Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  22 otsaila 2018 17:00

‘Hiretu Hiria’ gazte gala

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran, eta Udalbatzako ordezkariak

Eguna. Ostirala, otsailak 23

Ordua. 17:30

Lugar. Goiuri jauregia, Martín de Salinas aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:49

Orobat, Lakua-Arriagako edateko uren sarea eta saneamendu sarea berrituko ditu udalaren ur-enpresak  

AMVISAk 30.000 metro kubikoko biltegi berria eraikiko du Arakako araztegian. Kontseiluak gaur onetsi du obrak egiteko kontraturako lehiaketa deitzea, bost milioi euroko aurrekontuarekin. Inguru hartan geratzen den azken biltegi zaharra ordeztea da helburua, 35 urtetik gora baitu.  Joan den urrian aurkeztu zen agintaldi honetan eraikitako biltegietako lehena.

Duela urtebetera arte, Gasteizek urez hornitzeko hiru biltegi zituen Arakan; horietako bik 35 urtetik gora zuten, eta hirugarrenak, 9 urte —azken hori ere sendotu egin da, gaur aurkeztu dena ordezten zen bitartean  funtzionamendu egokia bermatzeko—. Biltegi zaharren egoera txarra eta Iruñean antzeko ezaugarriak zituen biltegi baten zati bat hautsi egin zela kontuan izanik, biltegi zaharrak eraistea eta berriak eraikitzea erabaki zuen AMVISAk. Biltegi berriek 30.000 metro kubikoko edukiera dute; 30 metro garai dira, eta barrualdeko diametroa 60 metrokoa da. Bost milioi euroko inbertsioarekin, halaber, AMVISAk matxurak konpontzeko behar dituen piezak eta hodiak gordetzeko biltegi bat egingo da, eta balbula-gela berria. Amaitzeko, inguru osoa urbanizatuko da, irisgarritasuna eta zoladura hobetuko, eta berdeguneak sortuko dira.

 

Bi milioi hornidura eta saneamenduko hodiak aldatzeko

Era berean, Lakua-Arriagako edateko uren sarea eta saneamendu sarea berrituko  ditu AMVISAk, baita Abetxuku hornitzeko hodia ere. Orotara, 2.088.451,36 euro (BEZik gabe) balioko du esku-hartzeak. Udalaren ur-enpresaren Kontseiluak Balgorza eta Arana enpresen aldi baterako elkarteari esleitu dio obraren kontratua.

Zehazki, Forondako atean, Arriagako atean eta Arriagako parkean egingo dira lanak. Martxoan hastea aurreikusi da, eta orotara hornidura sareko 6.500 metro hodi eta saneamenduko 1.500 metro aldatuko dira. Azken urteetan bezala, fibrozementuzko hodien ordez material hobeak jartzeko politikari jarraituko zaio. “Esku-hartzeen helburua da zerbitzuak zuzen funtzionatzea eta leherketak edo ihesak eragoztea, horrelakoek eragin handia baitute herritarrengan, ur-etenak eta kalte materialak sortzen dituztelako. Arakako biltegiei dagokienez, aurretiaz esku hartzea funtsezkoa da azpiegiturak egoera onean egotea bermatzeko”, azaldu du AMVISAko lehendakari Jaione Aguirrek.

 

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:47

Erakundeek eta alderdi politikoek Fernando Buesa sozialista eta Jorge Díez ertzaina gogoratu dituzte gaur goizean, ETAk hil zitueneko 18. urteurrenean.

Fernando Buesa fundazioak antolatu du ohiko lore-eskaintza, Elurreta gelategiaren ondoko monolitoan, leku hartan leherrarazi baitzuen ETAk bonba-autoa.

Hauek izan dira ekitaldian Fernando Buesa eta Jorge Díezen familiekin batera: udal ordezkariak, Gorka Urtaran alkatea eta Peio López de Munain alkateordea buru zirela; udaleko eta probintziako talde politiko orotako kideak; Iñigo Urkullu lehendakaria; Javier de Andrés gobernuaren Euskadiko ordezkaria; Ramiro González Arabako diputatu nagusia, eta beste.

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:14

36 ekintza (804 leku), 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzat eskaintzen ditu Udalak 

2017an 1.409 gaztek parte hartu zuten programa honetan 

Gazteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak udaberria eta udako Xtraclub –programazioa martxan jarri du, eskaintza anitza eta aberatsa eskainiz: aisialdi-, kultura-, abentura- eta kirol-ekintzak.

Xtraclub programak badaramatza 11 urte gazteen arteko harremanetarako eta elkar ezagutzarako espazio hezigarria sortzen. Eta gazteek asteburuetan eskaintzen den aisialdirako aukera hori oso ondo baloratzen dute. Izan ere, 2017an 1.409 gaztek parte hartu zuten, 2016an baino %10 gehiago.

Gazteek euren gogo eta nahien arabera ekintzak aukera ditzakete. Horrela, egun bateko ekintza puntualetan eman dezakete izena, edo bestela, sakontzeko aukera ematen duten diziplinak gara ditzakete.

Udaberri-udako denboraldi honetarako programatu diren ekintzen artean aipa ditzakegu hain arrakastatsuak diren Hiriko dantza eta kantu lantegiak, non lantzen eta sakontzen diren eszenatoki batera beldur barik igotzeko beharrezkoak diren kantu- eta dantza- teknikak eta ahalmenak. Gainera, kurtsoak amaitzerakoan, egindako lanaren emaitza jendaurrean erakutsiko da: maiatzaren 13an, Aldabe gizarte etxearen antzokian.

Gainera, badaude Kirola eta abentura uztartzen dituzten ekintzak, esaterako, Eskalada eta rapela, Zirkuitua zuhaitzen artean (Olaetan), Euskal kostatik Zeharkaldia , Surf hastapenak (Somon – Kantabrian), Raftinga (Ebro garaiko ur lasterretan), Sellaren jaitsiera piraguaz (Llanesen), eta aurtengo nobedadea: Salting (Iruñan)”, non saltoak eta itzulipurdiak praktikatzeko 56 ohe elastiko horizontalak eta bertikalak egongo diren.

Xtraclub programak Hiriko irteerak ere eskaintzen ditu: Hiriko termetara (Atlas zentroa), Izotz pistara (BAKH), eta Lakuako karting-era. Baita txangoak izango dira oraingoan ere. Esaterako, hiru egunetako bidaia Bartzelona ezagutzeko: Bartzelona gotikoa, Sitges-eko modernismoa, eta Vilanova i la Geltru-ko hondartza.

Gizarte etxeetan ere ez dira ekintzak faltako. Adi egon! Esaterako: Ur-dantzak, Sukaldaritza-lantegi gazteak, eskulanak, Gizarte-sareak (Instagram, You Tube), eta argazkigintza lantegia.

 

Kanpaldiak

Eta apiriletik aurrera, aipatu gabe ezin utzi udan, Cuniten (Tarragona) antolatuko diren kanpaldiak: emozioak, kirola, kultura eta dibertsioa bermatuta. Kanpaldien inguruko informazio zehatza apirilean, udaletxeko web orrian argitaratuko da (Xtraclub edo 2018ko Opor Programan).

Programazioaren inguruko informazioa guztia hemen: www.vitoria-gasteiz.org/xtraclub

Izena emateko tokiak eta informazioa: Gazte Argibideetarako Udal Bulegoa, gizarte etxeetan, herritarrei laguntzeko bulegoetan, 010 telefonoan, eta udalaren web gunean. Ezinbestekoa da: Herritarren Udal Txartela (HUT) indarrean izatea ( GAUBen edo gizarte etxeetan dohainik lor daiteke).

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:51

“Burmuin hobeak eraikitzen: neurozientzia ikasgai gurasoentzat” izenburua duen hitzaldia emango du Europa jauregian; topaketak 16:00etatik 19:00etara iraungo du.

 

 

Programa

Larunbatean,  16:00etatik 19:00etara, Guraso Eskolen XXII. Topaketa egingo da Europa jauregian, Hezkuntza Zerbitzuak antolaturik. Álvaro Bilbao neuropsikologoa izango da hizlari nagusia, “Burmuin hobeak eraikitzen: neurozientzia ikasgai gurasoentzat” gaitzat hartuta.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok eta jardunaldiaren moderatzaile eta eskoletako bateko guraso Juan José Casadok aurkeztu dute gaur, prentsaurrekoan.

Hezkuntza Zerbitzuak eta eskolen batzordeak sustatzen dute Gasteizko eta Arabako Guraso Eskolen Topaketa. Gurasoen eskolek urtero antolatzen dute elkarrekin horrelako prestakuntza saio komun bat, eta lan-talde horien barruan ez egon arren aztertzen diren gaietan interesa izan dezaketen beste guraso batzuei ere parte hartzeko aukera ematen diete.

Zerbitzuak eskaintzen duen urteko programaren amaiera dira topaketak. Ikastetxeetan eta haur-eskoletan seme-alabak matrikulatuta dituzten gurasoei zuzendutako programa da, familiak hezkuntzaren alorrean gaitu eta prestatzearren, helburu hauekin: seme-alaben heziketarekin zerikusia duen orotan sentsibilizatzea, guraso gisa dituzten erantzukizunez kontzientzia handiagoa har dezaten sustatzea, seme-alabekiko harremanetan sortzen diren arazo ohikoenei aurrea hartzeko edo aurre egiteko baliabideak eta jarraibideak ematea, eta heziketaren arlo guztiekin lotutako erabakiak hartzen laguntzea.

Hezkuntza Zerbitzuak adituen doako asistentzia eskaintzen du, eskolak dinamizatu ditzaten, baina eskolek berek erabakitzen dute prestakuntza-prozesua, funtzionamendua, lan-prozesua, edukien egiturak, partaidetzaren sustapena, etab.

Gaur egun, 44 guraso eskolak hartzen dute parte programan (iaz baino lau gehiagok), eta orotara 654 pertsona dira (iaz baino 100 gehiago).

 

Álvaro Bilbao Bilbao

Álvaro Bilbao Bilbao da XXII. Topaketaren protagonista. Osasun-psikologian doktorea da, eta neuropsikologoa. Neurospsikologia ikasketak Johns Hopkins ospitalean (Baltimore) egin zituen, eta Munduko Osasun Erakundearekin egin du lan. Hainbat unibertsitatetan irakasle gonbidatua da, eta burmuinaren zaintzarekin eta hezkuntzarekin lotutako hitzaldiak ematen ditu. Aditu kliniko eta zabaltzaile moduan egin duen karrera profesionalari esker, hainbat sari irabazi du; El cerebro del niño explicado a los padres liburua idatzi du, halaber.

Hitzaldian, Álvaro Bilbaok seme-alaben garun-potentziala garatzeko neurozientziak familien eskura jartzen dituen ezaguerak azalduko ditu. “Guraso guztiek jakin badakite, eta ez dabiltza oker, burmuina susper daitekeen organoa dela. Inguru aberatsak burmuina hobeto garatzen lagun dezake, neurozientziaren arabera. Hala ere, baieztapen horrek hamaika zalantza sortzen du:  zer esan nahi du seme-alaben mundua aberasteak?  zenbat eskolaz kanpoko ekintza izan behar lituzkete?  zeintzuk dira interesgarrienak?  ba al dago bestelako aukerarik? zer egin dezakegu etxetik?

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:27

Gasteizko Industria Lurra (GILSA) sozietateak web-orri berria (www.gilsa.org) estreinatu du, non Gasteizen enpresa berriak ezartzeko lursailen eskaintzari buruzko informazio osoa aurki baitaiteke, eta beste argibide osagarri batzuk: gardentasun-ataria, industria lurrarekin lotutako araudiak eta GILSAk sustatzen dituen lehiaketak eta kontratuen berri.

Orobat, www.gilsa.org web-orrian industriarako lursail bat eskatzeko izapideak zein diren kontsultatu daiteke, ordaintzeko moduak, eraikitzeko baldintzak eta jarduera abiarazteko epeak. Jundizko enpresa parkea ere deskribatzen da, eta industrialdearen mapa interaktiboa eta garraio publikoari buruzko informazioa eskaintzen dira. Gardentasun-atarian, berriz, Gasteizko Industria Lurra SAren estatutuei, aurrekontuei eta kontuen kudeaketari buruzko informazioa ematen da. Euskadiko beste leku batzuetako lurren eskaintza ere eskura daiteke, eta industria sustapenaren arloko tokiko agenteen estekak.

“Joan den urtean abian jarri genuen Gasteizko Industriari Laguntzeko lehen Planak GILSAren aldeko apustua egiten du, balio handiko tresna izan baitaiteke inbertsioa sustatzeko eta gure industrialdeak erakargarriago bihurtzeko. Hori dela eta, web-orria progresiboki hobetu behar da, bertako industrialdeetan dagoeneko lan egiten duten enpresen eta gerora etorri nahi dutenen premietara egokituz”, azaldu du GILSAko lehendakari Nerea Melgosak.

Webgune berria osatzeko, GILSAk aurretik zuen web-orria eguneratu da, edukiak migratuz eta horiek Udalaren www.vitoria-gasteiz.org webgunearen nabigazio-eskemara egokituz, irisgarriagoa eta arinagoa baita, eta funtzio osagarriak baititu. Migrazio eta eguneratze horiek GILSAren web-orrian egitekoak diren aldaketen hasiera dira, dituen beharrizanak betetzen joateko.

GILSA sozietate publikoa da; Gasteizko Udalak % 57,13ko partaidetza du horretan, eta SPRILUR sozietateak, % 42,87.

+INFO: GILSAren web-orri berria

 

Share