Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-11-02)

Prentsaurrekoa. Jazz Uhinak Hirian Barrena jaialdiaren programa aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto; Kultura eta Kirol foru diputatu Ana del Val; Laboral Kutxako komunikazio arduradun Kepa Ortiz de Urbina; eta Jazz Uhinak Hirian Barrena Jaialdiko antolatzaile Joseba Cabezas

Eguna. Asteartea, azaroak 2

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Asteburuko aurreikuspenak

– Livia López Osasun eta Kirol zinegotziak eta Estíbaliz Canto Hezkuntza eta Kultura zinegotziak parte hartuko dute 2021eko XVIII. Martin Fiz Maratoiaren sari banaketan, 12: 30ean Mendizorrotzako aparkalekuan.

– Miren Fernandez de Landa Bizikidetza eta Aniztasuneko zinegotzia Caype enpresak antolatutako ekitaldian izango da 13: 00etan Villa Suso Jauregian

– Osasun eta Kirol zinegotzia, Livia López, 18: 00etan Ogeta pilotalekuan jokatuko den pilota finalaurrekoan eta Aimar Olaizola pilotariaren omenaldian izango da.

Share

Gasteizko Udalbatzak omenaldia egin dio Corazonistas ikastetxeari, “Cesta y Puntos” programan lortutako garaipenaren 50. urteurrenean

1971ko maiatzaren 26an, Andre Maria Zuriaren plaza dotore jantzi zen Corazonistas ikastetxeko batxilergoko ikasle talde bati harrera egiteko, TVEko “Cesta y Puntos” kultur lehiaketa ospetsua irabazi ondoren. Berrogeita hamar urte geroago, Gasteizko Udalak talde hartako kideei harrera egin die berriz ere, bere garaian milaka lagunek ospatu zuten garaipenaren urteurrena ospatzeko.

Ekitaldian, gertaera garrantzitsu hartako protagonistak izan dira: Eduardo Sanchiz, Antón Pradera, Jesús María Rodríguez, Julián Sainz, José María Ramírez, José Antonio Rodríguez, José Antonio Tabernero, Francisco Javier Castilla, Miguel Ángel Ortiz de Landaluce eta Daniel Sáenz (hildako Juan Antonio anaiaren izenean). Udal korporazioa ordezkatzeko, besteak beste, Korazonisten ikasle izandako zinegotziak izan dira. Era berean, Ikasle ohien elkarteko lehendakariak eta kideek ere hartu dute parte harreran.

Gorka Urtaran alkateak zorionak eman dizkie 70eko hamarkadaren hasierako etxeko garaipenik gogoratuenetako baten protagonista izan zen taldeko kideei, “Cesta y Puntos” irabaztera eraman zituen gogo, ahalegin eta jarraitutasunagatik.

Share

Ostalaritza proiektu berri bat jarriko da martxan Gamarrako Parkean

Gamarrako kirol esparruko eraikin sozialean dagoen ostalaritza- eta kafetegi-zerbitzuak etapa berri bati ekin dio, sozietate kudeatzailea aldatu ondoren. Instalazioak egun batzuetan egokitu eta gero, gaur irekiko ditu ateak Gamarra Taberna & Jatetxeak, Rugby Alaves S.L.U. buru duen ostalaritza proiektuak.

Gamarra Tabernak egunero irekiko du, igandetik ostegunera 8:00etatik 20:00etara, eta ostiral eta larunbatetan 8:00etatik 22:00etara. Menu, anoa eta pintxo eskaintza zabala du, baita kafetegi zerbitzua ere. Eskaintza gastronomiko guztia www.gamarrataberna.com web orrian kontsulta daiteke.

Gamarra Tabernak, besteak beste, Gaztedi Rugby Taldearen partiden hirugarren denbora hartuko du.

 

Share

AUOren aparkaleku ondoko udal-lursaila esleitu dute 4,5 milioi euroren truke

Udaleko Gobernu Batzarrak AUOren Kanpo Kontsulten eraikinari zerbitzu ematen dion gainazaleko aparkalekuaren alboko lursaila, ekipamendu generiko gisa kalifikatutakoa, salerosteko kontratua 4.526.000 euroren truke esleitzea onartu du. Vitalitas Activos SL enpresak eskuratuko du 2.792,79 metro karratuko azalera eta 5.585 m2 eraikigarritasuna duen lursaila.

Lizitazio tasarekiko (2.504.815 eurotan ezarrita zegoen) egindako prezio-hobekuntza erabakigarria izan da esleipenean. Eskaintza irabazlea aukeratzean baloratutako beste alderdietako bat izan dira ordainketa-baldintzena eta planteatutako eraikuntzako gehieneko epeena. Vitalitas Activos SLk puntuazio gorena lortu du jasangarritasun-irizpideetan eta eragingarritasun energetikoaren arloan lursailean eraiki nahi duen eraikinerako. Era berean, kalifikazio gorena lortu du ibilgailu elektrikoak kargatzeko estazioen proposamenean.

Lurzoruaren salmentari esker, Urtaranen Bulegoak aurtengo urterako ezarritako 9,1 milioi euroko lurzoru-ondarearen salmentagatiko sarrerak lortzeko asmoak bete ahal izan dituzte.

 

Share

Gasteizek merkataritzari eta ostalaritzari laguntzeko eta enpresak sortzea ahalbidetzeko hiru laguntza-lerro zabaldu ditu

Ekonomia Sustapenak 170.000 euro sartuko ditu “dirulaguntzak 200 eskatzailerentzat irits daitezen”, Maider Etxebarriak adierazi duenez

 

Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapenaren Sailak hiru laguntza-lerrotarako esleitutako aurrekontua handituko du “merkataritzari, ostalaritzari eta enpresak sortzeari gure babesa indartzeko”. Hala adierazi du Maider Etxebarria lehen alkateordeak. Udaleko Gobernu Batzarrak ostiral honetan onartu du 167.423 euro bideratzea programa hauetarako: digitalizazio-programak, merkataritza eta ostalaritza modernizatzea, eta enpresak sortzea eta finkatzea. Horrekin guztiarekin, hiru laguntza horietara bideratutako aurrekontu orokorra, urte honetarako milioi erdi eurokoa zena, % 33 handituko da, eta hala, 667.423 eurotara iritsiko da. Igoera horri esker, 201 lagun arte izan daitezke laguntza horien onuradunak; iaz 113 onuradun izan ziren. “Horrela, deialdira aurkeztu eta eskakizunak betetzen dituen enpresarik laguntzarik gabe ez geratzea lortuko dugu”, gehitu du Ekonomiaren Sustapeneko zinegotzia ere badenak. Enpresek ez dute jasoko zenbateko finkoa, baizik eta aurkeztutako proiektuaren arabera dagokien zenbatekoa.

Aurrekontuetako aldaketa horri esker, alde batetik, digitalizaziorako laguntzak bikoiztu egingo dira, 60.000 euro izatetik 127.682 euro izatera pasatuta, eta horrek 78 proiekturi egingo die mesede, hau da, iaz baino 33 gehiagori. Etxebarriak nabarmendu duenez, “enpresak egoera ekonomiko berrira egokitzeko funtsezkoak direlako indartu ditugu dirulaguntza hauek”. Adibide batzuk jartzearren, ekipamendu informatikoak, softwarea erostea, edo webgunean diseinatzea edo marketin digitaleko estrategiak egitea ahalbidetzen dute”.

Bigarrenik, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu pertsonalak (ile-apaindegiak edo estetika-zentroak, esaterako) ezartzeko eta modernizatzeko laguntzak 300.000 eurokoak izatetik 335.272 eurokoak izatera pasatuko dira, 72 eskaerarentzat, hau da, 2020an baino 43 gehiago.

Eta azkenik, enpresak sortzeko eta finkatzeko deialdiari dagokion aurrekontua 140.000 eurokoa izatetik 204.469 eurokoa izatera pasatuko da, 51 proiektutara bideratuta, iaz baino 12 gehiagotara.

Aldaketa hirukoitz horri esker, udal-laguntza horiekiko enpresen gero eta interes handiagoari erantzuna eman ahal izango diegu, sektoreko iradokizunak kontuan hartuta.

 

Share

Dedicatum Gasteiz, pandemiari aurre egiteko denbora eta ahalegina eskaini duten kolektibo eta pertsona guztiei hiriak egingo dien omenaldia

 

“Oroitzea eta eskertzea merezi duen” jokabide eredugarria erakutsi zutenei gorazarre egiteko ekitaldia izango da azaroaren 17an Europa jauregian

 

Dedicatum Gasteiz izena aukeratu da, koronabirusaren pandemiak iraun bitartean beren denbora eta ahalegina besteei laguntzeko baliatu duten kolektibo eta pertsonei hiriak egingo dien omenaldia izendatzeko. Egoera sanitarioak ekitaldi masiboak egitea ahalbidetzen duen honetan, 400 pertsona inguru bilduko dira azaroaren 17an, 19:00etan, Europa jauregian, “oroitzea eta eskertzea merezi duen” jokabide eredugarria erakutsi zutenei gorazarre egiteko, Gorka Urtaran alkateak adierazi duenez.

Udal politikaren inguruko debate orokorrean alkateak hartutako konpromisoetako bat izan zen pertsona horiei omenaldia egiteko ekitaldi bat antolatzea aurtengo azken hiruhilekoan, datu sanitarioek horretarako aukera ematen bazuten. Horrenbestez, asteak daramatza Udalak María de Maeztu aretoan egingo den ekitaldi hori prestatzen, eta —askotan modu altruistan— birusaren kontrako borrokan bereziki inplikatu ziren kolektiboetako kideak gonbidatuko ditu bertara.

Aste honetan zehar, kanpaina deigarri bat egin du Udalak, intrigan oinarritua, eta hainbat publizitate-euskarritan aurreratu du Gasteizko historiaren parte diren pertsonei zuzenduta dagoela ‘Dedicatum Gasteiz’. Beste hainbat kontzeptu gehitu zaizkio horri, hala nola beldurra, isiltasuna, sirenak, txaloak, bakardadea, absentziak, irribarre ezkutuak, batasuna eta elkartasuna. Astelehenetik, azaroak 1, indartu egingo da kanpaina, eta ekitaldiaren berri emango. Bertan, hainbat sektoreren ordezkariak izango dira protagonista —osasuna, gizarte-zerbitzu komunitarioak, merkataritza, ostalaritza, garbiketa eta desinfekzioa, enpresen ehuna, hedabideak, telekomunikazioak, gizarte zibila (adinekoak, gazteak, haurrak), garraioa, hezkuntza, kultura, boluntarioak eta gizarte-ehuna, eta segurtasuna (poliziak eta suhiltzaileak)—.

Izaera inklusiboa izango du omenaldiak, eta musika, poesia eta dantza uztartuko ditu, birusaren eta horren ondorioen kontrako borrokan zuzenean inplikatutako sektoreetako pertsonen irudi eta lekukotasunekin. “Lehen ilaran izan ziren; ahaleginak eta bost egin zituzten, beren osasuna eta bizia bera arriskuan jartzeraino. Iritsia da esker ona adierazteko unea, bihotz-bihotzetik eskerrak ematekoa. Gizarte osoari eman nahi dizkiogu eskerrak, eta pertsona horiek izan ziren haren eragile aktiboak”, adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

Beraren hitzetan, “guztiok egiten dugu hiria, eta birus kaltegarri horrekin ikusi da une txarretan bat egin dugula, gure baitako onena emateko. Aurrera egiteko —eta ahalik eta lasterren egiteko— balio izan digu sektore horien guztien lanak”.

Hilaren 17an Europa jauregian ikusi eta entzun ahal izango diren lekukotasunak grabatzen ari dira egunotan. Pertsona horiek berak igoko dira agertokira arratsalde horretan, elkarlanean eta lankidetzan jarduten dakien gizarte baten garrantzia bistaratzeko, guztion artean. Denboran irauteko asmoz sortutako egurrezko egitura bat izango da emaitza.

 

Omenaldiaren nondik-norakoak

Poema batekin hasiko da ekitaldia. Zailtasunak zailtasun, ez etsitzeko eta aurrera egiteko dei bat izango da. Aditzera emango da duela ia bi urtetik hona gure bizitzak aldatu egin direla, zenbaitetan beldurra nagusitu dela, baina gizarteak egoera hori irauli duela eta —begirunea eta elkartasuna tarteko— egoera zail horretatik ateratzen ari dela.

Hasieran, minutu bateko isilunea egingo da, biktimak gogoratzeko. Omenaldia egiten zaien sektoreei protagonismoa eman eta egitura kolektiboa sortu ondoren, baikortasunari kantu eginez itxiko da ekitaldia. Alkateak azpimarratu duenez, hiru helburu ditu ekitaldiak: hildakoak gogoratzea, birusari lehen ilaran aurre egin ziotenei gorazarre egitea eta etorkizunari baikortasunez eta modu positiboan begiratzea.

 

 

Share

(Audioz eguneratuta) Gasteiz Glasgowko COP29 goi-bileran izango da bioaniztasuna zaintzeko eta nekazaritzako elikagaien estrategiarekin lotutako bere politikekin

Alkatea, Gorka Urtaran; Ana Oregi alkateordea; eta CEAko zuzendaria, Imanol Zabaleta, mundu mailako hitzordura joango dira datorren astean

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Beste behin, Gasteiz Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Konferentzian (COP26) izango da. Aurtengoa Glasgown egingo dute eta bioaniztasuna zaintzeko bere politikak eta nekazaritzako elikagaien estrategia ezagutaraziko ditu bertan.

Alkatea, Gorka Urtaran; Ana Oregi alkateordea; eta CEAko zuzendaria, Imanol Zabaleta, mundu mailako hitzordura joango dira datorren astean eta aurrez ikusita dituzten topaketen artean, bi adierazpenen sinaduran hartuko dute parte: Elikadurari eta Klimari buruzko Glasgowko Adierazpenean eta 2020 Ondorengo Aniztasun biologikoaren Mundu mailako Esparruari buruzko Edinburgoko Adierazpenean, gaur Tokiko Gobernu Batzordeak onartutakoan.

Alkateak honako honek duen garrantzia nabarmendu nahi izan du: “Gasteiz ingurumenarekin lotutako erabaki-foroetako abangoardian egoten jarraitzea. Klima-aldaketari buruzko munduko goi-bilera Gasteizko gizartearen eta administrazioaren artean partekatutako konpromisoa bistaratzeko eta gure hiria koka daitekeen eta kokatu beharko lukeen nazioarteko sare hori ehuntzen jarraitzeko aukera paregabea da. Aurreko COP25ean, Gasteiz Green Deal delakoa eta mugikortasun jasangarriko estrategiak partekatu genituen. Aurten, bioaniztasuna zaintzeko eta bultzatzeko gure eredua narriatutako naturaguneen lehengoratzearen, konektagarritasun ekologikoa hobetzearen eta ekosistemak babestearen bidez zabalduko dugu. Bestalde, elikagaien sistemetan mundu mailako eragina toki mailan babesten saiatzen garen Tokiko Nekazaritzako Elikagaien gure Estrategiako konpromisoak berretsiko ditugu ”.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share

Urtaranen gobernuak 350.000 euro jarriko ditu kirol proiektuak burutzeko

 

Tokiko Gobernu Batzarrak oniritzia eman dio jarduera fisikoak eta kirol jarduerak burutzeko aurtengo dirulaguntza-deialdiaren ebazpenari. Deialdiak 346.267,52 euroko aurrekontua du guztira, bost lerrotan banatuta, jarduera motaren arabera. Laguntza ekonomiko handiena duen ildoa jolas-kirola, ariketa- eta jolas-jarduerak, urteko programak, kirol ekitaldi herrikoiak, kirol eta prestakuntza campusak, txapelketak, lehiaketak eta memorialak egiteko da. Guztira, 131.475 euro izango ditu. Talde horretan diruz lagundutako 93 jarduera daude, kirol taldeek, guraso-elkarteek, auzo-elkarteek eta hainbat erakundek aurkeztutako Gabonetako eta udako campusak, txapelketak eta proiektuak, besteak beste.

Deialdiaren bigarren laguntza-ildoa izaera mugatuko kirol-ekitaldi handiei dagokie. Kasu honetan, 73.239,25 euro bideratuko dira 16 ekitaldi antolatzeko, besteak beste, tenisean, gimnasian, eskaladan, badmintonean edo duatloian.

Hirugarren lerroa euskal herri kirolak sustatzera dago zuzenduta. 42.505 euro ditu eta 15 ekitaldi egiteko aukera emango du. Euskal pilota izango da protagonista bere modalitate guztietan, nahiz eta beste kirol batzuk ere aintzat hartuko diren, esaterako, Arabako bolo-jokoa.

Kirol-taldeek Estatu mailako lehiaketa ofizial federatuen egutegian parte hartzeko berariazko laguntza-ildoa ere badago. 21.279,79 euroko zuzkidura du, eta gurpil-aulkiko errugbiko Zuzenak Taldeari, gimnasia erritmikoko Oskitxo Taldeari eta Gaztedi Rugby Taldeari euren lehiaketetan parte hartzen lagunduko die.

Azkenik, eta salbuespen gisa, kirol-ehunari lagundu nahi izan zaio, COVID-19ak eragindako ondorioak gorabehera bere kirol-jarduera egiten jarrai dezan. Ildo honetan, guztira, 78.000 euro gordeko dira 39 erakunderentzat, modalitate guztietakoak, txirrindularitzatik streethockeyra.

 

 

Share

Gasteizko Udalak 25 urterako laga dio Etxezarra eraikina Euskaltzaindiari

·         Aurrerantzean, Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaritzaren egoitza izango da Etxezarra.

·         Euskararen Akademiak eraikinaren barrualdea egokitu du, eta jarduera akademikoaz gain, kultur eta zabalkunde jarduerak antolatzea aurreikusi da. Euskararen ikerkuntzan sakontzeko ere erabiliko da azpiegitura berria, eta hiriko erakunde eta elkarteei ere eskainiko zaie, elkarlanerako gune bihurtu nahian.

·         Andres Urrutia (euskaltzainburua): “Gaurkoarekin euskarak espazio berri bat irabazi du Arabako hiriburuan… Ez da bakarra, beste bat izan nahi du, erakundeei, euskararen eta euskal kulturaren eremuan ari direnei, Arabako gizarteari irekia. Hau ez da Euskaltzaindiarena, guztiona baizik, erabil dezagun, bultzada eman diezaiogun euskarari eta euskal kulturari talaia, itsasargi honetatik”.

·         Gorka Urtaran (Gasteizko alkatea): “Etxe eder hau Euskaltzaindiari utziz bi gauza lortu ditugu: batetik, orain arte erabilera egonkorrik ez zuen eraikinaren zatiari erabilera ematea, edukiz betez; bestetik, euskara sustatzeko eta zabaltzeko jarduerak bultzatzea”.

 

GASTEIZ (2021-10-29). Gasteizko Udalak 25 urterako laga dio Etxezarra eraikina Euskaltzaindiari, eta aurrerantzean Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaritzaren egoitza izanen da espazio hori.

Gaur, espazioa ezagutzeko aukera izan dute Arabako hainbat erakundetako ordezkariek. Gorka Urtaran alkatearekin eta Andres Urrutia euskaltzainburuarekin batera, bertan izan dira Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua, Pedro Elosegi Arabako Batzar Nagusietako lehendakaria, Joseba Lozano Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria, eta Lexuri Ugarte Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu irekiko zuzendaria.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak lagapenak hiriari ekarriko dizkion onurak azaldu ditu hitzaldian: “Etxezarra etxea eraikin ezin hobea da gure hirian Euskaltzaindiaren egoitza izateko. Kokapenagatik, eraikina beragatik, ematen dituen aukerengatik… Gainera, etxe eder hau Euskaltzaindiari utziz bi gauza lortu ditugu: batetik, orain arte erabilera egonkorrik ez zuen eraikinaren zatiari erabilera ematea, edukiz betez; bestetik, euskara sustatzeko eta zabaltzeko jarduerak bultzatzea. Gure hiriarentzat Euskaltzaindiak egoitza egoki bat izatea oso positiboa da, Gasteizek euskararen hiriburua izan behar duelako eta hemendik aurrera, gure hiriak euskararen beste arnasgune bat lortzen duelako”.

Euskaltzaindiarentzat ere une garrantzitsua dela azpimarratu du Andres Urrutia euskaltzainburuak. “Gaurkoarekin euskarak espazio berri bat irabazi du Arabako hiriburuan… Ez da bakarra, beste bat izan nahi du, erakundeei, euskararen eta euskal kulturaren eremuan ari direnei, Arabako gizarteari irekia. Hau ez da Euskaltzaindiarena, guztiona baizik, erabil dezagun, bultzada eman diezaiogun euskarari eta euskal kulturari talaia, itsasargi honetatik”, esan du Urrutiak.

Iaz, Udalak lekuaren jabari-emakida onetsi zuen, eta aurrerantzean Euskaltzaindiak bere gain hartuko ditu horniduren gastuak, altzarien zuzkidura, garbiketa, prebentzio- eta konponketa-lanak eta higiezina zamatzen duten zergak eta bestelako gastuak.

Akademiak askotariko jarduerak lantzeko baliatuko du azpiegitura berria. Alde batetik, herritarrak eta elkarte publiko zein pribatuak artatu nahi ditu Akademiak, betiere arreta jarriz euskararen ikerkuntzaren eta zabalkundearen eremuetan. Beste aldetik, azpiegitura horretan egun Akademiak Gasteizen barreiatuta dauzkan eta etorkizunean abian jarri nahi dituen ikerketa-egitasmoak landuko ditu.

340 metro karratuko espazioa

Euskaltzaindiak eskuratu duen espazioak 340 metro karratu erabilgarri ditu goiko solairuan (behealdean jatetxea dago), baina jada egokituta dago. Honela, espazioak gune bat izango du ikastaro, hitzaldi edo liburu-aurkezpenak egiteko; beste bat Osoko bilkurak edo bestelako batzarrak egiteko; Akademiaren proiektuak bideratzeko leku bat ere izango da; kontsultak egiteko mediateka txiki bat eta, azkenik, Arabako ordezkariaren bulegoa.

Share