Prentsa Oharren banner

Udalbatzak 2022rako zergak izoztea berretsi du

 

Bost udal zergek (Ondasun higiezinak, Ibilgailuak, Ekonomia jarduerak, Gainbalioa eta Eraikuntzak eta Instalazioak) tarifa bera izango dute datorren urtean. Hori da 2022ko ordenantza fiskalen proiektua osoko bilkuran eztabaidatu ondoren ateratako ondorio garrantzitsuena; izan ere, Udalak zergengatik jasotzen dituen 3 eurotik bi bost zerga horietatik datoz. Urtaranen gobernua pozik azaldu da emaitza horrekin, eztabaida fiskalaren hasieran gobernu-taldeak zuen helburu nagusia betetzea lortu baitu.

 

Zergak izozteaz gain, Ondasun Higiezinen gaineko Zergari hobariak aplikatuko zaizkio datorren urtean. Familia-errentaren araberako beherapen fiskalen taula berrituko da, higiezinak birgaitzeko hobariak hobetuko dira eta baliabide gutxien dituzten familia ugariek tratamendu hobea izango dute zerga horretan.

 

Tasa eta prezio publikoei dagokienez, tributu askoren tarifa % 1 igoko da. Besteak beste, zabor-tasa, TAO, garabi zerbitzua, haur-eskolak eta udalaren zentroetako jarduera eta ikastaroak sartzen dira horien artean.

 

Beste tasa eta prezio batzuk, aldiz, ez dira igoko, hala nola udalaren kirol instalazioen tarifak, mahaitxoen tasa, Gizarte Politiken Sailak ematen dituen zerbitzuen prezioak, eta folklore akademiaren zein dantza kontserbatorioaren tarifak.

 

Datorren urtean indarrean sartuko da, halaber, energia garraiatzeko instalazioen jabari publikoaren erabilera pribatiboaren edo aprobetxamendu bereziaren gaineko tasa, behin Gasteizko Udalbatzak ordenantza aho batez onartu ondoren.

 

Ogasun zinegotzi Iñaki Gurtubaik azpimarratu duenez, udal gobernuak kontuan hartu ditu datorren urteko zergei begira Gizarte Kontseiluak positiboki baloratu zituen planteamendu guztiak: zergak izoztea, pertsona zaurgarrienak erdigunean jartzen dituen hobari-politika, energia garraiatzen duten enpresen gaineko zerga abian jartzea eta herritarrei zerga-araubideari buruz ematen zaien informazioan hobekuntzak egitea.

Share

[Eguneratua] 2021ko urriaren 21ko Prentsa deialdiak

Solasaldia: Zer dakar helmuga turistiko adimendun bat izateak? Helmuga Turistiko Adimendunen Foroa

Hizlaria: Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea Enrique Martínez Marín Segiturreko presidentearekin

Ordua: 9:45

Lekua: Europa Biltzar Jauregia

——————————————————————————

Gaia: FOARSEren irekiera, Enpresen Erantzukizun Sozialari buruzko XV. Kongresua

Bertaratua: Igor Salazar, Enplegu eta Prestakuntza zinegotzia

Ordua: 9:30

Lekua: Europa Biltzar Jauregia

—————————————————–

Gaia: Euskalsegur Kongresuaren inaugurazioa 2021

Bertaratua: Ana Oregi, alkateordea

Ordua: 9:30

Lekua: Europa Biltzar Jauregia

———————————————————-

Prentsaurrekoa. ‘Antígona’ antzezlanaren aurkezpena.

Parte-hartzaileak: Estíbaliz Canto, Hezkuntza eta Kultura zinegotzia, eta Fernando Cayo, aktore protagonista.

Eguna: urriak 21, osteguna.

Ordua: 11:00.

Lekua: Principal antzokia.

 

 

 

Share

Gasteizek, Valentziak, Gijónek, Fuenlabradak, Logroñok eta Valladolidek mugikortasunarekin lotutako ‘Hiri Konektatuak’ proiektuari ekin diote

Gorka Urtaran alkateak eta gainerako hirietako ordezkariek hiri-mugikortasunerako estatu mailako lehen plataforma aurkeztu dute

Bi milioi biztanlek – Gasteiz, Valentzia, Gijón, Fuenlabrada, Logroño eta Valladoliden bizi diren bi milioiek – aterako diote onura “Hiri Konektatuak” proiektuari; plataforma hori hiri-mugikortasuna ezarri, garatu eta berritzeko lehen erreferentzia da estatu mailan. Era berean, udalentzako tresna izango da, eta herritarrentzako tresnaren segurtasuna eta sinplifikazioa jarriko ditu proiektuaren erdigunean. Udalerri horiek bisitatzen dituzten pertsonak ere izango dira onuradun. Aipatutako sei hirietako ordezkariek —Gasteizko alkate Gorka Urtaran horien artean— gaur Valladoliden aurkeztu duten proiektua irtenbide berritzailea da estatu mailan; udalerri bakoitzaren benetako beharretara egokituko da, eta beste hiriburu batzuek ere sartzeko aukera izango dute.

Ekimen horri esker, elkartutako hiriek muga administratibo eta geografikoak gaindituko dituzte, sei autonomia-erkidegotakoak baitira (Euskadi, Valentziako Erkidegoa, Asturias, Madril, Errioxa eta Gaztela eta Leon), leku horietan bizi direnei benetako irtenbideak eskaintzeko. Izan ere, pertsona horiek “hiri handi bateko” kide izango dira, baliabide horrekin sareko edozein hiritara joaten direnak “etxean bezala sentituko” direlako.

Hiri horietako bateko pertsona batek, plataforman erregistratu eta ordainbide batekin lotu ondoren, bere ibilgailua baimendu ahal izango du emisio txikien eremuan (ETE) sartzeko, trafikoaren egoera egiaztatzeko, udal-sareko autobus bat hartzeko eta abar. Hori guztia sareari lotutako edozein hiritan egin ahal izango du, beste inongo plataformatan alta eman beharrik gabe. Gainera,  erabiltzaile-motari eta joan-etorriak egiteko moduari dagozkien tarifarik merkeenak aplikatuko zaizkie, geroko ordainketa bermatuta dutela. Guztia aplikazio bakar batean, erregistro bakarrarekin eta ordaintzeko metodo bakarrarekin egingo da, hartara bidaiarientzako izapideak erraztuz.

Izan ere, sinplifikazioa da proiektua sortzeko funtsezko premisa, erabiltzaileen esperientzia kontuan hartuta. Edozein hiritan egonda ere garraiobide oro aplikazio bakar batean integratzeko beharra da ardatz nagusia.

Proiektuak 27,7 milioi euroko aurrekontua du, eta Europako funtsen deialdira aurkeztu da, Espainiako Gobernuaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan; 31 hilabeteko egikaritze-epea du, hau da, 2024ko ekainerako amaituko da. Zehazki, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren Next Generation funtsetan agertzen da, udalerriei emisio txikiko eremuak eta hiriko garraioaren eraldaketa digital eta iraunkorra ezartzen laguntzeko programaren barruan.

Helburua da hiri anitzeko plataforma digital bat garatu eta ezartzea, kode irekian, mugikortasun-datuak modu integratuan eta elkarreragilean jaso, prozesatu eta ustiatzeko. Hiri-mugikortasuneko eta mugikortasunaren kudeaketako hainbat zerbitzu emango ditu modu koordinatuan, erabiltzaileekiko diru-transferentzien kudeaketa bateratua barne.

Jarduera-eremuak

  • Hiriak: plangintza egiteko, azterketak egiteko eta erabakiak denbora errealean hartzeko plataforma zentralizatua. Antzeko hiriei dagozkien datu eta esperientzietan oinarritutako gobernantza. Bidaiak iraunkortasun-irizpideekin planifikatzea.
  • Operadoreak: erabiltzailearekiko kontaktu digitala eta denbora errealeko datuak, eskaintzaren doikuntza datu globaletan oinarrituta, tarifen bateratzea eta geroko ordainketaren kudeaketa zentralizatua.
  • Erabiltzaileak: informazioa aplikazio bakar batean, denbora errealeko eskaintza, bidaien plangintza, ahalik eta preziorik onena lortzea, erabiltzaile motara egokitzea eta % 100 eskuragarria.

Sei hirietarako plataforma bakarra eta komuna garatzea lankidetzako eta garapen iraunkorreko paradigma berri baten sorrera izango da. Paradigma horretan, estandar komun bat oinarri duten irtenbideetan aurrera egin ahal izango da, garatzeko gastuak partekatuz eta antzeko hirien artean egoerak alderatuz; hori eskalagarria izango da, eta sare horretan sartu nahi duten gainerako hirietan errepikagarria.

Sistemaren tamaina eta konplexutasun teknologikoa gorabehera, herritar guztiei bermatuko die irisgarritasuna. Gainera, tresna hori mugarri izango da ikerketan eta sektore pribaturako garapenean, mugikortasun-zerbitzuen hornitzaileen, IKT hornitzaileen, enpresa normalizatzaileen eta abarren berrikuntza sustatuko baitu.

Plataforma horrek —sarbide errazekoa eta bakarra estatuan— sistemari atxikitako hirietako garraio publikoko zerbitzu tradizional guztiak eta leku horietan sortzen diren mugikortasun partekatuko zerbitzu berriak integratuko ditu. Proiektu aitzindaria da eta kode irekiko plataforma bat sortuko da, sareari atxiki nahi zaion edozein hiri edo garraiobide integratzeko aukerarekin.

Aplikazio teknologiko berrien erabilgarritasunari esker, garraio publikoa eta mugikortasun iraunkorreko modu berriak malguagoak eta lehiakorragoak izan litezke, eta garraiobide horiek ibilgailu pribatuaren ordez erabiltzea sustatuko luke. Oro har, horrek emisio kutsatzaile gutxiago eragingo ditu, eraginkortasun energetiko handiagoa joan-etorrietan, espazio publikoaren erabilera txikiagoa; ondorioz, ezbehar-tasa ere murriztu egingo da.

Gainera, plataformak aukera emango du dena delako administrazio publikoak eman edo kudeatutako zein haiekin erlazionatutako gainerako oinarrizko garraio-zerbitzuekin integratzeko (taxiak, hiri barruko eta hiriarteko tren-zerbitzuak, hiriarteko autobusa, bizikleta publikoa, etab.).

Share

Gasteizek boccia-pista bat jarriko du Zabalgana auzoan, Aspacerekin lankidetzan

Lanak hasi dira.

Gasteizko Udalaren Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak boccian aritzeko pista bat jarriko du Zabalgana auzoan. Esku-hartze honek Aspace Arabak egindako eskaera bati erantzuten dio. Elkarteak bere egoitzatik gertu kirol horretan aritzeko gune bat eskatu zuen, alkatearekin eta Espazio Publikoaren zinegotzi arduradunarekin egindako bilera batean.

Obrak horiek Ehari ibaiaren bidezidorrean –Sofia Erreginaren hiribidearen eta Ilustrazioaren hiribideaaren artean– dagoen “Urbina” haur parkean egingo dira. Pista hartuko duen lurzati horretan erabilerarik gabeko hondar-eremua zegoen, eta hori egokituko da boccia-pista izateko.

Proiektua Aspace Arabarekin batera diseinatu da, eta 26.000 euroko inbertsioa egin da. Hilabete inguruko epea izango da obrak gauzatzeko.

 

Share

Atxilotua bikotekideari eraso egiteagatik

Udaltzainek atzo 25 urteko gizonezko bat atxilotu zuten ustez bikotekideari eraso egin izanaren delituagatik.

13:00etan, udaltzainek biktima San Ignazio Loiolakoaren kaleko banku batean eserita ikusi zuten, negarrez eta oso urduri. Eskuineko bekainean zauri bat odoletan eta eskuineko begian hematoma bat zituen. Zer gertatu zitzaion galdetu ziotenean, Alde Zaharreko beren etxean bikotekideak eraso egin ziola kontatu zien.

Udaltzain batzuk etxera joan ziren eta ustezko erasotzaileak ireki zien atea. Haren eta lekukoen bertsioa entzun ondoren, gizonezkoa atxilotu zuten. Gaur jarriko dute epailearen aurrean, dagokion argiketa Emakumearen aurkako Indarkeria Epaitegira bidali ostean.

Share

‘Konektatzeko prest?’ kanpaina ibiltaria abiarazi du Gazteria Zerbitzuak Gasteizko auzoetako gazteengana hurbiltzeko

Informazio-stand ibiltaria (atoidun bizikletak eta DJ-ak) 14 urtetik 20 urtera bitarteko gazteak ibili ohi diren guneetan izango da urriko eta azaroko larunbatetan.

 Herritarrek proposamenak, eskariak, zalantzak eta beharrak adierazi ahalko dizkiote udalari.

 Informazio-stand mugikorra Gasteizko auzoetan zehar ibiliko da hiriko gazteengana zuzenean hurbiltzeko. Ostiral honetan bertan, urriak 22, abiaraziko du Gazteria Zerbitzuak “Konektatzeko prest?” kanpaina. Ekimen berritzailea da, eta “informazioa deszentralizatzeko eta gazteak izaten diren lekuetan bertan gazteengana hurbiltzeko sortu da”, Gazteria zinegotzi Miren Fernández de Landak adierazi duenez.

14 urtetik 20 urtera arteko gazteentzat da, zehazki. Bitartekari talde bat atoidun bizikletan joango da hiriko auzoetara. Bertan, gazteentzako informazio interesgarria banatuko du, DJ batek lagunduta. Horretaz gain, gazteen ekarpen, proposamen eta eskariak jasoko dituzte.

Gazteria Zerbitzuak informazio-pilula batzuk prestatu ditu bideo formatuan, adin-tarte horri zuzendutako baliabide eta programa batzuen berri emateko. Informazio hori Gazteria Zerbitzuaren webgunean egongo da eskuragarri (vitoria-gasteiz.org/konektatzekoprest), eta QR bidez emango da informazio-standean bertan

Hurbiltzen diren guztiei oparitxo bat emango zaie (mugikorrari eustekoa). Gainera, mugikor bat zozketatuko da ekarpenak egiten dituztenen artean.

Hemen egongo dira 18.00etatik 21.00etara:
URRIAK 22
Erdigunea (Andre Maria Zuriaren Plaza, Fernández de Piérola Apaizpikuaren lorategiak)
URRIAK 23
LAKUA BIZKARRA- eta Ibaiondo
URRIAK 30
SALBURUA
AZAROAK 6
ZABALGANA
AZAROAK 13
SAN MARTIN
AZAROAK 20
LAKUA BIZKARRA
AZAROAK 27
ALDE ZAHARRA
Share