Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  23 otsaila 2018 20:27

Udalak aholkularitza eta 3.000 euroko laguntza emango dio gala gaztera bertaratuek bozketa bidez aukeratutako proiektuari

Hainbat ikastetxetako – Sagrado Corazón, Koldo Mitxelena, Pedagógica San Prudencio, Inmaculada, Nazareth, Sansomendi IPI, Aspace, Mendizabala– eta Helios eta Adurza okupazio-zentroetako gazteek bere proposamenak aurkeztu dizkiete alkate eta zinegotziei

 

San Prudencio zentroko merkataritza-espazioak gazteen aisialdirako berrerabiltzeko proposamenak irabazi du  2017ko Hiretu Hiria programa, gala gaztera bertaratuen bozka tarteko. Gala gazte honek amaiera ematen dio udalaren ekimen honi, eta parte hartzaileek berek aurkeztutako proiektuak bozkatzeko aukera duten lehen aldia izan da.

Gazteek beren proposamenak eta aldarrikapenak aurkeztu dizkiete Goiuriko galara bertaratuei, eta ondoren ikusleek bozkatu egin ahal izan dituzte proiektu horiek,  gustukoena aukeratzeko. Udalak proiektu irabazlea gauzatzen laguntzeko konpromisoa hartu du, eta 3.000 euroko laguntza ekonomikoa ere emango dio.

Goazen! serieko Yago Mateo eta Barbara Rivas antzezleek aurkeztu dute ekitaldia eta  Boca Beats taldeak emanaldia eskaini dute.

Gorka Urtaran alkateak eskerrak eman dizkie parte hartu duten ikastetxeetako ordezkariei, elkarteei eta erakunde publikoei, izan ere partaidetza horri esker “zuen kezkak ezagutu ditzakegu eta proposamenak oso kontuan izan. Partaidetzako abentura hau ahalbidetu duzue, eta proiektu irabazlea aurrera eramateko gure konpromisoa duzue”.

Aurten 10 ikastetxetako 20 taldek hartu du parte Hiretu Hiria programan. Oraingoan ere, gazteek beraientzat kezkagarriak diren gaiak aukeratu, horietan sakondu eta kale edo ikastetxeetan gauzatu dituzte, egoera kezkagarri horiek hobetu, salatu eta ikustaraztea xede. Horretarako hiriko hainbat elkarte eta erakunde publikoren laguntza izan dute: Udala (6 zerbitzutako teknikariak), irakasleak, Cáritas, CEAR, Elikagaien Bankua, A Pasos, Emaize, Itxaropena, Awake, Kulturbide, besteak beste.

Aurkeztutako proiektuak:

“Merkataritza-espazioak gazteen aisialdirako berrerabiltzea”

“Geletan hezteko beste modu bat”

“Zoriontasuna Gasteizen”

“LGTBI kolektiboa bistaratzea”

“ Matxismoa eta genero-indarkeria”

“ Gazteen emantzipazioa”

“Gazte aktiboak: ikastea eta lan egitea”

“Animaliei tratu txarra ematea”

“Txirotasuna Gasteizen”

“Lanbide-bokazioa”

“Bullinga nerabezaroan”

“Boluntarioen lana bistaratzea”

“Desgaitasuna bistaratzea”

“Ikusmen desgaitasuna dutenen beharrak”

“Emantzipazio soziala”

“Segurtasuna Gasteizen”

“Lanbide-bokazioa”

 

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

Prentsaurrekoa. Jesús Guridi musika kontserbatorioarekin adostutako kontzertu ziklo berria aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; Jesús Guridi musika kontserbatorioko zuzendari Carlos Seco; eta Jesús Guridi musika kontserbatorioko zuzendariorde Angel Ugarteburu

Eguna. Astelehena, otsailak 26

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————————-

‘Giza Eskubideei Begira’ erakusketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Arabako Campuseko errektoreorde Iván Igartua; UPV/EHU Giza Eskubideak eta Botere Publikoak katedrako zuzendari Jon Mirena Landa; Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernando; Vitoria-Gasteizko Udalaren Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Nerea Melgosa; eta Euskadiko Diseinatzaileen  Elkarteko Angelina Barco

Eguna. Astelehena, otsailak 26

Ordua. 11:00

Tokia. UPV-EHUko Arabako campuseko pabilioia (Los Apraiz kalea, 1)

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:30

Ostirala, otsailak 23

  • Alkate Gorka Urtaranek, Gazteria zinegotzi Iñaki Prusillak, eta Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok Hiretu Hiria Gazte galan parte hartuko dute 17:30ean, Goiuri jauregian.
  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto Arabako Txirrindularitza Federazioaren 2018ko txirrindulari denboraldiaren aurkezpenean izango da 19:30ean, Europa Biltzar Jauregian.

 

Larunbata, otsailak 24

  • Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Nerea Melgosak Foro Social Permanente erakundeak  antolatu duen Hitzorduak jardunaldian parte hartuko du 10:00etan, Europa Biltzar Jauregian.
  • Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Nerea Melgosak parte hartuko du Retinosis Araba Begisare elkartearen aurkezpenean 12:00etan, Montehermoso kulturunean.
  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto Real Madrid eta Deportivo Alaves taldeek jokatuko duten futbol partida ikusten izango da 16:15ean, Santiago Bernabeu estadioan (Madril).
  • Alkateorde Peio López de Munainek parte hartuko du eskolen arteko arku-tiro ligako eta lehen Indoor sari banaketan 19:30ean, Iradier Arenan.

 

Igandea, otsailak 25

  • Alkate Gorka Urtaranek, alkateorde Peio López de Munainek, eta zinegotzi Iñaki Prusillak eta Carlos Zapaterok parte hartuko dute 14:30ean, Hogar Extremeño Virgen de Guadalupek antolatu dituen ekitaldietan.
  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto Priscilla Ikuskizunaren jirako azken emanaldia ikusten izango da 21:00etan, Principal Antzokian.
Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:10

 

-Instagrameko “Salimos hoy!” arabar profilarekin batera antolatutako jarduera hiri inguruko parkeen 25. urteurrena ospatzeko ekintzetako bat da; 7.000 jarraitzailetik gora ditu profil horrek.

-Lehiaketa martxoaren 1ean hasiko da, eta apirilaren 30era arte aurkeztu ahalko dira argazkiak. Saritutako 9 argazkiak, eta epaimahaiak hautatutako bilduma bat, “#EraztunBerdeak25urte ospatzeko begiradak” erakusketan ikusi ahalko dira, zeina maiatzaren 24an inauguratuko baita Atarian.

Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (IGI) beste argazki-lehiaketa bat antolatu du bertako zein kanpoko instagramerrentzat, sare sozial horretan hiriko Eraztun Berdea osatzen duten parke eta espazioetako txokoen irudiak partekatu ditzaten. Udalak Eraztun Berdearen 25. urteurrena ospatzeko sustatu dituen jardueretako bat da hori, egunero bertara hurbiltzen direnen askotariko begiradak agerian utzi eta onenak hautatzearren. Hautatutako argazkiak “#EraztunBerdeak25urte ospatzeko begiradak” erakusketan ikusi ahalko dira, zeina maiatzaren 24an inauguratuko baita Ataria interpretazio zentroan. Gasteiz eta Arabari buruzko Salimos hoy! plataformarekin batera antolatu da lehiaketa, zeinaren Instragameko profilak 7.000 jarraitzailetik gora baititu.

Gaurtik aurrera, parte hartu nahi dutenek Instagramen sar ditzakete beren argazkiak edo fotomuntaketak, traola hauek erabiliz: #anilloverde+25, #vg_ataria eta #SalimosHoy. Gasteizko Eraztun Berdeko gune naturalak, edo izadiaren babesarekin bateragarriak diren jardueretan gune horiez gozatzen ari den jendearen argazkiak onartuko dira. Sare sozial horretan aurretik jarritako irudiak ere onartuko dira, eta azken eguna apirilaren 30a izango da. Ondoren, epaimahaiak 9 irudi aukeratuko ditu, eta horien artean banatuko dira lehen, bigarren eta hirugarren sariak zein sei akzesit; IGIren, urteurrenaren ospakizuna antolatzen duten agenteen eta Salimos Hoy! plataformaren kideek osatuko dute epaimahaia. Orobat, astero “asteko argazkia” aukeratu eta argitaratuko da. Irudi guztiak erakusketa batean jarriko dira ikusgai, Atarian, 2018ko maiatzaren 24tik uztailaren 8ra.

 

300 euro eta ibilaldia Salburuko hezegunean barrena

 

Epaimahaiaren epaia 2018ko maiatzaren 2an jakinaraziko da @SalimosHoy eta @vg_ataria profiletan, zeinetan argazki irabazleak argitaratuko baitira, egileen izenekin batera. Hauxe izango da lehen saria: 300 euro, eskudirutan; bale bat IGIren agendako hiru jardueratan parte hartzeko; 5 pertsonentzako ibilaldia Arkautiko hezegunean barrena, eta tokiko elikagaien kaxa bat. Bigarren irabazleak sari hauek jasoko ditu: 200 euro, eskudirutan; bale bat IGIren agendako bi jardueratan parte hartzeko, eta tokiko elikagaien kaxa bat. Hirugarrenak, berriz, sari hauek irabaziko ditu: 100 euro eskudirutan; bale bat IGIren agendako jarduera batean parte hartzeko, eta tokiko elikagaien kaxa bat. Sei akzesiten irabazleek (Eraztun Berdeko parke bakoitzeko bat)  IGIren agendako jarduera batean parte hartzeko bale bana jasoko dute.

Irabazten duten argazkien erakusketaren inaugurazioa Eraztun Berdearen 25. urteurrena ospatzeko jarduera nagusietako bat izango da; izan ere, urteurrenean herritarrek naturgune horietaz duten ikuspegia eta horiei egiten dieten ekarpena oso presente egotea nahi da, duten gizarte dimentsioa eta lurraldea eta biztanleak kohesionatzeko balioa agerian uzteko. Gainera, lehiaketako irudiak partekatzeko Instagram plataforma erabiltzeak lehiaketaren zabalkundea biderkatzen lagunduko du, tokiko mailan zein estatuan eta nazioartean. Interesdunek Udalaren web-orrian kontsultatu ditzakete oinarriak.

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:49

Bestetik, Partaidetza Zerbitzuak kaleko jolasak antolatzeko dosierra onetsi du

Estíbaliz Canto zinegotziak gidatzen duen Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak proposaturik, 2018ko opor programako jolas-txokoen (jantokiarekin edo jantokirik gabe), udaleku irekien eta ingurumen-udalekuen zerbitzurako kontratazio-dosierra onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, baita informazio- eta komunikazio-hedabideetan hezteko 2017-2018 ikasturteko Gasteiztxo programari dagokiona ere.

Aipatutako lehen kontratuak epe hauek aurreikusten ditu: ekainaren 25etik aurrera, jardueren prestakuntza; uztailaren 2tik 27ra, jarduerak berak, eta uztailaren 28tik 31ra, materialen bilketa. Aurrekontua 258.000 euro da.

Gasteiztxo programaren aurrekontua, berriz, 140.928 euro da,  eta 2018ko urriaren 1etik 2019ko ekainaren 30era arte iraungo du.

Kaleko jolasak

Bestetik, Isabel Martínezek gidatzen duen Partaidetza eta Gizarte Etxeen Sailak proposaturik, Tokiko Gobernu Batzarrak kalean adin orotarako jolas-jardunaldiak —udako jolasak— diseinatu, antolatu eta garatzeko zerbitzuak eskaintzeko kontratazio-dosierra onetsi du.

Kontratuak formalizatzen denetik uztailaren 3ra arte iraungo du, eta aurrekontua 100.000 euro da.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:00

Tokiko Gobernu Batzarrak Save The Children fundazioarekiko lankidetza-hitzarmena onetsi du gaur, 2018an Pilarreko eta Aldabeko gizarte etxeetan eskola arrakasta eta aisialdi eta denbora librea sustatzeko proiektu bat gara dezan.

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak 11.724 euro emango dizkio GKEari, pobrezia-egoeran edo gizartetik baztertuta dauden edo arrisku hori duten haurrei laguntza eman diezaien. Arrisku-egoerak prebenitu, gutxitu edo desagerraraztea da helburua, eta pobreziak haiengan eta familiengan izan dezakeen eragina minimizatzea.

Programan parte hartzen duten 6 eta 12 urte bitarteko umeek hezkuntza errefortzua eta ikasteko laguntza jasoko dute, eskolako errendimendua hobetzeko. Aisialdi eta denbora libreko jardueretan hartuko dute parte, gizarte harremanak hobetu eta ohitura osasungarriak eta besteekiko errespetua sustatzeko. Familiei, berriz, orientabideak emango zaizkie etxeko bizikidetza hobetzeko.

Babesgabetuen jantokia

Era berean, udal gobernuak ontzat eman du “Babesgabetuen Andre Maria” izeneko obra sozialarekin lankidetza-hitzarmena sinatzea, 2018ko urtarrilaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra arte jantoki sozialaren programa garatzeko; Udalak gehienez 270.377 euro jarriko du horretarako.

Babesgabetuen gizarte jantokiaren helburua da beren etxean beren kabuz janariak prestatzeko arazo pertsonalak edo sozialak dituzten pertsonei eguneroko otorduak bermatzea.

Gasteizko Udalak hainbat urte daramatza baliabide hori diruz laguntzen. Baliabide ekonomiko gutxiko pertsonek bazkaldu eta afaltzeko aukera dute bertan, oso merke edo doan, udal zerbitzuek edo beste erakunde batzuek hara bideratuta; gainera, aisialdirako ere erabil ditzakete gizarte jantokiaren instalazioak, baldintza jakin batzuetan.

 

 

 

Share
Kategoriak: Erakunde Adierazpenak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:50

Egun gutxi barru, Saharar Herriak Saharar Estatuaren (SEAD) urteurrena ospatuko du. Hain zuzen ere, 42 urte beteko dira estatua eratzeko eta eraikitzeko faseak arrakastaz gainditu eta herriak askatasuna eta erabateko subiranotasuna lortu zuenetik.

Berrogeita bi urte hauetan, Saharar Herriak bere identitate nazionala finkatzea lortu du, ahaleginari eta batasun nazionalari esker. Saharar guztiak harro egoteko moduan daude, euren erakundeek egoki funtzionatzen baitute erbestearen baldintza gogorrak eta baliabide-falta gorabehera.

 

Saharar Herria inoiz baino lotuago dago autodeterminaziorako eta independentziarako eskubide legitimoei, eta Marokoren aurka borrokan jarraituko du, potentzia okupatzaile hori baita Mendebaldeko Saharako errepresioaren eta baliabide naturalen espoliazioaren erantzule.

Hori horrela, Europako Auzitegiak aurki epai bat emango du eta ziur asko legez kanpokotzat joko du EBk Marokorekin indarrean duen arrantza-akordioa, zeinaren bidez onura jasotzen baitu Europako arrantza-sektoreak eta, batik bat, Espainiakoak.

Erabaki horrek ondorioak izango ditu: alde batetik, justiziak baliorik gabe utzi ahal izango du sinatutako eta berretsitako tratatu bat, Nazio Batuen dotrinan oinarritutako irizpideak alegatuz; eta, bestetik, Fronte Polisarioarentzat izugarrizko garaipen politikoa izango da.

 

Horregatik guztiagatik,

ESKATZEN DUGU Nazio Batuek gehiago luzatu gabe eman diezaiotela behin betiko eta bidezko irtenbidea gatazka honi. Horretarako, Saharar Herriak autodeterminaziorako eskubidea baliatu beharko du erreferendum libre eta gardena eginez, amaitzeko dagoen deskolonizazio-prozesuari buru emateko.

BERRESTEN DUGU Fronte Polisarioa dela Saharar Herriaren ordezkari bakar eta legitimoa.

EXIJITZEN DUGU Marokok berehala aska ditzala preso politiko eta kontzientzia-preso saharar guztiak, eta geldiaraz ditzala espetxeetan eta Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan gertatzen diren giza eskubideen urraketak.

ESKATZEN DUGU Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioak (MINURSO) lan handiagoa egin dezala giza eskubideak kontrolatzen eta zaintzen Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan.

ESKATZEN DUGU Espainiako Gobernuak estatus diplomatikoa eman diezaiola Fronte Polisarioak Espainian duen ordezkariari, Saharar Herriaren ordezkari bakar eta legitimo gisa; aitor dezala Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa; eta beharrezko egitasmo politikoak abiaraz ditzala, Mendebaldeko Sahararako Nazio Batuen Bake Planean oinarrituta behin betiko eta bidezko irtenbidea lortzeko.

SALATZEN DUGU Marokoko Gobernuak Mendebaldeko Saharako baliabide naturalak espoliatzen dituela.

ESKATZEN DUGU Mendebaldeko Saharan diharduten enpresek errespeta ditzatela, alde batetik, baliabide naturalen gaineko etengabeko subiranotasuna eta, bestetik, lurralde okupatu bateko baliabide naturalen esplotazioari aplikatu behar zaizkion nazioarteko zuzenbide humanitarioaren arauak.

GOGORARAZTEN DUGU Marokok ez duela inolako subiranotasunik Mendebaldeko Sahararen gainean eta EBk ezin duela Marokorekin akordiorik sinatu Fronte POLISARIOAren baimenik gabe. Gainera, EB behartuta dago printzipio horren eta arau horien urraketak sortzen duen legez kontrako egoera oro salatzera.

IRAGARTZEN DUGU SEAD aldarrikatu zeneko 42. urteurrenaren harira euskal erakunde eta elkarteetako ordezkariak Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetara joango direla Saharar Herriaren borroka justuaren aldeko konpromisoari eusteko.

 

Onartutako adierazpenak ondoko helbideetara helaraztea proposatzen dizuegu:

 

  1. a) ESPAINIAKO ERREGE-ETXEA

Zarzuelako Jauregia. Pardo Errepidea s/n. 28071 Madril

  1. b) ESPAINIAKO GOBERNUAREN PRESIDENTZIA

Moncloa. Avda. Puerta de Hierro, s/n. 28071 Madril

 

  1. c) KANPO-ARAZOETAKO ESPAINIAKO MINISTERIOA

Probintziako plaza, 1. 28012 Madril

 

  1. d) EUROPAKO BATZORDEA

Federica Mogherini

Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkaria

Rue de la Loi. Wetstraat 170. B-1049 Bruxelles/Brussel. Belgique/België

 

  1. e) EUSKADIRAKO SAHARAR ORDEZKARITZA

Pintor Jesús Apellániz, 9 – 01008 Vitoria-Gasteiz

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:47

FEMPeko gobernu batzarrak “Hiri osasungarriei buruzko Shangaiko adierazpena” Espainiako toki-erakundeetan zabaltzea gomendatzeko erabakia hartu zuen, aho batez, 2017ko urriaren 31n egindako ohiko bilkuran. Adierazpen horren bitartez aditzera ematen da Espainiako toki-erakundeen konpromisoa osasuna eta hiri-hazkuntza iraunkorrarekin, bai eta toki-erakunde horiek aintzatesten dutela osasuna eta ongizatea Nazio Batuen Erakundearen Garapenerako 2030 Agendaren eta garapen Iraunkorraren Helburuen oinarrian daudela. Erabaki hori ikusirik, Gasteizko udalbatzak honako erabakia hartzen du:

1.- “Hiri osasungarriei buruzko Shangaiko adierazpena” izenpetzea, eta horrek dakartzan erabakiak eta konpromisoak bere gain hartzea.

2.- Erabaki honen egiaztapena Espainiako Udalerri eta Probintzien Federazioko idazkaritza nagusira helaraztea.

Share