Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2019-04-24)

Prentsaurrekoa. Nazioarteko Gimnasia Open-a aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi; Vital Fundazioko zuzendari nagusi Axier Urresti; eta Paula Orive eta Maria Ereñaga, Gimnasia Vitoria Klubeko ordezkariak

Eguna. Asteazkena, apirilak 24

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Espainiako II. Iraupeneko Masters Igeriketako Txapelketa Gasteizen egingo da apirilaren 26tik 28ra bitartean

Mendizorrotzeko kirol esparruan egingo da eta 330 igerilarik hartuko dute parte

Gasteizko Udalak gaur eguerdian egin du komunikabideen aurrean II Campeonato de España Open de Fondo Natación Masters / Espainiako II. Iraupen Txapelketa Open Masters Igeriketa kirol-ekitaldiaren aurkezpena. Aurkezpen horretan Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok, Espainiako Igeriketa Federazioko zuzendaritza-batzordeko kide den Javier Condek eta FAN-AIF Araba federazioko lehendakaria eta Euskal Federazioko ordezkaria den John Mulvey-k hartu dute parte.

Espainiako II. Iraupen Txapelketa Open Masters Igeriketa ekitaldia Gasteizen egingo den lehen aldia da hau, eta Espainiako Igeriketa Federazioak eta Arabako Igeriketa Federazioak antolatuko dute –Mendizorrotzeko kirol esparruan apirilaren 26tik 28ra bitartean–, Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren eta hainbat babesleren laguntzarekin. Gainera, aurtengo txapelketan partaidetza-errekorra lortuko da joan den urtekoarekin alderatuta; izan ere, 330 igerilarik hartuko dute parte, 2018ko edizioan baino 130 gehiagok.

Estibaliz Cantok ekitaldiaren aurkezpenean adierazi duenez “gure hiriarentzat ohore handia da horrelako ekitaldiak hartzea, eta, hortaz, antolatzaileei eskerrak eman beharrean gaude gure hiriarekin –kirolaren hiriarekin– pentsatu dutelako txapelketa antolatzean. Instalazioen bikaintasuna, izena eman dutenen kopurua eta ekitaldira ziur gerturatuko diren ikusleen engaiamendua kontuan hartuta, edizio arrakastatsua izango da, zalantzarik gabe”.

Espainiako Igeriketa Federazioko zuzendaritza-batzordeko ordezkari Javer Condek aipatu du “master mugimendua adin ez konpetitibo deritzenetan dauden pertsonen kirola egiteko duten beharrari eta interesari erantzuteko sortu zela. Berria izan arren gorantz doan mugimendu geldiezin honi esker, menperatzen duen eremuan dabilen pertsona batek kirola praktikatzen jarrai dezake adin handia hartuta ere; horren adibidea da Juan Francisco Domínguezen kasua, 92 urte dituela 800 metroak egingo baititu”, eta “Espainiako Igeriketa Federazioak emakumezkoen waterpoloko Espainia-Errusia norgehiagoka bati esker izan zuela ” Mendizorrotzeko Instalazioen berri aipatu eta gero, horien bikaintasuna nabarmendu du Condek.

Azkenik, FAN-AIF Araba federazioko lehendakari John Mulvey-ren hitzetan, “txapelketa hau Federazioa abiatzean sortutako ideia baten fruitua da: igeriketaren izaera goitik behera iraultzea, txapelketak antolatzeari dagokionean, eta, nola ez, estatu-mailako txapelketa bat antolatzeko aukera izatea”. Ildo horretan, Mulvey-k txapelketan izaera irekia (open) azpimarratu nahi izan du; izan ere “nazioarteko 20 igerilari baino gehiago bertaratuko dira”. Bukatzeko, eskerrak eman dizkie “ekitaldia arrakastatsua izan dadin lagunduko duten 85 boluntarioei, haiek gabe ezinezkoa izango balitzatekeen antolakuntza gauzatzea, are jaiegunak direla aintzat hartuta”.

Kirol-arloari hertsiki begiratuta, hona hemen bertaratuko diren kirolari entzutetsuenetako batzuk: Kiko Hervás (Vila-Swim Fondistas, +35), Jaime Marqués (CN Monteverde, +30), Rebeca Santos (CN Máster Torrijos, +40) eta Loli Balbuena (CN Sabadell, +60). Proben programari dagokionean: ostiralean (apirilak 26) estilo libreko 1.500 metroak egingo dira; larunbatean (apirilak 27) 4×200 metro mistoak estilo librean; eta, igandean (apirilak 28) txapelketari amaiera emateko, estilo libreko 800 metroak eta, ondoren, sari-banaketa. Ekitaldia igandean amaituko da 14:30 aldera.

 

Informazio gehiago: : https://rfen.es/es/section/larga-distancia-2019

Share

Udalak mugikortasun ohiturei buruzko telefono-inkesta egingo du

Gasteizko Udalak herritarren mugikortasun ohiturei buruzko inkesta bat egingo du 2019ko maiatzaren 7tik ekainaren 17ra bitartean. Ausaz hautatutako udalerriko etxeguneetara telefonoz deituz egingo da inkesta. Jasotzen den informazioa guztiz anonimoa izango da, eta helburu horietarako baino ez da erabiliko.

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak sustatutako ekimenaren helburua da eguneroko joan-etorrietako ohiturei buruzko informazioa jasotzea, ezarritako mugikortasun iraunkorreko neurriak ebaluatu eta hobetzearren. Emaitzak udalaren web-orrian argitaratuko dira, 2014ko mugikortasun inkestarenak bezala.

2007an landutako Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren garapenaren barruan sartzen da inkesta. Plana 2023ra arte garatzekoa da, eta horren baitako ekintzak herritarren mugikortasun ohituren ezagutza zehatzean oinarritzen dira; hori dela eta, aldian behin inkesta egiten da informazioa jasotzeko xedez. 2011n eta 2014an egin ziren aurreko inkestak; 2019an, berriz, eguneratzea egingo da.

Ikertalde enpresa arduratuko da telefono-elkarrizketak egiteaz. Gasteizko bizilagunekin harremanetan jartzen den pertsona behar bezala identifikatuko da. Gasteizko Udalak laguntza eskatzen die herritarrei, ahal duten neurrian inkestari erantzun diezaioten haien etxebizitza hautatuetako bat izanez gero. Maiatzaren 7an hasiko da inkesta, baina dagoeneko proba batzuk egiten ari dira.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Ingurugiro Gaietarako Ikastegira jo daiteke, 945162696 telefonora deituz edo helbide elektroniko honetara idatziz:ceaadmin@vitoria-gasteiz.org

Share

Hasi dira Salburuko auzoko banbu-parterren lekuan soropila jartzeko lanak

 

Salburua auzoko zenbait banbu-parterreren lekuan soropila jartzeko lanak hasi ditu gaur bertan Udalak. Bideak egingo ditu beste batzuetan, garbiketa errazteko. Auzotarrek eskatutako esku-hartzea da. Gaur goizean, Enviser enpresako langileek hesiak jarri dituzte eta lehenengo segak ere egin dituzte, Estrasburgoko ibilbidean.

Espazio sarri horiek desagerraraztea da proiektuaren azken helburua, ingurune horretako mantentze-lanak errazago gerta daitezen. Izan ere, karraskari txikiak ikusi izan dira bertan. 188.288,48 euroko inbertsioa izango dute lan hauek. Hogeita hiru lekutan jarriko da soropila banbuaren ordez. Beste hemeretzi lekutan, berriz, bide txikiak egingo dira parterreen barruan. Inguru hori hobetu egingo da, esku-hartze honi esker.

Zehazki, Berlingo ibilbidean, Viena kalean, Atenas ibilbidean eta Estrasburgo ibilbidean egingo dira Hiri Paisaiaren Atalak diseinatutako lan horiek. Azken horretan, hogeita hiru parterre daude, eta belarra jarriko da haien ordez. Aurrekoetan, funtsean, zatitu egingo dira espazioak, eta 1,2 metro zabaleko bideak egingo, mantentze-lanak errazte aldera. Berlingo ibilbideko sei parterretan esku hartuko da, Viena kaleko bostetan eta Atenas ibilbideko zortzitan. Estrasburgo ibilbideko lanak gauzatzeko epea bi hilabetekoa izango da. Gainerako lanak egiteko epea, berriz, hiru hilabetekoa.

 

Share

70 emanaldik eta 35 konpainiak osatuko dute KALDEaRTEren XIV. edizioa

Ekainaren 7an, 8an eta 9an izango da; kaleko lau ikuskizun egingo dira lehenengoz Espainian, eta horietako bi erabateko estreinaldiak izango dira

 20190423 Kaldearte 19 programa

Datorren ekainaren 7an hasiko da KaldeArteren XIV. edizioa, Gasteizko kaleko arteen nazioarteko erakustaldia. 35 konpainiak ikuskizunak eskainiko dizkiete hiriko ikusleei, formatu handiko, ertaineko zein txikiko 70 emanalditan. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok aurkeztu du gaur prentsaren aurrean.

Lau ikuskizun kalean estreinatuko dira (Espainian lehen aldiz); bi erabateko estreinaldiak izango dira, eta zenbait ikuskizun KALDEaRTEren laguntzarekin ekoitzi dira. Parte hartuko duten konpainietatik, 7 dira Gasteizkoak; beste 10, Euskal Herrikoak; 11, Estatuko beste probintzia batzuetakoak; eta 7, atzerrikoak. Horien artean, jaialdi ospetsuenetako azken edizioetan saritutako zenbait lan ikusi ahalko dira.

“Oraingo edizioan, konpainia kopuruari zein aurrekontuari eutsiko die erakustaldiak; ostiral arratsaldeko eta larunbat goizeko programazioa mantenduko eta handituko da, eta orain arte erabili ez diren beste espazio batzuk gehituko dira, hala nola Lanbideen Udal Lantegi-Eskola, Musikaren ibilbidea, eta landa-inguruneko espazio bat ere bai”, adierazi du Cantok.

Oharrari erantsita doa emanaldien kronologia. Bereziki aipatzekoa da Parisen finkatutako Teatro del Silencio konpainia txiletarrak parte hartuko duela, jaialdiarekin bi urtez hitz egin ondoren. 22 aktorek eszenaratuko dute “Rumbo al cementerio” muntaia, inaugurazioko ikuskizuna. Gure hiriko berrogei boluntario gehituko zaizkie 22 aktore haiei. Izena emateko, Kultura Zerbitzuarekin harremanetan jarri behar da, posta elektronikoz (infocultura@vitoria-gasteiz.org) edo telefonoz (945 161 268).

Gainera, eta azkenik, ekainaren 1etik (larunbata), KALDEaRTEren standa jarriko da Urrezko Zeledonen plazan, Postetxearen aurrean; ikuskizun guztiei buruzko liburuxka eskuratu ahalko da bertan.

Ohiz kanpoko esparruetan egitekoak diren lau ikuskizunetako sarrerak, El Corte Inglesen eskuratu ahal izango dira, maiatzaren 6tik aurrera. Eta “Gure Zirkua” euskarazko lehen zirku ibiltaria ikusteko sarrerak jada salgai daude www.ticketea.com webgunean; ekainaren lehenengo hiru asteburuetan egongo da.

Share