Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  28 abendua 2018 12:55

Gasteizko aireportuko hegaldi erregularren operatiboaren jarraitutasunak Urtaranen gobernuaren babesa jaso du gaur, VIA elkartearekiko 2018ko lankidetza-hitzarmena onetsi delarik Tokiko Gobernu Batzarrean. Ekimen horren bitartez, 182.000 euroko ekarpen ekonomikoa egingo du Gasteizko Udalak, Gasteizko aireportuan aurten merkantzien eta bidaiarien trafikoa gehitzera zuzenduta garatu diren hainbat ekintza finantzatzen laguntzeko.

Aireportua hiriko, lurraldeko eta Euskadiko turismoaren sustapeneko funtsezko pieza bihurtzera zuzendutako ekintzak bideratzeko Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lau urterako akordioaren barruan sartzen da gaur onetsi den hitzarmena. Forondaren sustapenerako lehiaketa bat abian jartzea ekarri zuen ekimen horrek, Estatu barruko eta nazioarteko hegaldiak egiten dituzten konpainiei zuzendua, hegaldi erregularren operatiboa martxan jartzeko aukera izan zedin hartara.

Forondako aireportua bultzatzeko euskal erakundeek modu bateratuan zertutako ekintzen ondorioak bereziki bidaiarien trafikoan nabaritu dira. 2014an guztira 7064 bidaiari izan ziren; aldiz, lau urte geroago, 20 bider handiagoa izan da kopuru hori. Abenduko datuak zenbatu gabe badaude ere, dagoeneko 129.808 bidaiariko bolumena lortu da.

Charter hegaldien bilakaera onak hainbat lekutara hegaldatzeko aukera eskaini du aurten, hala nola Praga, Malta, Polonia, Herrialde Baldikoak, Bukarest, Estrasburgo, Mosku-San Petersburgo, Vilnius-Tallin, Dubrovnik-Pula eta Varsovia-Katowice. Hegaldi erregularrak gehitu behar zaizkie horiei, honako hauek izan baitira 2018an: Kolonia-Bonn, Milan-Bergamo, Sevilla eta Tenerife Sur.

Kargari dagokionez, orobat izan da positiboa bilakaera, nahiz eta aldakuntza ez den hain handia izan. 2014an 42.160.653 kg merkantzia garraiatu ziren guztira; aurten, berriz, 57.336.248 kg-ra iristen da zifra, abendu bukaerako datuen faltan. Garraiatutako merkantzien pisu globalaren egonkortzeko joera gehitzen zaio horri, nahiz eta mugitzen den merkantzia-kopurua handiagoa izan. Garraiatzen den karga-motaren aldakuntzari zor zaio horri, nabarmen igo baita pakete-garraioa.

 

 

 

Share