Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-10-26)

Prentsaurrekoa. 2021eko Aitzina Fok jaialdi solidarioa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura zinegotzi Estibaliz Canto; Kultura eta Kirol foru zuzendari Inmaculada Sánchez; Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagasti; Kepa Ortiz de Urbina, Laboral Kutxako ordezkaria; Fundación Vital  Fundazioko zuzendari Arantxa Ibáñez de Opacua; eta Aitzina Folk Jaialdiko zuzendari Patxi Villen

Eguna. Asteartea, urriak 26

Ordua. 10:30

Tokia. Montehermoso Kulturunea

—————————————-

Aintzatespena Edurne eta Zeledón Txikiri

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto; 2020 eta 2021eko Andre Maria Zuriaren EZ-jaietan  Zeledón Txiki eta Edurne izan ziren Eneko Asurmendi eta Maite González; eta Udalbatzako talde politikoetako ordezkariak

Eguna. Asteartea, urriak 26

Ordua. 18:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

Share

Bi atxilotu gizon bati ustez sexu-erasoa egiteagatik

Udaltzaingoak 28 eta 35 urteko bi gizon atxilotu zituen larunbatean, gizonezko bati sexu-erasoa egitea egotzita, Florida parkean.

Patruila motordun bati 07: 15ean eman zioten abisua, hirigunean herritarren segurtasunerako lanetan ari zela.
Bertara joan ondoren, inguruan bi gizon aurkitu zituen, biktimak emandako deskribapenekin bat zetozenak, eta atxilotu eta epailearen esku utzi zituen.
Udaltzaingoak ikerketa hasi du gertatutakoa argitzeko. 

 

Desobedientzia larria

Udaltzaingoak larunbatean 30 urteko gizonezko bat atzeman zuen ustez agintaritza-agenteei atentatua eta desobedientzia larriaren delituak egin izanagatik.

Gizonezkoa Forondako Atea kalean ari zen paseatzen arriskutsu izan zitekeen txakur batekin. Txakurra lotuta, baina derrigorrezkoa den muturrekorik gabe zebilen. Agenteetako batek bi aldiz ere esan zion muturrekoa jartzeko. Eskakizun horren aurrean, baiezkoa esan zuen nagusiak, baina ez zuen jarri. Hori dela eta, harengana joan ziren zegokion salaketa jartzera. Uko egiteaz gain, ihesari eman zion. Hala ere, topatzea lortu zuten, eta une horretan, agenteen aurka egin zuen. Azkenik, atxilotu egin behar izan zuten.

 

Lesioak eragin dituen erasoa 

Udaltzainek atzo 44, 25 eta 38 urteko hiru gizonezko atxilotu zituzten lesioak eraginda eraso-delituaren ustezko egile izateagatik.

Gertakariak 09:30 inguruan jazo ziren, Iturritxu kalearen inguruko plaza batean izandako borrokan. Agenteek inplikatutako pertsonekin, lekukoekin eta buruan kolpe bat zuen zauritutako gizon batekin hitz egin zuten. Itxura denez, minutu batzuk lehenago, kolpea eragin zioten familiarteko batzuekin eztabaidan aritu zen.

Anbulantziako osasun-langileek eskaini zioten arreta biktimari eta agenteek ustezko erasotzaileak atxilotu zituzten. Larunbatean jarri zituzten epailearen esku.

 

Indarkeria erabiliz egindako lapurreta 

Udaltzaingoak ostiral eguerdian 21 urteko gazte bat atxilotu zuen La Paz kaleko merkataritza-saltoki batean indarkeria erabiliz lapurreta-delitua egin izanaren ustezko egile gisa. Saltokian jantzi batzuk lapurtu zituen eta ez zituen ordaindu kutxen-lerroa gurutzatzean.

 

Agindu-haustea eta errekisitoria

Udaltzainek ostiralean 49 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Zaramaga kalean genero-indarkeriarekin lotutako babeseko arau bat hautsi izanaren ustezko egilea zelakoan.

Era berea, atzo goizaldean 31 urteko emakume bat atxilotu zuten. Emakumeak aurkako errekisitoria judiziala zuen, baita agintaritzako agenteen kontra egindako ustezko atentatu-delitua ere.

 

Share

Irudika nazioarteko ilustrazioaren topaketak bost urte beteko ditu, eta edizio fisikoa berreskuratuko du Gasteizen

Ilustrazioaren nazioarteko topaketa profesionalak bosgarren edizioa egingo du urriaren 28tik 30era, Gasteizko Artium museoan, formatu fisikora itzulita. Irudikak Ekonomia Sustapenaren Sailaren sostengua du, zeinaren buru arlo horretako zinegotzi eta lehen alkateorde Maider Etxebarria baita. Oraingoan formatu fisikoa berreskuratuko du, hiru egunez mahai-inguruak eta lantegiak egingo baitira Belgika, Txile eta Portugaletik etorriko diren edo herrialde horiekin zerikusiren bat duten 37 proiekturen inguruan. Orobat, hitzordu profesionalak antolatu dira hiru herrialde horietako agenteekin eta Mexiko, Argentina edo Frantziatik etorritako beste batzuekin.

2020ko edizioa ezinbestez online egin ondoren, Irudikaren bosgarren edizioa aurrez aurreko formatura itzuliko da, ilustrazioaren arloan indar handia duten herrialdeentzat erakusleiho izateko asmoz. 50 gonbidatuk baino gehiagok (ilustratzaile, argitaletxe eta agenteak) osatzen dute programa. Hartara, Irudika egitarau indartsu batekin itzuliko da formatu fisikora, eta Euskadi eta Gasteiz ilustrazio profesionalaren epizentro bihurtuko ditu.

“Irudikak gure hiria nazioarteko erreferente gisa kokatuko du ilustrazioaren alorrean, eta Gasteizko profesionalei aukera ematen die lotura, proiektu eta negozio berriak sortzeko. Gainera, herritar guztiei irekiko zaie aurten, ilustrazioa eta zuzeneko musika batzen dituzten ikuskizunen bidez, eta hori oso positiboa da hirirako“, nabarmendu du Ekonomia Sustapenaren zinegotzi eta lehen alkateorde Maider Etxebarriak.

Interneteko bertsioa ere mantenduko du Irudikak, Gasteizera etorri ezin zirenentzat iaz sortu zen plataformaren bidez. Berritasun gisa, inaugurazio eta itxiera ekitaldietan zuzeneko ilustrazio eta musika ekitaldi bana eskainiko dute Anne Brugni & McCloud Zicmuse eta The New Raemon & Paula Bonet artistek.

Irudika jaialdi presentzialean 80 lagunentzako tokia egongo da Artium Museoan hitzaldiak, tailerrak eta hitzordu profesionalak egiteko. Edukiera handitu egingo da Sektore Paraleloei buruzko osteguneko jardunaldian eta larunbateko itxiera ekitaldian, eta sarbidea emango zaio publiko orokorrari. Egun horietan, fanzineari eta grabaketari buruzko hitzaldiak eta zuzeneko hiru ikuskizun eskainiko dira.

Belgika, Portugal eta Txile dira 2021eko herrialde gonbidatuak, gehi herrialde horietako bakoitzarekin harremana duten euskal ilustratzaile bat eta bi argitaletxe. Bosgarren edizio honetan 50 gonbidatu izango dira, eta horietako 37 Portugal, Belgika, Txile eta Euskadiko ilustratzaileak eta agenteak dira. Gonbidatu asko agenteak dira eta bigarren edo hirugarren urtez jarraian etorriko dira jaialdira, Mexiko, Argentina, Madril, Valentzia eta beste hainbat tokitatik, networking-saioetan parte hartzera.

Irudikak lau ekintza-lerro ditu: hitzaldiak, hitzordu profesionalak (eta networking saioak), lantegiak eta bi egonaldi artistiko hiru zentro desberdinetan (Gasteizen, Bilboko Bilbaoarten eta La Maison des Auteurs d’Angoulême zentroan):

Sektore paraleloak eta itxiera ekitaldia: Irudikak jardunaldi bat gehiago eskaintzen die ilustrazioaz elikatzen diren sektore paraleloei. Aurten, Fanzine Unibertsala eta Grabaketa eta Autoedizio Espazioak izango dira protagonista nagusiak. Berritasun gisa, inaugurazio eta itxiera ekitaldietan zuzeneko ekitaldi bana eskainiko dute Anne Brugni & McCloud Zicmuse eta The New Raemon & Paula Bonet artistek. Jardunaldi horretarako sarrera aparte salduko da, askoz publiko zabalagoari zuzenduta baitago. Bi jarduerak A4 aretoan egingo dira, 200dik gora jarleku baititu.

Hitzaldiak eta mahai-inguruak: Ilustratzaileak eta argitaletxeak mahai baten inguruan bilduko dira lan bat elkarrekin editatu dutelako edo beren proiektuen gaiek elkarrekin zerikusia dutelako; Euskadiko profesional bat egongo da beti herrialde bakoitza ordezkatzeko gonbidatutako editore eta ilustratzaileen artean. Gai zehatzei buruzko mahai-inguruak ere egingo dira, Belgika, Txile, Argentina edo Frantziatik etorritako gonbidatuekin, adibidez “Portugaleko olatu editorial berria”, “Bilduma ilustratu eta komikien editorialak” edo “Ilustrazio arloko galeriak eta jaialdiak”. Hitzaldiak streaming bidez jarraitu ahal izango dira irudika.eus plataforman.

Hitzorduak eta elkarrizketa profesionalak: Bertaratutako ilustratzaileek hitzorduak lotu ahalko dituzte argitaletxe eta profesionalekin, dela beren portfolioa hobetzeko, dela zalantzak argitzeko edo lan-akordioak ixteko. Hitzaldiak ematen dituzten agente eta editoreekin ez ezik, aurreko urteetan etorri diren beste agente batzuekin edo kanpoko gonbidatuekin ere lotu ahalko dira hitzorduak. Guztira 18 agentek 15 minutuko bilera azkarrak egingo dituzte bertaratuekin, hilaren 29an (ostirala) online, eta hilaren 30ean (larunbata) presentzialki.

Sorpresa lantegiak: Lantegien sistema ere hainbat berrikuntzarekin dator aurten. Lehen jardunaldian, parte-hartzaileek artisau-papera egingo dute Anne Brugni-rekin, eta libreta bat koadernatuko dute Corynne Clarisse-rekin. Hurrengo egunean, 16 ilustratzaile gonbidatuk 15 minutuko ariketa txikiak prestatuko dituzte. Parte-hartzaile bakoitzak aukera izango du gonbidatu guztiekin lan egiteko bere koadernoa bete arte.

Lehiaketak eta egonaldi artistikoa: Sorkuntzari laguntzeko asmoz eta etorkizunera begira, ilustrazio eta animazio lehiaketa bi antolatuko dira Irudika jaialdiaren barruan Vital Fundazioa eta AC/E Acción Cultural Española erakundeen babesarekin. Sarituek Gasteiz, Bilbaoarte eta La Maison des Auteurs d’Angoulême artean egingo den egonaldi artistiko bana irabaziko dute. Aurtengo egitarauan mahai-inguru bat egingo da beste edizio batzuetako ilustratzaile egoiliarrekin, eta aurreko edizioetako animazioak proiektatuko dira. Horrez gain, Peggy Espinosa gonbidatu eta epaimahaikideak iragarriko du nor den Irudika 2022 ilustrazio egonaldiaren irabazlea, eta epea zabalduko da Irudika 2022 animazio egonaldirako aurkezteko.

Irudika ekitaldia Euskal Irudigileak elkarteak (Euskadiko Ilustratzaileen Elkarte Profesionalak) antolatzen du, erakunde hauen babesarekin: Gasteizko Udala, Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioa, Portugaleko Lankidetza eta Hizkuntzaren Instituto Camões erakundea, Portugaleko Liburu, Artxibategi eta Liburutegien Zuzendaritza Nagusia (DGLAB) eta Artium Museoa. Halaber, Egonaldien programaren babesle dira Vital Fundazioa, AC/E Acción Cultural Española, Bilbaoarte eta La Maison des Auters d’Angouleme.

 

Share

Gasteizek bat egingo du Hartutako Kalte Zerebralaren Egunarekin

Hori dela eta, hiriko eraikin enblematikoetako batzuk urdinez argiztatuko dira

 

Urriaren 26an, Hartutako Kalte Zerebralaren Eguna gogoratuko da, biztanleria horretaz sentsibilizatzeko eta hartutako edo bat-batean sortutako kalte zerebrala duten pertsonen arreta, errehabilitazio eta gizarteratze beharrak agerian jartzeko. Gasteizko Udalak bat egingo du ekitaldiarekin, eta urdinez argiztatuko ditu udaletxearen fatxada, Floridako kioskoa eta Arkupeak, baita Santa Barbara plazako eta Antso Jakitunaren kaleko pergolak ere.

Hartutako Kalte Zerebrala (HKZ) burmuinean bat-batean gertatutako lesioa da, zeinak pertzepzioaren anomaliak eta eraldaketa fisiko, kognitibo eta emozionalak eragiten baititu. Iktusak dira kalte zerebralaren kausa nagusia; ondoren, burezur-garun traumatismoak eta zenbait gaixotasun, hala nola anoxiak, garuneko tumoreak eta infekzioak. Iktus batetik bizirik atera diren pertsonen % 44k desgaitasun larria izan ohi dute ondoriozko kaltea dela eta.

Share

Jakinarazpen publikoa Vitoria-Gasteizen gertatutako eraso matxista kasuaren aurrean

Gure udalerrian gertatu berri den eraso matxista dela eta, Vitoria-Gasteizko Udaletik adierazi nahi dugu erasoa irmotasunez gaitzesten dugula eta haren aurka gaudela. Horrez gain, biktima eta bere inguruari laguntza osoa eskaini nahi diogu eta jakitera eman nahi diogu gertu izango gaituela eta bere esku jarriko ditugula behar dituen baliabide psikologikoak, juridikoak, sanitarioak, babesekoak eta harrerakoak. Bukatzeko, bere interesei eragiten dien informazio guztia izango duela bermatu bermatzen diogu.

Horren harira, Vitoria-Gasteizko Udalak Indarkeria Matxistaren aurrean jarduteko eta hari aurre egiteko Protokoloa aktibatu du kasuaren berri izan eta haren ikuspegirik osoena eta zehatzena izateko aukera eman duen informazioa egiaztatu bezain azkar. Jarraian, bilera baterako dei egin du, informazio guztia biltzeko eta erantzun instituzionala zein biktimarentzako eta haren inguruarentzako arreta koordinatzeko.

Azpimarratu nahi dugu indarkeria matxistak giza eskubideak larritasunez hausten dituela eta garrantzi handiko arazoa dela indarkeria jasaten duten emakumeen duintasunari eta osotasun fisikoari eta moralari eraso egiten diena, erailketa matxista matxismo horren adierazpen larriena izanik. Indarkeria hori ez dute ekintza isolatu batzuek osatzen; gure gizartea osatzen duten jokabide esplizituz, mezu sexistez eta sinboloez osatutako sare bat da, eta emakumeak gizonen mende mantentzea eta indarrean den sistema hetereopatriarkalak finkatutako mugak hausten dituen gorpurik, eredurik edo jokabiderik ez onartzea helburu du.

Horren harira, Vitoria-Gasteizko Udalak, emakumeek giza eskubideak benetan erabil ditzaketela bermatzeko ardura duen instituzio publikoa denez gero, neurriak bultzatuko ditu honako hauetarako: udal-erakundeek eta herritarrek oro har berehala eta irmotasunez erantzuna emateko edozein eraso matxistari, biktimei lehentasunez arreta emateko, emakumeei indarkeriari aurre egiteko tresnak emateko prebentzio-jarduketak garatzeko eta erasotzaileen gizarte-zigorgabetasuna ez onartzeko. Gainera, Udalak konpromisoa hartzen du lan egiten jarraitzeko eta laguntza eskaintzeko, bere eskumenak betez, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bermatzeko.

 

Hori guztia dela eta, Udalak:

Bat egiten du mugimendu feministak dei egindako gaitzespen-ekintza guztiekin eta gonbitea luzatzen die herritar guztiei horietan parte hartzeko, bai eta Udalaren babesa behar duten gaitzespen-ekintzak Udalari jakinarazteko ere. Udalak Udalak bat egin du biktimaren bizilagunek deitutako elkarretaratzearekin, 20: 00etan, Batan pasealekuaren eta Nieves Cano kalearen arteko izkinan.

 

Share