Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  21 abendua 2018 10:23

Tokiko Gobernu Batzarrak SEA-Arabako Enpresak elkartearekiko lankidetza hitzarmena onetsi du, 2018-2019 aldian enplegu-sustapenarekin eta ekonomia sozialarekin lotutako zenbait ekintza garatzeko. Gasteizko Udalak jarduera hauek bultzatuko ditu, besteak beste: Empleo-Araba proiektuaren barruko lanerako orientabide eta bitartekaritza jarduerak; okindegi eta gozogintza establezimenduak kudeatzeari buruzko ikastaroa, eta “Back to Araba – Talent Forum Day” jardunaldia, datorren astean egitekoa dena. Udalak 41.000 euroko laguntza ekonomikoa emango du horretarako.

Kopuru horren erdia baino gehiago (23.500 euro) Udalak Empleo-Araba proiektuari ematen dion ekarpena da, Arabako erakundeek, SEAk eta Vital Fundazioak batera baitihardute horretan. Udalak eta SEAk ekimen horretan izandako lankidetzari esker, 2017an 81 pertsonari eman zitzaien arreta, zeinek enplegua lortzeko aukerak eta baliabideak hobetu baitzituzten. Horien % 58k lortu zuen lana.

Gaur onetsi den hitzarmenaren helburua da Empleo-Arabaren jarduerak industrian eta logistikan zentratzea, langabezian dauden pertsonen prestakuntza arlo horietara bideratuz.

Bestetik, Udalak eta SEA-Arabako Enpresek sinatu duten hitzarmenak 5.000 euroko zuzkidura jasotzen du okindegi eta gozogintza establezimenduak kudeatzeari buruzko prestakuntza-ikastaro bat antolatzeko. Prestakuntza-ekintza horrek hiru atal nagusi izango ditu:

  • Ekintzailetza eta negozioaren kudeaketa.
  • Okintza, gozogintza eta dastatzeen arloko oinarrizko prestakuntza.
  • Saltokietako kudeaketa.

Ikastaroa amaitzean lanean txertatzeko aukera handiak izango direla aurreikusten da, sektorean esku lanaren beharra dagoela antzeman baita.

Hitzarmenaren barruko ekintzen artean nabarmengarria da, halaber, “Back to Araba – Talent Forum Day” jardunaldia: hautatze prozesu irekiak dituzten Arabako enpresak eta lurraldetik kanpo lan egiten duten pertsonak elkartuko dira, Arabatik kanpo dagoen talentua erakartzearren. Udalak 5.000 euroko laguntza ekonomikoa emango du ekintza horretarako.

 

Share