Prentsa Oharren banner

Salmenta ibiltaria arautzeko ordenantzaren berrikuspena onetsi da, merkataritzako formula berriak barne hartzeko, saltoki-ibilgailuak, esaterako

Tokiko Gobernu Batzarrak Gasteizen Salmenta Ibiltaria arautzeko Ordenantzaren berrikuspena onetsi du gaur goizean; Udalbatzak 2005ean onetsi zuen testu hori, eta 2010ean aldatu zen. Araudiaren azken aldaketak espazio publikoan merkataritzako formula berriak erabiltzeko bide emango du, saltoki-ibilgailuak, esaterako; orobat, salmenta ibiltarian aritzeko baimenen iraunaldia luzatu eta azken urteetan gertatutako aldaketak kontuan hartuko ditu.

“Salmenta Ibiltariari buruzko aldaketak bereziki helburu batekin egingo dira: garai berrietara egokitzea. Azken urteetan kalean saltzeko formatu berriak agertzen ari dira, saltoki-ibilgailuak, esaterako, eta errealitate hori udal araudian jaso beharra dago”, adierazi du alkateorde Borja Belandiak.

Saltoki-ibilgailuak edo antzekoak baliatzeko deialdi publiko bat egingo da, eta bertan zehaztuko da  zein lekutan jarri ahalko diren eta zein baldintza bete behar den dagokion baimena eskuratzeko. Orain arte, hedatuz doazen jarduerak, food-truck direlakoak, esaterako, espazio pribatuetan baino ezin ziren garatu.

Beste aldaketa garrantzitsu bat Udalak jarduera horretarako ematen duen baimenaren iraunaldia luzatzea da, hiru urtetik lau urtera. “Hartara, baimenen kudeaketa hobetzen da, eta jarduera horretan dabiltzanei egonkortasun handiagoa ematen, denbora gehiago izango baitute inbertsioa amortizatzeko”, erantsi du alkateordeak.

Azkenik, salmenta ibiltariari buruzko ordenantzaren berrikuspenak jarduera horretarako erreserbatutako eremuekin lotutako beste alderdi batzuk aldatuko dira, eta txosnekin lotutako artikulu guztiak kenduko, Jendaurreko Ikuskizun eta Jolas Jarduerei buruzko 10/2015 Legeak arautzen dituela uste baita.

 

 

 

Share