Ainhoa Sánchez eta Emiliano Torres, 2019ko Kirolaren Sariak
Bi entrenatzaileek sariak jaso dituzte udaletxean; bata Biribildu taldearen fundatzailea da, eta bestea, Eharialdea eskubaloi taldearen fundatzailea
Alkate Gorka Urtaranek, Kultura, Hezkuntza, eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok eta Udalbatzako gainerako kideek omenaldia egin diete udaletxean Ainhoa Sánchez eta Emiliano Torresi, eta 2019ko Kirolaren Sariak eman dizkiete; iaz hasi zen sari horiek Kirolaren Nazioarteko Egunetik (apirilak 6) hurbileko data batean banatzen.
Sariaren izen osoa “Guztiontzako jarduera fisikoaren eta kirolaren sustapena” da, eta haren helburua ez da ibilbide arrakastatsua eta merezimendu nabarmenak dituzten kirolari zehatzak saritzea, baizik eta haien lanagatik edo jardunagatik guztiontzako kirola garatzen laguntzen duten pertsonak, haien merezimenduak oharkabean gera ez daitezen.
Aurten, balorazio batzordeak hau saritzea erabaki du: gimnastika entrenatzaile eta Biribildu taldearen fundatzaile Ainhoa Sánchez Hernández, eta entrenatzaile eta sortu zenetik Eharialdea eskubaloi taldeko kide Emiliano Torres Jorge.
Sánchez Biribildu aerobic taldeko entrenatzailea da gaur egun, zeinak azken urteetan Europako bi txapelketatan parte hartu baitu (Portugal 2015 eta Italia 2017), baita Munduko bi txapelketatan ere (Hego Korea 2016 eta Portugal 2018), aerostep modalitatean. Berak fundatu zuen taldea.
Gorputz Hezkuntzan lizentziaduna da, aerobiceko teknikari eta epaile nazionala, gimnasia erritmikoko teknikari eta epaile nazionala, eta Gimnasia Jardueren Oinarrien irakaslea Deustuko Unibertsitatean.
Epaimahaiak “aktiboan jarraitzen duen pertsona bat” saritu nahi izan du, “kirol hastapenak zein espezializazioa lantzen dituena, eta kirola sustatzen duena hala ikasleak eta federatuak entrenatzen nola Unibertsitatean eskolak ematen, eta gainera oso kirol emaitza onak lortu dituena bere gimnastekin modalitatearen Espainiako txapelketetan, klubaren ibilbidean zehar“.
Torresek, berriz, 1987an auzoan sortutako lehen eskubaloi taldeko kidea izan zen: Club L03 zuen izena, ondoren Eharialdea kirol elkartea bihurtu eta gaur egun Eharialdea emakumezkoen eskubaloiko taldea dena.
Hasierako urteetan kirolariak erakartzen eta eskolako ekipoak entrenatzen aritu zen. Duela 20 urtetik hona, entrenamenduez, jokalariak eta entrenatzaileak bilatzeaz, taldearen eta eskubaloi eskolaren kirol koordinazioaz eta lehendakariari baliabide ekonomikoak bilatzen laguntzeaz arduratzen da.
Epaimahaiak kontuan hartu du “Arabako emakumezkoen eskubaloiaren alde bizitza osoa eman izana, eta boluntariotzan oinarritutako talde baten sortzailea izatea, kirol emaitza aipagarriak lortu baititu”.
Kirol merezimenduen artean aipa daitezke hainbat kategoria eta denboralditan Euskadiko txapeldun eta txapeldunorde geratu izana: euskal ligako bigarren mailako txapeldunordea 2009/2010 denboraldian, eta euskal ligako lehen mailako txapelduna 2010/2011, 2011/2012 eta 2013/2014 denboraldietan; 2014/2015 denboraldian emakumezkoen zilarrezko ohorezko mailara igo zen, eta 2018/2019 denboraldira arte jokatu zuten (gaur egun euskal ligako senior kategorian jarraitzen dute).
Gainera, C.B.F Eharialdea taldeko jokalari askok emakumezkoen eskubaloiko selekzioekin —Araba, Euskadi zein Espainiakoekin— jokatu ohi dute.