Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  13 apirila 2019 11:25

Tanznacht Berlin 2018 , Jeremy Wade

Heldu da danZálava-ren 2019ko edizioa, proposamen berriz beteta. Lantegiak, publikoa sentsibilizatzeko erakustaldiak, topaketak, laguntza koreografikoak eta sormen-laborategi batek osatzen dute proiektu berri honek Gasteizera eta Arabako Lasierra herrira ekarriko duten jarduera-agenda.

Euskadiko arte eszenikoen eszenaren barruan, danZálavak gorputzaren profesionalei eta lengoaia berriei prestakuntza eta laguntza eskaintzen jarraitu nahi du. Horretarako, ondo zehaztutako jarduera-ildoa du proiektuak: profesionalentzako ikastaro trinkoak ematea estatu mailan eta nazioartean erreferente diren irakasleen eskutik, non emakume sortzaileak ikustaraziko diren eta instituzioen arteko elkarlana sustatuko den erreferentziazko agenda bat sortzeko. Programa hori denboran egonkorra izatea nahi da, eta jendaurrean behar besteko aurrerapenaz aurkeztea.

Hori dela eta, danZálavak nazioarteko ibilbide luzeko sortzaile eta prestatzaileetan jartzen du jomuga, ezagutza artistiko eta pertsonal handia duten profesionaletan, alegia, helburua dantzaren munduari eta herritarrei, oro har, beren ikuspegia eta esperientzia pertsonalak transmititzeko gai diren pertsonak ekartzea baita.

danZálava-ren lehenengo edizioaz geroztik estatu eta nazioarte mailan garrantzitsuenetakoak diren mugimenduaren profesionalak igaro dira Gasteiztik: Guillermo Weickert, Victoria P. Miranda, Daniel Abreu, Iñaki Azpillaga, Idoia Zabaleta, Mala Kline, Agostina D´Alessandro, Mónica Valenciano, María Muñoz, Pep Ramis, Mark Tompkins, Katie Duck, Philipp Gehmacher, Federica Porello eta Vera Mantero portugaldarra; horiei Jeremy Wade, Mónica García, Julyen Hamilton eta Amalia Fernández batuko zaizkie laster.

Mugimenduarekin diharduten 150 profesional baino gehiagok izan dute irakasle horiekin besoz beso lan egiteko aukera. Ordea, parte-hartzaile horiek guztiak ez ziren euskaldunak. Madril, Girona, Bartzelona, Murtzia, Vigo, Ferrol, Valentzia, Oviedo, Burgos, Iruñea, Logroño, Paris, Santiago (Txile), Argentina, Kolonbia eta Tolosatik (Frantzia) ere etorri dira, besteak beste, beren teknika edo mugimenduen perfekzioaren bila zebiltzan profesionalak, eta, jarduerak egin ahala, zerrenda haziz doa.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:58

Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak argitaratu berri du Desgaitasun-egoeran dauden pertsonei buruzko terminologia dokumentua, Udalaren eta Bizikidetza Elkarguneko Aniztasun Funtzionaleko Mahairen arteko parte-hartze prozesu baten emaitza. Hiru hilabetean zehar, funtsezko hainbat ideia partekatu, eztabaidatu eta adostu ditu taldeak.

Parte-hartze prozesuaren eragilea izan da desgaitasun-egoera duten eta ez duten pertsonen arteko hizkeraren erabilera eta komunikazio-estiloa eralda daitezen sentsibilizazio-ekintzak egiteko proposamena.

Taldearen ahalegina, azkenean, Desgaitasun-egoeran dauden pertsonei buruzko terminologia  dokumentuan gauzatu da; horrekin funtsezko elementuak eskaini nahi dituzte jarreren eta jokabideen inguruan hausnartzeko eta eragiteko, eta, horrekin batera, zenbait estereotipo eta ustekeria desagerrarazteko eta desgaitasun-egoeran dauden pertsonak parekotasunez eta begirunez tratatzeko.

 

Desgaitasun-egoeran dauden pertsonei buruzko terminologia – Liburua, irakurketa errazeko bertsioan

Desgaitasun-egoeran dauden pertsonei buruzko terminologia – Liburua, jatorrizko bertsioan

Share