Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  14 abendua 2018 22:42

Ospakizun-sorta bati egin dio San Prudentzio kaleko antzokiak; hilaren 18an joko du goia, 100 urte beteko dituen egunean

Datorren asteartean, abenduak 18, ehun urte beteko dira Gasteizko Nuevo Teatro antzokia —gaur egungo Principal antzokia— inauguratu zenetik, Garnieri-Marchetti opera- eta opereta-konpainiaren “La corte de Napoleón” lanarekin.

Mendeurrena ospatzeko, gala bat izan da gaur. Antzokia goraino beteta zegoela, Gorka Urtaran alkatearen hitzak entzun dituzte lehenik herritar eta agintariek, eta azken aldian San Prudentzio kaleko antzokiko agertokira igo izan diren hainbat artistaren bideoa ikusi dute ondoren.

“Cienycientas” obra eskaini da gero; ehundik gora pertsona agertu dira agertokira, Mikel Gómez de Segurak zuzendutako emanaldi dibertigarrian. Gure irrati publikoaren partaidetza izan du, zeinek Principal antzokiaren historiaren 100 urte horietako ehunka oroitzapen eta sentipen helarazi baitizkigu. Topa egin da galaren bukaeran, baina ez antzokiaren 100 urteengatik bakarrik, baita antzezte-arteen eta kulturaren alde ere.

Hainbat agintari izan dira galan. Gorka Urtaran alkateak eta Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok egin diete harrera guztiei ere. Talde politiko guztietako zinegotzien ordezkariekin batera, bertan izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria, Bingen Zupiria, Estefanía Beltrán de Heredia eta Maria Jesús San José sailburuak, Ramiro González ahaldun nagusia, Igone Martínez de Luna eta Cristina González foru-diputatuak, Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejería, Batzar Nagusietako lehendakari Pedro Elosegi, Kultura Ministerioaren ordezkari eta INAEMeko zuzendariorde nagusi Fernando Cerón eta beste zenbait agintari, eta hiriko kulturaren arloko jendea.

Gala horrekin, nahiz eta 2018 urte osoan beste ospakizunik ere izan den, mendeurrena ospatzeko ekitaldi sorta bati egin zaio. Abenduaren 22ra arte iraungo du, eta hilaren 18an joko du goia, Lola Herrera handiak “Cinco horas con Mario” antzezlana eskainiko duelarik. Larunbatean, ihes-areto handi bihurtuko da antzokia; hilaren 16an, “Gizon Zoriontsuaren Alkandora” antzeztuko du Teatro Paraíso taldeak; hilaren 17an, “Intxaur-hauskailua” Eguberrietako ipuina antzeztuko du Moskuko XXI. Mendea Ballet Klasikoak, Jose Uruñuela Dantza Kontserbatorioko ikasleak dantzari. Azkenik, hilaren 21ean eta 22an ,“Al calor del invierno” Eguberrietako kontzertua eskainiko du Arkék. Astelehen honetan bertan egingo da horren aurkezpena prentsaurrekoan.

 

Egitarau aberatsa, hainbat formatutakoa, ikusleengandik gertukoa, horiekin partekatu nahi baita ospakizuna. Ildo horretatik joan da gaurko gala ere, herritarren festa, 100 urteko historia hori haiekin batera errepasatzeko asmoz antolatua.

 

Share