean dauden lege eta araudietan ezarritakoa betez.

Hain zuzen ere, grabatzekotan, udaltzainek jakinarazi egin behar diete eragindako pertsonei, datuak eskuratu, zuzendu, baliogabetu eta kontra egiteko eskubideez baliatzerik izan dezaten. Esku-hartzearen berehalakotasuna, konplexutasuna edo arriskua dela-eta aurretiko komunikazio hori ezinezkoa bada, gerora jakinarazi beharko zaie.

Euskadiko Bideozaintza Batzordeak baimendu du kamera horien erabilera. Horien bidez, delituen prebentzioan eta jazarpenean aurrera egin nahi da, baita poliziaren lanari gardentasun handiagoa eman ere, aldi berean segurtasun handiagoa emanez agenteei eta herritarrei.

Hainbat udaltzaingok dute dagoeneko baliabide hori, eta disuasio-ahalmena egiaztatu ahal izan dute, egoera gatazkatsuetan animoak baretzen eta esku-hartzeetako tentsio-maila murrizten laguntzen baitute.

Share

Vitoria-Gasteizko Maratoi Erdia abenduaren 19an ospatuko da 2.500 parte-hartzaileko mugarekin

  • Izena emateak urriaren 18an irekiko dira eta azaroaren 21era arte egongo dira zabalik    

Vitoria-Gasteizko kaleetan izango da datorren abenduaren 19an distantziari dagokionez proba dekanoa Euskadin, Vitoria-Gasteizko Maratoi Erdiaren 43. edizioa, iaz pandemiaren ondorioz ezin izan baitzen egin. Atletismoko Arabako Federazioak eta Vital Fundazioak antolatuta eta Vitoria-Gasteizko Udalaren laguntzarekin, Maratoi Erdiak 2.500era mugatuko du dortsal kopurua prebentzio-neurri gisa, nahiz eta pandemiaren bilakaera positiboa den. Izena emateko epea urriaren 18an irekiko da eta azaroaren 21era arte egongo da zabalik, www.fundacionvital.eus webgunean.

Proba Arabako eta Euskadiko txapelketa ere izango da, eta gaur aurkeztu dute Livia López Kirol eta Osasun zinegotziak, Axier Urresti Vital Fundazioetako zuzendari exekutiboak, Andrés Sánchez Atletismoko Arabako Federazioko presidenteak eta Mikel García Atletismoko Arabako Federazioko antolakuntza-arduradunak. “Guztiok dugu kirol-ekitaldi handien esparruan erabateko normaltasuna berreskuratzeko helburua. Gaur Maratoi Erdia aurkeztea bide horretan beste urrats bat egitea da”, adierazi du Livia Lopezek. Kirol eta osasun zinegotziak herritarrak proban parte hartzera animatu ditu.

Prezioa 22 eurokoa izango da, eta azken egunean, abenduaren 18an, 50 eurora igoko da, eta dortsalak jasotzeko lekuan bertan ordainduko da.

Proba txikiak ere 500era jaitsi du dortsal kopurua, 3 euroko prezioan. Irteera Mendizorrotzako atletismo moduluan izango dute, lasterketa absolutua baino ordu erdi geroago, hau da, 11:00etan, eta helmuga parkinean bertan izango dute. Kategoriak eta adinak Euskadin eskola-kirolean onartutakoak izango dira: aurrebenjaminak, benjaminak, kimuak, haurrak eta kadeteak.

2019an 3.100 atletak hartu zuten parte Vitoria-Gasteizko Maratoi Erdiko 42. edizioan. Hicham Oualla eta Raquel Gómez izan ziren garaileak, eta 2018ko garaipena errepikatu zuten. La Blanca Klubeko atleta extremadurarrak lau titulu lortu ditu jarraian. Emakumezkoetan, Nieves Zarza arabarrak jarraitzen du 1999an lortu zuen errekorra izaten (1:17:45).

Gizonezkoetan, Ivan Fernandezek du Vitoria-Gasteizko maratoi erdiaren errekorra, 2012an lortu baitzuen 1:03:51ko marka. Gontzal Sanz gasteiztarra da titulu gehien lortu dituen korrikalaria, guztira 5 titulu baititu, 2002an, 2008an, 2009an, 2010ean eta 2011n lortuak.

Euskadiko eta Arabako txapelketa ere izango da proba. 2019an, probintziako txapeldunak Hicham Oualla eta María Cano izan ziren.

Share

Udalak Gasteizen azken erail matxista gaitzetsi du

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Udaleko talde politiko guztiek, Eledunen Batzarrean bildurik, Gasteizen erail matxista izana gaitzetsi dute, eta herritarrak gaitzespena eta arbuioa adierazteko elkarretaratzera deitu dituzte; gaur izango da hori, 12:30ean, Plaza Berrian. Gorka Urtaran alkatea buru duen udal-ordezkaritzaz gain, biktimaren auzokideak, gasteiztarrak eta Emakundeko, Arabako Foru Aldundiko, Arabako Batzar Nagusietako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak izan dira gaitzespen-ekitaldian.

Udalbatzak adierazpen hau egiten die herritarrei:

JAKINARAZPEN PUBLIKOA VITORIA-GASTEIZEN GERTATUTAKO ERAILKETA MATXISTA KASUAREN AURREAN

Gure udalerrian gertatu berri den erailketa matxista dela eta, Vitoria-Gasteizko Udaletik adierazi nahi dugu erasoa irmotasunez gaitzesten dugula eta haren aurka gaudela. Horrez gain, biktimaren inguruari laguntza osoa eskaini nahi diogu eta jakitera eman nahi diogu gertu izango gaituela eta bere esku jarriko ditugula behar dituen baliabide psikologikoak, juridikoak, sanitarioak, babesekoak eta harrerakoak. Bukatzeko, bere interesei eragiten dien informazio guztia izango duela bermatu bermatzen diogu.

Horren harira, Vitoria-Gasteizko Udalak Indarkeria Matxistaren aurrean jarduteko eta hari aurre egiteko Protokoloa aktibatu du kasuaren berri izan eta haren ikuspegirik osoena eta zehatzena izateko aukera eman duen informazioa egiaztatu bezain azkar. Jarraian, bilera baterako dei egin du, informazio guztia biltzeko eta erantzun instituzionala zein biktimarentzako eta haren inguruarentzako arreta koordinatzeko.

Azpimarratu nahi dugu indarkeria matxistak giza eskubideak larritasunez hausten dituela eta garrantzi handiko arazoa dela indarkeria jasaten duten emakumeen duintasunari eta osotasun fisikoari eta moralari eraso egiten diena, erailketa matxista matxismo horren adierazpen larriena izanik. Indarkeria hori ez dute ekintza isolatu batzuek osatzen; gure gizartea osatzen duten jokabide esplizituz, mezu sexistez eta sinboloez osatutako sare bat da, eta emakumeak gizonen mende mantentzea eta indarrean den sistema hetereopatriarkalak finkatutako mugak hausten dituen gorpurik, eredurik edo jokabiderik ez onartzea helburu du.

Horren harira, Vitoria-Gasteizko Udalak, emakumeek giza eskubideak benetan erabil ditzaketela bermatzeko ardura duen instituzio publikoa denez gero, neurriak bultzatuko ditu honako hauetarako: udal-erakundeek eta herritarrek oro har berehala eta irmotasunez erantzuna emateko edozein eraso matxistari, biktimei lehentasunez arreta emateko, emakumeei indarkeriari aurre egiteko tresnak emateko prebentzio-jarduketak garatzeko eta erasotzaileen gizarte-zigorgabetasuna ez onartzeko. Gainera, Udalak konpromisoa hartzen du lan egiten jarraitzeko eta laguntza eskaintzeko, bere eskumenak betez, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bermatzeko.

Hori guztia dela eta, Udalak:

  • Jakinarazten du erakunde-ordezkaritzak erailketa gaitzesten duela adieraziko duela. Horretarako, 15 minutuko kontzentrazio bat egingo du Plaza Berrian urriaren 13an, 12:00 ean, honako lemarekin: “Vitoria-Gasteiz: eraso matxisten aurka”.
  • Bat egiten du mugimendu feministak dei egindako gaitzespen-ekintza guztiekin eta gonbitea luzatzen die herritar guztiei horietan parte hartzeko, bai eta Udalaren babesa behar duten gaitzespen-ekintzak Udalari jakinarazteko ere.

Share

(Zuzenduta) Atxilotua lesio-delituen ustezko egilea

Udaltzainek astelehenean 19 urteko gizonezko bat atxilotu zuten objektu arriskutsu batekin lesio-delitua egin izanaren ustezko egilea izateagatik.

Eguerdian gertatu ziren gertakariak, 092ra egindako dei batek Jesusen Zerbitzariaren kalean dagoen saltoki batean poliziaren presentzia eskatu zuenean. Bertan, gizonezko batek langileetako bati makila metaliko luzagarri batekin egin zion eraso.

Erasotzaileak alde egin zuen. Hala ere, Badaia kalean topatu zuten biktimak eta hainbat herritarrek emandako datuei esker.

Bildutako testigantzen arabera, eztabaidan zebiltzala izan zen erasoa. Bertan, langileak lesioak jasan zituen lepoan eta besaurrean.

Erasotzailea epailearen esku utzi zuten.

Desobedientzia eta erasoa agenteei  

Udaltzaingoak 21 urteko gazte bat atxilotu zuen atzo desobedientzia larriko eta agintaritza-agenteei egindako erasoaren ustezko delitu-egilea delako. Gazteak Florida kaleko ostalaritza-establezimendu bateko borrokan hartu zuen parte.

Gizonezkoak agenteen esanei kasurik egin gabe egin zuen ihes lekutik, baina Ertzaintzaren patruila baten laguntzarekin topatu ahal izan zuten. Une horretan, polizien kontra egin zuen eraso, eta atxilotu eta epailearen esku utzi zuten.

Harrapatzeak gerta ez daitezen kontrol-trafikoaren kanpaina berezia

Igandera arte, urriaren 17ra arte, Udaltzaingoak hiriko bideetan oinezkoen harrapatzeak saihesteko eta horri buruz informatzeko eta kontzientziatzeko trafikoko kanpaina berezia egingo du, bai galtzada zeharkatzen dutenean, bai erabilera partekatuko eremuetatik igarotzen direnean, esate baterako, garajeetako edo bizitegi-eremuetako sarbideetan. Kanpaina hori 2018-2023 Bide Segurtasuneko Udal Plan Estrategikoan jasotako zaintza- eta kontrol-ekintzen baitan sartu behar da. Bide publikoetan haiei lotutako lesio- eta istripu-tasa murriztea, eta ondorioz, bideko segurtasuna bermatzea da haren oinarrizko helburua.

Astelehenetik, urriaren 11tik, hamar istripu erregistratu dira eta bi zauritu izan dira istripu horietan.

Share

Urriaren 16tik otsailaren 5era bitartean Bernaola Zikloa egingo da Gasteizen

Musika Garaikideko Nazioarteko Zikloa 18. ediziora iritsi da, eta 14 kontzertu eskainiko ditu

Urriaren 16tik otsailaren 5era bitartean, Musika Garaikideko Nazioarteko Zikloa (Bernaola Zikloa) egingo da berriro Gasteizen. Guztira 14 kontzertuk osatzen dute programa; horietako gehienak Gasteizen izango dira, baina Araian eta Bilbon ere izango da emanaldirik.

Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok, Kultura eta Kirol foru diputatu Ana del Valek eta ekitaldiko zuzendari Guillermo Lauzurikak hartu dute parte zikloa aurkezteko prentsaurrekoan.

Estíbaliz Cantok nabarmendu duenez, “proposatutako 14 hitzorduak doakoak dira oraingoan; beraz, musikaren eta musika sormenaren zaleek ez dute aitzakiarik. Gasteiztarrak Bernaola Zikloarekin bat egitera gonbidatzen ditugu, musika-ikerkuntza izateko arrazoitzat duten taldeak ezagutu ahalko baitituzte.                Musikaren mugak esploratzen dituzte, eta emaitza harrigarriak lortzen. Batzuk dantzara hurbiltzen dira, beste batzuk teknologia berrietara…”

Ana del Valen hitzetan, berriz, “17 edizioren ostean, zikloa ezinbesteko hitzordu gisa sendotu da gure lurraldeko kultur egutegian; konpositore, interprete eta publikoaren arteko topagune horrek, gainera, Araba nazioarteko erreferentzia bihurtu du musika garaikide sortu berriaren alorrean. Izan ere, soinu berriak bilatu nahi dituen musikaren jaialdia da, publikoari zerbait aparteko eta magikoa eskaintzearren ikertu eta sortzen duen musikarena.”

Guillermo Lauzurikak, bestalde, 2021-22 Jaialdiko xehetasunak azaldu ditu.

Ensemble Kuraia taldeak irekiko du programa, urriaren 16an (larunbata), Jesús Guridi musika kontserbatorioan; azaroaren 6an (larunbata), Ensemble Sinkro arituko da leku berean, eta hurrengo egunean, Araiako Andra Mari aretora hurbilduko da taldea.

Azaroaren 15ean (astelehena), Quasar Saxophone Quartet eta Trio Zukan hartuko ditu Jesús Guridi kontserbatorioak; azaroaren 20an (larunbata), berriz, Alfonso Gómez piano-jotzailea. Bestetik, Meg Stuart & Mark Tompkins bikotea Artiumen arituko da hilaren 21ean (igandea). Azaroaren 27an (larunbata) beste kontzertu bat izango da Jesus Guridi kontserbatorioan, Mocow Contemporany Music Ensemble taldearena.

Abenduan ere interes handiko bi emanaldi antolatu dira: hilaren 8an (asteazkena), Florence Augendre & Zuriñe Benavente dantzariak arituko dira Artiumen, eta hilaren 14an (asteartea), Guridi Garaikidea taldeak joko du Gasteizko kontserbatorioan

2022ko urtarrilean jada, Ensemble Sinkroren kontzertua izango da hilaren 15ean (larunbata), Jesús Guridi kontserbatorioan, eta hilaren 17an (astelehena), talde bera arituko da Bilboko Juan Crisóstomo Arriaga musika kontserbatorioan.

Berriro Gasteizko kontserbatoriora itzulita, urtarrilaren 22an El Niño de Elche artistak liluratuko du publikoa, eta hilaren 29an, Vanesa Santanachen txanda izango da.

Akusmaren ikuskizunak emango dio amaiera zikloari, otsailaren 5ean (larunbata), leku berean.

Emanaldi guztiak 19:30ean hasiko dira, Bilboko kontzertua izan ezik, hori 19:00an hasiko baita. 

Informazio gehiago

bernaola_cartel

bernaola_flyer

bernaola_libreto

Share

Gizarte Politiken Batzordearen ordu aldaketa

12:00etan, 15 minutuko kontzentrazioa egingo denez; Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren, Gazteriaren, Berdintasunaren, Bizikidetza eta Aniztasunaren eta Garapenerako Lankidetzaren Batzordeak 2021eko urriaren 13ko 12:00etan egitekoa zuen ohiko bilkura egun bertako 12:30etan egingo da.

Share

Presazko deialdia 2021-10-13

‘Vitoria-Gasteiz: eraso matxisten aurka’ kontzentrazio isila

Bost minutuko kontzentrazio isila, atzo Sansomendin bikotekide ohiaren hilketa dela eta.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Udalbatzako ordezkariak

Eguna. Asteazkena, urriak 13

Ordua. 12:00

Tokia. Plaza Berria, udaletxearen aurrean

Share

(Eguneratuta) Erakunde adierazpena Vitoria-Gasteizen gertatutako erailketa matxista kasuaren aurrean

ERAKUNDE ADIERAZPENA VITORIA-GASTEIZEN GERTATUTAKO ERAILKETA MATXISTA KASUAREN AURREAN