Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  2 otsaila 2018 17:00

Zabalganeko gizarte etxeko liburutegia inauguratzea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto; eta Partaidetzaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martínez

Eguna. Astelehena, otsailak 5

Ordua. 10:00

Tokia. Zabalganeko gizarte etxea

——————————

Prentsaurrekoa. Jesús Guridi Kontserbatorioko ikasleekin Udal Musika Bandak artero egiten duen kontzertua aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto

Eguna. Astelehena, otsailak 5

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:06

Gaur goizean ezagutu ditu Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren Kontseiluak energia elektrikoa oraingoez bestelako formulen bidez erostearen bideragarritasuna (ingurumen, gizarte, ekonomia eta lege ikuspuntuetatik) aztertzeko lanaren emaitzak (http://www.vitoria-gasteiz.org/docs/wb021/contenidosEstaticos/adjuntos/es/77/16/77716.pdf) Zehazki, Energiaren Agentziaren bidez, elektrizitatearen merkatuan energia zuzenean erosteko eta udalaren energia-merkaturatzaile bat sortzeko aukerak aztertu dira azken hilabeteetan. Energia Gara/Som Energia enpresak landu du Udal Gobernuak Ahal Dugu taldearekin sinatutako akordio baten ondorioz agindutako azterlana, 6.929 euroan (BEZik gabe), eta aukera bakoitzaren abantailak eta desabantailak aztertu ditu.

“Udala energia-eredu ezberdin baterantz jotzeko hausnarketa eta lan prozesu batean ari da. Horrenbestez, garrantzitsua da azterlan hori epe ertainerako estrategia baten barruan sartzea, 2020tik 2030era bitartean gauzatu daitekeen trantsizio energetikorako plan posible batean pentsatuz, Klima Aldaketaren kontra Borrokatzeko oraingo Planaren indarraldia bukatutakoan klima aldaketaren politikari dagokionez ezarri beharreko helburu berriekin bat. Bilakaera horren helburua aurrezpena, eraginkortasuna eta energia berriztagarrien ezarpena izango da, baita Udalak zein herritarrek ingurumen balioak bereganatzea ere, eta ekintza zehatzak eta ongi koordinatuak jaso beharko ditu. Orain badugu informazio gehiago ematen digun dokumentu berri bat Udalean —esparru teknikoan, politikoan eta sozialean— eztabaida pizteko, eta hori lagungarria izango da erabaki onena hartzeko”, adierazi du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi eta IGIko lehendakari Iñaki Prusillak. “Urtean 18 milioi eurotik gorako gastua dugu energian, eta murriztu egin behar dugu”, gogorarazi du.

Gaur ezagutarazi den azterlanak positibotzat jotzen du Udalak azken urteetan egin duen lana, energiaren alorrean hainbat estrategia garatu baitira (mugikortasun eta garraioarekin lotutako planak, argiteria publikoarekin lotutakoak, orain egiten ari den energiari buruzko diagnostikoa…), baita klima aldaketaren prebentziorako ere. Era berean, trantsizio energetikorako estrategian eman beharreko hurrengo pausoei buruzko zalantzak argitzen ditu.

Udalak sistema elektrikoan  parte hartzeari dagokionez, dela energia-merkaturatzailea sortuz dela zuzenean erosiz, azterlanean ondorioztatzen da jarduera-ildo bideragarriak direla, baina badutela arriskurik: merkatuaren portaeraren mende egotea (merkatu aldakorra baita, baita legedia ere) eta lehenengo urteetako kostu handiak. Erosketa aurreikuspenak ere arriskua ekar lezake, kontsumitzaileen eskaeran bat-bateko aldaketarik balego handitu egingo bailitzateke energia elektrikoaren eskuratze-kostua, eta ondorioz, desbideratze handiagoak sortuko.

Gainera, Udalak langile gehiago beharko lituzke jarduera horiek eraginkortasunez burutzeko. Txostenaren arabera, bost urteko epean lortutako aurrezpena mugatua litzateke. Kalkuluen arabera, udal merkaturatzaile baten kasuan, fakturaren % 1,6 aurreztuko litzateke gehienez, eta Udalak merkatuan zuzenean erosiko balu, % 2,7, hasierako epe horretan udal beharrak asetzeko faktura elektriko osoa 8.797.354 eurokoa izango dela jota.

Aukera ezberdinek etorkizunean izan dezaketen jarraipena ere deskribatzen du txostenak. Guztiaren gainetik, aintzat hartzen du hirian energia berriztagarriak garatzeko estrategiarekin jarraitzea, mugikortasun publiko iraunkorra (garraio publikoaren elektrifikazioa eta beste) sustatuz, baita pobrezia energetikoaren kontrako borrokan izan daitezkeen aukerak aztertzea.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:02

 

Gainera, sarearen jarraipen-batzordeko kide izaten segituko du, beste 9 hirirekin batera; Sevillak koordinatuko du batzordea 2018-2020 aldian

Gasteizek beste bi urte segituko du Estatuko Hiri Hezitzaileen Sarearen jarraipen-batzordean, zeina Sevillak koordinatuko baitu 2018-2020 aldian. Horretaz gain, aldez aurretik aurkeztutako lana dela medio, “Eskola segregazioa eta hiri hezitzailea” gaiaren inguruko sarea koordinatuko du gure hiriak. 

Halaxe erabaki du RECEren batzar nagusiak Lleidan egindako XIII. topaketan; orobat, Sevillarekin batera batzordean izango diren beste hamar kideak hautatu dira, Gasteiz horien artean.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto izan da buru ordezkaritzan. Hark nabarmendu duenez, topaketak balio izan du “batetik, beste hiri batzuetan zer egiten duten ikasteko, beraz, alde horretatik aberasgarria izan da; bestetik, gure Hezkuntza Zerbitzuak egiten duen lana kanpotik izugarri balioesten dela konturatzeko, Espainiako udalerri guztientzat erreferentzia baita“. 

Datozen bi urteetarako lan-esparruan onetsi diren bost gaikako sareetako bat ere koordinatuko du Gasteizek: “Eskola segregazioa eta hiri hezitzailea”. 

Cantok nabarmendu duenez, Gasteiz “segregazioaren kontrako borrokan inplikatuta dago, eta hori ez da bakarrik hirian ezagutzen den zerbait, agintaldi honetan egin dugun lanagatik, RECE osoak aitortzen duen zerbait baizik”. “Ildo horretatik —erantsi du—, desberdintasunak nola murriztu aztertzeko egin dugun programagatik zein atzo aurkeztutako konpentsaziorako plan pilotuagatik, RECEk gaiari buruzko sarea garatu dezagun nahi du, eta hori pozik egoteko modukoa da, eta bide beretik jarraitzeko akuilua”.

Lehenengo eta behin, koordinatzen diren udalerrien artean segregazioa zer den definituko dute, eta ondoren, arazoari nola heldu dakiokeen aztertuko dute, lana 2020an aurkezteko.

Beste sareak eta koordinatzaileak hauek izango dira: “hiri hezitzailea eta turismo arduratsua” (Bartzelona); “balio hiria, hiri hezitzailea” (Bilbo), “hiri adiskidetsuak tratu onetan hezten” (Avilés) eta “garapen iraunkorreko helburuak haurren inplikazioarekin” (Lleida).

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:36

Aste honetan, 83 funtzionario destino berriez jabetu dira

 Urtarrilaren 30ean, 15 suhiltzaile-lanpostu eta 5 inspektoreorde-lanpostu betetzeko LEParen oinarriak sinatu ziren

 Funtzio Publikoaren Saila udaltzainen promozio berria (23 leku) egiteko deialdia azkentzen ari da

 A eta B taldeetako 159 leku betetzeko LEP orokorra orain sindikatuekin negoziatu behar da, eta hautatze-probak 2018ko irailetik aurrera egingo dira

 2018aren amaieran  C, D eta E taldeetarako LEPa deitzea aurreikusi da, 250 lanpostu inguru betetzeko

 Gorka Urtaran alkateak Udalaren 2017-2019ko Enplegu Planaren barruko ekintza berriak iragarri ditu; planak hautaketa-prozesuetarako elkarren ondoko deialdiak egitea aurreikusten du, udal langileriaren aldibatekotasun-tasa murrizteko xedez.

Joan den uztailean, Funtzio Publikoaren Sailak hitz eman zuen Negozioazio Mahaian 3 urteko epean elkarren ondoko hornikuntza-prozesuak (karrera administratiboa) eta lan-eskaintza publikoak egingo zituela, enplegu publikoaren aldibatekotasuna % 37tik % 10era murrizteko helburu zehatzarekin.

Orobat, egiturazko beharretara erantzuten dieten programako kontratuak Lanpostuen Zerrendan sendotzeko legezko aukera aztertzeko konpromisoa hartu zuen Urtaranen gobernuak.

2017-2019 Enplegu Plana garatzeko berriki burutu diren ekintzen artean hauek nabarmendu ditu alkateak:

Batetik, atzo, otsailak 1, 2017. urtearen bukaeran amaitutako hornikuntzan plaza jabetzan lortu zuten A eta B taldeetako 83 funtzionario destino berriez jabetu ziren. Lanpostu hornikuntza horrek hainbat administrazio zerbitzuren burutzei eragin die, eta hemendik aurrera lanpostua jabetzan duten karrerako funtzionarioek beteko dituzte horiek.

Bestetik, Funtzio Publikoaren Arloko zinegotzi ordezkariak Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuan 15 suhiltzaile lanpostu  (3 lanpostuk 2. HE dute, eta derrigortasun-data igaroa) eta 5 inspektoreorde-lanpostu  (2 lanpostuk 3. HE dute, eta derrigortasun-data igaroa) betetzeko lan-eskaintza publikoren deialdiaren oinarriak sinatu zituen urtarrilaren 30ean.

Suhiltzaileentzako hautatze-probak 2018ko irailean eta urrian egingo dira ziur aski. Inspektoreordeentzako probak, aldiz, uda aurretik egitea aurreikusi da.

Funtzio Publikoaren Mahaian negoziatu dira bi deialdi horien oinarriak.

Udalaren Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzurako suhiltzaile promozio berria hautatzea da deialdiaren helburua.

Lanbidean jarduteko prestakuntza eskakizunak eta gaitasun fisikoa batu dira, zerbitzu publikora argiki bideratutako profil pertsonal baten bila.  Proba fisikoetan eskakizunak ezberdinak izango dira gizon eta emakumeentzat, azken horientzat bazterkeria faktore bihurtu ez daitezen.

Gorka Urtaranek iragarri du, halaber, Funtzio Publikoaren Saila aurrekontuko izapideak egiten hasi dela Udaltzaingoaren Lanpostuen Zerrenda handitu eta oinarrizko eskalan 15 agente-lanpostu berri sortzeko.

Ondoren, udaltzainen promozio berria egiteko deialdia onetsiko da, 23 leku betetzeko (orain hutsik dauden 8 lanpostu eta 15 lanpostu berriak).

Azkenik, C, D eta E taldeetan (administrazioko eta lanbideetako langileak…) hornikuntza-prozesua deitzeko aurretiazko lanek aurrera jarraitzen dute, 2018ko lehen seihilekoan egitea baita asmoa. C, D eta E taldeetako karrerako funtzionarioek karrera administratiboa garatu eta lanpostu hobeak lortu ahal izatea da hornikuntzaren helburua.

Urte honen amaieran C, D eta E taldeetarako LEPa deitzea aurreikusi da, 250 lanpostu inguru betetzeko.

Amaitzeko, Gorka Urtaranek azaldu du Funtzio Publikoaren Sailak dagoeneko prest duela A eta B taldeentzako LEParen oinarrien zirriborroa, eta datozen asteetan sindikatuetako ordezkariekin negoziatu beharko dela.

A eta B taldeetako 159 leku betetzeko LEP horren hautatze-probak 2018ko irailetik aurrera egingo dira.

 

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:32

Hipertentsio Arterialaren Euskal Elkartea urteroko hogeigarren bilera egiten ari da Europa biltzar jauregian, Julen Ocharan Corcuera lehendakari dela; hizlariak eta medikuntzaren profesionalak hipertentsio arterialaren prebentzioa eta tratamendua aztertzen ari dira bertan.

Lehen alkateorde Peio López de Munainek inaugurazio ofizialean parte hartu du, eta medikuntzaren profesionalen zeregina nabarmendu du, baita “Gasteizek bertako bizilagunen osasunarekin duen konpromisoa” ere, ” ohitura osasungarriak hartzeko komenigarritasunaz kontzientziatzen saiatzen baikara”.

López de Munainek azaldu duenez,  “Udaletik bereziki haur eta nerabeei eta adinekoei zuzendutako kanpainak garatzen ditugu. Hain zuzen ere, urtero 1.700 ikasle inguruk ongi gosaltzen ikasten dute gure osasun programei esker. Orobat, herritarren artean jarduera fisikoa sustatzen dugu, 0 urtetik 99 urtera. Eta adinekoentzako 8 osasun-parke ditugu, jarduera fisiko gidatua eta beste egiterik izan dezaten. Horrekin esan nahi  dut ezen, osasun arloko profesionalen inplikazioaz gain, gizarte osoaren inplikazioa behar dela, eta geu horretan saiatzen garela erakunde gisa”.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:26

Errota kalea eta ingurua eraberritzeko lanak, ‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ programan sartutakoak, datorren astean hasiko dira, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak aurreikusitako plangintzari jarraituz. Eguraldiaren arabera, baliteke aurreikuspena aldatzea. Urtaranen gobernuak sustatu du Adurtza auzoko Errota kalea eraberritzea, Heraclio Fournier kaletik Zumakadi ibilbideraino. Bereziki, aparkaleku gisa erabiltzen den espazioa, elizaren eta ikastetxearen artean. Orizon Constructora eta Lazaro Conextran enpresek eratutako aldi baterako enpresa-elkarteari esleitu zitzizkion obrak, 350.000,73 euroan, eta bost hilabeteko epea dute gauzatzeko. “Berdeguneak eta bizilagunentzako eta inguruko ekipamenduen erabiltzaileentzako nahiz Los Molinos egoitzako pertsonentzako elkarbizitza-, topaketa- eta aisialdi-leku berriak sortzeko aukera emango dute obrek“, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinatutako lanek ingurua oinezkoentzat erosoagoa izatea eta landaredia duten espazioak gehitzea dute helburutzat, Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren ildotik. Lehenengo, aparkalekua mugatzen duen horma eta aparkalekuaren eta barneko plazatxoaren artean dauden hiru estalpeak eraitsiko dira. Espazio horretan zuhaitzak dituen berdegune bat jarriko da, eta arrapala bat eta eskailera batzuk egitea aurreikusi da, plazatxoaren eta aparkalekuaren artean dagoen kota-aldea gainditu eta irisgarritasuna erraztearren. Beste muturrean, elizaren ondoan, inguruko horma kenduko da, espaloiak handitu ahal izateko, eta oinezkoentzako plazatxo berria sortuko da, kanpoaldeko espaloiaren eta elizaren kota berean. Hartara ez da arrapalarik edo eskailerarik beharko.

Era berean, parterreak eta txorkoak egingo dira plazatxoko zenbait lekutan (ikastetxearen fatxadaren ondoan, elizaren aurreko plazatxo berria zedarritzeko…), ingurua atseginagoa izan dadin. Parterreen ondoan eserleku jarraitua jartzea proiektatu da.  Argiteria ere hobetuko da, eta espaloiak, aparkalekua eta galtzada zolatuko. Bestetik, Txalaparta eta Errota kalearen artean zuzeneko lotura sortuko da, oinezkoentzako bide baten bitartez.

San Martinen AMVISAren sarea nerritzeko lanak, bukatzear

Gorka Urtaran alkateak gaur goizean azaldu duenez, datozen egunetan bukatuko dira San Martin auzoan ur-hornikuntzarako sistema berritzeko obrak. “Azken ukitu batzuk geratzen dira. Egun hauetan, enpresa kontratistetako langileak hesiak kentzen, zuloak estaltzen eta lauzak jartzen ari dira. Zati batzuk berriro asfaltatuko dira, halaber. Eguraldiak aginduko du, baina lanak datorren astean amaitzea aurreikusi da”, azaldu du Gasteizko alkateak. AMVISAk zuntz-zementuzko 10.000 metro hodi —80 eta 400 milimetro arteko diametrokoak— berritu ditu San Martinen. Orotara, 1,7 milioi euro inbertitu dira.

Bestetik, Gorka Urtaranek gogorarazi du aurrera jarraitzen dutela San Ignazio Loiolakoaren kaleko eta Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaleko lanek, baita Lakuabizkarreko hiri-baratzeetan eta Konstituzio plazan ere. Orobat, esku hartzen ari da Honduras kalean bizikleten trafikoa erregulatzeko, Lakua 03ko futbol-zelaian zein Araneko siloko parkingean. Azken hilabeteetan, berriz, Espazio Publikoaren arloko hainbat inbertsio amaitu dira: Laudio plazakoa, San Anton ingurukoa, Zabalganeko txakurrentzako parkea, eta Bastida eta Labraza kaleetako oholtzen ordez asfalto urtua jartzea, besteak beste.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:21

Udalak HAPOaren xedapen-aldaketa bat idatziko du, horrelako erabilerak hiriko eraikinetan zein baldintzatan jarri ahalko diren zehazteko

Gaur goizean, udal gobernuak atea ireki du Hirigintza Sailak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren xedapen-aldaketa bat idatz dezan, turismo erabilerarako etxebizitzak eta logeletako ostatua berariaz arautzeko xedez, horrelakoak Gasteizen zein baldintzatan jarri ahalko diren zehazteko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Turismoaren Legeak arautzen ditu turismo erabilerarako etxebizitzak eta etxebizitza partikularretako erabilera turistikorako logeletako ostatua, baina udalei dagokie lurzoruaren eta eraikinen erabilera arautzea. Horrekin lotuta, Gasteizko Udalak bat egin zuen Eusko Jaurlaritzak sustatutako protokoloarekin, Donostiako eta Bilboko udalek eta Eudel Euskadiko udalen sareak bezala.

Geroztik, Hirigintza Saila eta Biltzar eta Turismo Zerbitzua elkarrekin aritu dira lanean fenomeno hori Gasteizko hirigintza-plangintzan —orain berrikusten ari baita—nola txertatu daitekeen aztertzeko, hainbat aldagai kontuan hartuz: auzokideen ongizatea bermatzea, kontsumitzaileak berak babestea, eta enpresen lehiakortasunaren bermatzea.

Gaur  egun, 2003ko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak arautzen du arloa oro har; bertan, ez dira berariaz aurreikusten erabilera turistikorako etxebizitzak, eta etxebizitza partikularretako erabilera turistikorako logeletako ostatua, aldiz, baldintza jakin batzuetan baimentzen da.

Hori dela kausa, eta fenomeno horren arautzeari ahalik eta segurtasun juridiko handiena eman behar zaiola iritzita, udal gobernuak beharrezkotzat eta egokitzat jotzen du Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren xedapen-aldaketa bat landu, izapidetu eta onestea, erabilera turistikorako etxebizitzak berariaz mugatu eta arautuko dituena, bi modalitateetan: etxebizitza osoa eta logeletako ostatatze turistikoa.

Hurrengo urratsa aldakuntza idaztea izango da, zeina batzordean eta Udalbatzan eztabaidatu eta onetsi beharko baita; talde politikoek zein partaidetza-prozesuan eta jendaurreko erakustaldian egiten diren proposamenak ere jaso litzake, onartuz gero.

Gobernuaren proposamenak, oraindik zehaztu gabeak, zenbait aukera hartuko ditu kontuan:

  1. Hiria zonatan banatzea, eta erabilera horrek zein alderditan izango duen tratamendu bereizia zehaztea.
  2. Bizitegi-eraikinetan erabilera turistikorako etxebizitzen eta etxebizitza partikularretan erabilera turistikorako logelen gehieneko kopurua mugatzea.
  3. Bizitegi-eraikinetan erabilera turistikorako etxebizitzak eta etxebizitza partikularretan erabilera turistikorako logelak kokatzeko baldintza hau ezartzea: bizitegi-erabilera duten etxebizitzekin komunikazio-gunea partekatzen dutenean, solairu bakarrean —bizitegi-erabilera dutenetako baxuenean— jartzea.
  4. Erabilera turistikorako etxebizitzak eta/edo etxebizitza partikularretako erabilera turistikorako logelak bizitegi-erabilerarekin parekatzea.
  5. Apartamentu turistikoen edo antzekoen debekua kentzea, eta horiek baimentzea, turismo-ostaturako gainerako establezimenduen baldintza beretan: eraikin baten barruan badaude, komunikazio bertikal independenteak izan behar dituzte, edo eraikin osoak hartu; kasu batean zein bestean, ez da ostatu-unitaterik onartuko beheko solairuan, bakarrik harrera-lekua eta zerbitzu komunak jarri baitaitezke.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:17

2005ean sortu zen funtsa, garapen bidean dauden herrialdeetan gerta daitezkeen giza larrialdiei azkar erantzuteko

 Larrialdietarako Arabako Funtsari 120.000 euro ematea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak. Bitarteko hori 2005ean sortu zen, garatzen ari diren herrialdeetako larrialdi egoeretan laguntzeko; hartara, laguntza ekonomiko azkarra eman ahal zaie, unean-unean, gertatutako larrialdi zehatzean esku hartzeko gaitasuna frogatua duten erakundeei. Gainera AMVISA-k 50.000 euro emango ditu.

Udalak, Aldundiak eta Amvisa sozietateak osatzen dute funtsa. Azkenaldian horren bitartez egindako jardueren artean hauek dira nabarmengarrienak: Bangladeshera ihes egin behar izan duten rohingya etniako pertsonei laguntzea, zeinek jazarpenak, indarkeria eta hainbat eratako bereizkeria jasaten baitituzte;  Kongoko Errepublika Demokratikoan muturreko segurtasun gabezia egoeran zegoen komunitate bati sostengua ematea; Kolonbian uholdeek kaltetutako indigena komunitateei laguntzea, eta Hego Sudango bi eskualdetan jasandako goseteari, osasun krisiari eta adingabe zein emakumeen segurtasun ezari aurre egitea.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:58

 

 

 

 

 

 

Mikel Arranz, Sarai López, Leire Rojano,  Nuria Pérez-Cárcamo, Maiela Zurutuza, Yurena Carrero  eta Mikel Romero bere proiektuak garatu ziren lantegi irekietan

Gazte Arte Vitoria-Gasteizko Udalaren Gazteria Zerbitzuak sustatutako  lehiaketa da. 14 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzendutako arte bisualen lehiaketa/lantegia/erakusketa da. Parte hartzeko edozein formatu erabil daiteke: pintura, eskultura, instalazioak, performanceak, happeningak, esku hartzeak, hiri artea, teknika mistoak, bideo-instalazioak edo komikiak. Hau da, objektu artearen edo materiarik gabeko artearen ekoizpena eta erakusketa izan daiteke, gai librekoa eta sorkuntza gune berritzailea sustatzea helburu duena.

 

 

 

 

 

 

Proposamena hiru fasetan egin da: lehiaketa bera, tutoretzapeko sorkuntza eta erakusketa.

Lehiaketa fasea. Lehiaketaren bigarren edizioak oso emaitza pozgarria izan du; izan ere, 46 gaztek hartu dute parte. Sarituak Mikel Arranz, Sarai Lópezek eta Leire Rojanok osatutako taldea, Nuria Pérez-Carcamo eta Maiela Zurutuza izan dira. Aurtengo edizioan bi accesitek ere parte hartu dute lantegietan: Yurena Carrero eta Mikel Romero. 

Sorkuntza fasea, tutoretzapean. Salim Mallak eta Eloísa Montoyak komisario lana egin zuten abenduaren 22tik eta 30era arte Montehermoso Kulturuneko Ur Biltegian garatu ziren lantegi irekietan. Denbora horretan gure artista gazteek bere proiektuak egin zituzten obra fisiko bihurtzeko. Hori izango da erakusketaren oinarria. 

Erakusketa fasea. Orain, egindako lanekin erakusketa bat aurkeztuko dugu Montehermoso Kulturuneko Jovellanos aretoan. Erakusketa hau izango da proiektuaren bukaera eta baliagarri izango da prozesu osoari balioa emateko, bai arduradunei, bai laguntzaileei, eta bereziki, parte hartzaileei. 

Mikel Arranzek Ustekabeko Batuketak izeneko proposamena aurkeztuko digu. Proposamena horrek batuketa aleatorio bat dauka oinarrian. Lantegietara hurbildu ziren pertsonak proposatuko hitzak izan ziren abiapuntu: ate irekien jardunaldietan zehar sartzen zituzten objektuei, izaki bizidunen atalei eta testuinguruari buruzko hitzak, paperetan idatzita, kutxa banatan; Mikelek kutxa bakoitzeko paper bat hartzen zuen ausaz, eta berez ustekabekoa zen lana sortzen zen. 

Sarai Lópezek eta Leire Rojanok osatutako taldeak Monotipoa Gatazka Mugak Kolektiboa Zoria Lankidetza proiektua aurkeztuko du. Beste grabatuaren teknikak ez bezala, serieko ekoizpena lortzen dutenak, monotipia plantxa bakoitzeko inpresio bakarra lortzean datza, hau da, bakarrik eskuratzen da estanpazio bat orrian. Lan honek lankidetzan egindako prozesuaren adierazgarria da, helburu bera daukaten bi buruk: taldeak egindako monotipoa. Monotipo horretan biak elkartzen dira elkarrizketa piktoriko bat sortzeko.

Nuria Pérez-Cárcamok ikus-entzunezko proiektua aurkeztuko du, merkataritza sistema gaiztoan eta korapilatsuan esplotatu ahal izateko emakumea eta ingurune naturala objektu bihurtuaren inguruko instalazio itxura duena. Papaver proiektuak Papaver Somniferum landareari egiten dio erreferentzia, mitxoletari (lo-belarrari), hain zuzen. Opioa eta horren eratorriak ekoizteko, hau da, gizakiek bizi iturri naturala maneiatu eta gero mozkina eta boterea lortzeko tresna bihurtuko dute mitxoleta.

 

 

 

 

 

 

 

Komorebi hitza japonieratik dator eta zuhaitzen hostoak zeharkatzen dituen eguzki argiari egiten dio erreferentzia eta proiektuari ematen dio titulua: izadiak eskaintzen dituen une iragankorren gozamena. Ekialdeko eta mendebaldeko kultura ere elkartzen dira, mendebaldeko kaligrafia eta ekialdeko olerkariak egindako olerkiak erabiliz, baina beti ekialdeko filosofiari eta estetikari begirunea erakutsiz.

Aurtengo edizioan 2 accesitek parte hartu dute lantegietan eta erakusketan ere bere lana ikusteko aukera izango dugu:

Yurena Carrero  Introspezioa performancearekin, horretan dantzatzen zuen eta, era berean bere gorputza erabiliz margotzen zuen ur biltegiko lurrean bertan kokatuta zegoen mihise erraldoi baten gainean.

Eta, azkenik, Mikel Romero, XXI. mendeko anaglifoak izena duen proiektuarekin, Hainbat filtroz eginiko bi argazki bata besteraren gainean ezarritako irudiak dira anaglifoak. Kristal gorria eta urdina dauzkaten betaurreko bereziak erabili behar ditu ikusleak. Teknika hori XIX. mendearen amaneran eta XX. mendearen hasieran erabilzen zuten eta Mikelek ezagutarazi zigun, lantegietara hurbildu ziren pertsonei anaglifoak egin zizkien.

Inaugurazioa gaur arratsaldean, 19:00etan, izango da.

Share