Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-10-06)

Prentsaurrekoa. ‘Mitoak apurtuz, errealitateak eraikiz’ Asafesen kanpaina aurkeztea

Parte hartzaileak. Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopez; Asafesen presidente María del Carmen Arroyo; Vital Fundazioko zuzendari exekutibo Axier Urresti; Vanesa Vadillo Asafeseko gerentea; Marian Olaberrieta, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen zuzendaria; eta Ana Belén Otero, Gizarte Zerbitzuen foru zuzendaria

Eguna. Asteazkena, urriak 6

Ordua. 10:00

Tokia. Vital Fundazioko prentsa aretoa (Bakea kalea 5, 1. solairua, Dendaraba)

————————————–

Prentsaurrekoa. Kultura Bizia espazioa zabaltzeko lankidetza aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto; Kultura eta Kirol foru diputatu Ana del Val; Kepa Ortiz de Urbina, Laboral Kutxako komunikazio arduraduna; eta Javier Sagastume, Kultura Bizia elkarteko presidentea

Eguna. Asteazkena, urriak 6

Ordua. 11:15

Tokia. Iradier Arena

—————————————

Herritarren Eskola Irekiaren 2021-2022 ikasturtearen inaugurazioa. Gervasio Sanchez kazetariaren hitzaldia
Hizlaria: Borja Rodríguez, Herritarren Partaidetza, Gardentasun eta Gizarte Etxeetako zinegotzia.
Data. Urriak 6, asteazkena
Ordua. 18:30ean
Lekua. Europa Biltzar Jauregia

Share

Herritarrek Gasteiz hobetzeko 125 proposamenen artean aukeratuko dute

Azaroaren 8tik 28ra arte eman ahalko da botoa aurrekontu parte-hartzaileak lantzeko ‘Gasteiz Hobetuz’ udal programaren barruan

Aurrekontu parte-hartzaileak lantzeko ‘Gasteiz Hobetuz’ udal programaren hirugarren edizioa abiarazi da aurten; herritarrek aurkeztu zituzten 315 proiektuetatik 125 jo dira bideragarritzat, eta horiexek bozkatu ahalko dituzte herritarrek.

Bideragarritasun teknikoaren iragazkia 160 proposamenak igaro zuten, baina 125eko multzoa osatu da azkenean, batzuek antzeko edukia baitzuten. Bozketaren ondoren, 2021eko eta 2022ko aurrekontuetan guztira erreserbatutako 3 milioi euroko kopurua —1,5 milioi euro ekitaldi bakoitzeko— berdindu arteko proiektuak aukeratuko dira.

Aurreko edizioetan bezala, zenbait haztapen-irizpide ezarri ziren: belaunaldien arteko bizikidetza, genero-berdintasuna, eta kultura aniztasuna eta/edo dibertsitate funtzionala. Hiru irizpide berri ere gehitu ziren: talde ahulenen gizarte-inklusioa, iraunkortasuna eta ingurumenaren babesa, eta arrakala digitala txikitzea.

Bozkatuko diren proiektuak antolatu eta horiek ulertzen erraztearren, lau arlo tematikotan sailkatu dira:

  • Gasteiz Green. 28
  • Aisialdi eta topaketarako guneak. 39
  • Gasteiz hiri seguruagoa. 29
  • Hezkuntza, kultura, berdintasuna, kirola eta aniztasuna. 31

Udalaren web-orrian kontsultatu daiteke proiektu bideragarrien zerrenda, baita gainerakoak ezesteko arrazoiak ere.

Orain proposamenak zabaltzeko faseari ekingo zaio, zenbait bide baliatuz: udalaren webgunea, sare sozialak, hiri-altzariak, gizarte-etxeetako pantailak, kaleko komunikazioa, etab.  Gainera, ideia aurkeztu zuten pertsonei eskatuko zaie laburpen bat egiteko. Bestetik, Herritartasunerako Eskolaren bitartez lantegiak eskainiko zaizkie sustatzaileei, proiektua ezagutarazten laguntzeko. Partaidetza Zerbitzuarekin jar daitezke harremanetan,  945 16 16 87 telefono-zenbakira deituz edo gasteizhobetuz@vitoria-gasteiz.org helbide elektronikora idatziz.

Borja Rodríguez, Gasteizko Herritarren Partaidetzaren zinegotzia: “Gure hiria hobetzeko ideiak aurkeztu dituzten pertsonek hilabeteko epea izango dute orain horiek ezagutarazteko, herritarrek garrantzitsuen deritzeten proposamenen alde bozkatu aurretik. 3 milioi euroko aurrekontua erreserbatu dugu haien lehentasunak entzun eta aintzat hartzeko”.

 

 

Share

Gizarte Kontseiluak begi onez ikusi du Urtaranen gobernuaren 2022ko zergak izozteko proposamena

Gasteizko Gizarte Kontseiluak —elkargune eta auzoguneen, Udaleko Eskola Kontseiluaren eta nekazaritza-eremuko kontzejuen elkartearen ordezkariek eta sindikoak osatzen duten foroak— egin du udal-gobernuak 2022rako planteatutako ordenantza fiskal eta prezio publikoen proiektuaren gaineko txostena. Txostenean, besteak beste, ontzat jotzen da Urtaranen gobernuak datorren urteko zerga guztiak izozteko egindako proposamena, “pandemiak eragindako krisi ekonomiko eta soziala kontuan hartuta”, dokumentuan bertan esaten denez.

Orobat aztertzen da gobernu-taldeak tasa eta prezio publikoak % 3 eguneratzeko egindako proposamena —% 1,5 Gizarte Politiken Sailak adinekoei eta haurrei ematen dizkien zerbitzuen tarifak—, eta neurri hori pertsonarik ahulenei zuzendutako hobariekin bateragarri izatearen alde egiten, ordenantza fiskaletan lehendik jasota dagoenaren ildotik.

Gizarte Kontseiluak ontzat jo duen beste alderdi bat izan da Gasteizko zerga-sistemak ordainketak zatikatzeko eskaintzen duen aukera, bai zergak ordaintzeari dagokionez, tarifa fiskal lauaren bitartez, bai zorrak ordaintzeari dagokionez; bigarren kasu horretan, egoera ekonomiko larrian dauden familien premiei erantzuteko kontseiluak berak egindako proposamena kontuan hartu zelarik.

Orobat azpimarratu du Gizarte Kontseiluak oso garrantzitsua dela herritarrei informazio argia eta erraza ematea tasa eta prezio publikoen, udal-zerbitzuen kostuen eta zergak ordaintzeko hobarien —eta horiek eskuratzeko moduen— gainean.

 

Share

Farmaconsulting zoriondu du alkateak, 30 urte baitira sortu zela, Gasteizen 

Hiriko egoitza iraunkorraren proiektua aurkezteko baliatu dute egokiera konpainiako zuzendari nagusiak eta zuzendaritza-batzordeak. 

Enpresak gaur azaldu duen planaren balio eta helburuak Gasteizko Green Dealenekin bat datozela nabarmendu du alkateak

 

Gorka Urtaran alkateak eta Ana Oregi eta Iñaki Gurtubai alkateordeek Farmaconsulting enpresako zuzendaritza-batzordea eta zuzendari nagusia hartu dituzte gaur, 30 urte baitira sortu zela, Gasteizen.

Alkateak eskertu egin du farmazia-sektoreko erreferente den enpresa horrek —zeinek Estatuko probintzia guztietara banatzen den sare bat baitu— egindako apustua. Izan ere, Gasteizen eraikiko du aurki bere egoitza, “eta zuen sustraiekin eta Udalak eta hiri honek partekatzen dituzten balioekin leial izanik egiten duzue, ingurunearen eta planetaren etorkizun iraunkorraren aldeko kontzientziarekin, hori baitugu ardatz Gasteiz hiri berdea izatetik ekonomia berdera igaro dadin.  Zuen printzipioak bat datoz Gasteizko Green Deal-arekin, duela bi urte abiarazi genuen itun handi horrekin. Gure bizi-kalitate handia sendotzeko eta etorkizun ekonomiko eta sozial sendo eta bideragarri baten oinarriak finkatzeko itun bat, akordio zabal eta plurala, bilatu beharreko horizonteari buruzko ikuspegi askotarikoak baina osagarriak biltzea helburu duena. Mundu mailako eszenatoki berri baten aurrean gaude. Klima-aldaketaren ondorio ekonomikoak, ingurumenaren arlokoak eta sozialak agerikoak dira dagoeneko, eta larritasunik gabe baina ausardiaz jokatzeko unea da, elkarrizketa eta akordioa direla medio.”

Horren barruan sartu ditu Gorka Urtaranek gaur aurkeztu denaren gisako apustuak: “Iraunkortasunaren mundu mailako erreferentzia bihurtu duen aldaketa egiten jakin du gure hiriak. Gure inguruan planetak bizi duen eraldaketa handi horri heltzeko gai den hiririk baldin bada, Gasteiz da hori. Trantsizio “berde” hori aurrera eramateko gai izan behar dugu orain, hiriaren eredu ekonomiko eta soziala gauzatzeko. Erronka horiek guztiak orobat dira aprobetxatu beharreko aukera handiak. Asko dago egiteko, eta bat egiten badugu, eta erabakitasunez lan egiten, lor dezakegu aldaketa horietatik hiri hobea ateratzea, puntako zerbitzu publikoekin, ekonomia dinamiko eta modernoarekin eta jarraitu beharreko eredu izaten jarraituko duten azpiegitura berdeekin. Une honetan, hiriak beren nortasunaren bila ari dira. Gasteizek badu. Green gara, eredu gara beste askorentzat; bihur dezagun gure marka, gure nortasun-ezaugarria, etorkizunerako aldaketa-palanka”, aldeztu du alkateak.

Egoitza berria Prado parkearen ondoan

Farmaconsultingeko zuzendari nagusi Alfredo Alonsok, bere aldetik, eskertu egin du 30. urteurrena dela eta Udalak egin dion gorazarrea, eta, bidenabar, Gasteizko egoitza berriaren proiektua aurkeztu dio alkateari. Zehazki, Arabako hiriburua aukeratu du konpainiak, Frai Francisco Vitoria ibilbidearen ondoan egoitza moderno bat jartzeko, Prado parketik gertu. Ezagutzaren erreferente bihurtzea espero dute, enpresen topagune, ikerketa-leku eta etorkizuneko proiektu sozialak garatzeko leku. Zuzendari nagusiaz gain, Sara Alonso, Juan Fernández de Trocóniz, Gorka Calvete, Félix Fernández, Juan Antonio Adsuar eta Leticia Alonso izan dira ekitaldian, enpresako zuzendaritza-batzordearen izenean.

 

 

 

 

Share

Karga-bizikletak doan probatzeko aukera izango dute VGBiziz Sarearen erabiltzaileek

Gasteizko Udalak, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bitartez, bi kanpaina berri abiarazi ditu, karga-bizikletak proba daitezen, hirian. Gainera, berrikuntza gisa, horrelako bi ibilgailu erabilgarri egongo dira, sei hilabetez, VGBiziz sareko edozein erabiltzailek probatzerik izan dezan.

Lehenengo kanpainaren bidez, horrelako bi ibilgailu bi astez maileguan uztea planteatzen da, 12 partikularri edo enpresa eta entitateetako kideei.

Gainera, karga-bizikletak mailegatzeko zerbitzu bat jarriko da abian, VGBiziz sareko edozein erabiltzailek baliatu ahal izango duena. Bi karga-bizikleta izango dira eskuragarri, edonorentzat. Bizikleta bana, hain zuzen ere, Hedegile kalean eta autobus-geltokian. Sei hilabeteko proba pilotua izango da, ibilgailu horiek VGBiziz sarearen erabiltzaileen artean eskaririk duten jakiteko. Doakoa izango da.

Informazio gehiago:  https://www.vitoria-gasteiz.org/ebiziz, vgbiziz@hotmail.com helbidera idatziz edo 611 444146 telefonora deituz.

Informazio gehiago

Horizon 2020 programako CityChangerCargoBike proiektu europarraren barneko ekimena da. Hiriguneetan karga-bizikletak eskala handian sartzea eta erabiltzea hirientzat oso ekintza onuragarria dela nabarmendu da. Bizikletaren bidezko mugikortasunaren irudiak hobera egiten du, joan-etorrietan erabiltzen dituzten pertsonen kopurua areagotu egiten da, hiri-espazioa modu eraginkorragoan erabiltzen da, eta airearen kalitatea, segurtasun-mailak eta bizi-kalitatea hobetzen dira. Hala ere, irtenbide berritzaile hori oso hiri gutxitan dago presente, eta, kasurik onenean, Europako hiri batzuetan, hasierako fasean. Ahalmen osoa ez da oraindik gauzatu Europako inongo hiritan.

Gaur egun, hirietako salgaien garraioaren ia % 100 ibilgailu motordunen, autoen, motorren, furgoneten, merkataritza-kamioien eta abarren bidez egiten da, nahiz eta merkantzia arin ia guztiak oso distantzia laburretan garraiatzen diren. Era berean, herritarrek automobil pribatua erabiltzen dute aisialdiarekin, erosketekin edo mandatu txikiekin lotutako erabilerarako. Kasu batean nahiz bestean —komertziala nahiz partikularra— karga-bizikletak erabil litezke.

 

 

Share

Auzo Eszenak 8 ikuskizun eskainiko ditu urritik abendura, Gasteizko gizarte-etxeetan

Sarrera-salmenta bihar, urriak 6, hasiko da

 

Bihar, urriak 6, hasiko da Auzo Eszena programako urritik abendura bitarteko denboraldirako sarreren salmenta. Programa horrek Gasteizko arte eszenikoen alorreko konpainia ez-profesionalei aukera ematen die beren proposamenak jendaurrean erakusteko, gizarte-etxeetako ekitaldi aretoetan.

“Ekimen honekin, Gasteizko arte eszenikoen alorreko konpainia ez -profesionalentzat agertoki finko eta egonkorra sortzea bultzatzen dugu, zein bereziki garrantzitsua baita egungo egoeran” azpimarratu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok. “Horri esker, gasteiztarrek askotariko jarduerak izan ditzakete: umorea, antzerkia, magia, bakarrizketak, komedia, musikala….. haur, familia, heldu eta gazteentzat” gaineratu du.

Kultura Zerbitzuak ikuskizun hauek programatu ditu: Baidefeis antzerki-taldearen  ‘Kiki, el cabaret’;  Goyo magoaren ‘Tirriski Mirriski’ (haurrentzat)  Titaniaren ‘Luces y sombra’;  Antrokia taldearen ‘Cinco horas con la Mama’,   Poesia antzeztua, El Club de los poetan rojosen eskutik ;  Tadir taldearen ‘VIII Gasteiz varietés 2021’ ikuskizuna;  Hirukide taldearen ‘Sin compromiso’; eta Auskalhopen ‘¡Pero esto qué es!’.

Auzo Eszenaren bigarren faseko emanaldiak igandeetan izango dira, 19:00etan, Arana. Aldabe, Ariznabarra, Arriaga, Salburua eta Ariznabarreko gizarte-etxeetako ekitaldi-aretoetan, urriaren 17tik abenduaren 19ra.

Zorrotz beteko dira covid-aren aurkako araudiak unean unean ezartzen dituen osasun-neurriak.

Urriaren 6tik aurrera (bihar) jarriko dira salgai sarrerak gizarte-etxe eta kirol instalazioetan (pilotalekuetan izan ezik), baita internetez ere (ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagora arte).

Prezioak 3 € eta 5 € artekoak izango dira, taldeen arabera.

2021eko Auzo Eszena programaren lehen fasea otsailetik maiatzera bitartean egin zen, eta 732 ikusle izan zituen. 

Auzo Eszena programa

Kartela_auzo_eszena

Informazio gehiago

 

 

 

 

 

 

 

 

Share

Atxilotua udaltzainei eraso egiteagatik

Udaltzainek atzo gauean 51 urteko gizonezko bat atxilotu zuten autoritate-agenteen aurkako atentatuaren delituaren ustezko egilea zelakoan.

Udaltzainak gizonezkoa identifikatzen ari ziren Alde Zaharreko etxebizitza batean emakume batekin eztabaida gogorra zuelako, eta gizonezkoak guraize batzuk hartu nahi izan zituen udaltzainei eraso egiteko. Guraizeak hartzea eragotzi eta geldiaraztea lortu zuten udaltzainek. Une horretan, haien aurka egin zuen, eta beraz, atxilotu egin zuten.

Guardiako Epaitegira zegokion atestatua bidali ondoren, aske utzi zuten.

Share

Lehen alarma-egoeran jarritako isunen zenbatekoak itzuli egingo ditu Gasteizko Udalak, ofizioz

Pandemiaren ondorioz ezarri zen lehen alarma-egoerako arauak urratzeagatik jarritako zigorrak zirela eta jasotako zenbatekoa ofizioz itzultzeko prozedurari ekingo dio Gasteizko Udalak hurrengo egun hauetan, hots, interesdunek eskabidea egiteko beharrik gabe. Alarma-egoeran pertsonen zirkulazio-askatasunari mugak jarri zitzaizkioneko 463/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluaren 1., 3. eta 5. atalak ez betetzeagatik jarritako zigorrei dagokie erabakia.

Udalaren erabakia dela eta, guztira 974 isunen zenbatekoak itzuliko zaizkie partikularrei —337.701,10 euro—. Era berean, errekurritu ez diren beste 1.338 salaketaren kobrantza ere geldiarazi egingo da —guztira, 789.482,10 euro—.

Uztailaren 14an eman zuen gai horren inguruko epaia Auzitegi Konstituzionalak, eta Konstituzioaren kontrakotzat jo orain itzuli beharko diren isunak ekarri zituzten 463/2020 Errege Dekretuaren atalak. Hala ere, epaiak ez zuen behar bezala argitu prozedura zigortzaile irmoei nola eragingo zien, hau da, isuna ordainduta zuten partikularren kasuan nola jokatu behar zen, edo ebazpen zigortzailea garaiz eta behar bezala errekurritu ez zutenen kasuan.

Orain, Gasteizko Udalaren txosten juridiko batek argitzen du gerora Konstituzioaren kontrakotzat jotzen den lege bat aplikatuz eman ziren zigortze-egintza irmoak baliogabetu daitezkeela, eta administrazioak, zigorren zenbatekoa kobratu badu, hori partikularrei itzuli beharra daukala. Txosten horren haritik, isunak baliogabetu eta itzultzea erabaki da.

 

 

Share