Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-03-05)

Prentsaurrekoa. EnpleoGune, Enplegu Foroaren inaugurazioa

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta UPV-EHUko Arabako campuseko errektoreorde Ivan Igartua

Eguna. Osteguna, martxoak 5

Ordua. 09:30

Tokia. Europa Biltzar Jauregia, Olarizu aretoa

————————————

Prentsaurrekoa. ‘Don Giovanni’ opera aurkeztea

Parte hartzaileak. Zuzendari artístico Luis Miguel Lainz; eta operan parte hartzen duten kantari batzuk

Eguna. Osteguna, martxoak 5

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share

Udaltzaingoak 743 marihuana-landare zituen pabilioia desegin du Gamarran, eta plantazioaren arduraduna atxilotu

Udaltzaingoak atzo Barratxi kalean 743 marihuana-landare zituen pabilioi bat desegin eta plantazioaren arduraduna, 51 urteko gizonezkoa, atxilotu zuen. Hurrengo orduotan jarriko dute epailearen esku eta osasun publikoaren aurkako eta elektrizitatean iruzur egitearekin lotutako delituak egotzi dizkiote.

Gertakariak 10:30 inguruan jazo ziren, otsailaren amaieran hasitako ikerketaren ondorioz. Orduan, Gamarra industrialdeko eremu hartan zebiltzan udaltzainek pabilioitik zetorren marihuanaren usain handia nabaritu zuten. Aztarna hura zela eta, Udaltzaingoaren Ikerketa Unitateak nabeko arduradunak identifikatzen saiatzeko asmoz polizia-operazioa jarri zuen abian. Lan haiek egiten ari zirela, jarduera industrialarekin edo pertsonen mugimenduarekin lotutako zaratarik ez zegoela ikusi zuten. Egun batzuetan bertaratu zen ibilgailuren baten presentzia bakarrik hauteman zuten.

Ikerketak egin ostean, Ikerketa Unitateko kideek atzo goizean atxilotu zuten susmagarria pabilioira sartzen ari zela. Barruan,750 landare inguru topatu zituzten; haietako 300 loraldian zeuden (biltzeko astebete falta zitzaien kukuluekin), 318 hazkunde-fasean (kukulurik gabe) eta 125 landatzeko prest zeuden aldaxkak ziren. Gainera, aurreko uztaldiren bateko kukuluak zituzten landare lehor osoak zituzten bi zaku topatu zituzten (bakoitza 10 kilo ingurukoa).

Atxilotuak nabe industriala produkzio-sistema jarraitua izateko beharrezko elementu guztiekin egokituta zuen. Luminariak, hezetasuna eta tenperatura kontrolatzeko ureztaketa-sistema automatikoa eta aireztapen-sistema zituen. Lokaleko beste gela batean, gainera, lehortegi-areto oso sofistikatua zuen egokituta. Poliziek, gainera, elektrizitatea lortzeko erabiltzen zituen legez kontrako hainbat lotura aurkitu zituen, eta uraren gehiegizko kontsumoa detektatu.

Pabilioia ez da atxilotuaren jabetzakoa, jabeei alokatu baitzien. Horrekin lotuta, aipatu beharrekoa da 2016an ere beste marihuana-plantazio bat izateko erabili izan zutela pabilioia. Ordu hartan, Udaltzaingoak bi lagun atxilotu zituen 421 landare eta 4.681 aldaxka aurkitu ostean.

 

Suhiltzaileak

PSISZko kideek bart gauean Sofia erreginaren kaleko komunitateko garaje batean piztu den sua itzaltzeko lan egin behar izan dute. Suak bi ibilgailu eta motozikleta batean izan du eragina. Abisua 06:30 inguruan jaso dute eta kalte materialak bakarrik izan dira.

Gainera, Domingo Beltran eta Kexaako Gazteluaren kaleetako bi etxebizitzatako sukaldeetan sortutako suak itzaltzeko ere lan egin zuten atzo.

 

Share

Gasteizek berdintasunarekiko konpromisoa berretsiko du martxoaren 8an, zalantzen edo atzera egiteko mehatxuen aurrean

“Aurrera baino ez” lemaren pean, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta antolatu den jarduera-agendan parte hartzera gonbidatu ditu Udalak herritarrak.

 

Martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Gasteizko Udalak berdintasunarekiko konpromisoa berretsi nahi du, “mugimendu feministaren, emakumeen elkarteen, norberaren izenean jarduten duten hainbat pertsonaren eta berdintasuna agendan txertatu duten erakundeen borrokei eta aldarrikapenei esker lortu diren eskubideak zalantzan jartzen dituzten edo atzera egiteko mehatxua egiten duten horien aurrean“, nabarmendu du Berdintasun zinegotzi Miren Fernández de Landak Udalak aurtengo martxoaren 8rako taxutu duen kanpainaren aurkezpenean.

“Aurrera baino ez” leloaren pean, pertsona guztiontzat berdinzaleagoa izango den gobernamendu-eredu baterantz aurrera egin beharra azpimarratzen du Udalak. Horri begira, gainera, ikuspegi intersekzional eta internazionalista txertatu nahi du berdintasun-politiketan. “Xede horrekin, eremu guztietan bizirik dauden desberdinkeriei eta generoan oinarrituriko diskriminazioei aurre egiten jarraituko dugu, berdintasunezko gizarte inklusiboa eraikitzen lagundu dezagun, pertsona guztien eskubideak bermatzea eta pertsona guztiek tokiko bizitzan parte hartzea ziurtatze aldera, berdintasunerako bidean atzerapauso bat bera ere eman ez dadin“, azaldu du zinegotziak.

Horretarako, Berdintasun Zerbitzuak hainbat jarduera antolatu ditu. Horien artean, “Gorputz bizigarriago batera bidean: loditasuna, edertasuna-kanonak eta argaltasuna” lantegia nabarmentzen da. Norberaren gorputz-esperientzian eta edertasun-kanonek nahiz lodifobiak dauzkaten ondorioetan sakondu nahi da horren bidez.

Horretaz gain, bakarrizketak, bertsoak eta antzerkia uztartzen dituen “Erredikalak ginen” lanaren bitartez zenbait alderdiri umorez begiratzeko gonbit egiten digu Berdintasun Zerbitzuak, beti ere feminismoa zeharlerrotzat hartuta: zahartzea, gorputzaren aldaketak, sexualitatea, merkatu patriarkala, beldurra, biolentzia eta beste.

Beste jarduera hauek osatzen dute Udalaren egitaraua: “Paseko txoriak/Aves de paso” zineforuma; desobedientzia zibilari eta feminismoari buruzko lantegia, eraldaketa politikorako tresna diren aldetik; “Feminismos y mujeres en la India” hitzaldia, eta autodefentsa feministako lantegia 14 eta 18 urte bitarteko neskentzat. Aurten ere, morez argiztatuko dira udaletxeko aurrealdea eta ohiko lekuak.

Berdintasun Zerbitzuak kartelak, biniloak, orri-markatzekoak eta poltsak egin ditu mezua eta programazioa ezagutarazteko. Orobat, ohiko ikusizko euskarrietan zabalduko du irudia, baita www.vitoria-gasteiz.org/igualdad eta www.vitoria-gasteiz.org/igualdad web-orrietan eta berdintasuneko Facebook eta Twitterren ere.

Share

(Eguneratua) Euskaraldiaren barruan ‘ariguneak’ sortzeko konpromisoa hartu du Udalak, beste 16 erakunderekin batera

Gasteizko 16 entitate, Udala eta TUVISA barne, Euskaraldiaren hurrengo edizioaren alde agertu dira gaur goizean. Oihaneder Euskararen Etxean egindako agerraldian, beren egituren barruan ariguneak sortzeko aukera aztertzeko konpromisoa hartu dute.

Ariguneak euskaraz aritzeko guneak dira, eta euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, entitate barruan edo herritarrekin duen harremanean. Entitateek arigune horiek antolatzeko baldintzak dituzten aztertzeko konpromisoa iragarri dute.

Datorren astetik aurrera, barne prozesu bati ekingo diote, espazio horiek sortzerik duten aztertzeko.  Aurretik ezarritako zazpi pausu jarraitu beharko dituzte, eta behin analisia eginda, ariguneak sortzeko baldintzak ematen badira, aurtengo Euskaraldian izena emateko aukera izango dute.

Gasteizko Udala izango da entitate horietako bat. Hori dela eta, talde politiko guztiek hartu dute parte agerraldian. Alkate Gorka Urtaran eta Euskara zinegotzi Iñaki Gurtubairen batera, hauek izan dira: Kultura eta Hezkuntza zinegotzi Estibaliz Canto;  Enplegu, Prestakuntza eta Merkataritza Igor Salazar; eta beste udal taldeetako ordezkariak: Miren Larrion eta Iratxe Lopez Aberasturi (EH Bildu), Elisabeth Ochoa de Eribe (PP), eta Gema Zubiaurre (Elkarrekin). Horiekin batera izan dira udalaren Euskara zuzendari Estitxu Pereda eta Tuvisako gerente Marijo Ajuriagerra.

 

Udalaz gain, beste 15 entitate hauek hartu dute parte:

Orona Electra Vitoria / Artepan / Suministros Uriarte / Habilitas Educacion / Tuvisa / Vital Fundazioa / Hazi Fundazioa / Pez Limbo Creaciones / Setem Hego Haizea / Talur Elkartea / Emaize sexologia zentroa / Aldarte Elkartea / Arabako Euskal Pilota Elkartea / Mara Mara liburudenda / Eden taberna

Share

Tokiko gobernuen adierazpena, ageriko arrazoirik gabe desagertutako pertsonen familiekiko elkartasunez

Itxurazko arrazoirik gabe Desagertutako Pertsonen Eguna da martxoaren 9a. Hala erabaki zuen Diputatuen Kongresuak 2010ean, ganbera osoaren aho bateko babesarekin. Aurten, hamargarren urteurrena denez, oroitzapen honek are garrantzi handiagoa hartzen du, eta herritarren parte-hartze zabalena eta gure erakunde demokratikoen inplikazioa eskatzen.

Udalok, hurbilen dugun administrazioa den heinean, zeregin aktiboa izan behar dugu desagertzeen errealitatearen aurrean: 30.000 salaketa erregistratu dira Espainian azken urtean, eta 180.000 inguru Barne Ministerioak 2010ean erregistro ofiziala egiten hasi zenetik.

Gehien-gehienak konpontzen badira ere, beste asko erantzunik gabe geratzen dira, eta ez dago jakiterik absente dauden pertsonek bizirik jarraitzen duten ala hilda dauden; horrek mina eta babesgabetasuna sortzen die senideei.

Norbait desagertzen denean, lekua erabakigarria da, eta udalen zeregina ezinbestekoa, eta balio handikoa, lehen minututik eraginkortasunez erantzun baitezakete. Informazioa azkar ematea, familientzako arreta, tokiko herritarren laguntza, lurraldearen kartografia eta Udaltzaingoaren eta Estatuko segurtasun indar eta kidegoen arteko koordinazioa udal ekintzako plan baten parte izan behar dira, ondo zehaztu eta jakinarazitakoa.

Horixe da gure korporazioek Desagertutako Pertsonen Eguna dela eta berritzen duten konpromisoa, arreta berezia emanez giza talde ahulenei: adin txikikoak, nerabeak, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak, eta gaixotasun neurodegeneratiboak dituzten adinekoak, alzheimerra, kasu.

Senideekiko elkartasuna eta haien sufrimendua arintzeko baliabideak eskaintzea gure erantzukizuna dira, errealitate horrek erantzutera behartzen baikaitu.

Gasteizko Udalak bat egiten du egun horren oroitzapenarekin, eta aipamen berezia egin nahi die Borja Lázarori, haren familiari eta lagunei. Borja 2014ko urtarrilean desagertu zen, Kolonbian, eta, azken urteotan, Udalak hainbatetan erakutsi du konpromiso irmoa duela desagertutako pertsonak bilatzeko eta haien senideei babesa emateko, eta, bereziki, Borjaren kasuan.

Beraz, eragindako pertsonei elkartasuna adierazten jarraitu nahi du Udal honek, eta, horregatik, ageriko arrazoirik gabe desagertutako pertsonei buruzko VIII. Topaketa Teknikoak datorren maiatzean gure hirian egiteko konpromisoa hartu du, Borja Lázaroren familiari  —eta, hedaduraz, desagertzeek eragindako pertsona guztiei— hurbiltasuna eta maitasuna erakusteko.

Share

(Eguneratua) Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak lepidopteroen kontserbazioari buruzko jardunaldi teknikoak antolatu ditu

Lepidopteros20 jardunaldiak

Datorren martxoaren 20an, lepidopteroen kontserbazioari buruzko jardunaldi teknikoak egingo dira Salburuko hezeguneak interpretatzeko Atarian zentroan, IGIk antolaturik. Alorreko zenbait adituk hartuko dute parte: José Miguel Barea, Andaluziako Juntakoa, Patricia Garcia-Pereira eta Eva Monteiro, Portugaleko ATAGIS taldekoak, Joaquín Baixeras, Valentziako Unibertsitatekoa, eta Ruth Escobar, Zerinthya elkartekoa.

Espezie horien babesean lehentasun berriak ezartzea da jardunaldien helburua, baita Gasteizko udalerriko tximeleta eta sitsei etorkizun hobea ematea ere.

Ostegunean, martxoak 20, egingo dira jardunaldiak, 10:00etatik 14:00etara. Asistentzia librea eta doakoa da, ataria@vitoria-gasteiz.org helbidean izena emanda.

 

Share