Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  18 abendua 2018 11:18

Dagoeneko 800 pertsonak eman dute izena Hezkuntza Zerbitzuaren proposamen berri horretan, eta urtarrilaren 8ra arte izango da horretarako aukera 

 Ibilbidean zehar askotariko arloak aipatuko dira, hala nola etxeko lanak, hezkuntza, kultura, artea, erlijioa, ikerketa eta politika

 

Estíbaliz Canto zinegotziak gidatzen duen Hezkuntza Zerbitzuak jarduera berria jarri du martxan Gasteiz, hiri hezitzailea programaren barruan: Ikusarazi beharreko historia: emakumeak Gasteizen” ibilbidea. Proposamen didaktiko horren bidez, dela anonimotasunetik dela publikoki emakumeek Gasteizko historiari egin dioten ekarpenaren balioa nabarmendu eta ikusarazi nahi du Udalak, historiografiak ahaztu edo isildu egin baititu. “Ibilbideak, beraz, historiaren irakurketa berria ahalbidetuko du, bidezkoagoa, zorrotzagoa eta Gasteizen garai historiko ezberdinetan bizi izan ziren emakume eta gizonen errealitateari doituagoa”, adierazi du udal ordezkariak prentsaurrekoan.

Andre Maria Zuriaren plazan hasten da ibilbidea, ondoren Hirigune Historikora eta Zabalgunera joateko. Bi orduz, zenbait leku eta eraikin bisitatuko dira, eta emakumeek hainbat arlotan izandako eginkizun garrantzitsuak ezagutuko, hala nola etxeko lanetan, ordaindutako lanetan, hezkuntzan, kulturan, artean, erlijioan, ikerketan, aisialdian eta politikan. Izenik ezagutzen ez zaien emakumeez gain, beste figura hauen berri emango da ibilbidean: Loreto dde Arriola, María Josefa Sancho Guerra, Teresa de Berganzo, Victoria de Anda y Esquível, María Pilar de Acedo, Daría Imbert, Berenguela López de Haro, María de Maeztu eta Micaela Portilla. “Hartara, historiak ahaztutako emakumeen errealitatearen aurreko pentsamendu kritikoa sustatuko da, genero-berdintasunari dagokionez jarrera koherente eta aktiboa hartzea ahalbidetuko duena”, zehaztu du Cantok.

Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei zuzendua dago, baita interesa izan dezaketen beste heldu-talde batzuei ere. Euskaraz edo gaztelaniaz egin daiteke. Orain arte 44 taldek (883 pertsona orotara)  eman dute izena, baina 2019ko urtarrilaren 8ra arte luzatu da izena emateko epea. Epez kanpo jasotako eskabideak ere hartuko ditu kontuan Hezkuntza Zerbitzuak, lekurik bada. 2018ko abenduaren 10etik 2019ko maiatzera bitartean egin daiteke ibilbidea, dena delako taldeak aukeratzen duen egunean. Udalaren Hezkuntza Zerbitzuaren web-orrian dago informazioa eskuragarri: vitoria-gasteiz.org/hezkuntza.

Enklabe enpresa arduratuko da ibilbideez; ondare historiko, artistiko eta arkeologikoaren alorrean diharduen kooperatiba da hori. Arkeologia doktore Ismael García-Gómezek diseinatu du ibilbidea, eta Topografiako ingeniari tekniko Miren Fernández de Gorostiza arduratzen da antolatu eta kudeatzeaz.

 Genero-ikuspegia kontuan hartuko duten beste ibilbide batzuk

Hezkuntza jarduera berri hori sortzeaz gain, Udalaren Hezkuntza Zerbitzua genero-ikuspegia txertatzen ari da Arte eta Historia ibilbideak programan, zeina duela 25 urte baino gehiago hasi baitzen antolatzen. Horren barruan sartzen dira ibilbide hauek: Erdi Aroko Gasteiz, Gasteiz Neoklasikoa, XIX. mendeko Zabalgunea, Udala, Artxiboak ezagutzea, San Pedro eliza, eta Gasteizko ahozko memoria. Orobat, Santa Maria katedraleko lantegiak eta bisitak egokituko ditu, Santa Maria Katedrala Fundazioarekiko lankidetzan antolatuak.  Joan den ikasturtean 81 ikastetxetako 12.442 ikasle eta helduk hartu zuten parte horietan.

 

 

Share