Prentsa Oharren banner

Gaur banatuko dira lehen “Gazte Hitzak” kontakizun lehiaketaren sariak, zeinean ehundik gora gaztek parte hartu baitute, 12 ikastetxetakoak

 

Lau irabazleek beren narrazio bat landu edo hobetzeko tutoretza pertsonalizatua jasoko dute, Bernardo Atxaga eta Juan Ibarrondoren eskutik

 

Ekitaldia streaming bidez emango da zuzenean, www.vitoria-gasteiz.org/gaztehitzak web-orrian

 

Gaur, 19:00etan, “Gazte Hitzak 2015” kontakizun lehiaketaren sariak banatuko dira, Montehermoso kulturunean. Lehiaketa 2015eko azaroan jarri zen martxan. Gorka Urtaran alkateak aurkeztu du “Gazte Hitzak 2015” lehiaketaren hasierako balantzea, epaimahaiko kide Bernardo Atxaga eta Juan Ibarrondo idazleekin batera, eta bertan izan dira semifinalistetako bi ere: Itziar Uriarte eta Oier Quincoces.

Ipuin eta kontakizun laburren lehiaketaren helburua da gazteen ikuspegia agerian jartzea, herritar aktiboak eta indar berritzaile handikoak direlako. Hau da, gazteen sorkuntzari sostengua ematea, Gasteizko herritarren aurrean ikusgai eginez.

“Gazte Hitzak” lehiaketaren lehen edizioak oso emaitza onak izan ditu. Guztira 130 gazte aurkeztu ziren, 12 ikastetxetakoak eta 8 unibertsitate karrera ezberdinetakoak. Lanak kalitate handikoak izan dira, eta askotariko gaiei buruzkoak.

14 eta 18 urte bitartekoek aurkeztu zituzten 130 kontakizunen % 64, eta gainerako % 36a, 19 eta 25 urte bitartekoek. Ipuinen % 60 gaztelaniaz idatzita zegoen eta % 40 euskaraz. Nabarmendu beharra dago parte hartzaileen % 76 emakumeak izan zirela.

“Programa honen balioa gazteek beren kontakizunekin eskainitako kultura ondarean datza, eta zaletasun komuna, alegia, emozioz betetako istorioak eta ikuspegi pertsonalak idatzi eta kontatzeko gogoa, partekatzen duten bi belaunaldien arteko bizikidetza eta harremanean”, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.

 

Streaming bidezko emanaldia

130 parte hartzaileen artean 24 semifinalista aukeratu dira, eta gaur Bernardo Atxagak eta Juan Ibarrondok osatutako epaimahaiak jakinaraziko du zein diren 4 irabazleak eta 4 ohorezko aipamenak.

Ekitaldia streaming bidez emango da zuzenean, www.vitoria-gasteiz.org/gaztehitzak web-orrian.

Erdi Aroko Hiriguneko Enpresa Zentroan (Eskola kalea, 10) pantaila bat jarriko da ikusi ahal izateko.

Sariak heziketarekin lotuta egongo dira: 300 eta 100 euroren txartelak, liburuak eskuratzeko, eta hiri hilabetez narrazio bat landu edo hobetzeko tutoretza pertsonalizatua, Bernardo Atxagaren (euskaraz) eta Juan Ibarrondoren (gaztelaniaz) eskutik .

 

Share