Prentsa Oharren banner

Gasteiz urdinez argiztatuko da, osasen arloko langileek koronabirusaren krisian egindako lana aitortzeko

Gasteizko hainbat puntu urdinez argiztatuko dira gaurtik aurrera, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko lanean ari diren osasun arloko langile guztiei laguntzeko seinale gisa. Hain zuzen ere, gaur gauetik aurrera argiztapen urdin hori ikusgai egongo da Udaletxean, Floridako kioskoan, Los Arquillos-etan eta Santa Barbara plazako pergolan. Bihartik aurrera, Andre Maria Zuriaren plazako ‘Vitoria-Gasteiz’ eskulturara ere iritsiko da argi urdina.

Keinu horrek bat egiten du herritarrek osasun arloko profesionalen lanarekin erakutsi dituzten elkartasun eta maitasun adierazpenekin.

Share

Ostiraleko Udalaren Osoko Bilkura modu telematikoan egingo da

 

Gasteizko Udalaren Osoko Bilkura modu telematikoan egingo da ostiral honetan. Lehen aldia izango da ezaugarri horietako saio bat egingo dutena. COVID-19ren pandemia eragin duen osasun krisiaren ondoriozko neurria da. 27 zinegotziek, Udalbatzako idazkari nagusiak eta Udal kontu-hartzaileak bideokonferentziako ‘online’ plataforma bat erabiliko dute ostiral honetan (martxoak 27) Osoko Bilkura egiteko. Bilkurak balio juridiko osoa izango du.

Osoko bilkura honetan aztertu beharreko gaiak gutxi izango dira, Administrazioak bere jarduerarekin jarrai dezan beharrezkoak direnak. Alde horretatik, bi bloke baino ez dira egongo: ebazpen-zatia (hirigintza-aldaketak onartzea) eta kontrol-zatia, puntu bakarrarekin. Azken asteotan Gasteizen hartu diren koronabirusari aurre egiteko neurri ezberdinen berri emango du alkateak punto horretan, aparteko eta presazko arrazoiak direla medio.

Gaur goizean, Udalbatzak lehen saiakera egin du, Ensanche 21 udal enpresaren akziodunen Batzar Orokorra telematikoki egin baita. Hasiera batean ostiralerako aurreikusita zegoen batzar hori gaur egin dute, hain zuzen ere, osoko bilkurari begira bideokonferentzia sistema probatzeko.

Share

21 Zabalguneak beste urrats bat egin du Udalak Olarizun legez kanpo okupatuta dauden etxebizitzak berreskuratzerik izan dezan

21 Zabalgunearen kontseiluak bide telematikoz egin du aparteko biltzarra, eta beste urrats bat egin du Udalak Olarizun legez kanpo okupatuta dauden etxebizitzak berreskuratzerik izan dezan.

 

Duela hilabete onetsi zuen kontseiluak etxebizitzen jabetza ofizioz berreskuratzeko prozedura, udal gobernuko taldeen (EAJ eta PSE-EE) eta PPren botoekin. Hori lortzeko, ezinbestekoa da hustu nahi diren etxebizitzak Gasteizko Udalaren jabetzakoak izatea.

Udaleko kontu-hartzailearekin, sozietatearen auditorearekin, hiriko notario batekin eta Merkataritza Erregistroarekin kontsultatu ondoren, sozietatearen etxebizitzen titularitatea Udalari —sozietatearen bazkide bakarra baita— eskualdatzeko modurik onena kapital soziala murriztea zela uste izan zuten. Horretarako,  akzio propioak erosi beharra dago, horiek amortizatzearren, eta bazkide bakarrari gauzatan ordaindu, etxebizitzak emanez haiek erosteko balioan.  Gaur onetsitako akordioaren arabera, kapitala 19.452.000 euroan murriztuko da, bazkide bakarrari 6.484 akzio propio erosiz, bakoitzak 3.000,00 euroko balio nominala duelarik.

Gaur goizean onetsi den formula otsailean hartutako erabakiaren barruko urratsetako bat da; gainerakoak hauek dira:

  • Amaitutzat jotzea Olarizu hiribideko hainbat higiezin eraisteko xedez desjabetzeko ez den jarduera isolatua mugatzeko 2011ko otsailaren 4ko udal aitorpenaren bidez emandako agindua, eta Gasteizko Udalaren esku uztea sozietateak Olarizu hiribidean jabetzan dituen etxebizitzak.
  • Onestea Olarizuko etxebizitzak eraitsi ondoren antolamendu proposamenak azter daitezen, inbertitutako kapitala berreskuratu ahal izateko, eta Gasteizko Udalari 21 Zabalguneari itzul dakion proposatzea.

 

 

 

Share

Bi emakume atxilotu dituzte etxeko indarkeria dela eta

Udaltzainek bi emakume atxilotu zituzten atzo etxeko indarkeria-delitua dela eta.

Lehenengoa, 28 urtekoa, Iruña Veleia kaleko etxebizitzan izan zuten liskarrean bikotekidea erasotzeagatik atxilotu zuten. Bigarren atxilotuak, 41 urtekoak, familiarteko bati eraso egin zion Abetxuko auzoan partekatzen duten etxebizitzan. Bi emakumeak Agirrelandara eraman zituzten eta gaur jarriko dituzte epailearen esku.

Azken 24 orduotan, trafiko-istripu bat erregistratu da, baina ez da zauriturik egon.

COVID-19

Atzo, udaltzainek 54 pertsona salatu zituzten COVID-19ren hedapena murrizteko ezarritako neurriak ez betetzeagatik eta kontrolak egin zizkieten 224 ibilgailuri.

Share

Udalak areto bat eta material osagarria laga dizkio Gasteizen koronabirusaren kontra eratu den maker komunitateari

Gasteizko Udalak Simon Bolibar plazako areto bat aldi baterako laga dio COVID-19aren kontra eratu den maker komunitateari, 3D baliatuz osasun materiala egiten laguntzearren. Izan ere, boluntario talde horren lanak bolumen handia hartu du, eta leku bat behar zuten koordinatzeko eta produktuak eta material dohaintzak biltegiratzeko.

 

Aretoa uzteaz gain, Udalak PVCzko ia 7.000 lamina garden eman dizkie, material hori baliagarria baita maker komunitatea egiten ari den zipriztinen aurkako biserak fabrikatzeko. PVC ez ezik, 3D-ko inpresiorako harizpi bobinak eta biserak burura lotzeko gomak ere hartzen dituzte makerrek.

 

3D-ko inpresioan aditu diren boluntarioek osatu dute koronabirusaren kontrako Euskadiko maker komunitatea, eta osasun arloko langileek berek baliozkotutako modelo batean oinarrituz hasi dira  zipriztinen aurkako biserak fabrikatzen. Besteak beste, ingeniaritza eta diseinuaren arloko profesionalek osatzen dute komunitatea, eta arnasketa-aparatu homologagarri baten bila ere ari dira.

 

 

VGBiziz sarean isunik ez

 

Bestetik, Gasteizko Udaleko Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak ebazpen bat sinatu du VGBiziz aparkaleku seguruen sarean erregimen zigortzailea aldi baterako eteteko, alarma egoerak indarrean jarraitzen duen aldirako. Hartara, bizikleta sareko guneren batean gordeta duten pertsonek bertan utzi ahalko dute, ordenantzak aurreikusten dituen zigorren beldurrik gabe.

 

Izan ere, Gasteizko Udalak ulertzen du alarma egoeraren ondorio diren murrizketek ezinezko bihurtzen dutela VGBiziz sistemak zuzen funtzionatzea, batez ere bizikletak epearen barruan jaso eta eramateko beharrari dagokionez.

Share

Kultura Sailak luzatu egin du FotoArte eta Gazteentzako Nanoipuinen lehiaketetan parte hartzeko epeak

Internet bidez parte hartu ahalko da deialdi bietan

Bizitzen ari garen salbuespeneko egoera bitarte, Gasteizko Udalaren Kultura Sailak FotoArte eta Gazteentzako Nanoipuinen lehiaketetan parte hartzeko epea sine die luzatzea erabaki du.

Datorren ostiralean amaitzekoa zen, martxoaren 27an alegia, aurtengoan 16. Ediziora iritsi den argazkien lehiaketan parte hartzeko epea. Alabaina, deialdiak luzatu egingo du lanak hartzeko epea, harik eta gaur egun bizitzen ari garen osasun-larrialdia gaindituta data berri bat ezarri daitekeen arte. Horrek eragina izango du baita epaia jakinarazteko eta sariak emateko egunen datetan ere, zein, berez, maiatzaren 5ean eta 27an ematekoak baitziren, hurrenez hurren.

“Kultura Sailetik lehiaketan parte hartu nahi duten guztiak animatu nahi ditugu, deialdiaren oinarriak irakurri, dantzaren inguruan egin dituzten argazki onenak bilatu, eta FotoArtera bidaltzera, parte hartzeko formularioa bete ostean”, esan du Hezkuntza eta Kulturako zinegotzi Estíbaliz Cantok.

 Argazkiak Internet bidez bidali behar dira, lehiaketan parte hartzeko formularioa baliatuta, esteka honetan.

FotoArteko lehen saria 1.000 eurokoa izango da; bigarrena eta hirugarrena, berriz, bakoitza 400 eurokoa. “Aurten aldatu egin dugu orain arteko hirugarren saria, eta haren ordez Gasteizko Artistaren Saria ezarri dugu, 400 eurokoa, zein Gasteizen bizi, lan egin edo ikasten dutenen artean ebatziko baita”, azaldu du Kulturako zinegotziak. Sarien zerrenda osatzeko, bi akzesit ere emango dira, bakoitza 150 eurokoa.

Iaz 844 lan aurkeztu ziren, 474 artistenak; argi erakusten du horrek argazkizaleen artean erro sendoak egin dituela lehiaketak.

 

Nanoipuinen lehiaketa

Gazteentzako nanoipuinen seigarren edizioari dagokionez (Gasteizko udal liburutegien sarearen jarduera-programaren baitan antolatua) lanak aurkezteko berezko epea martxoaren 19an amaitu zen. Hala ere, kasu honetan ere epea sine die luzatuko da.

Laboral Kutxak babesten duen lehiaketa hau Gasteizen bizi, ikasi edo lan egiten duten, eta 12 eta 30 urte bitartean direnei zuzentzen zaie.

Parte hartzeko 3 kategoria daude, eta bakoitzean euskaraz nahiz gazteleraz aurkeztu daitezke lanak. A kategorian DBHko 1. eta 2. mailako ikasleek har dezakete parte; B kategorian DBHko 3. mailakoetatik 18 urte bete artekoek; eta Laboral Kutxa sarian 19 eta 30 urte bitarteko gazteek.

Nanoipunen gehieneko luzera 150 karakterekoa izango da, eta “idatzi” aditza izan beharko dute, horren adizki guztiak onartzen direlarik: idazten, idatziko, idaztean…

Honako sari hauek emango dira kategoria eta hizkuntza bakoitzean: lehen saria (diploma eta tableta.), eta bigarren saria (diploma eta 50 €-ko txartela, hiriko liburu-denda batean erosteko). Parte-hartzaile bakoitzak sari bat bakarrik jaso ahalko du.

 “Gazte guztiak gonbidatu nahi ditugu lehiaketa honetan parte hartzera. Iaz 145 gaztek hartu zuten parte, gehienak emakumeak (% 61), eta guztira 273 nanoipuin aurkeztu zituzten, horien arteko % 6 euskaraz”, esan du Cantok.

Hemen dituzue oinarriak eta izena emateko formularioa, esteka honetan.

 

 

 

 

Share

AMVISAk ez du hornidurarik mozten, ez ordaintzeagatik, martxoaren 9az geroztik

Bi aste dira beren fakturak ordaindu ez dituzten partikularrei ur-hornidura mozteari utzi ziola AMVISAk. Martxoaren 9an hartu zuen erabaki hori, eta, bi egun geroago, bezero guztiei zabaldu zien.

Gainera, konexiorik gabe egonik hala eskatzen duten pertsonei berriro konektatzeko aukera ematen ari da udal enpresa. Hartara, ur-hornidura izan ahalko dute alarma-egoera bukatu edo beren egoera erregularizatu arte.

Era berean, AMVISAk jakinarazten die bere bezeroei ekainaren 15era artekoa izango dela maiatzaren hasieran jaulkiko den ordainagiria ordaintzeko borondatezko epea. Orobat gogorarazten du Udalak ordainketaren zatikapenak nahiz atzerapenak aplikatuko dituela, ordainagiri horien ordainketa errazteko.

COVID-19ari aurre egiteko planak

Martxoko lehen astetik, koronabirusari aurre egiteko planak ezarri ditu AMVISAk, zerbitzuaren jarraitasuna eta kalitatea bermatzeko, bai hornidurari, bai saneamenduari dagokionez.

Hain zuzen ere, hainbat antolakuntza-neurri jarri dira martxan —telelana, teleprestakuntza, erretenak, lantalde independenteen prestakuntza eta txandakako presentzia, eta abar—, baita segurtasun sanitarioaren ingurukoak ere —langileen presentzia murriztea bulegoetan eta lantokietan, instalazioak desinfektatzea, desinfektatzaileak erabiltzea eta abar—. Guztia ere, zerbitzua bermatu eta langileen osasuna albait gehien babesteko helburuarekin.

AMVISAK COVID-19 OSASUN-ALERTA DELA ETA HARTUTAKO NEURRIAK

Share