Prentsa Oharren banner

Bilaketa-agindu judiziala zuen emakume bat atxilotu dute

Atzo gauean, 33 urteko emakume bat atxilotu zuten udaltzainek, bilaketa-agindua baitzituen. Trafikoko arau-hauste batengatik hartu zuen esku patruila batek, eta, emakumearen dokumentazioa aztertzean, bilatzeko, atxilotzeko eta Gasteizko epaitegi batean agertzeko agindu judiziala indarrean zuela egiaztatu zuen; hortaz, agindua betearazi zuten agenteek.

 

Zazpi zauritu hainbat istriputan

Ostiraletik, abenduaren 7tik, 22 trafiko-istripu erregistratu dira, eta 7 pertsona zauritu dira horietan.

Ostiral arratsaldean, auto batek oinezko bat harrapatu zuen Abendaño kalean; izan ere, gidariak maniobra bat egin zuen atzera-martxan, aparkatzeko xedez, eta zebra-bidea gurutzatzen ari zen 78 urteko emakume bat kolpatu zuen. Zauritu egin zen, larrialdietako zerbitzuek artatu zuten; ondoren, Txagorritxu ospitalera eraman zuten.

Handik ordubetera, istripu anizkoitza gertatu zen Forondako Atearen kalearen eta Luis Olariaga kalearen arteko bidegurutzean, hiru auto egon baitziren tartean. Bi gidari zauritu ziren (40 eta 39 urtekoak), bai eta bigarrenarekin zihoana ere (35 urtekoa). Anbulantzia batek artatu zituen guztiak, baina ez zuten inor ospitalera eraman behar izan.

Larunbatean, bizikletari batek oinezko bat harrapatu zuen Florida eta Dato kaleen bidegurutzean. Antza, bizikletariak ez zuen semaforoa errespetatu, eta errepidea lehentasunez gurutzatzen ari zen 4 urteko haur bat harrapatu zuen. Txagorritxu ospitalean eman zioten arreta.

Azkenik, atzo, 18:00ak aldera, auto batek motor bat jo zuen Wellingtongo Dukearen kalean. Autoko gidariak erreia aldatu zuen, eta 21 eta 23 urteko bi pertsona zeramatzan motoaren kontra egin zuen talka. Bada, lurrera erori ziren, eta zauritu. Tokira bertaratu ziren larrialdietako zerbitzuek artatu zituzten, eta, ondoren, Txagorritxu ospitalera eraman.

Asteburuan, 35 salaketa jarri dira Agirrelandan, eta 8 kasutan jardun dute polizia judizial gisa.

 

Alkohola eta drogak kontrolatzeko kanpaina

Abenduaren 9tik urtarrilaren 6ra bitartean, Gasteizko Udaltzaingoa trafikoko kanpaina berezia ari da egiten, gidarien artean alkoholaren edota substantzia estupefazienteen kontsumoa kontrolatzeko. Gabonetan bazkariak eta afariak nahiz joan-etorriak ugaritzen direlako abiatu da operatibo berezia.

Bideko segurtasuna bermatzea da xedea; hortaz, alkohola edo gaitasunak asaldatzen dituzten substantziak hartu ondoren edozein ibilgailu mota ez gidatzea gomendatzen da.

 

 

Zalditik erorita zauritutako pertsona bat erreskatatu dute

Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak (PSISZ) igandean hartu zuen esku, 12:33an, Eskibelera bidean pista batetik zihoala zalditik erori ondoren zauritutako pertsona bati laguntzeko. Suhiltzaileek esku-ohe batean eraman zuten zauritua hurbileko bide batera, eta anbulantzia haraino iritsi ahal izan zen.

 

Share