Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  20 abendua 2018 12:12

Udaltzaingoak jakinarazi duenez, atzo urrezko kate bat lapurtu zioten 61 urteko emakume bati, “besarkadaren” metodoa erabilita. Eguerdia baino pixka bat beranduago gertatu zen, Lakua-Arriaga auzoan. Emakumeari, kaletik pasieran zebilela, emakume bat hurbildu zitzaion, eta musu batzuk emateko eskatu zion. Biktimak men egin zuen, hurbileko zentro bateko desgaitua zela pentsatuta.

Une hartan, lepoan indarrez tira egin ziola nabaritu zuen, eta korrika alde egin zuen emakumeak urrezko katea kendu ziola konturatu zen (kateak domina bat zuen zintzilik). Gertakari horren aurrean, ezezagunen besarkadez ez fidatzeko aholkatzen du Udaltzaingoak. Halaber, egun hauetan sustatzen den elkartasun faltsuaz ere ez fidatzeko dio, askotariko kausetarako sinadurak eskatzen baitira, batzuetan, lapurreta egiteko.

Hamar trafiko-istripu

Udaltzaingoak hamar trafiko-istriputan hartu zuen esku atzo. Horietan, ez zen zauritu larririk izan, baina 37 urteko gidari bat ari dira ikertzen, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik.

Gauerdia igarota gertatu zen, Juan de Garai kalean prebentziozko alkoholemia-kontrol batean gerarazi zutenean, Gabonetan bideko segurtasuna zaintzeko kanpaina bereziaren esparruan. Alkoholemia-probetan, 0.86-0.79 miligramoko alkohol-tasa eman zuen botatako aire litro bakoitzeko, eta, hortaz, Guardiako Epaitegira bideratzeko izapideak egin ziren.

Udaltzaingoak 25 salaketa izapidetu zituen, eta 12 kasutan aritu zen polizia judizial gisa.

Sutea enpresa batean

Suhiltzaileek goizeko seiak baino pixka bat lehenago hartu dute esku, Jundizeko fundizio-enpresa batean, makina batean piztutako sua itzaltzeko, non olio hidraulikoa erre den. Langile guztiak bertatik atera ondoren, PSISZeko taldeek ingurua itzaltzeko eta hozteko lanak egin dituzte, su-itzalgailuak eta bitsezko lerro bat erabilita.

 

Share