Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  8 apirila 2019 17:00

Prentsaurrekoa. Udalaren haur eskoletako eta Haurreskolak partzuergoko matrikulazio kanpaina aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Asteartea, apirilak 9

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————————-

Prentsaurrekoa. ‘Tendríamos que haber empezado de otra manera’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Aitor Pérez eta Javier Liñera aktoreak

Eguna. Asteartea, apirilak 9

Ordua. 11:30

Tokia. Teatro Principal Antzokia

—————————————–

Omenaldi-ekitaldia Vitoria-Gasteizko lehen udalbatza demokratikoari

Gaur egungo udalbatzak omenaldia eskainiko dio 1979ko apirilaren 19ean sortutako udalbatzari, lehen udal hauteskunde demokratikoen 40. urteurrenean.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta lehen udalbatzako talde bakoitzeko ordezkari bat

Eguna. Asteartea, apirilak 9

Ordua. 12:00

Tokia. Goiuri jauregia, Martin de Salinas aretoa

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:32

Udaltzaingoaren Agenteek 22 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, bikotekide ohia iraindu, mehatxatu eta jotzeagatik genero-indarkeriako delitu bat egin izanaren usteko egile gisa.

Gertaera horiek 7etan gertatu ziren, Florida kaleko diskoteka batetik irtetean. Gazte talde batek laguntza eskatu zion udaltzaingoaren patruila bati, establezimenduaren kanpoaldean bikotekide ohia iraindu eta iletik tiratu zuen gazte bat harrapatu zezaten; bikotekide ohiak gertaera horiek baieztatu zituen, baita mehatxuak jasan izana ere.

Udaltzainek Amarika plazan atxilotu zuten ustezko erasotzailea, eta hark onartu zuen eztabaida bat izan zutela, baina ukatu egin zuen erasoak egin izana. Nolanahi ere, nahastutako aldeen adierazpenak eta toki horretan zeuden lekukoenak entzun ondoren, hura atxilotzeari ekin zioten. Atzo epailearen esku geratu zen.

Erasoa jasan zuen neska gazteari Udaltzainek galdetu zioten ea nahi ote zuen ospitalera joaten laguntzea, bertan artatu zezaten, eta halaber, gertaera horiengatik salaketa aurkeztera joateko laguntza ere eskaini zioten.

Zortzi pertsona zauritu dira istripuetan

Zortzi pertsona zauritu dira asteburuan izandako lau trafiko-istriputan.

Bizikletaz zihoan 58 urteko emakume bat zaurituta geratu zen ostiralean San Prudentzio kalean izandako istripu batean, bere bizikletarekin zihoala lurrera erori ondoren. Anbulantzian eraman zuten Santiago Ospitalera.

Egun horretan bertan, Jacinto Benavente kalean, istripu bat gertatu zen bi autoren arteko talkaren ondorioz. Ibilgailu horietako batean zihoan 37 urteko emakume gidaria eta ibilgailu banatan zihoazen 21 eta 36 urteko bi bidaiari ere zaurituta geratu ziren. Azken hori anbulantzian eraman zuten Santiago Ospitalera.

Larunbatean ibilgailu batek izandako istripu baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat. Herri barruko autobus batean zihoazen bi bidaiari zaurituta geratu ziren, Zumakadi ibilbidean errepidea behar ez zen lekutik gurutzatzen ari zen 11 urteko adingabe bat ez harrapatzearren galga bortizki zanpatu izanaren ondorioz. Larrialdi-zerbitzuek 59 eta 66 urteko bi bidaiariak artatu eta Santiago Ospitalera eraman zituzten.

Urartea kalean istripu bat gertatu zen, motozikleta baten eta auto baten arteko talkaren ondorioz. Motoan zihoan 21 urteko gizonezkoa anbulantzian eraman zuten Txagorritxu Ospitalera.

Udaltzainek beste 36 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, nahiz ez zen zauriturik izan, eta 5 gidari ikertzen ari dira bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik: 3 alkoholaren eraginpean gidatzeagatik eta beste 2 gida-baimenik gabe gidatzeagatik, Arriaga Atean eta Salburua Bulebarrean, hurrenez hurren.

Gainera, asteburuan Udaltzaingoak alkoholemiako 7 prebentzio-kontrol egin ditu hirian, eta horietan, 131 gidarik egin behar izan dituzte alkoholemia-probak. Horietatik hiruk emaitza positiboa eman zuten.

Udaltzainek 47 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 26 jarduera egin zituzten.

Kamioi baten zamak su hartu du

Zabor-kamioi baten zaman piztutako sua itzaltzeko esku hartu behar izan zuten suhiltzaileek larunbatean, Arkatxa kalean. SPEISeko langileak iritsi baino lehen zama hori askatzea lortu zuen gidariak, eta era horretan, suak kamioiari eragitea eragotzi zuen.

Egun horretan bertan, Domingo Beltran kaleko etxebizitza batean eltze batean piztutako sua itzaltzeko ere esku hartu zuten. Etxebizitza eta bebarrua egurastu zituzten eta neurketa batzuk egin zituzten esplosimetroa erabiliz. Bertan bizi den pertsonetako bat ospitalera eraman zuten monoxidoa arnastu izana gerta zitekeelako.

San Pedro elizaren fatxadako bi harri lurrera erori ziren Jesusen Zerbitzarien kalean, eta hori zela eta, Suhiltzaileek berriro esku hartu behar izan zuten atzo eguerdian. Teilatua, fatxada eta teilatu-hegalak berrikusi zituzten eta erortzeko arriskua zuten harriak ondo kokatu zituzten.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:23

Vitoria-Gasteizko Jazzaldiaren 43. edizioak beste agertoki bat izango du eta hainbat jarduera didaktiko, helburu bikoitzari jarraiki: musikari gazteei aukera bat ematea eta toki zoragarrian zuzeneko musikaz gozatzeko prest dagoen publikoari irekitzea.

Proposamen berri hau Vitoria-Gasteizko Udalari, Luis Aramburu Udal Eskolari, Jesús Guridi Kontserbatorioari eta Vital Fundazioaren ekarpen ekonomikoari esker gauzatu da.

Vitoria-Gasteizko Jazzaldiak talentu gaztearekin duen konpromisoa etengabea izan da bere historian zehar. Izan ere, bertako eskoletako ikasleek sustatzen dute Vitoria-Gasteizko jazzarekiko eta, oro har, musikarekiko dagoen zaletasuna.

Jazzaldiak hitzarmenak sinatu ditu Luis Aramburu Udal Musika Eskolarekin eta Jesús Guridi Kontserbatorioarekin, gazteen prestakuntzan laguntzeko, baita gazte horiek agertokian sustatzeko ere.

Jazzaldiak irauten duen astean zehar, Luis Aramburu Eskolan, jaialdian parte hartuko duten musikari profesionalek emango duten hezkuntza-eskaintza egongo da. MAP trioak –Marco Mezquida, Ernesto Aurignac eta Ramón Prats-ek osatuak– masterclass bat eskainiko du, Vitoria-Gasteizko Udal Musika Bandarekin, Jazzaldirako bereziki, burutu duten proiektua Mendizorrotzan estreinatu baino lehen.

Gainera, Ramón Prats bateria jotzaile gironarrak bateria hutseko kontzertu bat emango du Luis Aramburu Eskolako auditorioan.

Eskaintza pedagogiko hori Romain Pilon gitarra jotzaile frantziarraren klase magistral batekin eta Iñaki Rodríguez irakaslea eta Iruña Jazz Brass-eko musikaria denak emango duen Brass tailer batekin osatuko da

 

Kontzertuak eta agertokia

Mendizorrotza eta Principal Antzokiko ohiko agertokiei, Jazzaldiaren aurtengo edizioan, Falerina bilduko zaie, Montehermoso kultura zentroan. Jazzaldira bildu berria den zentro horretan doako kontzertuak emango dira eguerdietan eta musika eskoletako ikasleentzat zein beren ibilbide profesionalari ekin dioten beste talentu gazte batzuentzako lekua izango du.

Luis Aramburu Eskola, Jesús Guridi Kontserbatorioa, Musikene eta Udaband Musika Kanpusak euren comboak aurkeztuko dituzte, musika interpretaziorako dituzten gaitasunak ikus daitezen.

Falerinako programazioa beste hainbat musikariren kontzertuekin osatuko da. Kontzertu horiek asteartetik, uztailak 16, larunbatera, uztailak 20, egingo dira.

The Taan Trio talde italiarrak, Alberto Turra gitarra jotzaile eta musikagilea buru duela, William Nicastro baxuan eta Stefano Grasso baterian, soinu-esperientzia izugarria biziaraztea lortzen du, elektronikaren erabilera bikainari eta inprobisazioari esker.

Andrés Barrios piano jotzaile sevillar gazteak prestakuntza klasiko landua du, baina horrek ez dio eragotzi eragin latino eta afro-kubatarreko jazza era autodidaktan esploratzea. Teknika, ezagutza eta inspirazioaren nahasketak Europako panoramako musikari nabarmen egin dute Romain Pilon gitarra jotzaile frantziarra. Bere Reunion 5et taldean, Pierre de Bethmann piano jotzailea, Gianni Gagliardi saxofoi jotzailea, Iván San Miguel kontrabaxu jotzailea eta Gonzalo del Val bateria jotzailea ditu kide.

Trizak taldeak bere lehenengo diskoa atera berri du Errabal (Gaztelupeko Hotsak) zigiluaren eskutik, eta taldearen izen bera eman dio. Proiektuan oso ohikoa ez den trioak hartzen du parte, saxoa, kontrabaxua eta bateria, eta musika inprobisatua proposatzen du oinarri. Talde horretan Jon Piris, Hasier Oleaga eta Julen Izarra elkartu dira, jazz taldeetatik nahiz beste estilo batzuetatik datozen musikariak.

David Sancho pianoan, Fede Marini baterian, Alberto Guio saxofoian eta Artes-ek zeremonia-maisu lanetan, osatzen dute The Breitners. Talde hau, musikari dagokionez, rapeko dunbalaren eta kutxa klasikoaren eta jazzaren, neosoul-aren, r&b-ren ata abarren artean dabil, hau da, taldekide bakoitzak bere ibilbide pertsonalean profesionalizatu dituen influentzia guztiak.

Programazio hori guztia hainbat erakunderen ekarpenari esker egin ahal izan da, Vitoria-Gasteizko Udalak lekua laga du, eta Vital Fundazioarekin hitzarmena sinatu da gure lurraldeko talentu gaztea sustatzeko. Uztailaren 20an, larunbata, egingo den jaialdiaren amaiera, beste aldetik, oso berezia izango da.

New Orleanseko estiloari leialtasunez jarraiki, Second Line deritzona programatu da, hau da, kalejira tradizionala. 19:30ean hasiko da Andre Maria Zuriaren plazan eta Iruña Jazz Brass taldeko musikariek, tailerreko ikasleek eta nahi duten zale guztiek hartuko dute parte, Mendizorrotzako pabilioian amaitu arte.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:52

 

 

 

 

 

 

Garraioen udal enpresaren (TUVISA) flotak hamar autobus hibrido ditu dagoeneko, aste honetan mota horretako bost ibilgailu berri eskuratu ostean. Ekipo berriak ‘Veris .12 Hybrid’ modelokoak dira; hau da, Gasteizen 2018az geroztik zerbitzuan dauden bost ibilgailuen modukoak, eta Vectia enpresak fabrikatu ditu. Hamar autobusak kontratu beraren bidez eskuratu dira, 3,3 milioi euroko inbertsioa eginda.

Ibilgailu hauekin beste urrats bat egin da flota berritzeko bidean. Une honetan proba-fasean daude hirian bertan, sistema informatikoak eta kudeaketa-sistemak egokitzeko. 2017ko maiatzean kaleetara atera ziren 18 metroko 10 autobus artikulatuei hamar hibrido hauek eta BEA ezartzeko planekoak gehituta, Arabako hiriburuak 22 ibilgailu berri izango ditu. TUVISAk 90 ibilgailu dituenez, ibilgailu berri horiei esker flotaren % 38 berrituko da.

 

 

 

 

Ibilgailu berriek ingurumen eta teknologia arloan jauzi handia emateko aukera ematen dute. Garbiagoak, modernoagoak eta irisgarriagoak baitira. Urtean denera 15 milioi bidaia baino gehiago egiten dituzten hiritarrei zerbitzurik onena emateko aukera ere eskaintzen digute. Eskuratutako autobusek 12 m-ko luzera eta 2,55 m-ko zabalera dute, eta, bi motore: bata errekuntzakoa, eta, bestea, elektrikoa.

Lehengo ibilgailu zaharren aldean eskaintzen dituzten hobekuntzei dagokionez, beste hau ere azpimarratu du TUVISAk: Gora egin dute mugikortasun murriztua duten pertsonentzako lekuek, baita gurpil-aulkientzako eta haur-kotxeentzako espazioek ere. Hiru leku izango dira, bi izan ordez; kasu bakarra Estatuan. Beste hobekuntzarik ere badute autobus berriek, hala nola multimedia-pantailak eta USB kargagailuak.

 

Share