Prentsa Oharren banner

SEGITTUR Gasteizera etorri da bisitan, turismo-helmuga adimentsu bihurtzen laguntzeko

 

  • Ministerioari atxikitako sozietatearen eta Basquetourren arteko hitzarmenaren barruan egiten ari dira lan

Aste honetan, SEGITTUR sozietatea Gasteizko Udalarekin lanean hasi da, Arabako hiriburua turismo-helmuga adimentsu bihurtzeko. Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioari atxikitako estatuko sozietate bat da hori, eta turismoaren alorreko berrikuntza eta teknologiak kudeatzeaz arduratzen da. Basquetourrek Euskadi helmugaren balioa sendotzeko sustatu duen ekimen horren barruan, Segitturreko teknikariak Arabako hiriburura etorri dira,  helmugaren kudeaketarekin zuzenean edo zeharka zerikusia duten agenteei ekimena aurkeztera.

Segittur helmugako arduradun nagusiekin mintzatuko da, baita Eraldaketa Digitalaren, Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Borja Rodríguezekin, Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren zinegotzi Maider Etxebarriarekin, eta turismo eta biltzar bulegoetako arduradunekin ere.

Udaleko beste zerbitzu batzuetako arduradunekin ere hitz egingo dute: suhiltzaileak, udaltzainak, garraioa, herritarrentzako arreta, bizikidetza eta aniztasuna, irisgarritasuna, ingurumen plangintza eta kudeaketa, eta kirol eta kultura arloak.

Turismoko Estatu Idazkaritzaren turismo helmuga adimentsuentzako metodologian oinarrituko da Gasteizen egin beharreko lana. Horretan, 400 betekizun baino gehiago ebaluatzen dira, turismo-helmuga adimentsua osatzen duten bost ardatzekin lotuta: gobernantza, berrikuntza, teknologia, irisgarritasuna eta iraunkortasuna.

Bileren emaitzek eta inplikatutako eragileek emandako informazioak Gasteizek zenbateraino betetzen dituen ardatz bakoitzari dagozkion betekizunak jakiteko balioko dute, eta hori oinarritzat baliatuko da diagnosi-txostena eta ekintza-plana lantzeko, turismo-helmuga adimentsua bihurtzeari begira.

 

Share

Salburuako bi ostalaritza-lokaletan bikotekidea erasotzeagatik atxilotuta

Udaltzainek 35 urteko emakume bat atxilotu zuten atzo etxeko indarkeria-delituaren ustezko egile gisa.

Gertakariak 11:30ak inguruan hasi ziren. Patruila batek lehen aldiz esku hartu zuen emakumearekin, Salburuako ostalaritza-lokal batean arazoak sortu zituelako. Bertan, berekin zeuden bi gizonezkoetako bati eraso egin zion eta ostera ere bere kontra eraso egiteko mehatxu egin zion lekukoen eta agenteen aurrean. Alderdiak bereizi eta informatu ostean, poliziek lekua utzi zuten.

Hala eta guztiz ere, ordubete baino zertxobait gehiago igaro ostean, poliziek auzoko beste lokal batera joan behar izan zuten berriz emakumea bertako bezeroak molestatzen ari zelako. Lokaleko arduradunak jakinarazi zuen gainera gizonezko bati eraso egin ziola eta hura iraindu zuela. Bereizi ostean, biek aitortu zuten bikote zirela. Hori dela eta, patruilak atxilotzeari ekin zion.

Guardiako epaitegiak eginbideak egin ostean, emakumea epaileren esku geratu zen arratsaldean.

Istripuak

Azken 24 orduetan, Udaltzaingoak 6 zirkulazio-istripu erregistratu ditu eta horietan 2 pertsona zauritu dira. Gainera, 20 urteko gidari bat ikertu dute alkoholaren eraginpean zirkulatzeagatik. Gazteak zirkulazio-istripua izan zuen autoa galtzadatik atera eta zuhaitzaren kontra talka egin ostean Antonio Machado kalean.

Suhiltzaileak

Suhiltzaileek Betoñuko Atea kalean esku hartu zuten atzo; bertan, bi ibilgailuk istripua izan zuten eta likidoen isuria eragin zuen horrek.  Bateriak deskonektatu ostean, sepiolita zabaldu zuten galtzadan.

 

Share

Zabor-tasa aztertzeko fiskalitate-batzorde txostengilearen lanak apirilaren 21ean hasiko dira

Ogasuneko zinegotzi Iñaki Gurtubaik hondakinak bildu eta suntsitzeko zerbitzuagatiko tasak aztertzeko fiskalitate-batzorde txostengile bereziak izango duen egutegia jakinarazi du; urtarrilaren bukaeran onetsi zen batzordea eratzea, aho batez. Apirilaren 21ean hasiko dira lanak, eta hiru hilabete iraungo dute. Orotara lau saio egingo dituzte hondakinen kudeaketarekin zerikusia duten alderdi ekonomiko guztiak aztertzeko, besteak beste, Gardelegiko zabortegiko tratamenduak dakartzan diru-sarrerak eta kostuak.

Lehenengo saioan, hondakinak bildu eta tratatzeko zerbitzuaren azterketa teknikoa eta diagnostiko orokorra egingo dira. Zerbitzuarekin lotutako ildoetako bat tratamendu lantegiei dagokie, Gardelegi barne.

Bigarren saioa maiatzaren 26an egitekoa da, eta hondakinak bildu eta suntsitzeko zerbitzuarekin lotutako alderdi ekonomikoak aztertuko dira. Jarduera bakoitzaren berariazko kostuak eta diru-sarrerak ahalik eta gehien zehazten saiatuko dira.

Ekainaren 30ean tarifa berrien proposamena landuko da, hondakinak bildu eta suntsitzeko ziklo osoari dagozkion zerbitzu guztietarako. Tasa bakoitza aztertuko da, denek batera sistema bideragarria osatu dezaten.

Uztailaren 21ean, azkenik, zaborren kontratu berriak etorkizun hurbilean ekarriko dituen aldaketak aztertuko dira, eta birziklatzeagatik hobari fiskalak aplikatzeko eman dezaketen aukera. Orobat, Europako beste herrialde batzuetan ezartzen ari neurriak hemen ere epe luzera hartzea aztertuko da.

 

 

Share