Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  11 apirila 2019 20:49

Ekitaldia emango dute Folklore akademiakoekin batera larunbatean 19:30ean Félix Petite antzokian

Kordobako “Luis del Río” Dantza kontserbatorio Profesionaleko ikasle eta irakasleek Gasteiz bisitatuko dute gaurtik igandera bitartean, martxoan Udal Folklore Akademiak egin zien bisitaren ordainetan.

22 dantzari (20 emakumezko eta 2 gizonezko) eta hiru irakasle etorri dira bisitan, eta gaur, Katedralera bisita egiteaz gain, Peio López de Munain alkateordearen, Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantoren eta udalbatzako gainerako kideen harrera jaso dute.

Bihar goizean euskal dantzen tailer bat eskainiko diete Musiketxean eta, arratsaldean, 20:00ak inguruan, Séneca Andaluziako etxekoen harrera jaso eta ekitaldi bat emango dute.

Larunbatean izango da ekitaldi nagusia: 19:30ean Félix Petite antzokian dantzatuko dute Folklore Akademiakoekin batera. Sarrera doan da, lekuak bete arte. Gonbidapenak jasotzeko jo Musiketxera.

 

 

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

– Harrera  Karolinen-Gymnasium ikastetxeko (Rosenheim, Alemania) ikasle eta irakasleei, Corazonistas institutuarekin trukea egiten ari baitira.

Parte-hartzaileak: Estíbaliz Canto, Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzia, eta udal korporazioko talde politikoen ordezkariak.

Eguna: apirilak 12, ostirala.

Ordua: 10.30.

Lekua: udaletxeko harrera-aretoa.

——————————————————–

– Alkatearen asteroko prentsaurrekoa.

Gorka Urtaranek Tokiko Gobernu Batzarrean landutako gaien eta Udalarekin lotutako beste gai batzuen berri emango du.

Parte-hartzailea: Gorka Urtaran, alkatea.

Eguna: apirilak 12, ostirala.

Ordua: 10.30.

Lekua: udaletxeko prentsa-aretoa.

———————————————————–

– Udaltzaingoko Bide Heziketarako Parkeak antolatutako “Seguru bizi” marrazki lehiaketaren XVII. edizioko sariak banatzea.

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran, alkatea, Carlos Zapatero, Herritarren Segurtasunaren zinegotzia, eta udal korporazioko talde politikoen ordezkariak.

Eguna: apirilak 12, ostirala.

Ordua: 13.00.

Lekua: udaletxeko harrera-aretoa.

————————————————-

– Herritarrentzako Loaren Biltzarra eta  Ezagutzaren Azoka irekitzea.

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea, eta gonbidatutako agintari eta profesionalak.

Eguna: apirilak 12, ostirala.

Ordua: 19.45.

Lekua: Europa biltzar jauregia. Maria de Maeztu auditoriuma.

 

 

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:08

 

 

 

 

 

 

 

Gasteizko udalbatzak harrera egin die gaur Gamarrako Ostalaritza Eskolari eta Erasmus ikasleen 5 ordezkaritzari; Frantzia, Italia, Portugal, Grezia eta Turkiakoei, hain zuzen.

Erasmus proiektu hauen helburuak gastronomia eta kulturaren bidez Europako eskualde txikien gaineko ezagutza handitzea eta gizarte-inklusioaren inguruan sentsibilizatzea dira, eta, azaldu berri dugunez, Ostalaritza eskola gasteiztarra proiektu honetan murgilduta dago.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:41

Gasteizko Udalaren Bozeramaileen Batzarrak erabaki du Save The Children erakundeari ematea 2019ko Francisco Vitoria domina. Giza eskubideak aldezten eta demokraziaren, bakearen eta nazioarteko elkartasunaren balioak sustatzen nazioarte-mailan nabarmendu diren pertsona fisiko nahiz erakundeen merezimendurik gailenei gorazarre egitea du xede ohorezko sariak. Bi urtean behin ematen du Gasteizko Udalak.

Deialdi bakoitzean, Gasteizko Nazioarteko Zuzenbideari eta Nazioarteko Harremanei buruzko Ikastaroetako batzorde zientifikoak hiru hautagaitza proposatzen ditu sariaren hartzaile izateko. Udalaren egoitzan 2019ko urtarrilaren 11n egindako bilkuran, batzorde zientifikoak aho batez erabaki zuen hautagai hauek proposatzea: Human Right Watch (Giza Eskubideen Behatokia), Save the Children eta Amnesty International.

Udal-talde guztiek erabaki dute Save The Childreni ematea saria; haurren eskubideen alde lan egitea du helburu erakundeak.

1919an sortu zuten, I. Mundu Gerraren osteko milioika haur iheslari eta desplazaturi laguntzeko. Gaur egun, 120 herrialdetan 55 milioi haurri baino gehiagori laguntzen die, honako arlo hauei buruzko programak eginez: haurren osasuna, nutrizioa, larrialdietako laguntza, indarkeria, hezkuntza, haurren eskubideak, haur-salerosketa, haurren lan-esplotazioa, eta GIB-hiesa, batez ere. Espainian, 20 urte baino gehiago daramatza lanean; 5.000 haurri baino gehiagori laguntzen die egunean, zenbait programaren bidez, eta saiatzen da hezkuntzaren bidez hausten belaunaldiz belaunaldiko pobreziaren transmisioaren katea.

EAEn, 2004tik dihardu lanean Save The Childrenek, eta pobreziako eta gizarte-bazterketako egoeran dauden 800 bat haurri lagundu die. Bulegoa du Gasteizen.

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:38

 

 

 

 

 

 

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek, alkateorde Peio López de Munainek, Hezkuntza, Kultura eta Kirolaren zinegotzi Estíbaliz Cantok eta erakundeetako hainbat ordezkarik Euskal Herriko Itzuliaren laugarren etaparen hasierako zinta-ebaketan hartu dute parte. Itzulia Arrigorriagarantz abiatu da Gasteiztik.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:37

 

  • Bihar (apirilak 12) irekiko da epea lehen edizioko arrakastaren harira nazioarteko interesa piztu duen campus horretan talde partaidegaiek izena emateko
  • 4 pertsonaz osatutako 5 taldek hartuko ahalko dute parte, gehienez, uztailaren 15etik irailaren 27ra bitartean Gasteizko erdialdeko zenbait kokalekutan garatuko den bigarren edizio honetan
  • Antolatzaileek EAEko hiriburura sektore horretako talentua eta negozioa ekartzeko helburuari eusten diote; bideojokogintzak 2018an ia 140.000 milioi dolar fakturatu zituen mundu mailan eta 713 milioi euro Espainian soilik

Gaur aurkeztu da Gasteizen F2P Campusaren bigarren edizioa. Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak bultzatutako ekimen horrek free-to-play bideojoko berriak sortzen ari diren 5 profesional-talde ekarriko ditu, gehienez, Arabako hiriburura. Free-to-play deritze horietan aritzeko ordaindu beharrik ez dagoen jokoei.  2019ko edizioaren berritasun nagusia jende guztiarentzat irekita egongo den F2P Campus Academy formatua izango da; izan ere, horren ildotik irailean zehar hainbat jarduera antolatuko dira gazteak bideojokoen sektorera sartzea sustatzeko eta gazte horiei erakusteko zeinen zabalak diren Espainian 713 milioi euro baino gehiago fakturatzen dituen industriak eskaintzen dituen aukerak. F2P Campus Academy-ren barruan hitzaldi irekiak egingo dira sektoreko adituen eskutik, eta eta beren lehen bideojokoa sortu nahi duten gazteei zuzenduriko tailer bat ere egingo da.

Gasteizko Udaleko Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak, Arabako Foru Aldundiko Ahaldun nagusiorde Pilar García de Salazarrek, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagastik eta F2P Campus Vitoria-Gasteiz 2019ko zuzendari diren Jon Beltrán de Heredia eta Raúl Herrerok gaur goizeko prentsaurrekoan azaldu dute bihar (apirilak 12) irekiko dela parte hartu nahiko luketen taldeek izena emateko epea. Edizio honetan 5 taldek, gehienez, izango dute parte hartzeko aukera, baina talde bakoitzak 4 kide izan ahalko ditu. Campus-azeleratzaile honetan parte hartzeko aukera izateko, eskabidea maiatzaren 31 baino lehen igorri beharko dute taldeek. “Lehen edizioak arrakasta itzela izan zuen –12 herrialdetako 22 talde partaidegaik bidali zuten eskabidea–, eta aurtengo ediziorako informazio-eskaera ugari jaso ditugu dagoeneko mundu osoko taldeengandik. Datorren asteetan F2P Campusa Europa mailan egiten den feria garrantzitsuenetako batean aurkeztuko dugu; hots, Malmö-n (Suedia) egingo den Nordic Games azokan, eta Bartzelonan ere zabalduko dugu gure berri, hori baita bideojokoen industriak penintsulan duen hub nagusia. Horrez gain, AEB-ko eta Asiako zenbait partnerrekin harremanetan gaude, ekimena bi merkatu garrantzitsu horietan zabaltzen lagun diezaguten”, azaldu du Jon Beltrán de Herediak.

F2P Campuseko zuzendariorde Raúl Herrerok adierazi du lehen edizioaren arrakasta, zalantzarik gabe, oso lagungarria izaten ari dela mundu mailan ekimenaren oihartzuna hedatzeko “apurka-apurka Gasteiz bideojokoen nazioarteko mapan kokatzen ari gara. Ezin dugu ahaztu 2018an mundu mailan goraipatuak diren 20 profesional eta aditu baino gehiago igaro zirela hemendik, eta beren sorkuntzak garatzen laguntzeko banakako aholkuak eman zizkietela gure ikasleei”. Estatu eta nazioarte mailatik aurten Gasteizera bertaratuko diren mentoreen zerrenda ixteko gutxi falta den honetan, esan daiteke maila joan den urtekoaren oso antzekoa izango dela. Etorriko dela konfirmatu duenetako bat Sven Liebich alemaniarra da, Social Point enpresako lehendakariordea. Bideojoko enpresa hori erreferentea da mundu osoan eta Take 2 multinazional amerikarrak erosi zuen duela bi urte. Social Pointek 300 bat langile ditu gaur egun eta 250 milioi euro fakturatzen ditu urtean.

Babesle pribatu gehiago eta hurbileko ekimenekiko sinergiak

Edizio honetan, gure lurraldeko instituzioen laguntza ekonomikoaz gain, babesle pribatuen laguntza ere jasoko dutela ziurtatu dute F2P Campusekoek, adibidez, ENTIrena, (Bartzelonako Unibertsitateari atxikita dagoen bideojokoen unibertsitate-eskola). Bestalde, Vital Fundazioa eta Euskaltel aurten berriz babesle izango dira. Hain zuzen ere, Euskaltelek uztailaren bukaeran antolatuko duen Euskal Encounter bileran gune berezia izango du F2P Campusak. 2018an bezalaxe, aurten ere jende guztiari irekita egongo den hitzaldi-programa bat antolatuko da, eta, horretan, Gasteizera hurreratuko diren bideojoko industriako aditu guztiek hartuko dute parte. Laster argitaratuko da programa hori www.f2pcampus.com webgunean.

2019ko edizioaren aurkezpen honetara pasa den urtean parte hartu zuen talde euskalduneko ordezkari bat ere hurbildu da. Etorki talde irundarreko Alexander Camarerok azaldu du zer-nolako bultzada eman zien Gasteizko campusak beren proiektuei eta zenbat laguntza jaso zuten beren bideojoko-proposamen berriarekin: Evil Nun.

Campus-azelaratzaile honen zuzendariek ekimenak Gasteizen eta Euskadin bideojokoen industria sustatzeko nolako garrantzia duen nabarmendu nahi izan dute. “Gaur egun Katalunia da sektore honetan liderra alde handiarekin, enpresen eta estudioen % 30ek autonomia erkidego horretan dute egoitza; Euskadik, aldiz, merkatuaren % 5 pasatxo baino ez du hartzen. F2P Campusen tankerako ekimenek talentu berria erakartzen dute; hain zuzen ere, lehenengo edizioko talde batek Malagan zuen bizilekua, baina orain Gasteizera lekualdatu dira eta bertan ezarri dute egoitza proiektua garatzen jarraitzeko”, azpimarratu dute.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak nabarmendu du F2P Campusen mailako ekimenak funtsezkoak direla Gasteiz bideojokoen hiriburuen mapan kokatzeko. “Apustu handia ari gara egiten sormen-industrien alde, enplegua sortzeko eta ekonomia dinamizatzeko elementu paregabeak dira-eta; bertoko talentuari onura ateraz eta beste hiri batzuetakoa erakarriz lortuko dugu hori. Joan den urtean erakutsi genuen, Goi-mailako Diseinu Eskolaren tankerako eragileekiko sinergiak lortzen baditugu, hemen ere sor daitekeela nazioartean lehiatzeko gai izango diren proiektuak bultatzeko beharrezkoa den ekosistema hori. F2P Campusen parte hartu zuten enpresetako bat hemen geratu da, eta hori seinale hona da aurtengora begira”, esan du amaitzeko Nerea Melgosa.

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:01

Udaltzaingoak zauriturik gabeko hamahiru trafiko-istriputan esku hartu zuen atzo, eta 32 urteko emakume bat ikertzen ari da, edari alkoholdunen eraginpean gidatzeagatik. Valladolid kaletik zihoan, eta han, aparkatuta zegoen ibilgailu baten aurka eta zenbait edukiontzi eta mutiloiren aurka talka egin zuen.

Udaltzainek 19 urteko mutil gazte bat atxilotu zuten atzo, Independentzia kaleko ostalaritza-lokal bateko jolas-makina batean nahita eragindako kalteengatik. Gaur epailearen esku geratu da.

Udaltzainek atzo 20 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 13 jarduera egin zituzten.

Sutea industria-pabiloi batean

Suhiltzaileek gaur goizaldeko hirurak aldera esku hartu behar izan dute Kantauri hiribidean mekanizazio-lanetan diharduen industria-pabilioi batean piztutako sutea itzaltzen. Sua itzali ondoren, keak kaltetutako inguruko pabilioiak egurastu egin behar izan dituzte.

Eta atzo San Pedro elizan esku hartu zuten berriro, Errementari kalera horma-zatiak erori zirelako. Erortzeko berehalako arriskua zuten horma-zatiak kendu zituzten eta eremu hori guztia hesiz inguratu zuten.

Share