Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  6 otsaila 2018 13:35

 

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotzi Iñaki Prusillak berak eskatuta egin duen agerraldian gogoratu du udal zerbitzu teknikoen jarduera zuzena izan dela, kontu-hartzaileak urtarrilaren 26an egindako txostenak jasotzen duen bezala

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotzi Iñaki Prusilla berak eskatuta agertu da batzordean, EH Bildu udal taldeari zuzenketa eskatzeko, Gardelegiko zabortegia kudeatzeko kontratuan “gain-kostu irregularrak” izan zirela salatu baitzuen publikoki. Iñaki Prusillak esan du salaketa horiek “oso larriak” direla, funtsik gabeak baitira, eta azaldu du bi ibilgailu berriak (makina trinkotzaile berezi bat eta ‘bulldozer’ bat) 2018an hasiko direla erabiltzen zerbitzu emateko,  “udalaren interesarekin bat etorriz, udaleko zerbitzu teknikoek eskaturik, eta aurreko kontratutik zeuden makinen bizitza erabilgarria luzatzeko asmoz”. Gainera, Iñaki Prusillak hainbat argudio azaldu ditu EH Bilduren salaketa larriak gezurtatzeko, eta udalaren jarduera zuzena izan dela egiaztatu du, kontu-hartzaileak urtarrilaren 26ko txostenean berretsi duen bezala. Aipatutako agirian, kontu-hartzaileak “uste du orain arte kontratua bete izana justifikatuta dagoela”.

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotziak berak eskatuta parte hartu du batzordean, joan den abenduaren 19an EH Bilduk alkatearen agerraldia eskatuko zuela iragarri zuen arren ez baitu halakorik egin.  2015eko apirilaren 24an FCC-Yarritu aldi baterako enpresa-elkartearekin sinatutako kontratuan udal zerbitzu teknikoek nola jokatu duten aztertu du Iñaki Prusillak batzordean.

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi ordezkariak azaldu duenez, Gardelegiko zabortegia kudeatzeko kontratuaren baldintza teknikoen agiriaren 10. puntuak ezartzen du esleipendunak bi ibilgailu berri erosi beharko dituela zerbitzua emateko. Kontratuko klausuletan, ordea, ez da inon azaltzen makina horiek kontratuaren hasieran eskuratu behar direnik. Bestetik, kontratuaren II. eranskinean, ekonomia- eta finantza-azterketan, hauxe zehazten da: “kontratuaren indarraldian egiten den edozein inbertsio Udalaren jabetzakoa bihurtuko da, hasieran erosi ez bada ere“. 8. klausularen arabera, kontratuak sei urte iraungo du. Orobat zehazten du epea bukatutakoan baldintza-agiriak eskatutako inbertsioak Udalaren jabetzara igaroko direla, inolako kosturik gabe.

Kontratuak berak, bestalde, hau zehazten du 13. klausulan, hitzez hitz: “kontratistak konpromisoa hartzen du preskripzio teknikoen agirian eskatutako eta eskaintzan jasotako baliabide materialak eta giza baliabideak erabiliko dituela kontratua betetzeko, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko zerbitzu teknikoek horretaz emandako jarraibideak aintzat hartuz“. Horrenbestez, eta kontratuan ezarritakoaren ildotik, udal zerbitzu teknikoek erabaki zuten aurreko kontratutik zegoen makineria erabilgarriaren bizitza luzatzea, eta 2018ra arte atzeratzea bi makina berrien erosketa. “Erabaki horrek ahalbidetuko du makina berriei balio eta erabilgarritasun handiagoa ateratzea, eta zabortegia kudeatzeko hurrengo lehiaketan aurrezpen handia egitea, ez delako makina berririk beharko. Erabaki laudagarria da, Udalaren interesa defendatzeko xedea baitu”, azaldu du Iñaki Prusillak.

EH Bilduren ustez, halaber, irregularra da kontratuaren urteko prezioa ez murriztea makinak zerbitzuari ez gehitzeagatik, baina administrazio agiria oso argia da horri dagokionez. Izan ere, agiriaren arabera, enpresaburuak “zerbitzuaren kudeaketa bere gain hartuko du, bere gain eta galorde”. Eta esleipendunak eskainitako prezioak (1.008.507,50 euro) “agirietan eta eskainitako hobekuntzetan eskatutako prestazio guztak barne hartzen ditu. Ez da prezioen inolako berrikusketarik aurreikusten”, adierazi du Iñaki Prusillak. Makinak erosteak ez du urteko prezioaren zenbatekoa aldarazten inondik inora.

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak esan  du “onartezina” dela EH Bilduren salaketa publikoen zorroztasun falta. Adierazpen horiek “euskarri juridiko gutxienekorik gabeak eta funtsik gabeak” dira.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:25

FOTOARTE 18 LEHIAKETAKO KARTELA

 

FOTOARTE LEHIAKETAKO OINARRIAK

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok FotoArte argazki-lehiaketaren XIV. edizioa aurkeztu du gaur prentsaurrekoan. Herritarrak argazkilaritzara hurbilaraztea eta alor horretan sorkuntza sustatzea da helburua, eta irudien bidez jarduera artistikoa modu erakargarrian ikusten laguntzea haren adierazpen guztietan, gai orokor gisa.

Nahi duen orok parte hartu ahalko du. Egile bakoitzak bi lan aurkeztu ahalko ditu, gehienez. Originalak, argitaratu gabeak eta beste lehiaketa batzuetan saritu gabeak izan behar dute. Edozein teknika edo prozedura onartzen da: digitala nahiz laborategikoa, zuri-beltzean edo koloretan.

Aurkezteko epea otsailaren 6tik 28ra izango da. Internetez aurkeztu ahalko dira, www.vitoria-gasteiz.org/fotoarte web-orrian. Kontsultarik izanez gero, fotoarte@vitoria-gasteiz.org helbidera idatz daiteke.

Epaimahaiak 30 argazki hautatuko ditu lehenengo, eta horiek gizarte etxeetako erakusketa-aretoetan jarriko dira ikusgai. Horien artetik aukeratuko ditu epaimahaiak irabazleak; sariak 1.000, 700 eta 400 euro izango dira, eta bi akzesit ere emango dira, bakoitza 150 eurokoa.

Ibaiondoko gizarte etxean banatuko dira sariak, maiatzaren 17an.  Ondoren berriro ikusi ahalko dira lanak, erakusketa ibiltari batean.

 

Beste edizio batzuetako datuak

FotoArteren 2017ko edizioan 204 pertsonak hartu zuten parte, eta 376 argazki aurkeztu ziren.

Lanen % 47,5 emakumeek aurkeztutakoak ziren (aurreko urtean baino % 2,5 gehiago). Adinari dagokionez, 16 eta 70 urte bitarteko pertsonek aurkeztu zituzten lanak, eta horietako % 22,54k 30 urtetik behera zuten.

Share