Prentsa Oharren banner

Asteburuko aurreikuspenak

Ostirala, urriak 8

– Garapen Lankidetzarako zinegotzi Jon Armentia Vitora-Gasteiz/Ibagué horma-irudien inaugurazioan izango da, 18: 00etan, Ariznabarrako kiroldegiko kanpoaldean.

Igandea, urriak 10

– César Fernández de Landa zinegotziak Gasteizko I. Duatloiko sari banaketan parte hartuko du, 14: 15ean, Buesa Arenako kupula zaharrean.

– Maider Etxebarria alkateordea eta Miren Fernández de Landa Berdintasun zinegotzia Nazioarteko 46. Antzerki Jaialdiaren inaugurazioan izango dira 19: 30ean, Antzoki Zaharrean.

Urriak 12, asteartea

– Pilar Eguna dela eta, Raimundo Ruiz de Escudero zinegotziak Aragoiko Etxeak 12: 30etatik aurrera Maria Inmaculada katedralean antolatzen dituen ekitaldietan parte hartuko du.

Share

Gasteizek postontzi adimendunen sistema logistikoa izango du, Zabalgunean paketeak bizikletaz banatu ahal izateko

DOSSIER BUZOIAK

Udalak postontzi adimendunen sistema logistiko bat ezarriko du Gasteizko Zabalgunean, paketeak bizikletaz banatu ahal izateko. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak bultzatu du proiektua, Gasteiz Green Deal planaren barruan, eta dagoeneko esleitu dira jasotzeko guneak jartzeko lanak.
Enpresa esleipendunak 18 postontzi adimendun jarriko ditu Zabalguneko 9 lekutan (kaleen arteko bidegurutzeetan batez ere), azken kontsumitzaileak paketea ondoen datorkionean jasotzeko aukera izan dezan. Postontzira sartzeko, nahikoa izango da telefono mugikorra edo antzeko gailu adimenduna erabiltzea. Banaketa-enpresek baldintza hau bete beharko dute postontzi horiek baliatzeko: produktua bizikletaz edo oinez eramatea postontziraino. Bizikletaz banatzeko tokiko enpresa espezializatu bat arduratuko da horretaz.

“Proiektu honen bidez, beste urrats bat ematen dugu Garapen Iraunkorrerako Helburuen eta 2030 Agendaren baitan kokatzen den “Gasteiz Green Deal” plana betetzeko. Izan ere, ekimen aitzindari bat jarriko dugu abian, hirian eragina izango duena eta garapen ekonomiko iraunkorra, gizarte-kohesioa eta ingurumen-iraunkortasuna areagotzen lagunduko duena. Banaketa-ibilgailuak erdigunetik aterako ditugu, gure hiriko enpresei lagunduko diegu eta zerbitzu publiko berri bat eskainiko dugu, zeinak tokiko merkataritza sustatzeko balioko baitu”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Gainera, tokiko merkataritzari mesede egiteko asmoz, Udalak postontzi horiek doan erabili ahal izatea proposatuko die hiriko denda eta negozioei.

Udalak hiru helburu lortu nahi ditu zerbitzu publiko hori eskainiz:1) Mugikortasun iraunkorra eta emisioen murrizketa: banaketa-enpresek diotenez, hiru paketetik bat ez da momentuan entregatzen, hau da, huts egindako entregak dira. “Banaketa horiek eta, batez ere, entregatzeko saiakerak murriztea lortzen badugu, furgonetak kaleetatik aterako ditugu, gure espazio publikoaren kalitatea hobetuko, erdiguneko trafikoa murriztuko eta gas kutsagarrien isurketa gutxituko“, adierazi du  Gasteizko alkate Gorka Urtaranek. Hirian jarduten duten banaketa-enpresa nagusiek erabiliko dute sistema. Hamar enpresa inguru dira.

2) Tokiko kontsumoa sustatzea. Proiektuaren zutabe nagusietako bat da. Tokiko merkataritzari postontzi horiek erabiltzen utzita, erosketa errepikaria deritzona erraztu nahi da. Izan ere, herritarrek asteko ogia, fruta edo barazkiak erosi eta saltokiek produktuak postontzian utzi ahalko dituzte, erosleak ondo datorkionean jaso ditzan.

3) Ekonomia berdea. Arestian aipatutako guztiak, zalantzarik gabe, ekonomia berdea sustatuko du, alegia, Gorka Urtaran alkateak hirirako bultzatzen duen Gasteiz Green Deal itunaren oinarrietako bat. Gainera, banaketa-enpresek elkarlanean jardungo dute paketeak bizikletaz banatzen espezializatutako tokiko enpresekin. Horrela, ekonomia berdearekin lotutako proiektu berritzaileetan lan egiten duten Gasteizko enpresak sendotu eta bultzatzen lagunduko da.

Proiektu pilotu bat da: lehenengo fasean esperientzia mota horrek nola funtzionatzen duen aztertuko da, eta datuak jaso eta ondorioak ateratzeko aukera emango digu. Gero, emaitzak onak badira, hiriko beste leku batzuetan errepikatu ahalko da. Era horretako postontzi-sistemak kudeatzen dituzten enpresek, gainera, interes handia dute horiek jabetza pribatuetan instalatzeko (etxebizitza-blokeak, atariak, etab.). Horiei ere esperientziaren funtzionamendua aztertzeko balioko die.

 

 

Share

Esleitu dira “Gasteiz, drogarik gabeko hezkuntza esparrua” programan datozen bi urteetarako aurreikusitako jarduera

Tokiko Gobernu Batzarrak Ediren-Ortzadar aldi baterako enpresa-elkarteari esleitu dizkio mendetasunen prebentzio unibertsalerako eta droga kontsumoari dagozkion arriskuak murrizteko programak; biak “Gasteiz, drogarik gabeko hezkuntza esparrua” programakoak. 142.035 euroan esleitutako kontratu honi esker, hiriko eskoletako hezkuntza-komunitateekin lan egingo da, mendekotasun- edo kontsumo-jokabideak bultza litzaketen faktore pertsonal, sozial eta kulturalak aldarazteko. Hiru ekintza-ildo espezifiko proposatzen dira ikasleekin, familiekin eta irakasleekin ez ezik kaleko hezitzaileekin  eta Osasun Publikoaren Zerbitzuak identifikatutako beste kolektibo ahul batzuekin ere jarduteko.

Kontratuak bi urteko indarraldia izango du, hil honetatik aurrera, eta ikastetxeek drogen kontsumoari buruzko prebentzio-prestakuntzaren arloan egiten duten eskaerari erantzungo dio. Iaz 166 gelatan gauzatu ziren jarduera eta programak.

Prebentzio unibertsaleko programa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago, eta lehen mailako esku hartzeak egiten dira, ikasleek substantzien kontsumoa saihesteko eta atzeratzeko, ikasleen arrisku-aurrekariak kontuan izan gabe. Prebentzio selektiborako eta kontsumoari lotutako arriskuak murrizteko programa ikasleei zuzentzen zaie, kontsumitzen hasi diren substantzien ondorioak ezagutu eta arriskuak kudea ditzaten.

Share

Gizarte Politiken Sailak 2,5 milioi euro bideratuko ditu gizarte, hezkuntza eta psikologia arloetan laguntzeko programa eta zerbitzuetara

Sostengu ematen diete esklusio-arriskua duten, babesgabe dauden edo mendekotasuna duten pertsona eta familiei.

 

Tokiko Gobernu Batzarrak udalaren gizarte-zerbitzuek ematen dituzten zazpi zerbitzu eta programa luzatzea onetsi du gaur; horien bidez, laguntza ematen zaie esklusio-arriskua duten, babesgabe dauden edo mendekotasuna duten pertsona eta familiei, gizarte, hezkuntza eta psikologia arloetan. Zehazki, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 2.493.809 € bideratuko ditu horiek garatzera datozen hilabeteetan.

Gizarte eta hezkuntza alorretan esku-hartzeko programak (SISE) du zuzkidura handiena. Orotara 900.000 € jarriko dira pertsonen, familien eta taldeen gaitasunak garatzeko hezkuntza-sostengua eta sostengu psikosoziala eskaintzeko, autonomiaz moldatzen eta familia eta komunitatearen barruan bizikidetza egokia errazten laguntze aldera.

Orobat, Santa Maria kantoiko, Hedegile kaleko eta Paula Montal kaleko zentro sozioedukatiboetako bakoitzari 177.337 € emango zaizkie urtebeteko funtzionamendurako. “Babesgabetasun moderatuaren arriskuan dauden 3 eta 18 urte bitarteko ume eta nerabeei ematen diegu arreta leku horietan. Egunez elkarrekin egoten dira, eta profesional talde baten sostengua eta hezkuntza- eta gizarte-laguntza intentsiboa jasotzen dute“, azaldu du Gizarte Zerbitzuen zinegotzi Jon Armentiak.

Adingabeei eta beren familiei laguntza ematen dien familia babesteko programa (ADA), bestetik, urtebetez luzatu da, 522.515 euroko zuzkidurarekin. Baliabide horren bidez hainbat zerbitzu eskaintzen ditu diziplina anitzeko lantalde batek: familia barruko gatazken konponketa, bitartekaritza baliatuz; banakako edo taldeko esku-hartze psikoterapeutikoa; gurasoentzako hezkuntza sostengua, etab.

Azkenik, Tokiko Gobernu Batzarrak ontzat eman du Pausoka programa luzatzea haurren babesgabetasuna dela eta ikerketa eta ebaluazio aldian dauden familiei laguntza psikologikoa eta hezkuntzakoa emateko, 297.840 euroko zuzkidurarekin, baita Salburua zentro sozioedukatiboan esku hartzeko zerbitzu-kontratua ere, 241.441 euroko zuzkidurarekin.

 

 

Share

Udalak elikadura-sistema jasangarriaren aldeko konpromisoa berretsi du, eta bat egin du Elikadurari eta Klimari buruzko Glasgowko Adierazpenarekin

Eskoziako hirian Klima Aldaketari buruz egitekoa den Nazio Batuen Konferentziaren (COP26) atarian, alkatearen ustez funtsezkoa da elikadura-sistemen erreformari buruzko eztabaida planteatzea klima-aldaketaren aurkako borrokan

 

Gasteizek berretsi egin du elikadura-sistema jasangarri baten aldeko konpromisoa, eta horretarako, Elikadura eta Klimari buruzko Glasgowko Adierazpenarekin bat egitea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak. “Adierazpen hori sinatuta, gure hiriak agerian uzten du bere konpromisoa tokiko nekazaritzako elikagaien estrategiarekin eta tokiko 2030 Agendaren barruan etorkizunerako ekintza-planarekin bat datorren elikadura-sistemarantz aurrera egiteko. Nazioarteko ekimenak konpromisoa lortu nahi du elikadura-politika integratuen lanketa bizkortzeko, klima-aldaketaren aurkako borrokan funtsezko tresna baitira. Mota eta tamaina guztietako tokiko agintariak bildu nahi ditu —hiri txiki eta ertainetatik hasi eta megahirietaraino, barruti eta eskualdeak, estatu federalak eta probintziak barne—, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko konpromisoa har dezaten, eta gobernu nazionalei eta nazioarteko erakundeei jarduteko deia egiten die. Gasteizek agertoki horretan egon nahi  du, eta egon behar du”, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.

Izan ere, alkateak azaldu duenez, “gaur egungo elikadura-sistemek berotegi-efektuko gas guztien % 21-37 inguru sortzen dute, eta ingurumenaren degradazioa, desberdintasun sozioekonomikoak, osasun publikoko arazoak eta elikagaien segurtasunik eza eragiten. Era berean, klimaren eta naturaren krisiak elikadura-sistemei eragiten die, eta dagoeneko hasia da eragina izaten elikagaien errendimendu eta prezioetan, banaketaren fidagarritasunean eta pertsona guztientzako elikagaien kalitatean eta segurtasunean. Elikadura-sistemek inpaktu positiboak sortzeko ahalmen handia dute ohitura jasangarriagoak berreskuratu edo hartzeari begira“.

Gorka Urtaranek gogorarazi du Udala nekazaritzako elikagaien tokiko estrategia bat lantzen ari dela, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak koordinatuta, elikadura-sistemen eragin globalari tokitik bertatik aurre egiteko. 

2021eko azaroan Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Konferentzia (COP26) egingo da Glasgown. Herrialdeen egungo konpromiso klimatikoetatik klima- eta natura-larrialdiei aurre egiteko beharrezkoa den eraldaketa garrantzitsuraino dagoen arrakala gainditzeko erronkari egin beharko dio aurre konferentziak. “Ekitaldi hori aukera paregabea da elikadura-sistemaren eraldaketa klima-eztabaidaren abangoardian jartzeko, eta, testuinguru horretan sortu da Elikadurari eta Klimari buruzko Glasgowko Adierazpena. elikadura-politika integratuen garapena bizkortzeko eta gobernu nazionalak ekintzara deitzeko konpromisoa duten hiri, erakunde eta entitateak biltzen ditu adierazpen horrek “, azaldu du alkateak.

Laburbilduta, gaur onartutako adierazpenak konpromiso hauek jasotzen ditu:

  • Elikadura-politika eta -estrategia integratuak garatu eta ezartzea, klima-aldaketaren aurkako borrokan funtsezko tresna gisa; ziurtatu beharko da tresna horiek elikadura-sistemez duten ikuspegiak elikadura-kateko katebegi guztietako eragileak barne hartzen dituela, elikadura-sistemen berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko helburuak ebaluatzeko parametroak baliatzen dituztela, eta nazioz azpiko gobernuen artean lankidetzarako eta jardunbide onenak trukatzeko aukerak ematen dituztela.
  • Hiri eta eskualdeetako elikadura-sistemetako berotegi-efektuko gasen isuriak murriztea, Parisko Akordioarekin eta Garapen Iraunkorrerako Helburuekin bat etorriz, eta elikadura-sistema iraunkorrak eraikitzea, ekosistemak berreraikitzeko eta guztiontzat dieta seguruak, osasungarriak, eskuragarriak, merkeak eta iraunkorrak emateko gai izango direnak.
  • Gobernu nazionalei eskatzea horren aldeko laguntza-esparru politikoak ezartzeko, baita maila anitzeko eta eragile anitzeko gobernantza-mekanismoak ere, elikadura-sistemei buruzko erabakiak modu koordinatuan hartu ahal izateko.   Mekanismo horiek elikadura-politika nazional inklusiboak lantzen lagunduko dute, eta politika horiek nazio-mailan zehaztutako ekarpenen berrikuspenetan txertatuko dira.

 

Elikadura eta Klimari buruzko Glasgowko Adierazpena (pdf)

 

Share

Iturritxu kalean 101 lekuko aparkaleku berri bat eraikitzeko kontratua esleitu dute

DOSSIER APARKALEKUA ITURRITXU

 

 Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean iragarri du Iturritxu kalean 101 lekuko aparkalekua eraikitzeko kontratua esleitzea adostu duela Gobernu Batzarrak. Iturritxu kalean jarriko da, Gasteizko Portuko sarreraren ondoan, A2124 errepidearen ondoan, eta Construcciones Aguillo enpresak egingo du. Azpiegitura hori joan den astean iragarritako Asfaltatze eta disuasio-parkinen Planaren barruan dago, eta Adurtzako bizilagunei eta beste udalerri batzuetatik hirira datozen pertsonei emango die zerbitzua. “Adurzako bizilagunei, elkarteari eta Olarizuko kontseiluari emandako hitza betetzen dugu, inguru hau aparkaleku gehiagoz hornitzeko”, azaldu du alkateak. Lanek sei hilabetetako epea izango dute eta 326.051,68 euroko inbertsioa.

Gasteizko lehen aparkaleku “naturalizatua” izango da. Zehazki, Iturritxu kalearen eta A2124 errepidearen artean dagoen lursail berde batean sortuko da, Lidl supermerkatuaren ondoan. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak aparkaleku berezia diseinatu du, paisaia-integrazioaren aldetik sentiberatasun handikoa.

Lau aparkaleku multzo osatuko dira berdegune baten barruan, 3.000 metro koadroko azalera batean orotara 101 leku sortuz.  Plaza horietatik 3 mugikortasun urriko pertsonentzat bakarrik izango dira, eta lauk karga elektrikoko puntuen aurreinstalazioa izango dute. Lekuak 4,75 metro luze eta 2,40 metro zabal izango dituzte. Mugikortasun murriztua dutenentzat izango direnak, berriz, 4,50eko luzera eta 3,70eko zabalera izango dute.

Autoek belar-lauzen gainean aparkatuko dute, eta ibilgailuek zirkulatzeko bideak baino ez dira asfaltatuko. Iturritxutik sartuko dira. Gainerako zatia lorategi itxurakoa izango da, putzu txikiz hornitua (euri-urak hartzeko), eta zuhaitzak eta zuhaixkak landatuko dira, ingurunearen biodibertsitatea kontuan hartuz. Izan ere, Olarizuko lorategi botanikoaren ondoan dago azpiegitura berria. ‘Led’ teknologian oinarritutako argiteria sistema berria ere jarriko da aparkaleku berrian.

 

Share

‘Led’ teknologiara aldaketa Koroatzearen auzoko 115 argitan

Koroatzearen auzoko Badaia kaleko, Kutxa kaleko, Domingo Beltran de Otazu kaleko eta Andre Maria Zuriaren Koroatzearen kaleko argiteria publikoa hobetuko du Gasteizko Udaleko Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak. Gaur goizean onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak lan horiek egiteko kontratuaren esleipena, Ekoargi Enpresari. 115 faroletan ‘led’ teknologia duten argiak instalatuko dira, 76.000 euroko inbertsioarekin. 5 hilabetekoa izango da lanak egiteko epea.

“Lanean dihardugu, hiriko auzoak hobetzeko. Oraingo honetan, Koroatzearen auzoko argiteria modernizatuz, kaleak hobeto argiztatzeko eta energia-efizientzia eta ingurumena hobetzeko”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

LED teknologiako 115 luminaria instalatuko dira kale horietan, orain artekoak baino eraginkorragoak izaki. Energia-kontsumoa murrizteko aukera ematen du horrek —kontsumo elektrikoa (kwh) eta atmosferara egiten diren CO2 emisioak—, eta argiteria publikoaren energia-eraginkortasunaren araudiarekin bat datozen argiztapen- eta uniformetasun-mailak lortzekoa.

Gainera, orain dauden argiek eragiten duten itsutzea eta argi-kutsadura ekidin nahi dira, baita mantentze-kostuak gutxitu ere, luminaria horien bizitza baliagarria konbentzionalena baino askoz luzeagoa baita. A energia-kalifikazioa lortuko da berrikuntzaren ondoren.

 

 

Share

Munduko 1.000 hirirekin batera, zero emisioranzko “lasterketan” mobilizatuko da Gasteiz 

 

Udalak eutsi egingo dio COP26 izan aurretik mundu osoko hiriei dei egin dien “Hirien lasterketa, zerorantz” ekimenak botatako erronkari

 

 

Munduko 1.000 hirirekin batera, zero emisioranzko “lasterketan” mobilizatuko da Gasteiz, “Hirien lasterketa, zerorantz” ekimenaren erronkari eutsiz; izan ere, ekimen horri atxikitzea onetsi du gaur udal-gobernuak.

Erabaki horren ildotik, konpromiso hauek egin ditu bere Gasteizko Udalak: larrialdi klimatikoa aintzat har dadin laguntzea, publikoki; berotze globala Parisko Itunaren 1,5 °C-ko helburutik behera mantentzea; ekintza klimatiko inklusiboa hiriko erabaki guztien erdigunean jartzea, herritar guztientzako komunitate faboragarri eta ekitatiboak sortzeko; beste eragile batzuk —buruzagi politikoak, zuzendari exekutiboak, sindikatuak, inbertitzaileak eta gizarte zibila— munduko larrialdi klimatikoa aintzat hartu eta horri aurre egiteko zientzian oinarritutako ekintzei ekitera gonbidatzea. Orobat hartu du bere gain Gasteizek 2040ko hamarkadan edo lehenago, edo, beranduenez, mendearen erdialdean zero maila garbia lortzeko konpromisoa, berotzea 1,5 ° C-ra mugatzeko, mundu osoko ahaleginekin bat etorriz.

Klima-aldaketari buruzko Nazio Batuen Itunaren hurrengo biltzarraren —COP26— aurretik abian jarritako kanpaina global bat da “Hirien lasterketa, zerorantz” ekimena, zeinen helburua baita enpresen, hirien, eskualdeen, unibertsitateen eta inbertitzaileen lidergoa eta babesa biltzea, trantsizio osasungarri, erresiliente eta karbono-emisiorik gabea lortzeko, etorkizuneko mehatxuei aurre egingo diena, lanpostu duinak sortuko dituena eta hazkunde inklusibo eta iraunkorra ekarriko duena.

“Ekonomia deskarbonizatu baterako aldakuntza bultzatzea da, bada, helburua, COP26ri begira. Izan ere, Parisko Itunari egindako ekarpenak sendotu beharko baitituzte bertan gobernuek. Erabateko mezua helaraziko die ekimen horrek gobernuei, bat eginda daudela enpresak, hiriak, eskualdeak eta inbertitzaileak, Parisko Itunaren helburuak bete eta ekonomia inklusiboago eta erresilienteagoa sortzeko”, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.

Kanpaina babesten duten organizazioen artean daude Gasteizko Udala atxikita dagoen zenbait, hala nola ICLEI edo Alkateen Itun Globala (GCoM), eta klimaren eta energiaren arloko informazioa helarazten dien beste zenbait, hala nola CDP-ICLEI plataforma bateratua edo One Planet City Challenge (OPCC) ekimena.

Share

Udaltzaingoko bi enplegu-eskaintzetan 23 lanpostu gehiago sartzea onetsi du Urtaranen gobernuak

Gasteizko Udalak egindako Udaltzaingoko bi enplegu-eskaintzetako lanpostu-kopuruak handitzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak. Alde batetik, barne-sustapeneko 4 dotazio gehiago izango dira lehen mailako agenteen lanpostuetarako, eta, bestetik, 19 dotazio gehiago polizia-agenteen lanpostuak betetzeko enplegu-eskaintza publikoan. Horrenbestez, guztia, 23 lanpostu gehiago, erretiroen eta behin betiko bajen ondorioz Udalaren lanpostuen zerrendan hutsik geratutako lanpostuak direla eta.

Tokiko Gobernu Batzarrak 2020ko uztailean onetsitako barne-sustapenean agente lehenen 5 lanpostu aurreikusi ziren hasiera batean. Gaur ontzat eman den lanpostu-gehikuntzarekin, guztira horrelako 9 lanpostu izango dira, beteko direnak. Horrela, polizia-aginteen egituran hutsik dauden lanpostuak betetzeko beste urrats bat egingo da, eta plantilla egonkortu eta jarduera-esparru desberdinetako eraginkortasuna hobetu.

Udaltzainen 11 lanpostuak betetzeko enplegu-eskaintza publikoari dagokionez, iazko azarotik martxan dagoen prozesua da. 19 agente-lanpostu gehitzea erabaki da orain, eta, horrenbestez, guztira 30 agente-lanpostu beteko dira, euskal polizien deialdi bateratuaren bitartez. Urtero enplegu-eskaintza bat egitea da udal-gobernuaren konpromisoa, lanpostu hutsak betetzeko.

 

 

Share

Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren barruko ‘Una ciudad de sombras’, ‘Leihoak’, ‘La luna en un cazo’ eta ‘Plató’ lanetarako sarrerak agortu egin dira, baita Off Lokal-eko zenbait saiotarakoak ere

Udalaren Antzoki Sareak bere ekipamenduen edukiera % 100era handituko du

 

Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren barruko ‘Una ciudad de sombras’, ‘Leihoak’, ‘La luna en un cazo’ eta ‘Plató’ lanetarako sarrerak agortu egin dira, baita Off Lokal-eko zenbait saiotarakoak ere.

Orain arte 8.318 sarrera saldu dira, hau da, 2020an baino 3.000 gehiago, edukiera % 75ekoa dela. Datu horiek aurretiazko salmenta amaitu zen egunekoak dira, irailaren 28koak. Edukiera % 75 zelarik, saldutako sarrerak okupazioaren % 65 ziren.

Orotara arte-diziplina ezberdinetarako 719 abonamendu saldu dira; 2020an 425 izan ziren.

Jaialdia hasteko hiru egun falta direla, salmentaren balantzea oso positiboa da; gainera, urriaren 7tik aurrera edukiera % 100ekoa izango da.

 

Hona hemen datuak:

 

Guztira saldutako sarrerakSarrera-kopuruaOkupazio %, erabilgarri dagoen edukieraren aldean
Principal antzokia6955% 64
Gizarte etxeetako antzokiak 823% 58
Beste (Plató eta Off Lokal)540% 84
Sarrerak, orotara 8318% 60

 

Sarrerak agortu dituzten ikuskizunak:
  • Malvivir,
  • Una ciuad de sombras,
  • Leihoak
  • La luna en un cazo,
  • Plató eta Off Lokal-eko zenbait saio
Salduena
  • Malvivir (Principal antzokia)
  • Acosta Danza (Principal antzokia)
  • Hervé Kouvi (Principal antzokia)
  • Antígona (Principal antzokia)

 

 

Okupatutako edukiera

 Saldutako abonamenduakSaldutako sarrerakOkupazioa, edukiera osoaren aldean
HELDUENTZAKO ANTZERKIA2834904% 79
FAMILIA OSOARENTZAKO ANTZERKIA123724% 48
DANTZA2221131% 87
JIM AKTUAL ZIKLOA22163% 40
IKUSKIZUNA IBAIONDON24189% 44
EUSKARAZKO IKUSKIZUNEN ZIKLOA45196% 38
PLATÓ 210% 100
OFF LOKAL 330% 67

 

Antzerki Jaialdiaren 46. ediziorako abonamendu eta sarreren salmentak hasierako aurreikuspenak gainditu ditu, baita 2020koak ere, pandemiak iraun duen urte eta erdiaren ondoren nolabaiteko zalantza baitzegoen publikoaren erantzunaz.

Udalaren Antzoki Sarearen iritziz, kulturarekin lotutako komunitateak osasun larrialdiko egoerara moldatzen jakin izanari zor zaio erantzun ona, eta agerian geratu da herritarrentzat kultura garrantzitsua eta beharrezkoa dela.

“Eskerrak eman nahi dizkiegu urtez urte arte eszenikoak mantentzen dituzten publikoei. Haien fideltasunak kultura gure bizitzen erdigunean jartzen jarraitzera animatzen gaituzte”, azpimarratu dute Saretik.

 

Share