Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  1 otsaila 2018 17:00

Hipertentsio Arterialeko Euskal Elkartearen XX. Bilerari hasiera ematea

Parte hartzaileak. Lehen alkateorde Peio López de Munain

Eguna. Ostirala, otsailak 2

Ordua. 09:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————–

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, otsailak 2

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————————-

Prentsaurrekoa. XXI. Mendeko Flamenkoa zikloa  aurkeztea

Parte hartzaileak. El Pele, Kordobako kantaria; ‘Flamenco de hoy’ ekimeneko zuzendari Antonio Benamargo; eta Udal Antzoki Sareko arduradun Marta Monfort

Eguna. Ostirala, otsailak 2

Ordua. 12:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

———————————-

2018ko Gazte Arte erakusketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Gazteria zinegotzi Iñaki Prusilla

Eguna. Ostirala, otsailak 2

Ordua. 19:00

Tokia. Montehermoso Kulturunea, Jovellanos aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:56

Alkatea eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendaria buru izan duen ekitaldian, bulego honen ikertze eta zabalkunde lanak goraipatu dira, baita datuak babesteko arloan bere jarduteak ere

Datuak Babesteko Euskal Bulegoak gaur egin du, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoan Artium, Datuak Babesteko Sarien banaketa ekitaldia. DBEBk urtero ematen dizkie sariak ibilbide profesionalagatik, ikerkuntza lanengatik, komunikazioa eta zabalkundeagatik eta datuak babesteko jardunbide onengatik urtean zehar nabarmendu diren pertsonei, enpresei eta erakundeei.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendari Margarita Uriak ekitaldia zuzendu eta sariak banatu dituzte.

  1. edizioko sariak honela banatu dira: “Ibilbide profesionalagatik” Iñaki Vicuñari eman zaio, DBEBren lehenengo zuzendaria izan zenean egindako lanagatik Bulegoa abian jartzen; Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Gardentasuneko Lan Taldeko kide izateagatik eta jurisprudentziaren zabalkundean egindako anonimizazio lan garrantzitsuagatik; Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Datuak Babesteko Batzordeko kidea izateagatik, eta datu babesaren arloan izan dituen erakunde kargu ugariengatik.

“Datu Babesaren Ikerkuntza Arloan” saritua da Daniel López Carballo, honako lanagatik: “Datu babes eraginkorraren bidean Iberoamerikan. Datuak Babesteko Iberoamerikako Behatokiaren ekimenaren adierazpenak”. Kategoria honetan accesit bate ere eman diote Sofía Lucas Areizagari, honako lanagatik: “PNR Zuzentarauak planteatzen dituen erronka juridiko nagusiak”.

“Datu Babesaren Komunikazio eta Zabalkundearen Arloko Saria” El Diario Vascori eman diote, herritarrak kontzientziatzen egindako lanagatik, teknologia berriak eta pribatutasunaren babesa behar bezala erabil ditzaten. Kategoria honetan ere accesita eman da, eta Pribatua-Pribatutasun eta Informazio Segurtasuneko Euskal Elkarteak jaso du, etengabe egindako lanagatik pribatutasunaren eta informazioaren segurtasunaren zabalkundearen arloan.

Azkenik, datu babesaren arloko “Jardunbide Onenei” saria eman diote Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolari, datuen babesaren eta segurtasunaren arloan egiten dituen jardunaldien kalitateagatik.

DBEBren zuzendari Margarita Uriak saritu guztiak zoriondu ditu, lanen kalitateagatik eta egin dituzten ekarpenengatik, erakundeek eta herritarrek gero eta argiago izan dezaten zein garrantzitsua den esparru hau, etengabe garatzen ari den esparrua baita, eta etorkizunerako erronka ugari dakarrena. Erronka berrien artean nabarmendu du Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra. Izan ere, Europako zuzentarau bat da, eta herrialde guztiek nahitaez bete beharrekoa aurtengo maiatzaren 25etik aurrera. Eta azpimarratu du “Erregelamendu berri hau erronka handi bat dela Bulegoarentzat eta Euskadiko erakunde guztientzat, laneko metodologiak egokitu beharko dituztelako Erregelamendura, eta askotan egiturak ere bai. Gainera, herritarren eskubideei berme handiagoa emateko helburua ere badu, batez ere haien datu pertsonalak babestea eta gordetzea dela eta”.

Bestalde, Gorka Urtaranek azpimarratu du herritarrak konturatu behar direla zein garrantzitsua den norbere datu pertsonalak babestea, batez ere gazteak. “Guzti-guztiok, gutariko bakoitzak baliarazi behar ditugu esparru honetan dauzkagun eskubideak. Datu-babesa herritar guztien eskubidea da, eta txikitatik ikasi behar du baliatzen, are gehiago teknologia berriak erabiliz gero. Jakin behar dugu zer-nolako arriskuak izan ditzakeen gure informazioak: lapurretak, baimenik gabeko zabalkundea, informazioa aldatzea, galtzea edo ezabatzea; eta guzti horrek ekar ditzakeen ondorioak ere bai; adibidez, sarean dugun ospea kaltetzea, jazarpen psikologikoak edo diskriminazioa jasatea edo identitatea lapurtzea mota guztietako iruzurrak egiteko”. Horrez gain, nabarmendu du oso garrantzitsua dela esparru pribatuak eta publikoak, biek tratatzea datu pertsonalak begirunez osoz, eta zorrotz betez indarrena dagoen legedia.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:48

 

 

 

 

 

 

Gorka Urtaran alkateak Euskadiko Ekoturismoaren I. Foroaren inaugurazioan hartu du parte

Ingurumenaren eta turismoaren alorretako adituak eta profesionalak, erakundeetakoak zein enpresetakoak, ekoturismoaren etorkizunaz arituko dira gaur eta bihar Euskadiko Ekoturismoaren I. Foroan, zeina Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak antolatu baitu, Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Gorka Urtaran alkateak foroaren hasiera-ekitaldian hartu du parte; besteak beste, estatuko testuingurua, Euskadiko ikuspegiak, prestakuntza arloa, turismo-helmuga iraunkorren kudeaketa-eredu arrakastatsuak eta profesionalen esperientziak aztertuko dituzte.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:23
  • 2017an, 135 ekintzailek hartu zuten parte programa horretan

Enpresak Sendotzeko Programa Gasteizko Udalaren ekimena da, enpresa sortu berrien iraupena bermatu eta horiek indartzeko. Datozen asteetan, lau lantegi eskainiko dira horren barruan, estrategia, marketina, finantzak eta antolakuntza gaitzat hartuta. Enpresa-kudeaketarako funtsezko diren alderdiei buruzko prestakuntza eta aholkularitza emango zaie parte-hartzaileei, negozio aukerez eta hobetu beharreko alderdiez jabetu daitezen. Enpresa administratzen laguntzeko tresnak ere emango zaizkie, aholkularitza espezializatu baten laguntza pertsonalizatuaren bidez.

“Lagun egiten diegu ekintzaileei, hala negozio-ideia abian jartzeko unean nola proiektua jada martxan dagoenean, orduan sendotzea eta hedatzea baita erronka. Izan ere, proiektuaren jarraipena epe luzera bermatzeko, garrantzitsua da laguntza ematea enpresa sortzean ez ezik, baita heltzeko prozesuan ere”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Lehen lantegia otsailaren 19an egingo da, eta estrategia jorratuko da, alderdi hauek aztertuz: negozioaren antolakuntzari buruzko hausnarketa estrategikoa, eta enpresaren eboluzioa eta etorkizunerako itxaropenak neurtzeko egitekoen zerrendak egin eta ikuskatzea.

Hurrengo astean, otsailaren 26an, marketina izango da lantegiaren gaia. Parte-hartzaileek bezeroak aztertzen ikasiko dute, negozioa eraginkortasunez aurkezten, eta kanpo-komunikaziorako formula egokienak erabiltzen.

Martxoaren 5ean, finantzen txanda izango da; kostuen kalkulua, diruzaintza eta balantzeen interpretazio zuzena landuko dira. Azkenik, martxoaren 12an, antolakuntza eta pertsonak izango dituzte aztergai, alderdi hauetan sakonduz: lidergoa, langile politika eta enpresa bazkideekiko harremanak.

Lantegi guztiak goizez izango dira, 9:30etik 13:30era, Erdi Aroko Hiriguneko Enpresa Zentroan. Prestakuntzaren ondoren, banakako aholkularitzako bi ordu jaso ahalko dira, horretaz arduratzen den aholkularitzarekin hitzartu beharrekoa. Lantegiak doakoak dira, eta lekuak, mugatuak; aldez aurretik izena eman beharra dago, eta ondoren berrespena jasoko da.

2017ko balantzea

Iaz enpresak sendotzeko eman ziren sei lantegietan (lau martxoan eta bi azaroan) 135 ekintzailek hartu zuten parte, 69 enpresaren izenean. Lantegien balioespen orokorra 10etik 8,43 puntukoa izan zen, eta hitzaldien kalitatea eta jorratutako edukiak nabarmendu zituzten alderdi positiboen artean. Parte hartu zuten enpresen % 85 mikroenpresak ziren (1 eta 9 langile artean); gainerako % 15a enpresa txikiak izan ziren (10 eta 49  langile artean). Jarduerari dagokionez, enpresen % 74 zerbitzuen sektorekoak ziren, % 17, industriakoak, eta % 9, ostalaritzakoak.

Informazio gehiago: Enpresak Sendotzeko Programa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   08:46

 

Arabako Federazioak, Udalaren laguntzarekin, emakumezkoen eskuzko pilotaren egun handia ospatzeko baliatuko du

Mendizorrotzeko Beti Jai esparrua goizean goizetik irekiko da igandean, hilak 4, edozein modalitatetan diharduten emakume pilotariek esku huskako pilota proba dezaten, eskuzko binakako Emakume Master Cup txapelketa jokatuko baita.

Aukera handia da, guztiok pozten gaituena”, adierazi du Kultura, Hezkuntza eta Kirol Saileko zinegotzi Estíbaliz Cantok, “emakume pilotariak ikusaraziko baititugu eta, zehazkiago, modalitate gogorrenean eta sustraituenean ari direnak”.

Cantok ongi etorria eman die antolatzaileei zein igandean Mendizorrotzeko pilotalekuetan jokatuko duten ehun parte-hartzaile ingururi. Bi kategoriatan jokatuko dute: promozioa eta lehenengoa; pilotarien artean “Leire Garai gaztetxo gasteiztarra dugu”, horregatik, “herritarrak pilotalekura hurbiltzera animatzen ditugu, kalitateko pilotaz gozatzera”, azpimarratu du zinegotziak.

Etxanizek eta Arrizabalagak defendatuko dute emakumezkoen eskuzko txapelketaren lehen edizioan lortutako titulua, Eibarko Astelena pilotalekuan, martxoaren 25ean. Gasteizko partidak irekiko du egutegia, eta gainerako kanporaketak Euskadiko hainbat frontoitan jokatuko dira. Finalderdiak Oñatin izango dira. Maider Mendizabal, iazko finalistetako bat, beste bikotekide batekin arituko da, aurrekoa, Arozena, ama izan baita duela gutxi.

Topaketa bat antolatu dugu, nahi duten emakume guztiek eskuzko pilota proba dezaten”, gonbidatu du Euskal Pilotako Arabako Federazioko lehendakari Iker Geretak. Arratsaldeko 17etatik jokatu ahalko dute, 18:30era arte; ordu horretan jokatuko du Leire Garaik Ogeta pilotalekuan: “sostengu ematera joango gara denok”.

Txapelketaren sustatzaile eta antolatzaile Iker Amarikak eskerrak eman dizkie “hiriari, udalari, federazioari eta Euskadiko Kutxari, emakume pilotariak egun batez merezi bezala nabarmendu daitezen”. Hain zuzen ere, Gasteizen hasiko da txapelketa. Goizean 6 partida izango dira, eta arratsaldean, 9; promozio mailan berrogeita hamar jokalari arituko dira. Orotara, promozioan 42 bikote dira, eta elitean, 8.

 

Sostengua emakumezkoen kirolari

Gasteizko kirol arloko arduradunak bere sailaren politika aldarrikatzeko baliatu du aukera, “emakumeen kirola sustatzen ahalegintzen baita, ikusaraziz, lagunduz eta bultzatuz, arlo publikoaren edo federazioen bultzadarekin baino ez baitugu lortuko emakumeak baldintza berdinetan lehiatzea zaleei,  babesleei eta abarrei dagokienez”.

Share