Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak, Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  9 otsaila 2018 15:30

Ostirala, otsailak 9

  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto Indarra Kultur Elkartearen  ‘KIMUAK, inauzi eta berriak hazi’ Inauterietako ikuskizuna ikusten izango da 21:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan.

 

Larunbata, otsailak 10

  • Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa Euskadiko FIRST LEGO League ekitaldian izango da 11:00etan, eta sari banaketan 17:00etan, Europa Biltzar Jauregian.
  • Inauteriak direla eta, Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto Gasteizko Margolarien kalejira ikusten izango da 13:00etan, geltokiko plazan.
  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto Inauterietako konpartsen lehen desfilea ikusten izango da; 18:30ean aterako dira Legutioko Atea kaletik Floridako parkerantz.

 

 

Igandea, otsailak 11

  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto Inauterietako konpartsen bigarren desfilea ikusten izango da; 18:30ean aterako dira Legutioko Atea kaletik Floridako parkerantz.

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:45

 

 

Udazkenetik aurrera, TAOren erabiltzaileek ez dute parkimetroraino joan beharrik izango hiriko aparkaldi mugatuko lekuetan aparkatzeko txartela eskuratzera. Izan ere, TAO telefono mugikorrez ordaintzeko sistema bat jarriko du Udalak ordurako. Aplikazio baten bitartez ordaindu ahalko da dagokion tarifa, eta oraingo ordainketa metodoak ez dituen beste abantaila batzuk ere eskainiko ditu.

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onetsi du ordainketa sistema telematikoa ezartzeko lehiaketa, Herritarren Segurtasunaren Sailak azken hilabeteetan landu duen proiektuari jarraituz. “TAO modernizatu eta erabilera erraztu nahi genuen, erosoagoa eta eraginkorragoa bihurtu, bai erabiltzaileentzat bai udal-administrazioarentzat”, azaldu du arloko zinegotzi ordezkari Carlos Zapaterok.

 Telefono adimentsuaz ordaintzeko, nahikoa izango da dagokion doako aplikazioa deskargatzea Play Store eta App Store plataformetan —Android eta IOS sistementzat, hurrenez hurren—. Besteak beste, aukera hauek emango ditu aplikazioak: zerbitzuan alta eta baja eman, aparkatzeko denbora erosi, erositako epea luzatu, baimendutako denbora gainditzeagatiko salaketa baliogabetu, edo ordainketa-egiaztagiria lortu. Gainera, erabiltzaileari alerta bat bidaliko dio erositako denbora bukatzear dela ohartarazteko, baita salatu dutenean ere.

Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok aurreratu duenez, “erabilera erraza eta intuitiboa izango du. Gidariek aparkatzeko lekua aurkitzeaz baino ez dute kezkatu beharko, ez baitute parkimetrora joan beharrik ere, ez txartela ateratzeko, ez berritzeko, ezta salaketa baliogabetzeko ere. Bukatu dira gutun-azalak eta postontziak”.

 Espainiako hiri askotan ezarri da dagoeneko TAO telefono mugikorraren bidez ordaintzeko sistema. Gasteizen aparkaldi mugatua Udalak berak kudeatzen du, ez kanpoko enpresa batek, eta horrek sistema ezartzea zailtzen duenez horregatik ez da oraindik gauzatu.

Beste hiri batzuetan gidariek gainordain txiki bat ordaindu behar dute tarifaz gain, baina Gasteizen ez dute ordaindu beharrik izango aplikazioa erabiltzeagatik. Sistema berriak telefono mugikorrez eskaintzen dituen funtzio berak web-orri batean ere erabili ahalko dira.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:14

 

 

Telefono mugikorrentzako aplikazio bat baliatuko da bertara sartzeko eta lekuak gordetzeko.

Urtaranen gobernuak zuzendutako aparkalekuetarako plana hasi da lehen emaitzak lortzen, eta gutxitu egin da TUVISAk kudeatutako azpiegituretako leku libreen kopurua.

Europa jauregiko aparkalekua txostena

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean iragarri duenez, TUVISAk kudeatuko du Europa jauregiko aparkalekua. Dagoeneko obrak amaituta daude. Gasteizko Udalak 323.260 euroko inbertsioa egin du biltzar-jauregiaren sotoko aparkalekua egokitzeko, eta apirilean irekitzea aurreikusita dago. Garajeak 225 leku izango ditu, eta erreserbatutako bi esparru. Batek –3.181 metro koadro– erabilera pribatuko 129 aparkaleku pribatu izango ditu. Besteak –2.310 metro koadro– 96 leku izango ditu, eta hasiera batean biltzar jardueretako pertsonentzat izango dira (leku hauek ez dira txandakakoak izango). Horretaz gain, bizikletentzat gordetako eremua ere izango da.

Tokiko Gobernu Batzarrak Europa jauregiaren lurpeko aparkalekua TUVISAk kudeatzea onetsi du. Hurrengo pausua prezioak onestea izango da. Europako biltzar-jardueretan izena ematen dutenek aplikazio baten bidez gorde ahalko dute leku bat.

Urtaranen gobernuak joan den urtean ekin zion aparkalekuen plan bati, Gasteizko aparkaleku publikoak errentagarriagoak, modernoagoak eta erakargarriagoak izan daitezen, eta ingurumena gehiago errespetatu dezaten. Ekimen hau plan horren baitakoa da. Aparkalekuen plan integral honek  “TUVISAren aldaketa sakona sustatzeko asmoa izan du, eta udalaren garraio sozietatea mugikortasunerako agentzia integrala bihurtzea, aparkalekuak kudeatu eta garraio publiko ezberdinak (autobusetatik BEIra) antolatuko dituena eta gero eta protagonismo handiagoa izango duena Udalaren ildo estrategikoetan, esaterako, bizikleta edo oinezkoen mugikortasunean eta mugikortasun elektrikoan“, azaldu du alkateak.

Iragarri zen bezala, estrategia horren neurri nagusietako bat izango da TUVISAk udalaren aparkaleku guztiak kudeatzea, Santa Barbarakoa, autobus-geltokikoa eta Europa jauregikoa barne. Orain arte, hiri-garraioen enpresak Molinuevo, Zaldiaran, Artium, Iradier Arena eta Santa Barbarako azpiegiturak kudeatzen zituen. Aurrerantzean, Europakoa ere kudeatuko du TUVISAk.

Udal aparkalekuen plan berriaren helburua da azpiegitura horiek errentagarriagoak, modernoagoak eta erakargarriagoak bihurtzea. Hori lortzeko, Urtaranen gobernuak neurri zehatzak proposatu ditu, hiru jarduera-eremutan: azpiegiturak onik zaindu eta mantentzea, optimizatu eta berritzea, eta dinamizatu eta merkaturatzea.

Aparkatzeko lekuen merkaturatzeari eta dinamizazioari dagokienez, okupazio-ratioa handitzeko merkaturatze formula erakargarriak erabili dira. Prezio berriak joan den ekainean onetsi ziren. Hileko abonamenduak, eguneko alokairuak, alokairu berriak eta hainbat talderentzako deskontuak dituzten tarifak egongo dira. Alkateak gaur goizean emandako datuen arabera, neurri horiek izan dituzte emaitzak. Esaterako, 2017ko maiatzean Artiumeko aparkalekuan 145 leku libre zeuden. Urte amaieran, kopuru hori 124ra jaitsi da, eta hasi egin da  50 urterako lagapen-erregimeneko eta alokatutako plazen kopurua. Zaldiareneko aparkalekuan, 2017ko maiatzean 16 leku libre zeuden, urte amaieran, berriz, 9 bakarrik. Molinuevon, maiatzean 164 izatetik 157ra jaitsi dira urte amaieran leku libreak. Iradier Arenan ere nabarmena izan da bilakaera. 2017ko maiatzean 112 izatetik abenduan 80 izatera pasa dira.

Ontik zaindu eta mantentzeari dagokion jarduera-eremuan ere aurrerapen handiak izan dira azken hilabeteetan. TUVISAk ia 200.000 euroko inbertsioa –194.000 euro baino gehiagokoa– egin du 2017an hainbat ekimenetan. Diru horrekin honako lanak egin dira besteak beste: kudeaketa sistema zentralizatua ezarri da; Artiumeko aparkalekuan tele-kontrola edo kamerak hobetu, eta argiteria optimizatu da; Iradier Arenako aparkalekuan, tele-kontrol sistema ezarri, seinaleztapena hobetu, larrialdietarako argiak ordeztu eta ur zikinen biltzailea aldatu da; Molinuevoko aparkalekuan uholdeak prebenitzeko lanak egin dira; Santa Barbarako  aparkalekuan kudeaketa-sistema egokitu da.

Aparkalekuen planaren hirugarren ildoa berrikuntzei buruzko hobekuntzei dagokie. Horrekin lotuta, www.vitoria-gasteiz.org/TUVISA web orrian gune berezia sortu da, eta TUVISAk kudeatutako aparkalekuei buruzko berariazko informazio jasotzen da bertan.  Web orriko atal berri honetan udalaren garraio enpresak kudeatzen dituen aparkalekuen ezaugarriak, prezio bereziak, abonamenduak eta bestelako agiri baliagarriak aurki daitezke – formularioak, ohiko galderak, planoak, merkaturatzaileen eskaintzak, aparkalekuen irudiak…–.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:43

Datorren astean hasiko da gutunak bidaltzen oraindik diktadurako sinbologia duten atarietako jabeen erkidegoei

 Gorka Urtaran alkateak gaur iragarri duenez, Udalak dagoeneko abiatu du Gasteizen oraindik sinbolo horiek dituzten 149 eraikinetako xafla frankistak kentzeko programa. Datorren astean, Udalak gutunak bidaliko dizkie eragindako komunitateei xaflak doan kentzea eskaintzeko, udal aurrekontuaren kontura, hala eskatuz gero; enplegu-programa baten bidez egingo da lana.

2017ko urtarrilean, Gasteizko Udalak Memoria Historikoari buruzko mozio bat onetsi zuen, hirian dauden sinbolo frankistetan esku hartzeko, abenduaren 26ko Memoria Historikoaren Legearen 15. artikuluan gomendatutakoari jarraituz.

Eusko Jaurlaritzak 2011n landutako “Gerra zibila eta diktadura goraipatzen duten Euskadiko ikur eta monumentu publikoen katalogoan” jasotzen da sinbologia frankista duten etxebizitza-eraikinen errolda.

Errolda hartan 300 eraikin agertzen ziren, baina Udalak banan-banan egiaztatu eta dokumentatu ditu horiek, gizarteratzeko kontratu baten bitartez, eta egiaztatu da 300 atari horietako 168k beren kabuz kenduak zituztela xaflak eta 3 helbide dagoeneko ez direla esistitzen; bestetik, hasierako katalogoan ez zeuden 20 eraikin aurkitu dira. Beraz, Udalak orain duen erregistroaren arabera 149 atarik jarraitzen dute horrelako sinboloak edukitzen eta haiengana joko du zuzenean. Nolanahi ere, Bizikidetza Zerbitzuak inbentarioan agertzen ez diren jabe erkidegoen eskaerei ere erantzungo die, baldin eta fatxadatik xafla kendu nahi badute.

Informazioa jaso ondoren, jabeen batzarrari dagokio xafla kendu nahi duten erabakitzea. Eskatuz gero, Udalak dagoeneko bidal ditzake enplegu-planeko langileak eskatutakoa betetzera.

Interesa duten erkidegoak Bizikidetza Zerbitzuarekin jar daitezke harremanetan, bizikidetza@vitoria-gasteiz.org posta elektronikoa edo 945161209 telefonoa baliatuz.

Xafla frankistak kentzeko programa Udalak Memoria Historikoa berreskuratzeko 2018an egingo duen jardueretako bat da, “Gasteizen frankismoaren biktimekin justizia egitearren, haien oroitzapena bermatuz, duintasuna itzuliz eta justizia eginez”, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak .

Memoria Historikoaren plana

Horri buruzko alkate dekretuan, besteak beste, ekintza hauek jasotzen dira: oroitzapenerako lau espazio sortuko dira, martxoaren 31 errepresio frankistaren biktima izandako gasteiztar oro aitortzeko eguna izango da, horien omenezko eskultura bat jarriko da, Plaza Berrian gertatutako hegazkin istripuan hildako bi zibilak oroitzeko xafla bat jarriko da, eta frankismoaren biktimen errolda ofiziala landuko da.

Gainera, xafla bat jarriko da Andre Maria Sortzez Garbiaren katedralean, barruan dagoen armarri frankistaren esanahia azaltzeko, une historikoa eta sinbologia hori mantentzearen zergatia testuinguruan jartzeko. Era berean, beste xafla bat ipiniko da Olagibel kaleko Gobernu Ordezkariordetzan, horrelako eraikin publikoetan ageri den armarri frankista testuinguruan jartzeko.

Azkenik, beste xafla bat jarriko da Olarizu mendiko gurutzean, monumentua seinaleztatu eta testuinguruan jartzeko, duen benetako esanahi historikoa ezagutu dadin, eta diktadurak ondoren egindako erabilera politikoa.

2018an garatzekoak diren ekimenen artean, halaber, gazteak sentsibilizazio ekintzak aurreikusi dira, baita memoriaren ibilbidea diseinatzea ere, garai horretan gure hirian bizi izandako errepresioaren espazio esanguratsuenak bisitatzeko.

Dekretuak xedatzen duenaren arabera, Faustino Ortiz de Zárate Beitiari kendu egingo zaio eman zioten zilarrezko domina, sariak diktadura argi goresten zuela jotzen baita. Orobat, Luis Orgazi hiriaren seme kutunaren izendapena kenduko zaio, Franco jeneralarekin batera altxamendu militarrean aktiboki parte hartu baitzuen.

Neurri horiez guztiez gain, Udalak atea irekita uzten du Memoria Historikoaren alorrean beste jarduera batzuk egiteko, horiek justifikatzen dituzten frogarik edo arau aldaketarik izanez gero.

Alkate dekretuaren oinarrian gaia lantzeko sortutako lan-taldearen ondorioei jarraituz 2017ko urtarrileko osoko bilkuran hartutako erabakia dago; EH Bildu, EAJ-PNV, PSE-EE, Podemos eta Irabazi-Ganar talde politikoek alde bozkatu zuten, eta PP abstenitu egin zen.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:37

 

 

 

 

 

 

Olagibel zendu zeneko bigarren mendeurreneko ekitaldi-programa

Oroimenaren harira, alkateak xafla bat desestali du Andre Maria Zuriaren plazatik Plaza Berriko sartzeko arkuan

Alkateak xafla bat desestali du gaur goizean Andre Maria Zuriaren plazatik Plaza Berriko sartzeko arkuan, lagun zituela Kulturako zinegotzi Estíbaliz Canto eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko lehendakari Luis Gómez Puente. Ekitaldia Gasteizko Udalak eta elkargo profesionalak Justo Antonio Olagibel arkitekto gasteiztarra hil zeneko bigarren mendeurrenaren harira prestatu duten programazioan kokatzen da. Gaur aurkeztu dira jarduerak, eta urriaren 1era arte jarraituko dute.

Gorka Urtaranek azaldu du oroimen-ekimena aukera aparta dela euskal arkitekto neoklasiko nabarmenena –eta nazioartean ondo aintzatetsia– omentzeko. Alkateak hiriaren esker ona agertu du, arkitektoaren talentuak hiriari eman dion guztiagatik, besteak beste Arkupeak, Plaza Berria, Armentiako Santuaren Etxea, Brigidatarren komentuaren ataria, eta Arriagako elizako kanpandorrea.

Olagibel maisu-lan baten sarbideetako batean paratutako xaflarekin lortu nahi da gasteiztarrak zein bisitariak monumentu-multzo horren garrantziaz ohartaraztea, arkitektura neoklasikoko adierazlerik onena, eta gerora Donostia eta Bilbon egin zirenen eredu. Espainia plaza ere deitzen den hori 1781 eta 1790 urteen artean egin zen, gerora hiriak hegoaldera egingo zuen hedapenaren abiapuntu gisa. Badu beste berezitasun bat, bera izan baitzen hiriko harresietatik kanpo egin zen lehen eraikina. Monumentu historiko-artistiko izendatu zuten 1984an.

“Lan honi eta beste batzuei esker, Olagibel bere garaiko arkitekturaren erreferente bihurtu zen; berak sartu zuen Euskal Herrian neoklasikoa berria. Adituen arabera, plaza hau Europako nabarmenenetakoa da, estilo horretakoen artean. Gainera, jarraian egin zituen Arkupeekin batera osatzen duen multzoak Erdi Aroko hirigunea eta XIX. mendeko zabalgunea elkarren artean lotzeko konponbide aparta da”, esan du alkateak.

 

Bestalde, Kulturako zinegotzi Estíbaliz Canto eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko lehendakari Luis Gómez Puentek datozen hilabeteetarako antolatu den ekitaldi-programa aletu dute. Bihar bertan, aintzatespena egingo zaio arkitekto eta urbanistari, haren azalean sartuko den Juanjo Monago aktorearen eskutik. Otsailaren 19an eta 20an hitzaldi-zikloa egingo da Goiuri jauregian, parte hartuko dutelarik arkitektura alorreko zenbait adituk eta Álvaro Arbina idazleak.

Otsailaren 24an eta 25ean Olagibel eta haren lanaren elementu nagusiei buruzko bisitaldiak egingo dira, bai gidatuak bai antzeztuak. Turismo Bulegoan erreserbatu daitezke horietan parte hartzeko lekuak. Apirila eta ekaina bitartean argazki eta agiri erakusketa bat egongo da ikusgai Montehermoso kulturunean, Olagibelen Gasteiz izenpean. Irailean, erakusketa Zabalganeko gizarte-etxean izango da.

Era berean, Aire Zabaleko XII. “Vitoria-Gasteiz” Pintura Lehiaketaren gaia Olagibelen figura eta obra izango da. Margolan onenekin eraakusketa ibiltaria osatuko da, zeina Pilarreko, Salburuko, Ibaiondo eta Hegoalde gizarte-etxeetan erakutsiko den. Programa amaitzeko, eta Arkitekturaren Nazioarteko Egunaren harira, Elkargoak Gasteizko ondare arkitektonikoari Olagibelek eginiko ekarpenari eskainiko dio eguna.

Horiez gain, Estíbaliz Cantok datozen hilabeteetan Udalak mendeurrenaren harira burutuko dituen beste bi jarduera osagarri aipatu ditu. Batetik, Udalak liburu txiki bat argitaratuko du, artistak Gasteizen eta Arabako gainerakoan egindako lan zibil eta erlijiosoak jasoko dituena. Bestalde, haurrentzako denbora-pasak bilduko dituen koaderno bat argitarako du, bertan agertuko diren lan guztiei buruzko azalpen xume banarekin.

Xafla desestali ostean, ohorezko aurreskuarekin eman zio amaiera ekitaldiari, betiere Udalbatzako eta Arkitektoen Elkargoko beste kide batzuen aurrean.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:36

 

 

 

 

 

 

 

 

Talde politikoak gaur hasiko dira Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriaren aurrerapena zehazten, batzorde txostengilean

Udal talde politikoak Plan Orokorrari buruzko batzorde txostengilearen bilera-egutegia betetzen hasiko dira gaur, beren ekarpenez Gasteizko hiri planeamendu berriaren aurrerapenaren dokumentu zehaztearren.

Gorka Urtaran alkateak eskerrak eman dizkie “HAPO idatzi duen taldeari eta saileko teknikariei, egindako lanagatik, baita parte hartu duten beste sailetako teknikariei eta talde politikoei ere. Agintaldiaren hasieran hartu nuen konpromisoetako bat HAPOaren berrikuspena abian jartzea izan zen, tresna berria 2019rako prest edukitzeko. Etorkizuneko Gasteizen hirigintza-plangintzaren ildo nagusiak ezartzeko, eta tresna hori eguneratzeko, gaur-gaurkoz ez baitie erantzuten lortu nahi dugun giza eskalako hiri-ereduaren beharrizanei“, gogoratu du alkateak. 

Udalak berrikuspena idazteko kontratatu zuen taldeak landu duen aurrerapen agiriari dagokionez, alkateak adierazi du “neurri handi batean abiapuntuko egoeraren diagnosia egiten” duela. “Alde horretatik, planteatutako ekarpen eta hausnarketei benetan interesgarri deritzegu. Gainera, diagnostikoaren zati handia bat dator HAPO berrikusteko batzorde txostengilearen barruan sortutako eztabaiden  emaitzarekin. Hiri trinkoa lortzeko helburua da bat-etortze horren eredu argienetakoa”.

Gorka Urtaranek gogoratu du gobernu-taldeak aurrerapenaren fase honetan zuen helburua zela “lan tekniko  eta aseptikoa proposatzea, baldintzapen politikorik  gabea, interferentziarik gabeko eztabaida tekniko eta politikoa ahalbidetzeko. Gobernu taldea garen aldetik, gure iritzia eta proposamenak ditugu, eta talde politikoei eta herritarrei oro har horien berri emango diegu, HAPO berrikusteko batzorde txostengilean aktiboki parte hartuz”.

Gaurtik aurrera, taldeek beren ekarpenak eta balioespenak azalduko dituzte, proposatutako testuak gai hauetaz egindako proposamenen inguruan:

  • Natur ingurunea. Ingurumenarekin lotutako bi aukera planteatzen dira:
    • Zero aukera: oraingo lurzoru urbanizaezina bere horretan uztea, sektoreko araudiari egokituz.
    • 1. aukera: hirigintza alternatibak fusionatzea, hala nola deskalifikatzeak, hutsik dauden bizitokietarako lursailak birdentsifikatzea, edo hutsik dauden zuzkidurazko lursailak aldatzea.

 

  • Hiri trinkoa, konplexua eta kohesionatua.
    • Zero aukera: esku ez hartzea.
    • 1. aukera: sektoreak desklasifikatzea (hiri eremuan).
    • 2. aukera: hutsik dauden bizitokietarako lursailak birdentsifikatzea.
    • 3. aukera: hutsik dauden zuzkidurazko lursailak berrerabiltzea.

Orobat, hiriko hainbat ardatzetan jardutea proposatzen du, hirigunea eta hirigunetik kanpoko eremua kohesionatzeko. 

  • Landa-ingurunea eta menpeko toki-erakundeak babestea eta bultzatzea.
    • Toki-erakundeen ezaugarriak zehazten dira, herri tipologia ezberdinen arabera esku hartzeko modu ezberdinak ezarriz.

 

  • Kultura, natura eta paisaia ondareari balioa ematea.
    • Udalaren kultura-ondarearen inbentarioa osatu eta eguneratzea proposatzen da, kokapenari eta babesari buruzko datuak sartuz, baita ondarearen balioespenari eta kontserbazio-egoerari buruzkoak ere.
    • Paisaiaren alde indartsuak eta ahulak aztertzea.

 

  • Lurralde iraunkorra eta energiari dagokionez eraginkorra.
  • Lurraldearen oreka ekonomikoa.
    • Poligonoen araberako proposamenak egiten dira
    • 0 aukera: esku ez hartzea.
    • 1. aukera: lurraren erabilera optimizatzea eta erreserben zati bat desklasifikatzea.
    • 2 aukera: dauden poligonoetan biziberritzeko eremuak sortzea, erreserben zati bat mantentzea logistikarekin lotutako jarduera ekonomiko posiblerako.
  • Lurralde eredua. Izaera orokorreko proposamenak.
  • Plan Orokorraren kudeaketa. Plangintza eremuak.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:15

Estíbaliz Cantok zuzentzen duen Hezkuntza Zerbitzuak proposaturik, 2018ko “Musika bai!” musika udalekuen programa diseinatu, gauzatu, koordinatu, zuzendu eta kudeatzeko kontratazio-dosierra onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak.

Folklore Akademiaren Atalak urtero antolatzen du aisialdi eta denbora libreko programa hori, horrelakoak “ezinbestekoak direlako gizakiarentzat, ongizate emozionala sortzen baitigute, pertsonen arteko harreman esanguratsuak garatzen ahalbidetzen eta inklusibitatea sustatzen, eta tresna egokiak direlako pertsonen garapen integralerako eta haien bizi-kalitatea hobetzeko“.

Programaren aurrekontua 65.000 euro da (BEZik gabe) eta jarduera 2018ko ekainaren 29tik uztailaren 27ra arte garatuko da.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:13

Tokiko Gobernu Batzarrak Etxean Laguntzeko Zerbitzua kontratatzeko dosierra abiaraztea onetsi du gaur; kopuru handiena duten udal kontratuetako bat da, 8.643.062 euroko aurrekontua baitu bi urterako, 2018ko uztailetik 2020ko uztailera arte.

Etxean Laguntzeko Zerbitzua familia edo gizarte sostengurik ez duten pertsonei zuzenduta dago, autonomia mugak (aldi baterako edo iraunkorrak) dituztelarik eguneroko oinarrizko zereginak betetzerik ez dutenean. “Zerbitzuaren bidez zailtasun horiei aurre egiten eta ohiko bizilekuan jarraitzen laguntzen diegu pertsona horiei, eta bizi-kalitatea hobetzen. Oso laguntza garrantzitsua da, baina ez du inola ere ordezten familiek pertsona horiekin duten erantzukizuna”, azaldu du Peio López de Munain zinegotziak.

Etxean Laguntzeko Zerbitzua asistentzia eta prebentzio zerbitzua da, eta prestazio hauek barne hartzen ditu:

  • Laguntza etxeko lanak egiterakoan.
  • Laguntza norberaren higiene eta zaintza beharrak betetzerakoan.
  • Gizarte harremana eta sostengua.

López de Munainek nabarmendu duenez, Etxean Laguntzeko Zerbitzuak “ pertsonak eta etxea zaintzeko laguntza eskaintzen du, eta akonpainamendua, erabiltzaileak beren bizilekuan moldatu daitezen eta ingurune komunitarioan integratu daitezen, bakardadea eragotziz. Pertsona horiek beste batzuekin bizi direnean, bizikidetza giro ona izaten ere laguntzen du”.

Prebentziozko zerbitzua da, premia fase goiztiarretan esku hartzen duelako, gainbehera pertsonala eta soziala eragotziz eta erabiltzaileak beste gizarte baliabide batzuetara joan eta bizilekua utzi behar izatea ahalik eta gehien atzeratuz. Bestetik, asistentzia zerbitzua da, berehalako eta gertuko sostengua eskaintzen duelako.

2018ko urtarrilaren 31n, Gizarte Politiken Sailak 1.081 pertsonari ematen zien Etxean Laguntzeko Zerbitzua; beste 63, aldiz, zaintzaileentzako arnasa hartzeko zerbitzuaz baliatzen ari ziren; Etxean Laguntzeko Zerbitzuaren aldagai horrek laguntza ematen die senitartekoei zaindutako pertsonaren etxean, zaintza lana familia, lan edo gizarte bizitzarekin bateratzerik izan dezaten.

Share