Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  1 apirila 2019 17:00

Harrera ekitaldia Vitoria-Gasteizen saski baloia zabaltzen aritu ziren pertsonei

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Asteartea, apirilak 2

Ordua. 19:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:25

Udalak Larrialdi Plana eguneratu du, zeinak Gasteizko udalerrian gerta daitekeen edozein larrialdi egoerari azkar eta eraginkortasunez erantzuteko behar diren jarduerak zehazten baititu.

Hemendik aurrera, planak jarduteko prozedura logistikoa ere izango du, orain ez baitzuen horrelakorik; Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak sustatu du hori lantzea. Ezohiko larrialdi egoera batean kaltetutakoei arreta emateko behar diren baliabideak ezarri eta koordinatzen ditu prozedura horrek: ostatua, hornigaiak, garraioa eta, batez ere, biktimentzako arreta psikosozial eta emozionala.

Udaleko hainbat sailek hartu dute parte lanketan: Herritarren Segurtasuna, Larrialdi Plana osatu eta eguneratzearen arduradun nagusia; Funtzio Publikoa, planean diharduten pertsonak prestatzearen arduraduna; Gizarte Etxeak, Kirolak, Udal Administrazioa eta abar, behar den logistika jartzen dutenak.

Azpiegitura logistikoa

 Zinegotzi Peio López de Munainek, Suhiltzaileen buru Rubén Báezek eta Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Saileko Gizarteratze eta Gizarte Berrikuntzako teknikari arduradun Joxean Agirrek aurkeztu dute gaur plan logistikoa, dagokion batzordean. Planak lau jarduera-ardatz ezartzen ditu, kaltetutako pertsonen oinarrizko beharrei erantzuteko:

  • Ebakuazioa eta garraioa. TUVISA eta udal sailak arduratuko dira larrialdian beharko diren garraiobideak jartzeaz, lekuan bertan hartzeko, lehen harrera emateko eta gero ostatu emateko lekuetara eramateko, esku-hartzeko taldeak larrialdia gertatu den lekura hurbiltzeko, etab.
  • Aterpea eta ostatua. Gizarte etxeak (Lakua, Iparralde, Hegoalde, Zabalgana), kirol instalazioak (P. Mendizorrotza) eta Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailaren egoitza baliabideak eskainiko zaizkie biktimei.
  • Janaria eta hornigaiak. Elikadura zein larrialdiari aurre egiteko oinarrizko hornigaiak (mantak, koltxonetak, etab.) bermatu ditzaketen merkataritza-guneen eta udal zerbitzuen inbentarioa egin da.
  • Harrera, arreta eta sostengu emozionala. Plan logistikoaren ardatz garrantzitsuenetako bat da. Atal honetan sartutako lanak: kaltetuen errolda osatzea, oinarrizko beharrei erantzutea (jan-edanak eta mantak banatzea, lotarako lekuak prestatzea…), eta sostengu emozionala ematea.

Bikoteka arituko dira langileak harrera egiten eta laguntza psikologikoa ematen, ahal dela psikologo batek eta gizarte langile batek osatutako bikoteetan.

Bestetik, larrialdietan komunikazioa ahalik eta azkarrena izan dadin, eta koordinazioa ahalik eta onena, aplikazio informatiko bat landu da, PC edo gailu mugikor batetik kontsultatu daitekeena. Bertan agertuko da zein baliabide erabil daitekeen, arduradunak nortzuk diren eta haien kontaktuak zeintzuk diren; ezarritako jardunbide operatiboen agiriak ere eskuratu ahalko dira.

Larrialdi egoerarik gertatuz gero, Herritarren Segurtasunaren Saileko langileez gain, beste 86 udal langileren borondatezko laguntza ere badu plan logistikoak. Funtzio Publikoaren Sailak behar den prestakuntza eman die pertsona horiei.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:09

Udaltzaingoaren Agenteek 31 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, seme-alaba adingabeen aurrean bere emaztea jotzeagatik genero-indarkeriako delitu bat egin izanaren usteko egile gisa.

Gertaera horiek gaueko ordu txikietan izan ziren, Arana auzoko lokal batean; festa bat ospatzen ari ziren bertan, eta erasoa jasan zuen emakumea bertatik alde egitera zihoan. Une horretan, beraren esanetan eta bertan zeuden beste pertsona batzuen esanetan, irainak eta kolpeak jasan zituen mozkorturik zegoen bikotekidearen partetik.

Adierazpen horiek entzun ondoren eta ikusirik jo izanaren arrasto nabarmenak zeuzkala emakumeak, udaltzainek atxilotu egin zuten gizona, eta gaur goizean epailearen esku geratu da.

Zazpi pertsona zauritu dira istripuetan

Zazpi pertsona zauritu dira asteburuan gertatu diren sei trafiko-istriputan.

Larunbatean istripu bat gertatu zen bi ibilgailuren arteko talka baten ondorioz, Izardui Komandantea eta Zumabide kaleen arteko elkargunean. Gidatzen zihoan 47 urteko emakumea zaurituta geratu zen, eta tokian bertan artatu ondoren, Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Handik pixka batera, Mahatma Gandhi kalean, auto baten eta bizikleta baten artean gertatutako istripuaren nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat. Bizikletan zihoan 36 urteko emakumea Santiago Ospitalera eraman zuten.

Larunbatean Andra Maria Zuriaren plazan izandako beste istripu baten nondik norakoak ere ikertzen ari dira; bertan, haur bat harrapatu zuten eta, gero, anbulantzia batek Txagorritxu Ospitalera eraman zuen.

Bizikleta gainean zihoan 52 urteko emakume bat zauritu zen larunbatean Ortiz de Urbina Margolariaren kalean auto batek jo ondoren. Anbulantzia batek eraman zuen emakumea Txagorritxu Ospitalera.

Larunbatean Antoniareneko plazako biribilgunean beste istripu bat gertatu zen auto baten eta motozikleta baten artean. Moto-gidaria, 36 urteko gizonezkoa, anbulantzian eraman zuten Santiago Ospitalera.

Gasteiz hiribidearen eta Bastiturri kalearen arteko bidegurutzean izandako talka baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat. Hiru ibilgailu nahastu ziren, eta ibilgailu horietako batean gidatzen zihoan emakumea eta gizonezko bidaiari bat zaurituta geratu ziren, 26 eta 59 urtekoak hurrenez hurren, eta Txagorritxu Ospitalera eraman zituzten biak.

Alkoholemia positiboak

Udaltzaingoak beste 30 trafiko-istriputan parte hartu du asteburu honetan, baina horietan ez da inor zauritu eta 5 gidari ikertzen ari dira bide-segurtasunaren aurkako delituengatik: 4 gidari alkoholaren eraginpean gidatzeagatik eta beste bat gida-baimenik gabe gidatzeagatik.

Istripu horietan egindako alkoholemia-probetan positibo eman zuen Landaberde kalean izandako istripu batean nahastutako 52 urteko gizonezko batek, Herrandarren kalean sigi-saga eta bizkor azeleratzen ikusi zuten 35 urteko beste gizonezko batek, Florida kalean dokumentazio eta alkoholemiako prebentzio-kontrol bat egiteko eskatu zioten 24 urteko mutil gazte batek, eta Lopidana herriko sarbidean argirik gabe eta oso modu berezian gidatzen ikusi zuten 25 urteko beste mutil gazte batek.

Asteburuan alkoholemiako 6 prebentzio-kontrol egin ditu Udaltzaingoak, eta horietan, 130 gidari baino gehixeagok egin behar izan dituzte arauzko probak. Horietako bik positibo eman zuten.

Udaltzainek asteburuan 41 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 13 jarduera egin zituzten.

Sutea Olarizu mendian

Suhiltzaileek Olarizu mendian piztutako sute bat itzaltzen esku hartu zuten atzo, eta bertan, hektarea bat larre eta sastraka erre ziren.

Larunbatean Zapatari kaleko eraikin batera joan ziren, etxebizitza baten barruko karga-habea zartatu egin zelako zenbait tokitatik. Gainerako etxebizitzen egitura-elementuak aztertu ondoren, prebentzio-neurri gisa bertan bizi diren pertsonak kanpora irtenaraztea erabaki zuten, udal arkitektoek balioespen zehatzago bat egin arte.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:55

Gaur goizean egin da apirilaren 28an izango diren Gorte Nagusietarako hauteskundeetarako mahaiburu eta mahaikideak izendatzeko zozketa, bertan zeudela Udal Errolda Ataleko zinegotzi arduradun Jaione Aguirre, idazkari nagusi Martin Gartziandia eta zenbait udal-sailetako teknikariak.

 

Gasteizen bizi diren 189.037 pertsonak eman ahal izango dute botoa hauteskunde horietan, baita atzerrian bizi diren beste 4.811 gasteiztarrek ere.

33 hautesleku aukeratu dira, 309 hauteskunde-mahai, guztira.

Apirilaren 1etik 4ra bitartean jakinaraziko zaie izendapena mahaietako kide izango diren 2.781 pertsonei, eta jarraibide-eskuliburuak helaraziko. Udalak ez ditu argitaratuko zozketaren emaitzak, datu pertsonalen konfidentzialtasuna gordetzeko. Aukeratuak izan diren jakin nahi dutenek bertatik bertara kontsulta dezakete herritarrei laguntzeko bulegoetakoren batean, beren burua identifikatu eta eskabidea egin ostean.

Apirilaren 12an hasiko da, formalki, hauteskunde-kanpaina, eta apirilaren 26ra arte iraungo du, hots, apirilaren 28ko hauteskundeen aurreko gogoeta-egunaren bezperara arte. Bozketa-egunean, goizeko bederatzietan irekiko dira hauteskunde-mahaiak; arratsaldeko zortzietan itxi, eta emaitzen zenbaketari ekingo zaio orduan.

Apirilaren 28ko hauteskundeetarako hauteslekuen zerrenda

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:28

Apirilaren 4an jasoko dituzte sariak bi entrenatzaileek; bata Biribildu taldearen fundatzailea da, eta bestea, Eharialdea eskubaloi taldearen fundatzailea

 

 

 

 

 

Gasteizko Udalaren Kirolaren Sarien balorazio batzordeak —talde politikoen ordezkari banak eta Kirol Zerbitzuko bi teknikarik osatua— 2019ko saridunak nortzuk izango diren adostu dute: gimnastika entrenatzaile eta Biribildu taldearen fundatzaile Ainhoa Sánchez Hernández, eta entrenatzaile eta sortu zenetik Eharialdea eskubaloi taldeko kide Emiliano Torres Jorge.

Sánchez Biribildu aerobic taldeko entrenatzailea da gaur egun, zeinak azken urteetan Europako bi txapelketatan parte hartu baitu (Portugal 2015 eta Italia 2017), baita Munduko bi txapelketatan ere (Hego Korea 2016 eta Portugal 2018), aerostep modalitatean. Berak fundatu zuen taldea.

Gorputz Hezkuntzan lizentziaduna da, aerobiceko teknikari eta epaile nazionala, gimnasia erritmikoko teknikari eta epaile nazionala, eta Gimnasia Jardueren Oinarrien irakaslea Deustuko Unibertsitatean.

Epaimahaiak “aktiboan jarraitzen duen pertsona bat” saritu nahi izan du, “kirol hastapenak zein espezializazioa lantzen dituena, eta kirola sustatzen duena hala ikasleak eta federatuak entrenatzen nola Unibertsitatean eskolak ematen, eta gainera oso kirol emaitza onak lortu dituena bere gimnastekin modalitatearen Espainiako txapelketetan, klubaren ibilbidean zehar“.

Torresek, berriz, 1987an auzoan sortutako lehen eskubaloi taldeko kidea izan zen: Club  L03 zuen izena, ondoren Eharialdea kirol elkartea bihurtu eta gaur egun Eharialdea emakumezkoen eskubaloiko taldea dena.

Hasierako urteetan kirolariak erakartzen eta eskolako ekipoak entrenatzen aritu zen. Duela 20 urtetik hona, entrenamenduez, jokalariak eta entrenatzaileak bilatzeaz, taldearen eta eskubaloi eskolaren kirol koordinazioaz eta lehendakariari baliabide ekonomikoak bilatzen laguntzeaz arduratzen da.

Epaimahaiak kontuan hartu du “Arabako emakumezkoen eskubaloiaren alde bizitza osoa eman izana, eta boluntariotzan oinarritutako talde baten sortzailea izatea, kirol emaitza aipagarriak lortu baititu”.

Kirol merezimenduen artean aipa daitezke hainbat kategoria eta denboralditan Euskadiko txapeldun eta txapeldunorde geratu izana: euskal ligako bigarren mailako txapeldunordea 2009/2010 denboraldian, eta euskal ligako lehen mailako txapelduna 2010/2011, 2011/2012 eta 2013/2014 denboraldietan; 2014/2015 denboraldian emakumezkoen zilarrezko ohorezko mailara igo zen, eta 2018/2019 denboraldira arte jokatu zuten (gaur egun euskal ligako senior kategorian jarraitzen dute).

Gainera, C.B.F Eharialdea taldeko jokalari askok emakumezkoen eskubaloiko selekzioekin —Araba, Euskadi zein Espainiakoekin— jokatu ohi dute.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:01

Tokiko Gobernu Batzarrak merkataritza eta ostalaritzako enpresa txikiak ezarri eta modernizatzeko laguntzak emateko deialdiak onetsi ditu. Merkataritza-sektoreari dagokionean, dirulaguntza-ildo horren zenbatekoa 200.000 eurokoa da, eta, ostalaritza-sektoreari, berriz, 50.000 bideratuko zaizkio. Bi sektoreentzat ezarri da dirulaguntza jasoko duten enpresek ezingo dutela 50 pertsona baino gehiagoko plantilla izan, eta honakoak egiteko eskatu ahalko da dirulaguntza: lokala berritzeko (egokitze-, eraberritze- edo handitze-lanak), makinerian inbertitzeko (makineria, altzariak, segurtasuna, sistema informatikoak…) eta establezimendua eraberritzeko aurreproiektu edo proiektu teknikoak kontratatzea.

Ostalaritzako enpresen kasuan, jarduerarako metro koadro erabilgarri bakoitzeko gutxienez 150 eurokoa izan beharko du diruz lagundu daitekeen inbertsioak aurkeztutako proiektuan, eta zenbateko hori 120 eurora jaitsiko da merkataritza-enpresetan.

Jasotako eskabideak balioesteko garaian honako alderdi hauek izango dute pisurik handiena: diruz lagundu daitekeen inbertsioaren zenbatekoa (15 puntu arte), enpresa eskatzailearen antzinatasuna (25 puntu arte enpresak 20 urte baino gehiago baditu eta, 15 arte, 10 baino gehiago baditu) eta plantillaren bolumena (10 puntu arte; 5 langile baino gutxiagokoak balioetsiko dira hoberen). Gehien balioetsiko den alderdia (30 puntu arte) inbertsio-proiektua Erdi Aroko hirigunean, Koroatze auzoan, Anglon, Pilarren, Zabalgunean edo Lovainan kokatuta egotea izango da.

Proiektuak balioesteko garaian, aurkeztutako oroitidazkiaren kalitatea, irisgarritasun-hobekuntzak egin nahi izatea eta enpresak Bai Euskarari edo Bikain ziurtagiriak izatea ere kontuan hartuko dira. Guztira 100 puntu jasotzen dituztenek diruz lagun daitekeen inbertsioaren % 40ra arteko dirulaguntza lortu ahal izango dute. 100 eta 0 puntu bitartean lortzen dituzten gainerako proiektuei proportzio lineala aplikatuko zaie jasoko duten laguntza kalkulatzeko –% 25ekoa izango da gutxienez–.

Dirulaguntza eman ondoren, norako eman den, horretara bideratu beharko du enpresak ekonomi jarduera gutxienez bi urtez. Bi deialdietarako eskabideak aurkezteko epea 2019ko maiatzaren 6an hasi eta ekainaren 6an bukatuko da. Era berean, 2018ko ekainaren 22tik 2019ko ekainaren 6ra bitartean egindako inbertsio-proiektuek ere dirulaguntza jaso dezakete.

Share