Prentsa Oharren banner

2016an, Udalak 93.000 euro gehiago bideratuko ditu familia zaintzaileentzako programetara

Laguntzeko zerbitzu berriak, prestakuntza pertsonalizatua eta zaintza partekatua eskainiko ditu

Datorren urtean, Gizarte Politiken Sailak  93.000 euro gehiago bideratuko ditu familia zaintzaileentzako programetara. Adinekoei laguntzeko programak duen gastuari (380.000 euro) familia zaintzaileen kopurua handitzeari dagokiona eta beste 53.000 euro gehituko zaizkio, sortzekotan diren ekintza berriak martxan jartzeko.

Batetik, Udalak eskariaren araberako baliabide berria sortu du Lakua-Arriagako adinekoentzako zentro soziokulturalean. Zaintza partekatuko espazioa da, zaintzaileak zentroko jardueretan parte hartzen duen bitartean zainduak zentroan bertan profesional baten laguntza izan dezan.

Gainera, prestakuntza jarduerak beste ikuspegi batetik landuko dira: zaintzaileak eta zainduak batera jasoko dute prestakuntza, komunikazioari eta kontaktu pertsonalari buruz, besteak beste.

Orobat, otsailetik aurrera etxeetan prestakuntza pertsonalizatua emango da. Ohiko prestakuntzaren osagarria izango da: senidea zaintzeari buruzko ikasketa teorikoak etxean bertan nola jartzen diren praktikan egiaztatuko da.

Bestetik, Udalak aurreikusi du bilduma egiteko fitxa batzuk banatzea (hozkailuan itsatsi edo eskura izateko modukoak), zaintzeari eta norbera zaintzeari buruzko aholkuekin.

Zaintza adinekoaren familia osoaren edo inguruko guztien artean partekatzeari ere helduko zaio datorren urtean.

Gizarte Politiken zinegotzi Nerea Melgosak nabarmendu duenez, “adinekoak lehentasunetako bat dira guretzat. Gure eginbeharra da zahartze aktibo eta duina erraztea, eta baliabideak eskaintzea adinekoek kalitateko zaintza jaso dezaten, baina zaintzaileez ahaztu gabe. Ekimen hauen bidez zaintzaileei babes handiagoa eta baliabide gehiago eman nahi dizkiegu, haiek ere beren burua zaintzerik izan dezaten, eta ez daudela bakarrik ikus dezaten”.

Share