Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-10-15)

Prentsaurrekoa. World Press Photo 2021 aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto; eta World Press Photo erakusketaren antolatzaile Paco Valderrama

Eguna. Ostirala, urriak 15

Ordua. 10:00

Tokia. Montehermoso Kulturunea

——————————————-

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, urriak 15

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————————

Prentsaurrekoa. ‘Renacimiento’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Celso Giménez eta Violeta Gil, ikuskizunaren sortzaileak

Eguna Ostirala, urriak 15

Ordua. 11:30

Tokia. Teatro Principal Antzokia

 

Share

Alkateak Senatuko lehendakaria hartu du

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Senatuko lehendakari Ander Gil hartu du gaur goizean, udaletxean. Senatuko arduradun nagusiak Euskadiko zenbait leku bisitatu ditu gaur. Besteak beste, Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa Gasteizen, Euskaltzaindiaren egoitza Bilbon, eta berrikuntza zentroa Ermuan. Gorka Urtaran eta Senatuko presidentearen arteko bilera udaletxean izan da, eta Ander Gilek Udalaren ohorezko liburuan sinatzeko aukera izan du.

Share

Ogasun Batzordeak 2022an zergak izoztea aldeztu du, eta OHZn hobari berriak jartzea

  • Tasa eta prezio publiko gehienetan % 1 eguneratuko dira tarifak
  • Kirol-instalazioen abonamendua eta Gizarte Politiken Sailaren zerbitzuen prezioak ez dira igoko

 

Ogasun Batzordean datorren urterako ordenantza fiskalen proiektua eztabaidatu ondoren, bost udal zergak izoztea erabaki da, hau da, OHZ, EJZ, EIOZ, ibilgailuen zerga eta gainbalioaren zerga. Horretaz gain, ondasun higiezinen zergan hobari berriak aurreikustea onetsi da: batetik, familia-errentaren araberako hobarien taula berria erabiliko da, zergak jaisteko bide ematen duten tarteak erantsiz urteko diru-sarreretan; bestetik, higiezinak birgaitzeagatiko hobariak handituko dira; azkenik, baliabide gutxien duten familia ugariei tratamendu hobea emango zaie.

Bost zerga horiek udalak jasotzen dituen diru-sarreren bi heren egiten dute. Ogasuneko zinegotzi Iñaki Gurtubaik adierazi duenez, zergak izoztea da “ modu zuzenena Gasteizek datorren urtean behar duen berpizte sozial eta ekonomikoari laguntzeko“.

Tasa eta prezio publikoei dagokienez, horietako gehienek % 1eko igoera izango dute, hau da, 2022erako aurreikusi den bizitzaren kostuaren gehikuntza baino nabarmen txikiagoa.  Besteak beste, zabor-tasa, TAO, haur-eskolak eta udalaren zentroetako jarduera eta ikastaroak sartzen dira horien artean.

Salbuespen gisa, izoztu egingo dira udalaren kirol instalazioen tarifak, Gizarte Politiken Sailak ematen dituen zerbitzuen prezioak (etxean laguntzeko zerbitzua, otorduak etxera banatzeko zerbitzua, jantokien prezio publikoa, etxebizitza komunitario edo egoitzen prezioa…), eta Folklore Akademiaren zein dantza kontserbatorioaren tarifak.

Beste bi berrikuntza ere onetsi dira 2022ko ordenantza fiskalen eztabaidan: udal zergen genero eraginaren azterlana egitea datorren urtetik aurrera, eta udalaren zergen alorreko arauak jasotzen dituen dokumentuaren irakurketa errazeko bertsio bat egitea, informazio hori guztientzako irisgarria izan dadin.

 

 

Share

Europa jauregiak ‘Fokuan. Hiltzen duten merkatu globalak’ jardunaldiak hartuko ditu urriaren 25etik 28ra bitartean

  • Andre Maria Zuriaren plazan Judith Prat prentsa-argazkilariaren erakusketa jarriko da ikusgai azaroaren 8ra arte
  • Adituek arma-salerosketekin edo baliabide naturalen esplotazioarekin zerikusia duten nazioarteko zenbait gatazkari buruz hausnartuko dute

Gasteizko Udaleko Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak —Gizarte Politiken Sailaren barruko zerbitzua da, zeina Jon Armentia zinegotziak gidatzen baitu— Fokuan jardunaldi monografikoen bigarren edizioa antolatu du. Aurten, arma-salerosketekin edo baliabide naturalen esplotazioarekin zerikusia duten nazioarteko zenbait gatazka aztertuko dituzte, baita pertsona zaurgarrienengan duten eragina ere.

‘Fokuan. Hiltzen duten merkatu globalak’ jardunaldiekin batera, erakusketa bat jarriko da ikusgai Andre Maria Zuriaren plazan, urriaren 25etik azaroaren 8ra arte. Horretaz gain, film bat proiektatuko da Florida zinema-aretoetan, eta hiru hitzaldi izango dira Europa biltzar-jauregian, urriaren 25etik 28ra bitartean.

Garapen-bidean dauden herrialdeetan garapenerako gobernuz kanpoko erakunde lokalen proiektuetan lagundu eta horiek finantzatzetik harago, Garapenean Laguntzeko Zerbitzuaren zereginetako bat horixe da: gasteiztarrek elkartasuna erakuts dezaten lan egitea, giza eskubideekin sentsibilizatuta egon daitezen. Arma-salerosketak eta baliabide naturalen esplotazioak eragindako gatazken ondorioak sufritzen dituzten pertsonek hemen ere aurpegia jar diezaiegun merezi dute, eta haien egoeraz gogoeta sakona egin dezagun, irtenbideak bilatzearren“, azaldu du Gizarte Politiken zinegotzi Jon Armentiak.

Lehen hitzaldia Judith Prat prentsa-argazkilariak emango du, urriaren 25eko 19:30ean. Zuzenbidean lizentziaduna eta giza eskubideen arloan aditua den horrek ondu du ‘Salerosketa joan-etorrian: merkatuak hiltzaile’ erakusketa, zeina Andre Maria Zuriaren plazan jarriko baita ikusgai. Pratek hainbat herrialdetako egoera islatzen du bere irudietan: Estatu Batuetan lan egiten duten jornalari mexikarren lan- eta bizi-baldintzak, Kongoko Errepublika Demokratikoko koltan-meategien ustiaketak sorraratzen dituen gatazkak, eta nazioarteko arma-salerosketak Yemengo gerrarekin duen harremana. Europa biltzar-jauregian emango duen hitzaldian, gatazka horiek jorratuko ditu Pratek, eta populaziorik zaurgarrienengan —emakumeak, adingabeak, egoera prekarioan daudenak— dituzten ondorioak azalduko.

Hurrengo egunean, hilaren 26an, mahai-inguru bat antolatu da. Bertan izango dira Prat bera, migrazioetan espezializatuko prentsa-argazkilari eta Revista 5W aldizkariaren editore grafiko Anna Surynach, eta ekonomista eta Centre Delàs-eko ikerlari Jordi Calvo.  ‘La cara oculta de la globalización’ izenburuaren pean, planeta osoan eragina duten hainbat trafiko, legezkoak eta legez kanpokoak, izango dituzte hizpide, horiek gatazka belikoak, giza eskubideen urraketak, pertsonen salerosketa eta parekotasunik eza sortzen baitute.

Urriaren 27an, arma-salerosketari eta industria militarrari buruz sakon mintzatzeko aukera izango dute bertaratuek, Jordi Calvoren eskutik. “¿Es posible controlar el tráfico de armas?” da hitzaldiaren izenburua. Zikloaren hirugarren eta azken hitzaldia ere 19:30ean hasiko da.

 

Urriaren 28an, ordu berean, Fernando Santiagoren Adú dokumentala proiektatuko da Florida zinema-aretoetan. Sei urteko haur baten istorioa kontatzen du filmak: Kamerundik ihesi doa, arrebarekin batera, bizia salbatu nahirik. Urruti gabe, ingurumenaren arloko aktibista bat, baimenik gabeko ehizaren kontra borrokan. Melillan, hesiaren gainetik igaro nahian ari diren migratzaileak atzera botatzen, poliziak. CEAR-Euskadiko zuzendari Patricia Bárcenak aurkeztuko du istorio gurutzatuen film mamitsua.

 

 

Share

Gasteizko zenbait eraikin enblematiko arrosaz eta urdinez argiztatuko dira bihar

 Horren bidez, haurdunaldian, haurra jaiotzean eta hura jaio berritan sortzen den dolua ezagutarazi nahi da. 

 

Bihar ostirala, urriak 16, hiriko eraikin enblematiko batzuk arrosaz eta urdinez argiztatuko dira, hala nola udaletxea, Floridako kioskoa, Arkupeak eta Santa Barbara plazako eta Antso Jakitunaren kaleko pergolak.

Horren bidez, Euskadin sortu berri den Esku Hutsik elkarteak egiten duen lana ezagutarazi nahi da, haurdunaldian, haurra jaiotzean eta hura jaio berritan hiltzearen dolua sufritzea egokitu zaien emakumeei lagundu nahi baitie. Irabazi-asmorik gabeko elkarte horrek osasun-arreta humanizatzearen alde egiten du,  eta gizartea oro har kontzientziatu nahi du seme edo alaba baten heriotzak eragindako dolu mota horretaz.

Share

Gasteizek 150.000 euro jarriko ditu tokiko merkataritzari deskontu-bonuen bitartez laguntzeko

Arabako hiriburuko udala da hilaren bukaeran martxan jarriko den Euskadi Bono Denda programarekin bat egiten lehena 

10 euroko deskontuak izango dira 30 eurotik gorako erosketetan

 

Alkateorde eta Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Maider Etxebarriak eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu Javier Hurtadok Euskadi Bono Denda plana garatzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur. Hartara, Arabako hiriburuko udala izango da aipatutako programaren bigarren edizioarekin bat egiten lehena; hilaren bukaeran jarriko da martxan programa. Bonuen bitartez, 10 euroko deskontuak izango dira 30 eurotik gorako erosketetan.

Protokoloa sinatuz, Gasteizek 150.000 euro jartzeko konpromisoa hartzen du, Arabako hiriburuko tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzearren. Zenbateko hori Eusko Jaurlaritzak merkataritza bonura bideratuko dituen 4,7 milioiei gehituko zaie, udalek ere ekarpenak egin baititzakete kopuru hori osatzeko. Etxebarriak gogorarazi du interesa duten establezimenduek oraindik bat egin dezaketela deskontu-programarekin, epea urriaren 17an bukatuko baita. Edizio honetako berrikuntzetako bat da dendetan ez ezik bestelako zerbitzuetan ere balia daitezkeela bonuak: ile-apaindegiak; apaindegiak; garbitegiak; tindategiak; argazki-, fotokopia- eta markogintza-zerbitzuak, eta askotariko konponketa-establezimenduak. Webgune honetan aurki daiteke bonuei eta alta emateko moduari buruzko informazioa: euskadibonodenda.eus.

Bonuak trukatzeko sistema erraza izango da. Bezeroek programaren webgunean egiaztatu ahalko dute ekimenari atxikitako denden zerrenda, eta establezimenduan bertan baliatu bonuaz, aldez aurretik ezer eskuratu beharrik gabe. Pertsona bakoitzak bost bonu erabili ahalko ditu gehienez, iaz baino bat gehiago. Bonuak urriaren 27tik aurrera trukatu ahalko dira.

Lehen alkateordeak herritarrei eskatu die “programaren abantailez baliatzeko, krisiak gehien zigortutako sektoreetako bat biziberritzeko helburua baitu”. Hurtadok erantsi duenez, bonuek “pizgarri bat izan nahi dute kontsumitzaile sentsibilizatuentzat, zeinek tokiko merkataritzari begiratzen baitiote eta iraunkortasuna eta gure ekonomia bultzatzea lehenesten baitute”.

 

 

Share