Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  19 abendua 2018 12:02

Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak ebatziko du auzia, eta Udala publizitaterik gabeko prozedura negoziatua prestatzen ari da

 

 

Rokodromoen lehiaketa esleitu gabe geratuko da berriro, Kontratazio Mahaiak gaur ziurtatu baitu aurkeztutako enpresa bakarrak atzera ere ez dituela bete betebehar teknikoen agirian ezarritako betekizunak: “horrenbestez, Kontratazio Mahaiak lehiaketa esleitu gabe utzi beste aukerarik ez du, eta Udalak, bere borondatearen kontra, zerbitzua mugarik gabe itxita eduki beharko du”, adierazi du Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok prentsaurrekoan. Hark azpimarratu duenez, etenaldia ez da “Udalak sortutakoa, lehiatzailerik ez egotearen ondorio zuzena baizik, hainbat prozesutan esleipendun gerta zitekeen enpresak nahiago izan duelako kontratuak gauzatu gabe uztea, kooperatibako bazkide-langileengan duen eragina gorabehera”; izan ere, baldintzen agiriarekin “lanean lirateke”.

Aipatu beharra dago baldintza-agiria aurrekoen antzekoa zela, orduen kopurua handituta, baita —eta bereziki— orduko prezioa ere, 19,85 eurotik 22,97 eurora igo baitzen. Beraz, Cantoren hitzetan, “ez da lan arazo bat; enpresak, ez interes publikoarengatik, apropos handitu nahi du orduen kopurua sailak ezarritakoaren aldean, eta sailak interes orokorra zaindu behar du

Enpresak, berriz, baldintza-agirien kontrako bi errekurtso berezi aurkeztu zituen azaroan Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoan, zeinak bi hilabeteko epea baitu ebazteko. “Zerbitzuak ez du irregulartasunik antzeman bi errekurtsoetan adierazitakoari dagokionez, baina agian hori da albiste positibo bakarra auzi honetan, ebazpenak ematen dituen jarraibideek irtenbide bat bilatzea ahalbidetuko dutelako”, onartu du kirol arloko arduradunak.

Bitartean, Udalak publizitaterik gabeko prozedura negoziatua idatziko du, enpresei deitu ahal izateko. Errekurtsoa ebatzi bezain laster argitaratuko du hori.

Ondorioz, udal rokodromoen zerbitzuak etenda jarraituko du, aipatutako organoak errekurtsoak ebatzi arte. “Nire erantzukizuna da barkamena eskatzea erabiltzaileei Udalaren kontroletik kanpo dagoen egoera ezatsegin honengatik, bestela ez genukeelako amore emango lan edo segurtasun eskubideengatik, enpresen irabazi-nahiarengatik baizik”, amaitu du Cantok.

Share