Prentsa Oharren banner

Gasteizko Udalak klima aldaketaren kontra egiteko naturan oinarritutako irtenbideak jarriko ditu martxan IGIren bitartez

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak Urtaranen gobernuak zentroan jarraitu nahi duen filosofia berriaren ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur. “IGI berrikuntza agentzia bihurtu nahi da, puntako alorretan (ingurumena, mugikortasuna eta energia-eraginkortasuna) ikertzeko zentroa. Halaber, udal sailak eta IGI elkarri hurbiltzea da asmoa, Udalaren eguneroko jardunean integratu dadin”, azaldu du IGIko lehendakari Borja Belandiak. Ikastegiko teknikariek gaur goizean egindako kontseiluan azaldu diete Gasteizko Udaleko talde politikoei datozen urteetarako ardatz funtzionaletako bat: Iraunkortasunaren Ikerkuntza, Diagnosi eta Ebaluazioaren Arloa.

Tokiko eremutik klima aldaketaren kontra borrokatzeko erronka erraldoiari heldu nahi dio, naturan oinarritutako irtenbideak baliatuz. Hori egituratzeko, besteak beste, natura, landa zein hiri inguruneetako espazio berdeek (ibaiak eta beste ur masa batzuk barne) osatutako sarea sortuko da, estrategikoki planifikatutakoa eta zerbitzu sozioekosistemiko ugari eskaintzeko moduan kudeatutakoa. Ingurumen, gizarte eta ekonomia onurak ekarriko ditu horrek, eta herritarren osasunerako ere onuragarria izango da. Gorka Urtaran alkateak, aurreko astean, Parisko Mundu Gailurrean azaldu zuen hirien zeregina funtsezkoa dela planetaren beroketa eragozteko.

2020rako Hiri Azpiegitura Berdearen sistema hiriko beste leku batzuetan ezarriko du IGIk, sistema berdeak osatuz hiria eraldatzeko aukera dela uste baitu. Une honetan, Lakuabizkarreko lursailak naturalizatzeko proiektu pilotua amaitzea da asmoa, eta hori ezagutaraztea, hitzaldi, erakusketa eta lantegien bidez. Datozen lau urteetarako beste helburu batzuk orain berrikusten ari den Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari kutsu “berdeagoa” ematea, eguneroko lanean B+G+i estrategiak baliatzea eta paisaia hauskorren lehengoratzea dira. Horretaz gain, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak beste organo batzuekin elkarlanean aritzeko asmoa du, hala nola Arabako Foru Aldundia, Neiker-Tecnalia eta Euskal Herriko Unibertsitatea, Araba lurralde osoaren balioa nabarmentzeko proiektuak bultzatu eta bide berdeak hobetzeko planetan parte hartzearren.

Iraunkortasunaren Ikerkuntza, Diagnosi eta Ebaluazioaren Arloak, bestetik, eremu akademikoarekiko harremanak estutu nahi ditu, Ingurugiro Gaietarako Ikastegia erreferentziazkoa bihurtu dadin espezializazio ikastaroak, prestakuntza jarduerak, proiektuak, lantegiak eta enplegu planak bideratzeko. “Azken batean, IGIn sortzen den jakintza beste erakunde batzuekin partekatu nahi  dugu, lan hori guztia herritarrei mesede egiten dieten proiektuetan islatu dadin”, azaldu du Borja Belandiak.

Etxe berdeak

IGIren kontseiluak, orobat, Hogares Verdes/Etxe Berdeak programa beste urtebetez garatzeko aholkularitza teknikoa kontratatzea onetsi du; ekimen arrakastatsu horretan 28.616,50 euro inbertituko dira, BEZa barne. Programa honek larunbatean bere itxiera ekimena egingo du eta, datorren urtera begira, Vital Kutxaren Gizarte Ekintzaren babesa izango du.

Share