Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  12 apirila 2019 17:00

Gasteizko Udalaren eta UPV-EHUren Ekonomia eta Enpresako Fakultatearen arteko lankidetza hitzarmena sinatzea Digital Management graduondoa abian jartzeko

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta UPV/EHUko dekano Jon Barrutia

Eguna. Astelehena, apirilak 15

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————————

Prentsaurrekoa. ‘Beroki gorria’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Patxi Zubizarreta (gidoia eta zuzendaritza); Pello Ramírez (musikaria); Imanol Elizasu (abesbatzako zuzendaria);  Yolanda Mosquera (ilustratzailea); eta Udal Antzoki Sareko arduradun Marta Monfort

Eguna. Astelehena, apirilak 15

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

—————————————

Prentsaurrekoa. Arreta soziosanitarioa menpekotasuna duten pertsonentzat

Parte hartzaileak. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa; eta Gizarte Zerbitzuen foru diputatu Marian Olabarrieta

Eguna. Astelehena, apirilak 15

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————————————-

Arabako Pilota Federazioaren beka proiektua aurkeztea

Parte hartzaileak. El Corte Ingleseko Kanpo harremanetarako arduradun Carmelo Lezana; Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto; Euskara, Kultura eta Kirol foru zuzendari Joseba Pérez de Heredia; eta Vital Fundazioko zuzendri nagusi Axier Urresti

Eguna. Astelehena, apirilak 15

Ordua. 19:00

Tokia. El Corte Inglés

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   16:55

Korrikaren 21.edizioko Vitoria-Gasteizko Udalaren kilometroa

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Euskara zinegotzi Iñaki Prusilla; eta Udalbatzako beste kide batzuk

Eguna. Igandea, apirilak 14

Ordua. 12:03

Tokia.Martin de Salinas plaza

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:30

Ostirala, apirilak 12

  • Sociedad Española del Sueño elkartearen biltzarreko loa eta kirola hizpide duen hitzaldian izango dira alkate Gorka Urtaran eta Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa 19:45ean, Europa Biltzar Jauregian.

 

Larunbata, apirilak 13

  • Saskibaloiko LEB Oro ligako Araberri eta Palenciaren arteko partida ikusten izango da Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munain 18:00etan, Mendizorrotza kiroldegian. Bertan esker ona adieraziko diete Animaliak Babesteko Zentroari eta APASOS elkarteari.
  • Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak parte hartuko du LAN BERRI Udaberriko Artisautza Azokaren inaugurazioan 12:00etan, Urrezko Zeledonen plazan.

 

Igandea, apirilak 14

  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto Osasuna eta Alavés Gloriosas taldeen arteko partida ikusten izango da 12:00etan, Sadar futbol zelaian (Iruñea).
  • Alkate Gorka Urtaranek eta zinegotzi Peio López de Munainek, Nerea Melgosak, Iñaki Prusillak eta udalbatzako kideek parte hartuko dute Korrikan, 12:03ean, Martin Salinas plazan.
  • Alkate Gorka Urtaran eta zinegotzi Estibaliz Canto eta Nerea Melgosa Nesken Saskibaloi Ligako Araski eta Gironaren arteko partida ikusten izango dira 20:00etan, Mendizorrotza kiroldegian.

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:11

Bi pertsona zaurituta geratu ziren atzo Euskal Herria Bulebarraren eta Jose Atxotegi kalearen arteko bidegurutzean izandako trafiko-istripuan; istripu horretan tranbia eta semaforoaren argi gorria errespetatu ez zuen auto bat zeuden nahastuta. Talkaren ondorioz, konboian zihoazen bi pertsona zaurituta geratu ziren, Txagorritxu ospitalera eraman zuten 43 urteko gizonezko bat eta inora eraman beharrik izan ez zuten 40 urteko emakume bat.

60 urteko emakume bat zauritu zen Zumakadi plazan errepidea gurutzatzen ari zela, baterian aparkatuta zegoen eta zirkulazioan atzerantz sartzen ari zen ibilgailu batek ustekabean hartu eta lurrera erori zenean. Autoa ez zen oinezkoa harrapatzera iritsi, baina Santiago Ospitalera eraman zuten.

Epailearen errekisitoria

Udaltzaingoaren Agenteek 22 urteko emakume bat atxilotu zuten atzo Santiago hiribidean, ahozko epaiketa bat abiarazi zitzaiola jakinarazteko errekisitoria bat zeukalako beraren gainean. Epailearen esku geratu da.

Udaltzainek beste 16 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, nahiz ez zen zauriturik izan eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik. Horrez gain, 16 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 14 jarduera egin zituzten.

Istripua Arkauten

Suhiltzaileek goizeko 7etan esku hartu dute ibilgailu baten barruan atera ezinik geratu den pertsona bat erreskatatzeko, Arkauten beste auto batekin saihetseko talka izan ondoren.

Madril kaleko etxebizitza bateko ke-erauzgailuan piztutako sutearen ondorioz suhiltzaileek beste esku-hartze bat egin behar izan zuten atzo arratsaldeko lehen orduan. Sua itzali ondoren, lekua egurastu eta ke-erauzgailuaren instalazioa egiaztatu zuten. Osasun-zerbitzuei ere horren berri eman zieten, etxebizitzaren jabeak kea arnastu izanaren zantzuak zeuzkalako.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:32

 

 

Hiriak bere erlijio-tradizioa, familiarteko turismoa eta enogastronomia sustatuko ditu saskibaloiko Lauko Finalaren bezperetan

 

Gasteizek plus bat eskainiko die Aste Santuan bisita gidatuak egingo dituztenei. Hiria ezagutzeko interesa dutenek 3D teknologiari esker 1850ra bidaiatu eta zenbait leku garai hartan nolakoak ziren ikusi ahalko dute, Udalak orduko Gasteiz berpizteko eskuratu dituen gailuen bidez.

Gailu horiek (betaurreko bereziak) Udalak Fiturren aurkeztu zuen aplikazioa erabiltzeko aukera ematen dute eta, hala, Arkikusek sortutako aplikazio horretan sartuta dauden lekuetan, esperientzia askoz ere biziagoa da.

Gogoratuko duzuenez, aplikazioa baliatuz berreraikitako irudiei esker, ikusleek denboran bidaiatu dezakete, eta hiriak Erdi Aroko itxura gordetzen zuen garai batera joan; izan ere, Andre Maria Zuriaren plazara ematen duten gremio-kaleek ateak zituzten artean.

Aplikazioak lokuzioak ditu, irudiak ikusten diren bitartean informazioa eta deskribapenak entzun ahal izateko, testuak irakurri beharrik gabe. Bai testuak bai lokuzioak 4 hizkuntzatan eskainiko dira: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa.

Bi erabilera sistema ditu: Ukimenezkoa, hau da, hatzak erabiliz edukiak eskuratzeko eta maneiatzeko aukera ematen duena, eta, VR delakoa, errealitate birtualeko betaurrekoak erabiltzeko egokitua, zeinak hobeto murgiltzeko aukera ematen baitu, eskuak erabili beharrik gabe. Bigarren mota horretakoak izango dira Aste Santutik aurrera bisita gidatuetan erabiliko direnak. Batak zein besteak giroskopioa dute, gailu mugikorra mugitze hutsarekin irudia biratzea ahalbidetzen duena.

Bisita gidatuak eta erlijio-tradizioa

Gure ondare historikoa bisita gidatuen bidez  harro erakusteaz gain, Gasteizek bere erlijio-tradizio ere promozionatzen du; izan ere, Aste Santua XVI. mendeaz geroztik ospatu izan da Gasteizen. Penitentzi kofradietakoek hiriko kale garrantzitsuenetan zehar prozesioak egiteko tradizioari tinko eutsi baitiote.

Lantegi gastronomikoak eta artisauen azoka

Enogastronomia da gure hiriko eskaintza turistikoko plater nagusia. Horretan sartzen dira Lan Berri artisauen azoka, Autore Mokaduak VI. edizioa, hiriko hainbat ostalaritza-lokaletan, eguneroko produktuak salgai dituzten egun horietarako programatutako merkatuak eta Azoka plazako gastrotabernak. Horietaz gain, ez dira alde batera uztekoak lantegi gastronomikoen agenda eta haurrentzako agendako familiarteko lantegiak. Gainera, Vitoria-Gasteizko Guia Estrellak menu, pintxo, kafe, kopa eta delicatessen produktuei buruzko informazioa biltzen du.

Hiririk berdeena

Natura eta kirola ere protagonista dira Gasteizko eskaintzan, eta horren erakusgarri da natura eta ingurumenarekin loturiko jardueren agenda

 

Aste Santuko programazio osoa ikusteko

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:25

 Abiatu da jada Europa jauregian Loaren Espainiako Elkartearen XXVII. Topaketa, Gasteizek 2019an hartuko duen biltzar-ekitaldi handienetakoa. Kongresuak 4.500 pertsona inguru erakarriko ditu antolatutako jarduera desberdinetara biltzarraren bi aurpegiko izaerari esker; ildo zientifikoa eta hiritarrei irekitakoa baititu. Gorka Urtaran alkateak hiru egun iraungo duen hitzordu horren irekiera-ekitaldian parte hartu du.

Poztekoa da loaren espezialistak, enpresak eta hiritarrak hain garrantzitsua den eta hainbeste jenderi eragiten dion arlo honetan sakontzeko elkarlanean aritzea, eta ohore bat itun horri Gasteizek izena ematea” azpimarratu du Gorka Urtaranek; izan ere, Loaren Espainiako Elkarteak bultzatutako ekimen honi Gasteizko Ituna izena jarri zaio eta biltzar irekien esparruan formatu berritzailea planteatu du.

Alkateak eta biltzarraren irekierara bertaratu diren erakundeetako beste ordezkariek Jakintzaren Feria ezagutzeko aukera izan dute. Gune hori topagune gisa sortu den espazioa da, loaren medikuntzaren arloan paper garrantzitsua duten enpresa eta erakundeek lantegiak eta jarduerak egin eta produktuak erakusteko aukera izan dezaten. Horrez gain, loaren gela ere bisitatu du, arloko espezialistek lo egiteko baldintza egokienak eskaintzeko asmatutako espazioa, alegia. “Luzaroago eta hobeto bizitzen laguntzeko bikaina den logelari Vitoria-Gasteiz izena jarri izana aitorpena eta ohorea da punta-puntako bizi-kalitatea eskaintzen duen gure superhiriarentzat” adierazi du Urtaranek.

Udalburuak nabarmendu du biltzar hau aukera ederra dela bertako talentua erakusteko, Eduardo Anitua eta Miguel Gutiérrez profesionalei erreferentzia eginez, eta Eduard Estivill-ekin –biltzarreko hizlari garrantzitsuenetako bat– solasean aritzeko aukera ere izan du.

Loaren Biltzarreko programa sozialak gaur arratsaldean izango du bere une gogoangarrienetako bat, NIRE AMETSA, VITORIA-GASTEIZ! lasterketa-martxa egingo baita Erdi Aroko hirigunean zehar. Gaur gauetik aurrera, Andre Maria Zuriaren plazako zoruan argiz islatuko da biltzar honen mezu nagusia: Ondo lo egin

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:20

Gasteizen enpresak sortzen laguntzeko berariazko dirulaguntza-programa onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak. Deialdiak 90.000 euroko zenbatekoa du, guztira, eta enpresa onuradun bakoitzari gehienez 8.000 euro emango zaizkio. Eskabideak aurkezteko epea 2019ko ekainaren 3an hasiko da, eta ekainaren 28an bukatuko.

Baremo bat ezarriko da aurkezten diren proiektuak balioesteko, eta zenbait alderdi hartuko dira aintzat, hala nola kalitate teknikoa, eskainitako berrikuntza-maila, enpresa-ahalmena eta sustatzaileen prestakuntza eta esperientzia. Hiru alderdi joko dira diruz lagundu daitezkeen ekintzatzat eta gastutzat, batik bat: enpresa eratzeko gastuak, hura abian jartzeko gastuak (bideragarritasun-azterlanak, prototipatzea, irudi korporatiboa, webgunea…) eta enpresa sortzeko beharrezkoak diren aktibo finkoko elementuetako inbertsioak. Dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte 2018ko ekainaren 1etik 2019ko ekainaren 28ra bitartean egindako gastuek.

Enpresentzako Gasteizko Udalaren dirulaguntzen blokearen barruan badira, halaber, saltegiak eta ostalaritzaren eta zerbitzu pertsonalen arloetako enpresak ezartzeko eta modernizatzeko dirulaguntzak, enpleguaren egonkortasuna sustatzeko laguntzak, kontrataziorako laguntzak eta ikus-entzunezko proiektuak garatzeko eta ekoizteko laguntzak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:28

-Vitoria-Gasteiz Smart Green City Planean jasotako neurrietako bat da, eta egitura guztiak onik uzteko eta irisgarritasunaren aldetik egokitzeko balioko du

-Horrelako kontratuetan ohikoa den bezala, enpresa adjudikaziodunak inbertsio handia egin beharko du, eta Udalari gutxienez 70.000 euroko kanona ordaindu euskarriak publizitaterako ustiatzearen truke

-Kontratuak 28 milioi eurotik gorako prezioa du, inbertsioa eta hiri-altzariak 15 urtez mantentzea barne

 Hiru enpresa aurkeztu dira hiri-altzariaren kontratu berriaren lizitaziora: JCDecaux, Promedios eta Induze. Bukatu da eskaintzak aurkezteko epea. Kontratua otsailaren 22an onetsi zuen Urtaranen Gobernuak, Tokiko Gobernu Batzarrean. Gasteizko markesinak berritzeko eta modernizatzeko, eta Vitoria-Gasteiz Smart Green City Plana garatzeko, kontratuak barne hartuko du tamaina handiko pantaila digitala duten 20 markesina berri jartzea eta geralekuko 40 argibide-gune berri jartzea, besteak beste.

Horrelako kontratuetan ohikoa den bezala, enpresa adjudikaziodunak inbertsio handia egin beharko du hiri-altzarietan (ia bost milioi euro), eta Udalari kanon bat ordainduko dio espazio publikoa erabiltzeagatik. Gutxienez 70.000 eurokoa izango da, baina lehiaketara aurkezten diren enpresek kopuru hori gainditu ahalko dute eskaintzan. Horren truke, markesinen eta kontratuan aurreikusitako hiri-altzarien publizitate-ustiapena kudeatuko du adjudikaziodunak; dena den, udalaren publizitaterako tarteak erreserbatu beharko ditu. Udalak kalkulatu du kontratuaren prezioa 28 milioi eurotik gorakoa dela, inbertsioa eta altzarien mantentzea barne; gauzatzeko epea 15 urtekoa da. Inbertsioak zazpi hilabeteko epean egin beharko dira.

Markesinei dagokienez nabarmendu beharra dago Patxi Mangado arkitekto nafarraren jatorrizko diseinuarekin jarraitzea erabaki dela, dagoeneko Gasteizekin identifikatzen den diseinu modernoa eta funtzionala dela iritzita. 20 markesina berriek, dena den, tamaina handiko LCD pantaila digital bana izango dute; pantailek eguneko 24 orduetan eta asteko 7 egunetan funtzionatuko dute. Erasoen kontrako eta eguraldi txarretik babesteko elementuak ere izango dituzte. Konektagarritasunari dagokionez, Ethernet, 3G/4G, Bluetooth, Wifi eta NFC teknologiak baliatzeko prestatuta egongo dira.

Geralekuko 40 argibide-gune berri instalatzea ere barne hartzen du kontratuak, baita kontratuan sartutako altzari guztien metalezko egitura eguneratzea ere. Gaur egun, honako elementu hauek daude Gasteizen: 222 markesina, hirian eta industrialdeetan, eta beste 28, kontzejuetan; 4 argibide-taula elektroniko; 178 MUPI; 10 komun; 20 erloju-termometro; 96 zutoin, autobus geralekuetan; 17 zutoin, taxi geralekuetan, 53 informazio-panel, eta geralekuko 98 argibide-gune.

Onik uztea eta irisgarritasunaren aldetik egokitzea

Onik uzteak lan hauek hartuko ditu barne: osorik garbitzea (baita eranskailuak kentzea ere), herdoildutako zatiak lixatzea, korrosio-kontrako inprimaketa duen pinturaren esku bat ematea, eta herdoilaren aurkako ezaugarriak dituen pinturaren bi esku. Binilo apaingarriak eta TUVISAren binilo korporatiboak eta informaziozkoak aldatuko dira.

Orobat, irisgarritasunaren arloko araudira egokituko dira geralekuak, eta euskarri iskiatikoa duten eserlekuak jarriko dira. Altzarien gutxieneko altuera ere aldatuko da, itsuei edo ikusmen-desgaitasuna duten pertsonei irisgarritasuna bermatzearren.

Halaber, enpresa adjudikaziodunak pantailadun 20 markesina berriez hornitzeaz gain, gaur egungoetako 40 ordeztuko ditu —BEAren markesina berriak jarriko ditu haien ordez—. Horretaz gain, lekuz aldatuko ditu autobus-geralekuko 30 zutoin.

BEAren markesinen mantentzea eta publizitate-ustiapena ere kontratu honen adjudikaziodunaren ardura izango da, eta berez garbitzen diren zortzi komun jarri beharko ditu, TUVISAko gidarientzat. Gainera, pantaila sarean erakundearen komunikaziorako tarteak utzi beharko dizkio Udalari.

Nabarmendu beharra dago adjudikatzeko irizpideetan proposamen tekniko eta ekonomikoaz eta ingurumen- eta irisgarritasun-irizpideez gain beste alderdi batzuk hartuko direla kontuan, hala nola kontratuaren luzapena laburtzea, Udalari publizitate-tarteak uztea, eta pantaila kopurua handitzea.

Abuztuan lizitatu zuen Udalak kontratua, eta enpresa bakarra aurkeztu zen. Enpresa hark ez zituen betetzen eskatu beharreko gutxieneko betekizunak, Udal Zerbitzu Teknikoen arabera. Horren ondorioz, adjudikazioa hutsik geratu zela deklaratu zuen Tokiko Gobernu Batzarrak. Enpresak errekurtso berezia jarri zuen bera prozeduratik kanpo uztearen aurka. Ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak ebatzi zuen enpresaren errekurtsoa ezestea, eta zuzentzat jo zuenadjudikazioa hutsik geratu zela deklaratzeko Tokiko Gobernu Batzarraren erabakia.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:23

Udalak pintura berrituko du haurrentzako 16 jolas-eremutan, hiri osoan zehar. Gaur goizean, Gorka Urtaran alkateak azaldu du Udal Gobernuak Mario Adan Ceballos (Eusko Garden) enpresari adjudikatu dizkiola lanak. 22.748 euro (BEZa barne) inbertituko ditu Udalak lan horietan. Hiru hilabeteko egikaritze-epea ezarri da kontratuan. Elementu hauek margotuko dira berriro: zabuak, etxolak, zalditxoak, kulunkak, kulunkariak, zurezko jolastokiak, malgukiak eta jolas-parkeetako beste zenbait elementu.

Zehazki, haurrentzako honako eremu hauetan egingo dira margotze-lanak: Alfontso XI.aren kaleko parkean (3 eremu); Txile eta Enrique Eguren kaleen artekoan; Pedro Orbea, Arana eta Frantzia kaleen artekoan; Iruñea, Belate eta Leireko Monasterioaren kaleen artekoan (3 eremu); Antonio Machado kaleko 40. zenbakiaren parekoan; Alfontso XI.aren kaleko 31.aren ondokoan; Osasun Iturri kalekoan (3 eremu); Urederra eta Berron Ibaiaren kaleen artekoan; El Calce kalekoan; Sofia Erreginaren hiribideko 51. zenbakiaren parekoan; Nazio Batuen eta Iruña Veleia hiribideen eta Salvador Dalí kalearen artekoan; Jubileu eta Compostela kaleen artekoan; Jubileu kalearen eta Mendiko Bidearen artekoan; Labraza ibilbidearen eta Navaridas kalearen artekoan; Labraza ibilbidearen eta Eskuernaga kalearen artekoan; eta Ignacio Ruiz de Luzuriaga eta Jerónimo Roure kaleen artekoan.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:11

Hiesaren aurkako Herritarren Batzordeak (Sidalava) urtebetez kudeatuko du Kaleko Heziketarako Udal Programa; programaren helburua da gizarte-bazterketako egoera larrian dauden pertsonei laguntzea, eta lotura du Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Saileko Hurbil intentsitate handiko arretarako ekipoarekin.

Udalak 94.550 euro bideratuko dizkio Sidalavari programa gauzatzeko; tutoretza edo gainbegiratzea dakartzan edo bizi-ohitura normalizatuak eskatzen dituen edozein laguntza instituzionala hartzeko uzkur diren pertsona helduekin jarduten du programak. 350 bat pertsonari ematen die laguntza zerbitzuak, urtean; Hurbil taldeko bi gizarte-hezitzaile, psikologo bat eta gizarte-lanaren arloko hiru profesional ditu zerbitzuak.

Esku hartzeko eta medikazio hezitzaileko programa kalean gauzatzen da, eta helburu hauek ditu, besteak beste:

  • Gizarte-bazterketako egoera larrian dauden pertsonei erraztea arreta-baliabidetara irits daitezen.
  • Zerbitzua erabiltzen duten pertsonen gizarte- eta hezkuntza-arloetako jarraipena egitea eta lagun egitea.
  • Gizarte-bazterketaren ondorioak arintzea, bizimodua aldatzen laguntzen duten jarduketen bidez.
  • Jokabide-ohitura osasungarriak eskaintzea, erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetu dadin.
  • Ingurunean jokabide trebea edukitzeko behar dituzten baliabideak eta gaitasunak sustatzea erabiltzaileengan.

Kaleko Heziketa programan arreta ematen zaien pertsonek bilakaera luzeko egoera kronifikatuak eduki ohi dituzte. Etxebizitzarik, baliabiderik eta laguntza-sarerik gabeko pertsonak izan ohi dira, eta gizarte-zerbitzuen intentsitate handiko esku-hartze etengabea behar izaten dute.

 

 

 

Share