Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  17 apirila 2019 18:13

 

 

Udalak berrogei bat txoko saskibaloiko jaurtiketa-gune gisa dekoratuko ditu hiri osoan, laster izango den Lauko Finalari keinutxo bat egiteko eta gazteak gizabidezko jokabideen inguruan kontzientziatzeko

Alkatearen audioa 

Gaur arratsaldean, “Vitoria-Gasteiz Basket Capital 2019” kanpainako beste ekintza bat aurkeztu du Udalak; horretan, bat egingo dute kirolaren balioek eta hirian gizabidez jokatzearen balioek, eta keinutxo bat egingo dio laster izango den Euroligako Lauko Finalari, zeinak EAEko hiriburua Europako eta munduko kirolaren gune neuralgiko bihurtuko baitu maiatzaren erdialdean.

Gorka Urtaran alkateak, Peio López de Munain alkateordeak, Pilar García de Salazar diputatu nagusiordeak, Jesús Vázquez Saski Baskoniako zuzendari nagusiak, Livia López Araskiko lehendakariak, Oscar Vázquez Araberriko lehendakariak, Julio Roca Zuzenak-eko lehendakariak, Luis Miguel Corres Arabako Saskibaloi Federazioaren lehendakariak eta Aker eta Katamotz maskotek ekimena aurkeztu dute: hiriko berrogei txokotan paperontzien inguruak saskibaloiko jaurtiketa guneak balira bezala apainduko dituzte, “Saskiratu hiri Green baten alde” lelopean.

Hala, mugarri horien bidez, hiria aurten saskibaloiaren hiriburu dela gogorarazteaz gain, paperontziak egoki erabiltzeko eskatu nahi zaie herritarrei, bisitari gehienek Gasteizen inguruan izan ohi duten iritzi positiboa manten dadin, gure hiria garbia delako irudia, alegia.

Alkateak gogorarazi du, hain zuzen ere, Gasteiz bisitatzen dutenek, besteak beste, hiriaren garbitasuna azpimarratu ohi dutela. Inkestez gain, datuek ere hori adierazten dute. Biztanle bakoitzak 38,24 kilo paper birziklatzen ditu urtean. Gasteizek estatuko batez bestekoa bikoizten du horretan eta, horren harira, Pajaritas Azules saria lortu du aurten. Gorka Urtaranek nabarmendu duenez, “hilabete barru Gasteizek 20.000 pertsona hartuko ditu, horietatik % 70 kanpotarrak, Euroligako Lauko Finala dela-eta. Baina horri itxaron beharrik gabe, bihar bertan turistak iritsiko dira Gasteizera. Erakuts diezaiegun hiri atsegina dugula, garbia eta kirolaren balio positiboei lotua. Gaur aurkeztutako ekintzak Gasteiztar guztion ezaugarri diren bi balio uztartzen ditu: saskibaloiarekiko grina eta gizabidea, eta gainera, gazteenentzako mezu bat ere bidaltzen du, jolas-gonbitea egiten die hiri green baten alde saskiratzen josta daitezen”.

 

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

Prentsaurrekoa. Kaldearte,  Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldia aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Asteartea, apirilak 23

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————————–

Prentsaurrekoa. Espainiako Igeriketa Txapelketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; Espainiako Igeriketa Federazioko partaide Javier Conde; eta Arabako Igeriketa Federazioko presidente Yon Mulbei

Eguna. Asteartea, apirilak 23

Ordua. 12:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:03

Gaur, Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi du hitzarmen bat sinatzea Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailaren eta Slow Food Araba elkartearen artean, tokiko produktuak kontsumitzearen inguruko sentsibilizazio-programa bat egiteko.

Udalak 25.230 euro emango dizkio Slow Food Araba elkarteari honako helburu hauek dituzten zenbait jarduera egiteko:

  • Hemengo jaki-ondarea babestea.
  • Elikaduraren inguruko kontzientziazio eta heziketa handiagoak sustatzea, horren bidez biodibertsitatearen, ingurumenarekiko errespetuaren eta landa-eremuetako biztanleen gizarte-aintzatespenaren alde jarduteko.
  • Mundu osoan janariaren eta gastronomiaren arloko helburu berak dituen nazioarteko mugimendua garatzen laguntzea, estatuko zein nazioarteko feria eta topaketetan parte hartuz, eta, hala, Gasteiz eta hiriak jasangarritasunaren alde egiten duen lana promozionatzea.

Hitzarmenaren bidez, Slow Food Arabak eskola-haurrentzako heziketa-programa bat gauzatuko du, eta hainbat jarduera antolatuko ditu horren barruan: bisitak hemengo ekoizleei, elikadura-ohitura jasangarriei buruzko hitzaldiak, “dastamenaren laborategiak” eta abar.

ONCErekiko hitzarmena

Tokiko Gobernu Batzar berean, ONCErekiko hitzarmen bat sinatzea onetsi da, erakundeak informazio- eta sentsibilizazio-jarduerak egin ditzan.

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak 8.430 euro emango dizkio ONCEri (Organización Nacional de Ciegos) zenbait jardueratarako: afiliatuekiko topaketak antolatzeko, Adinekoen Astea eta Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko, ONCEren zentroetan bisitak egiteko eta lurraldeko lan-jardunaldiak, bilerak eta jarduerak egiteko afiliatuekin.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:47

Atzo Eskalmendi eta Bergarako Atea kaleen arteko bidegurutzean bizikleta baten eta Tuvisako autobus baten artean gertatutako trafiko-istripua ikertzen ari da Udaltzaingoa. Bizikletan zihoan 32 urteko gizonezkoa zaurituta geratu zen, nahiz eta esan zuen bere kabuz joango zela ospitale-zentroren batera.

Arratsaldeko lehen orduan, Aragoi kalean neska gazte bat bizikleta gainetik erori zen eta buruan kolpe bat hartu zuen; Santiago Ospitalera eraman zuten gero.

Zauriturik izan ez zen beste 13 trafiko-istriputan esku hartu zuen Udaltzaingoak, eta 55 urteko emakume bat ikertzen ari dira, bide-segurtasunaren aurkako delitu bat egiteagatik, edari alkoholdunen eraginpean gidatzen zihoalako.

Epailearen errekisitoria batengatik atxilotua

Udaltzaingoaren Agenteek 23 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, bilatzeko eta epailearen esku jartzeko errekisitoria bat zeukalako beraren gainean. Udaltzainek gerarazi egin zuten atxilotua, bizikleta gainean zihoan bitartean mugikorraren bidez hitz egiten ari zelako.

Udaltzaingoak 20 salaketa izapidetu zituen eta polizia judizialaren 12 jarduera egin zituen.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:32

 

Urtaranen gobernuak gaur adjudikatu ditu N-102 errepidearen gainen jarriko den oinezkoentzako pasabidea hornitu eta instalatzeko obrak. Lotura horrek Zabalgana auzoa eta Armentiako basoa lotuko ditu.

Ingurumen Sailak bideratuko duen ekimena Raúl izeneko herritar batek aurkeztu zuen 2018-2019ko “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” partaidetza-prozesuan, eta boto gehien lortu zuenetako bat izan zen. Gobernu Batzarrak Media Manera enpresari adjudikatu dizkio gaur obrak, eta 342.000 euro eta sei hilabeteko epea izango dute lanak egiteko.

Eraztun Berdearen alde horretan Mariturriko biribilgunetik Gometxako biribilgunera arteko errepide zatiaren alboetako ezpondak zurezko igarobide batez lotzea da proposamena. Alegia, Zabalganeko gunea eta Armentiako parkea lotzea, Mariturritik igaro beharrik gabe, orain bezala. Animaliak Babesteko Zentroaren paretik gurutzatuko du igarobideak N-102 errepidea, muino txiki bat baliatuz.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:01

Gasteizko Udalak gaur goizean Eraztun Berdearen ibilbideen barruan sartuko diren bi bide berri egiteko lanak esleitu ditu. Bi leku hauetan egingo dira: batetik, hiriko hego-mendebaldean, Ibaia-Gasteiz eta Armentia-Gometxa (Armentiabidea) errepideen artean; bestetik, Jundizko industrialdean, Ariniz Zurrupitieta kalearekin lotzen duen errepidearen ondoan. Bi bide horiek Eraztun Berdearen ibilbideen barruan sartzea da asmoa, Jundiz eta Armentia sektoreen ikusgarritasuna handitu eta periferia zein Eraztun Berdea bera paisaiaren aldetik aberastearren. Tokiko Gobernu Batzarrak 64.352,91 eurotan esleitu ditu lan horiek, Excavaciones Mendiola enpresari. Bi hilabeteko epean gauzatuko dira lanak.

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailaren proiektuak bide irisgarriak (% 6tik beherako aldaparekin) egitea aurreikusten du, oinezkoentzat eta bizikletentzat. 3 metroko zabalera izango dute, eta alboko areka, urak biltzeko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:51

Babestu egingo du, hartara, Martxoak 3 elkarteak NBEn aurkeztuko duen errekurtsoa

 

Gasteizko Udalak Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordera eramango du Gasteizko Udaleko talde politiko guztien sostengua Martxoak 3 elkarteari, bai eta gure hirian 1976an izandako gertakarien inguruko zigorgabetasun-egoera amaitu beharra ere. Hartara, erakundeak babes formala emango dio Martxoak 3 elkarteari (honek eskatu zionari erantzunez), Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordearen aurrean errekurtsoa aurkezteko asmoan.

Zehazki, Nazio Batuen Erakundera bidalitako idazkiak gogoratzen du 1936ko uztailaren 18an, zibilek eta militarrek emandako kolpe batek kargutik kendu zituztela Bigarren Errepublikan hautetsitako legezko agintariak. Altxamenduak diktadura ekarri zuen, ehunka mila pertsonen oinarrizko giza eskubideak sistematikoki urratu zituen diktadura. Testuinguru horretan gertatu zen 1976ko martxoaren 3ko sarraskia, Espainiako Polizia Armatuak burutua.

Honako hau ere esaten du agiriak: “Gertakari haiek goitik behera astindu zuten gure hiria betirako; alabaina, gaur egun ere ez zaie indarkeriaren biktimen aitorpena eman orduan hil zituztenei, eta, ondorioz, egindako kalteak onartu eta konpondu gabe jarraitzen du, eta justiziarik gabe biktimak, horrek haien senideentzat –eta gizartearentzat, oro har– dituen ondorioekin”.

Udalak gogorarazten du 2014ko irailaren 27an egindako Udalbatzaren bilkura batetik aurrera –eta zinegotzi guztiek Memoria Historikoari buruz aho batez onetsi zuten mozio baten ondorioz–, Memoria Historikoaren Lantaldea sortu zela, zeinaren hausnarketa eta ekarpenak agintaldi honetan garatu den Gasteizen frankismoaren biktimen Memoria historikoa berreskuratzeko planean gorpuztu baitira. Plan hori Giza Eskubideen testuinguruan kokatzen da, eta egia, justizia, ordaina eta errepikapenik ez izateko bermeen printzipioetan oinarritzen. 2018ko urtarrilaren 12ko alkatearen Dekretuan jasota daude Planaren jarduketa horiek guztiak.

Horrekin batera, eta agintaldiak iraun bitartean, zenbait mozio aurkeztu izan dira Udalbatzan martxoaren 3ko sarraskiaren inguruan eta, hedaduraz, frankismoaren biktimei babesa emateko.

Horien artean, Udalak da 2016ko martxoaren 18ko Udalbatza azpimarratzen du, non testu hau onetsi baitzen: “Udalbatzak erabaki du frankismoaren biktimei buruz Argentinako jurisdikzioak daraman prozeduran udala agertzea, bai eta Espainiako epaitegietan ekintza judizialei hasiera ematea, gertakariak argitu ahal izateko eta dagozkien erantzukizun penalak edo bestelakoak eskatzeko frankismoaren diktadurak egindako gizateriaren aurkako krimenak zirela eta, 1976ko martxoaren 3ko sarraskia barne”.

Arabako erakundeek (Batzar Nagusiek, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak) Espainiako epaitegietan aurkeztutako kereilek ez dutelarik aurrera egin –estatuaren egituraren zati izanik ezgaituta daudelako prozeduran parte hartzeko–, Martxoak 3 elkarteak Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordearen aurrean agertu nahi du, eta horretarako babes formal eta ofiziala eskatu die euskal erakundeei.

Horregatik, Udalbatzak berretsi egiten du Gasteizko Udalaren babesa eta elkartasuna berrestea martxoaren 3ko biktimei eta haien senideei, bai eta biktima horiei berez dagokien aitorpena, konponketa, birgaitzea, eta ordaina eman beharra berrestea, hartara beste biktima batzuekin berdintzeko, batere diskriminaziorik gabe.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:44

Gaur goizean, Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi du “Vitoria-Gasteiz Wine City” elkartearekiko lankidetza-hitzarmena, EAEko hiriburua ardoaren kulturarekin loturiko hiri gisa duen irudia hedatzeko jarduera-egitarau bat egiteko, eta, horretaz gain, Arabako Errioxako eta Aiara eskualdeko kalitateko ardoak sustatzeko. Hitzarmenari esker, Udalak 20.000 euroko ekarpena egin ahal izango du zenbait jarduera egiteko urte osoan zehar; hil honetan bertan hasi dira ekitaldiak, “Wine Berria” Arabako Errioxako ardo berriaren hirugarren jaiarekin.

Udalaren eta “Vitoria-Gasteiz Wine City” elkartearen arteko hitzarmenaren barruan, halaber, IV. Upel Lasterketa dago, uztailaren 25eko jaiaren ekitaldi nagusietako bat. Iaz ere, oso arrakastatsua izan zen, publikoaren aldetik zein parte-hartzearen aldetik, 26 taldek hartu baitzuten parte lasterketan.

Hitzarmenaren barruan dagoen beste jarduera bat da Upelen Zuhaitza: azken Gabonetan lehenengoz jarri zen abian, eta egun horietako hiriaren apainketaren berrikuntzarik nagusietako bat izan zen. Wine City elkartea lanean ari da dagoeneko hurrengo Gabonetarako Upelen Zuhaitza diseinatzen, eta apainketa ezberdina eta upel gehiago erabiliko ditu.

Jarduera horiekin batera, “Vitoria-Gasteiz Wine City” elkarteak planteatutako urteko egitarauan, berrikuntza dira artearen eta ardoaren munduen arteko sinergiak sortzeko proposamen batzuk, zeinek aprobetxatuko baitituzte hiriko ekitaldi enogastronomiko nagusiak.

“Wine City elkartea Gasteizen ardoaren kultura indartzeko egiten ari den lanarekin batera, azpimarratzekoa da haren jarduerek duten garrantzia, hiriko merkataritza eta ostalaritza sustatzen duten ekitaldiak baitira. Horregatik, Udalarentzat helburu estrategikoa da hain aktiboa den sektore honekin lankidetzan aritzea”, adierazi du Nerea Melgosa Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotziak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:42

Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak hitzarmena sinatuko dute beste behin ere bi instituzioen arteko elkarlana sendotu eta hirian euskararen erabilera bultzatzeko. Tokiko Gobernu Batzarrak horretara 63.000 euro bideratzea onetsi du gaur goizean.

Udalbatzak eta Euskaltzaindiak 1996ko irailean sinatu zuten mota honetako lehen lankidetza-hitzarmena. Ordutik, urtero berritzen dute lankidetza-konpromisoa. Alde batetik, Akademiak aholkularitza linguistikoa eskaintzen dio Udalari. Bestetik, udalerriko toponimia proiektuan lanean jarraitzen dute.

Oraingo honetan, Jungitu, Zerio, Estibaliz, Lubinau eta Uribarri Arratzua herrien deskribapenak landuko dira. Horrez gain, Arratzua III argitalpenean agertuko diren toponimoei (Jungitu, Zerio, Estibaliz, Uribarri, Arratzua, Matauku, Oreitia, Ilarratza, Lubinau) dagozkien behin-behineko testuak idatziko dira eta horiei laguntzeko mapak prestatutako. Gainera, Dibiña I datu-basea prestatzen eta Abetxuku, Andetxa, Arangiz, Foronda, Lopida, Mendiguren eta Ihurre herrietako toponimoak aztertzen hasiko dira.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:38

Ortzai elkartearekiko urteko hitzarmena ere onetsi du

Gaur, Estíbaliz Cantok zuzentzen duen Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailaren proposamenez, Tokiko Gobernu Batzarrak bi hitzarmen onetsi ditu.

Lehenengoa, EHUren Arabako campuseko Errektoreordetzarekin sinatuko da Gasteizko Film Laburren XXIII. Jaialdia antolatzeko, eta 6.000 euroko zenbatekoa izango du.

Bigarrena, Ortzai kultura-elkartearekin sinatuko du. Udalaren iritziz, interesgarria da Ortzai kultura-elkarteak egiten dituen ekimenei laguntzea, kolektibo ugariren onurarakoak baitira, eta, horrenbestez, 2019an zenbait jarduera egiteko hitzarmena onetsi du. Horretarako, 20.000 euro jarriko ditu Udalak.

Share