Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-10-19)

Prentsaurrekoa. “Banantze- edo dibortzio-egoeran dauden gurasoentzako gida” aurkeztea

Parte-hartzaileak. Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentia, eta Familiak Lagundu eta Babesteko Baliabideen buru Belén Ceberio.

Eguna: urriak 19, asteartea.

Ordua. 10:30

Tokia. Prentsa aretoa. Gasteizko udaletxea.

————————————-

Prentsaurrekoa. Off Lokal. Lehe atala (Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren 46. edizioa)

Parte-hartzaileak. Udalaren Antzoki Sareko arduradun Marta Monfort, Arrapala taldeko kide Iratxe Gallardo eta Anaiz Mendiboure, La Claqueta taldeko kide Carmen San Esteban eta Vene Herrero, eta Piszifaktoria Laborategia taldeko kide Mikel Ayllon.

Eguna. urriak 19, asteartea.

Ordua. 11:30

Tokia. Principal antzokia.

————————————-

“Zure ondoan gaude” proiektuaren aurkezpena, ASAMMA elkarteak bularreko minbiziaren aurkako nazioarteko eguna dela-eta bultzatua

Parte-hartzailea. Kirol eta Osasun zinegotzi Livia López.

Eguna: urriak 19, asteartea.

Ordua: 18:00

Tokia. Vital Fundazioa Kulturunea – A aretoa (Bakea kalea, 5, Dendaraba 1. solairua)

Share

Gasteizek zuhaitz gehiago landatuko ditu auzoetan: hobeto hazten eta itzala ematen duten kalitateko zuhaitzak izango dira, kaleetan ingurumen-onura sor dezaten

Udalak 280.000 eurotik gora inbertituko ditu gutxienez hiriko hamar gunetan 600 zuhaitz berri baino gehiago landatzeko

 DOSSIER ARBOLADO

Gasteizko Udaleko Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak 282.139,87 euro inbertituko ditu negu honetan, auzoetako zuhaiztiak hobetzearren. Lan horiek kontratatzeko dosierra lizitatzen ari da une honetan, eta lanak hiriko hamar eremutan egingo dira.

 

“Gure hiriari zuhaitz gehiago gehitu nahi dizkiogu, guztira 112.000 unitate baino dituen arren. Era berean —eta hau oso garrantzitsua da— ale berri horiek kalitate handiagokoak izatea nahi dugu. Gure ustez, ez dugu hainbesteko arreta jarri behar landatzen ditugun zuhaitzen kopuruan, horien kalitatea handitzean baizik. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok azaldu duenez, “Gasteizek zuhaitz handiak izatea nahi dugu, hobeto haz daitezkeenak, ingurumen-onurak eta itzala eskainiko dituztenak, biodibertsitatea bultzatuko dutenak, izurriteekiko erresistenteagoak izango direnak eta klima-aldaketaren ondorioz aurreikusi behar ditugun baldintzetara egokitzen direnak“.

 

Ildo horretatik, bikaintasuna lortzea da helburua, baldintza-agiri teknikoaren arabera: zuhaitz-etorbide nabarmengarriak lortu nahi dira, eta horien onurak ikusgarriak eta eraginkorrak izatea. Horretarako, enpresa esleipendunak ondo prestatu beharko du lurra, kalitateko zuhaitzak landatu beharko ditu, eta bi urtez horien mantentzeaz arduratu. Landatuko diren ingurunerako egokiago diren espezieak jartzea erabaki du Udalak. Zinegotziak nabarmendu duenez, “talde teknikoak lan profesionalizatua eta zientifikoa egin du erabaki guztiak hartzeko“.

 

Leku hauetan egingo dira aurreikusitako jarduerak: Elorriagako atea, Salburuko aerodromoaren ingurua, Estrasburgo hiribidea, Lakua-Arriaga, Ibaiondoko kiroldegia, Wellingtongo Dukearen kalea, autobus geltokiaren ingurua, Bastida plaza, Zabalgana hiribidea Antoniareneko biribilguneraino, eta Oto hiribidea. Landaketa lanak egiteko bi hilabete eta erdiko epea izango da.

 

Zehazki, lan hauek egingo dira:

Elorriagako atea. Hiribide horren erdibitzailaren bi zatitan ez dago zuhaitzik. Beste zati batekoak egoera txarrean daude. Horregatik, zuhaitzak landatzea eta daudenak ordezkatzea erabaki da. Landaketa-fasean, zanga estu bat irekiko da hiribide osoan zehar, ahalik eta sakonen, 15 zentimetroko lodiera duten adarrez betetzeko. Horrek lurpeko aireztapen-tunel bat sortuko du, eta materia organikoa gehituko. Ondoren, espezie hauetako 79 ale landatuko dira: Acer platanoides edo astigar zorrotza (19), Tilia cordata edo ezki hostotxikia (28), eta Ulmus Resista edo zumar erresistenteak (24).

 

Aerodromoaren ingurua. Salburuko iparraldea eta Salburuko hegoaldea lotzen dituen etorbide horretan, hegoaldeko zatia zuhaitzez hornituko da; izan ere, aromatikoen parterre karratu simetrikoz egindako kale horretan ia ez dago zuhaitzik udan behar den erosotasuna eskaintzen duenik. Eremuak tamaina handiko espezieak hartzeko adinako lekua duenez, espezie bakoitzeko basotxoak osatuko dira, zeinek ia parterre guztia hartuko baitute.

 

Estrasburgo hiribidea. Ekialde-mendebalde norabidea du zabalera handiko etorbide horrek, eta etxebizitza-blokeak ditu bi aldeetan. Igarotzeko eta egoteko diseinatuta dago, dendak eta haurrentzako guneak baititu. Oso hiribide simetrikoa da, zuhaitzik gabeko eta soropilez osatutako parterreak dituena. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak zenbait tarte bereizi ditu:

Salburuko bulebarretik hurbil dagoen eremua: 4 parterre, espezie autoktonoen basotxoak eratuz (Acer campestre edo astigarrak, Betula alba edo urkiak, Populus nigra var. italica edo makal italiarrak eta Salix babilonica edo sahats negartiak).

Erdialdea: bakar-bakarrik astigarrez osatutako eremua.

Europa ibilbidea: batetik, altuera handia lortu nahi da Populus alba edo zurzuriak eta Populus nigra var. Italica landatuz; bestetik, udaberrian loraldia duten zuhaitzak landatuko dira: pauloniak eta katalpak.

Erdialdea: astigar seriea errepikatuko da.

Mendebaldeko muturra: pauloniak eta katalpak berriro.


Lakua-Arriaga aldea (Aramangelu). Auzo honetarako lanek hiru kaletako lau zati hartuko ditu. Kale horiek parterre handi goratuak dituzte. Zuhaitz gutxi dute eta ez dute emaitza egokirik izan azken urteotan. Horregatik, espazioak berriz diseinatuko dira, lurzoruaren bolumena hobetuz eta espezie egokiagoak hautatuz. Lan hauek egingo dira:

Larrabasterra: alde horretan Sophora japonica edo sofora japoniarrak landatuko dira.

Errotamendi: Celtis occidentalis edo almezak landatuko dira.

Maltzaga: Zelkova serrata espeziea landatuko da.

 

– Ibaiondoko kiroldegia. Hormigoizko zabalgune handi bat dago bertan, eta zenbait urki daude txorko biribilen gainean, egoera txarrean. Onurak ekarriko dituen zuhaizti bat lortzeko, txorko horien zati bat birmoldatu behar dela uste da, eta bi parterre zirkularretan bildu. Erdiko txorkoak errespetatu egingo dira. Horietan guztietan oso eraginkorrak diren espezieak erabiliko dira: Platanus hispanica, Aesculus x carnea ‘briotii’ edo indi-gaztainondo gorriak, Acer platanoides edo astigar zorrotzak, eta Morus alba ‘fruitless’, hau da, hazirik gabeko masustondoak.

Wellingtongo Dukearen kalea Blas de Oteroraino. Leku horretan bada erdibitzaile bat, hiru zatitan banatua: bertan, Acer platanoide batzuk daude, modu desberdinetan lurperatuta. Lurzoruaren kalitatea ertaina denez, lehen zatian egoera txarrean dauden 15 ale ordeztuko dituzte, eta beste 15 bigarren eta hirugarren ataletan.

 

Autobus geltokiaren ingurua: 20 parterre dira, ezberdinak tamainari zein bai formari dagokienez; gehien bat urkiak daude bertan, baina landaketa ostean asko sufritu dute. Horietako asko hil egin dira. Espezieak aldatzea proposatzen da, eta beste landare batzuk sartzea: Pseudotsuga menziensii edo izeiak, Abies pinsapo, Picea abies, Cedrus atlantica edo Atlasko zedroak, Alnus incana edo haltz zuriak, Liquidambar styracilua, Betula alba edo zurzuriak, eta Quercus palustris edo zingira-haritzak.

 

– Bastida plazaren ingurua: hasieran tamaina txikiko zuhaitzak jarri ziren, baina beste espezie batzuk jartzea pentsatu da, eremua behar bezala estali ahal izateko. Lurrak sakonean hobetzea da asmoa, landatzeko lurrak nahastuz eta hainbat espezie sartuz: Alnus incana, Acer platanoides edo astigar zorrotzak, Juglans nigra edo intxaurrondo beltzak, Cedrus atlantica edo zedroak, Carya illinoinensis edo pekanondoa, eta Liriodendron tulipifera.

Zabalgana hiribidea eta Antoniareneko biribilgunea: hiribidetik hegoalderago dauden bi zatietan eta Antoniareneko biribilgunearen eremuan landatu nahi da. Hiribidean Sophora japonica espeziea landatuko da, dauden Sorbusekin nahastuz. Biribilgunean dauden zuhaitzen ordez Zelkova carpinifolia eta Fraxinus pennsylvanica (lizar amerikarrak) landatuko dira.

– Oto hiribidea: Oto hiribideko erdibitzaileko zenbait txorkotan ez dago zuhaitzik. Beste batzuetan ale lehorrak daude, edo etorkizun gutxikoak. Horregatik, klima-baldintza gogorragoei aurre egiteko moduko ezaugarri fisiologikoak dituzten espezieez ordeztuko dira, hala nola hurritzak, astigarrak eta zumarrak.

Share

Heroina trafikoagatik atxilotuta

Udaltzainek ostegunean 56 urteko gizonezko bat atxilotu zuten heroina-trafikoaren ustezko delitu-egilea izateagatik.

Aralar Mendiaren kalean gertatu zen atxiloketa, urriaren hasieran hasitako operatiboari amaiera emanez. Orduan, urriaren hasieran, droga-trafikoan  aritzen zela zirudien gizonezko bati buruzko informazioak jaso zituen Ikerketa Unitateak.

Ikerketan zehar, agenteek pertsona hori topatzea lortu zuten eta jazarpena egin zioten. Horri esker berretsi ahal izan zuten hiri osoan heroina saltzen aritzen zela: ostalaritza-lokaletan, etxeetara, bide publikoan… Leku guztietan aritzen zen saltzen, eta gertakariak ikusi ostean, kalean atzeman eta atxilotu egin zuten.

Ondoren, Ertzaintzaren Ertzainor Unitatearen laguntzarekin, udaltzaingoak gizonezkoaren etxebizitza erregistratu zuen Sansomendi auzoan. Bertan, 38.000 euro baino zertxobait gehiago aurkitu zituzten, baita baskula bat, agenda bat datuekin eta transakzioetako kontuekin, eta plastikozko poltsak ere, zatitxoak eginda saltzeko monodosiak prestatzeko.

Unean uneko diligentziak osatu ostean, larunbatean epailearen esku utzi zuten.

Atxiloketak lapurretagatik

Udaltzainek lapurretetan inplikatutako lau pertsona atxilotu zituzten asteburuan.

Ostiralean 26 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Domingo Beltran kaleko merkataritza-establezimendu batean indarkeria erabilita lapurreta-delituaren ustezko egilea zelako. Bertan, segurtasun-zaindariari eraso egin zioten.

Igandean Batzar Nagusien kalean 20 eta 21 urteko bi gazte atxilotu zituzten beldurrarazita eta mehatxuekin adingabeko batzuei patinete elektriko bat lapurtu izanaren ustezko egileak zirelako. Lekukoek emandako deskribapenari esker, patruila batek, ordu batzuk geroago, ezaugarri berbereko bi pertsona ikusi zituen patin batekin Santo Domingo kalean. Agenteek egiaztatu zuten lapurtutako ibilgailua zela, eta gazteek bizileku ezagunik ez zutenez, atxilotu egin zituzten.

Era berean, atzo, 18 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Esperantza kalean bizikleta bat lapurtu ostean. Bizikleta horretan ihes egiten saiatu zen. Jazarpenaren ostean, patruila batek atzematea lortu zuen.

Indarkeria matxista

Udaltzainek atzo 36 urteko gizonezkoa atxilotu zuten ustez bikotekideari eraso egiteagatik. Gertakariak 04:00ak baino zertxobait geroago gertatu ziren Mendiola etxebizitza batean. Biktimak markak zituen buruan erasoaren eraginez. Hori dela eta, gizonezkoa atxilotu egin zuten eta epailearen esku jarri zuten.

Mehatxuak objektu arriskutsuarekin

Udaltzainek larunbatean 23 urteko gaztea atxilotu zuten objektu arriskutsuekin mehatxu-delituen ustezko egilea izateagatik eta agintaritza-agenteen aurkako desobedientzia larriaren ustezko egilea izateagatik.

17:00ak baino minutu batzuk lehenago gertatu zen Andre Maria Zuriaren Plazako ostalaritza-establezimendu batean. Bertan, oso jarrera txarrekin, bezeroak molestatzen eta haiei mehatxuka ari zen.

Lokalera iristean, agenteek kristalezko edalontzi huts bat arma gisa botatzen topatu zuten. Edalontzi horrekin ari zen bezero bati mehatxuka. Gazteak ez zuen kasurik egin jokabidea aldatzeko eskatu ziotenean. Hori dela eta, atxilotu egin zuten bere eta gainerako bezeroen segurtasuna bermatzeko. Lekuko baten eta mehatxu egindako bezeroetako baten bertsioak entzun ostean, agenteek atxilotu egin zuten.

Zirkulazioko kanpaina berezia

Aste honetan, Udaltzaingoak hirian zirkulatzen duten ibilgailuen, motozikleten eta ziklomotorren baldintza teknikoak egiaztatzera zuzendutako trafikoko kanpaina berezia egingo du.

Agenteek egiaztatuko dute ibilgailuek dagozkien ikuskapen teknikoak pasatu dituztela eta ikusten dituzten arau-hausteak zuzenduko dituzte. Era berean, aldaketa tekniko larriak dituzten, edo beren ezaugarriengatik gainerako herritarrentzako arriskua eragin lezaketenak bide publikotik kenduko dituzte.

Kanpaina hori 2018-2023ko Bide Segurtasuneko Udal Plan Estrategikoan jasotako zaintza- eta kontrol-ekintzen baitan sartu behar da. Bideko segurtasuna bermatzea da oinarrizko helburua, istripu-tasa murriztuz.

Share

Haziaraba in the Mapping Jaialdia sortu da

  • Lehenengo edizio honetako programak antzezpenak, hitzaldiak, ikastaroak eta lantegiak barne hartzen ditu, eta azaroaren 2tik abenduaren 5era bitartean garatuko da

Gaur goizean egin da Haziaraba in the Mapping Jjialdia aurkezteko prentsaurrekoa. Bertan, Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok, Kultura eta Kirol diputatu Ana del Valek, Gasteizko Udalaren Antzoki Sareko zuzendari Marta Monfortek, Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibáñez de Opacua eta Teatro Paraisoko zuzendari Pilar Lópezek hartu dute parte.

Estibaliz Cantok adierazi duenez, “Haziaraba in the Mapping jaialdia Haurtxoak Proiektua zikloaren bilakaera naturala da. Programa hori azaroan egin ohi zen Udalaren Antzoki Sarean, eta finkatuta zegoen gure hiriko kultur egutegian”. “Ekitaldi horren bidez, 1 eta 6 urte bitarteko umeei eta haien familiei arte eszenikoetara hurbiltzeko aukera ematen diegu, eta, horrela, ikusle berriak sortzen laguntzen dugu, Gasteizen ez ezik, baita lurralde osoan ere”, gaineratu du.

Programak MAPPING Europa Sortzailea proiektuaren barruko 4 koprodukzio aurkeztuko ditu Nazioarteko 46. Antzerki Jaialdian, baita beste ikuskizun bat eta ikastaro bat ere; proiektu horrek EBko 17 herrialdetako 18 bazkide biltzen ditu.

Udal antzokietako egitaraua azaroaren 20an (larunbata) hasiko da: Teatro Paraisok ‘Leihoak ‘lana eskainiko du Federico García Lorca antzokian. Hilaren 21ean (igandea) La Petita Malumaluga taldeak hartuko dio lekukoa; ‘La luna en un cazo ‘proposamena aurkeztuko du, Félix Petite antzokian. Biak 2 eta 5 urte bitarteko haurrentzat dira.

Hurrengo asteburuan beste hiru emanaldiz gozatu ahalko dute Gasteizko ikusleek. Hilaren 27an (larunbata), Herbeheretako De Stilte konpainiak ‘Espera un minuto’ lana antzeztuko du Felix Petite antzokian; 28an (igandea), Poloniako Teatr Animacjiren taldearen ‘Susurros en el bosque’ ikusi ahalko da Federico García Lorca antzokian, eta Alemaniako Helios Theater taldearen ‘Frü Stück’, Felix Petite antzokian. Lehenengo biak 1 eta 3 urte bitarteko haurrentzat dira, eta azkena, 3 eta 5 urte bitartekoentzat.

Obra bakoitzaren 2 emanaldi eskainiko dira, 12: 30ean eta 18:30ean.

“Haziaraba in the mapping jaialdiak proposatutako ikuskizunen magiarekin bat egitera gonbidatzen ditugu hiriko txikiak. Kultura segurua da”, erantsi du Cantok.

Udalaren Antzoki Sarearen programazioa arte eszenikoetako profesionalei zuzendutako ikastaro batez osatuko da: Jesús Nieto sortzailearen “Irudien dramaturgia”. Azaroaren 21etik 23ra bitartean izango da, Federico García Lorca antzokian.

Jarduera osagarriak

Jaialdiak hainbat jarduera osagarri antolatu ditu, hala nola “Kulturarekin hazi. Artearen eta jolasaren balioa lehen haurtzaroan’ gaitzat duen hitzaldi kolektiboa. Hainbat eskola-, familia- eta kultura-testuingurutan lehen haurtzaroa arteekin lotzeko duten hausnarketak eta esperientziak azalduko dira, nazioartekoak eta tokikoak. Azaroaren 2an izango da, 18: 00etan, Ignacio Aldecoa kultur etxean.
Teatro Paraisok, anfitrioia den aldetik, testuinguruan kokatuko ditu Irene Fernándezek (Createctura) eta EHUko Heziketa ikerketa-taldeak (Ainhoa Gómez Pintado buru dela) aurkeztutako proiektuak.
Gainera, Gasteizko Udalaren Haur Eskolen Sareak argazki erakusketa bat antolatuko du, hezitzaileek azken urteotan sortutako instalazioak erakusteko.

Bestalde, arte berrikuntzarako Kunarte zentroak, zeina 0-6 urte bitarteko umeei eta haiekin doazen helduei zuzentzen baitzaie, estatu mailako sorkuntzak eta egonaldi artistikoak hartuko ditu, baita Bartzelonako Zinema eta Hautzaro jaialdiarekiko lankidetza ere. Vital Fundazioaren laguntza du horrek.
Boloniako (Italia) Haurrentzako Liburuen Nazioarteko Azokak sortutako “Umeak, ikusle” erakusketak, topaketa kulturalek, lantaldeek, instalazioek eta arte esploraziorako lantegiek ere osatzen dute jaialdiaren programa, umeak etorkizuneko ikusletzat ez ezik gaurko ikusletzat ere jotzeko xedea lortzearren.

Etorkizunari begira, azaroaren 16rako topaketa bat proposatu da, ‘Agertoki berriak irudikatuz’ gaiaren inguruan. ikus-entzuleek programazio eszenikoan aktiboki parte hartzea da asmoa, ikuskizunak eskaintzen dituztenen (programatzaileak eta artistak) eta umeekin batera antzerkira doazenen (familiak eta irakasleak) arteko hausnarketa eta interakzioa bultzatuz.

Esperientziak Araban

Haziaraba in the Mapping Jaialdiak Araban eskainiko duen programari dagokionez, umeentzako estimulazio artistiko goiztiarreko landa-jaialdiaren 4. edizioa aipatu beharra dago, 0 eta 5 urte bitarteko umeei eta haien familiei zuzendutakoa. Proiektu kolektibo hori Arabako Foru Aldundiaren Kultura Planean sartuta dago, eta Arabako 9 udaletako eragile artistiko eta kulturalek, familiek eta haur-eskolek parte hartzen dute: Agurain, Amurrio, Aramaio, Iruña Oka, Bastida, Laudio, Oion, Legutio eta Dulantzi.
Arabako udalerri horietan diziplina arteko programazio bat prestatu da, besteak beste, hainbat musika-estilotako hiru musikari arabarren kontzertua: Laura Marcos (oboea), Koldo Uriarte (teklatua) eta Sergio López de Landache (perkusioa) musikariek beren sormena batu dute soinu-unibertso bat sortzeko, txikiak horretan murgildu eta atseginez nabigatu ahal izateko.

Bestalde, Gutxinaka- Gutxinakarekin espazioarekiko lankidetzan, familiei esperimentatzeko aukera emango zaie, publiko txiki horren sormena garatzen duten jolas-instalazioen bidez.
Horietaz gain, Teatro Paraisoren ‘Ventanas’ eta ‘Bihotz bihotzez’ ikuskizunak taularatuko dira Arabako herri horietan.

Programa

 

Share

Udalak “erreboltatzeko” eta konponketa-zerbitzuak kontsumo eraldatzailerako bide gisa erabiltzeko gonbita egin die herritarrei

“Konponders gara” kanpainaren bidez, web bilatzaile bat jarriko du eskuragarri etxetresna elektrikoak, arropa, oinetakoak, altzariak, irudia eta soinua eta abar konpontzen dituzten profesionalak aurkitzeko

 

Egungo kontsumo-ereduarekin hausten duen komunitate bat sortzea, “Konponder” komunitatea hain zuzen ere, etxean ditugun arropen, etxetresna elektrikoen, altzarien eta abarren bizitza luzatuz. Eta tokiko mailan egitea. Gure hirian lan egiten duten konponketa-profesionalen bitartez. Hori da Konpondu proiektuaren helburua. Gaur aurkeztu dute Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi César Fernández de Landak, Merkataritza, Prestakuntza eta Enplegu zinegotzi Igor Salazarrek eta Ihobe sozietateko Jasangarritasun zuzendari Xabier Gonzálezek. Azken erakunde horrek proiektuaren finantzaketan ere hartzen du parte Udalsarearen bitartez.

“Kanpainaren helburua da Ekonomia Zirkularrean oinarritutako kontsumo-eredu bat sustatzea, ‘erabili eta bota’ kontzeptutik aldentzen dena, objektuen bizitza baliagarria luzatzen duena onura bikoitza sortuz: hondakin gutxiago sortzea eta hirian enplegu kualifikatua finkatzea.  Egungo agertokian, non krisi klimatikoa, ozeanoen kutsadura eta lehengaien urritasuna protagonista diren, konponketa-zerbitzuak erabiltzea kontsumo-eredu arduratsu eta eraldatzaile baten adibide argia da”, nabarmendu du César Fernández de Landak, eta “erreboltatzera eta Konponder komunitatearekin bat egitera animatu ditu herritarrak. “Konpontzeak asko esaten du pertsona bati buruz, gizartearekin eta ingurumenarekin duen konpromisoari buruz. Bere elkartasunaz, sentsibilitateaz eta sormenaz. Gauzak bota beharrean horiek konpontzeak etorkizun bidezkoago, solidarioago eta jasangarriago bat eraikitzea dakar”.

Gasteizko ehun bat konponketa-denda biltzen dituen bilatzailea

Konpondu proiekturako bilatzaile bat sortu da udalaren web orriaren barruan. Bertan, modu intuitibo eta errazean, kontsumorako produktuak konpontzeko eta mantentzeko tokiko ehun negozio inguru aurki daitezke, bai eta konponketarekin eta ekonomia zirkularrarekin lotutako informazioa eta dokumentazioa ere.

Ekimenaren baitan, ikerketa eta dokumentazio lanak egin behar izan dira aurretik eta datu base bat ere sortu da; horretarako, konponketarekin zuzenean loturiko jarduerak burutzen dituzten tokiko enpresak identifikatu dira.

Horrez gain, prospekzio lanak egin dira konponketa enpresetan, eta aztertu da ea ordezko piezak edo osagaiak eskuragarri dauden tokiko mailan (kalitatea eta epeak), bai eta jarduera horiek egiteko baliabide teknikoak eta giza baliabideak dauden ere. Halaber, galdetu egin zaie zaharkitze programatuak, low cost delakoak, sustapen oldarkorrek eta online salmentak nola eragiten dieten. Era berean, galdeketa bat egin zaio kontsumitzaile talde bati, konponketarako motibazioak eta oztopoak identifikatze aldera.

Konpondu proiektuaren baitan ere “Errebelatu eta konpondu ezazu. Egin zaitez konponder” “Rebélate y repara. Hazte konponder” jardunaldi teknikoa egingo da. Urriaren 28an izango da Europa jauregian, eta bi hizlari garrantzitsu egongo dira: Brenda Chávez kazetari eta ikertzailea (Cosmopolitan eta Vogue aldizkarietako erredaktorea izandakoa; gero kontsumo kontzientean jarri du arreta eta bi liburu idatzi ditu: “Tu consumo puede cambiar el mundo” eta “Al borde de un ataque de compras”. Horrez gain, Carro de Combate kolektiboko kide da Brenda, kontsumitzen ditugun ondasunen eragina ikertzen dituen taldea) eta Kepa Loizaga, OCUren ordezkaria Euskadin eta abokatua, zeinak zaharkitze programatuari eta konpontzeko eskubideari buruz hitz egingo baitu.

Sentsibilizazio-kanpaina Pou anaiekin eta benetako profesionalekin

Bestalde, proiektuaren baitan etxeko kontsumitzaileei zuzenduriko sentsibilizazio-kanpaina indartsu bat egingo da; gaur bertan jarriko da abian hainbat publizitate-euskarritan: udal pantailak, tokiko komunikabideak, sare sozialak eta Udalaren ohiko komunikazio kanalak.

Gasteizko benetako konponketa-profesionalak dira komunikazio-kanpaina osatzen duten irudi eta karteletako protagonistak. Haiekin batera, Pou anaiek ere hartuko dute parte gaur goizetik aurrera zabalduko den sentsibilizazio-bideoan.

Igor Salazarrek, berriz, Gasteizko konponketa-sektorearen garrantzia azpimarratu du, “deslokalizatu ezin den enplegu kualifikatua sortzen duelako, zaharkitze programatuaren eta antzemandakoaren aurkako aliatua delako, eta Ekonomia Zirkularreko estrategia partekatuan funtsezko eragilea delako. Konpondu proiektuaren bitartez, gure kontsumo-ereduaren eta erosten ditugun produktuen inguruan hausnartzera animatzen ditugu herritarrak. Erosteko orduan selektiboak izateak duen garrantziaz”. Ildo horretatik, Merkataritza, Prestakuntza eta Enplegu zinegotziak azpimarratu du proiektuaren helburuetako bat dela tokiko ekoizpen sektoreari laguntzea ingurune aldakorretara egokitzeko gaitasun handiagoa duten eta erresilienteagoak diren negozio-ereduetara igarotzen”.

info+: www.vitoria-gasteiz.org/konpondu

Share