Prentsa Oharren banner

Prentsa deialdiak (2020-03-09)

Hauteskunde mahaien zozketa

Parte hartzaileak. Udal Erroldaren zinegotzi arduradun Borja Rodríguez; udal idazkari nagusia; eta Errolda eta Hauteskunde Ataleko teknikariak

Eguna. Astelehena, martxoak 9

Ordua. 9:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————————

Prentsaurrekoa. ‘Gazoline’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Prince Ezeanyim, aktorea; Dani Villar, jirako produktorea; eta Marta Monfort, Udal Antzoki Sareko arduraduna

Eguna. Astelehena, martxoak 9

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

—————————————–

Desagertutako Pertsonei buruzko Deklarazioa irakurtzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta udal taldeetako ordezkariak

Eguna. Astelehena, martxoak 9

Ordua. 12:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

 

Share

Asteburuko aurreikuspenak

Ostirala, martxoak 6

  • Alkate Gorka Urtaran Europaren Sustraiak elkarteak antolatu duen Nazioarteko Zinemaldiaren amaiera ekitaldian izango da 18:30ean, Vital Fundazioko Dendarabako aretoan.
  • Lehen alkateorde Maider Etxebarria eta Berdintasun zinegotzi Miren Fernandez de Landa Arabako Foru Aldundiak antolatu duen ‘Toda una vida de sabiduria – 8 de marzo’ ekitaldian izango dira 18:30ean, Artium Museoan.
  • Alkate Gorka Urtaran Deportivo Alaves eta Valencia FC taldeek jokatuko duten futbol partida ikusten izango da 21:00etan, Mendizorrotzako futbol zelaian.

 

Igandea, martxoak 8

  • Berdintasun zinegotzi Miren Fernandez de Landak; Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok; eta Ingurumen Kudeaketa eta Plangintza zinegotzi Cesar Fernandez de Landak parte hartuko dute Emakumeen Nazioarteko Eguneko manifestazioan 12:30ean, Loma Jeneralaren plazan.
  • Alkateorde Maider Etxebarriak eta Jon Armentiak, Berdintasun zinegotzi Miren Fenandez de Landak eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok parte hartuko dute Arabako Mugimendu Feministak deitu duen  Emakumeen Nazioarteko Eguneko manifestazioan 17:30ean, San Anton plazan.
Share

Udalak eta San Martineko auzo-elkarteak berritu egin dute hitzarmena

 

  • Ia 100.000 euro jasoko ditu berriz ere, auzoko ia 3000 pertsonarentzat 60 jardueratik gora antolatzen dituen auzo-elkarteak.

San Martineko auzo-elkarteak 100.000 euroko aurrekontua izango du, jarduera soziokulturalak gauzatzeko auzoan 2020an. Tokiko Gobernu Batzarrak hitzarmena onetsi du gaur, Borja Rodriguez Ramajo zinegotziak zuzentzen duen Gizarte Etxeen Arloak proposaturik.

San Martineko auzo-elkarteak auzoko haur, gazte eta helduen garapen pertsonala eta aisialdiaren erabilera aktiboa eta positiboa sustatu nahi du, auzoan gizarte-etxerik ez baitago. Hori dela eta, elkarteak 60 jardueratik gora eskaintzen dizkiete San Martineko ia 3.000 pertsonari, udalaren beste instalazio batzuetan eskaintzen direnen osagarri.

Share

Urtaranen gobernuak 2,2 milioi euro inbertituko ditu udal instalazioetako kirol programazioan

Tokiko Gobernu Batzarrak kirol instalazioetako kirol programak gauzatzeko zerbitzua esleitu du, 2.199.448 euroan. Aiteko Management SL enpresak lortu du kontratua, 2020ko apirilaren1etik 2021eko irailaren 30era arte gauzatzeko.

Programa hauek eskainiko dira kontratuaren bitartez: kirolaren bidezko mantentze fisikoa (yoga, tai-ji eta uretako jarduerak, besteak beste), kirol hastapenak, kirol baliagarria eta eskola igeriketa. Denboraldiko jarduerak eta unean uneko jarduerak batuta, 2.500 ikastaro baino gehiago ematen dira orotara kontratuaren bitartez. Gainera, ehun instalaziotan baino gehiagotan garatzen da programazioa: gimnasioak, ariketa gelak, kirol pistak eta udalaren kirol instalazioen sareko beste ekipamendu batzuk.

“Esleitu berri dugun programazioak eta antzekoek ahalbidetzen dute sustatzen ari garen kirol eta osasun binomioa. Herritar guztiei oinarrizko kirol praktika bermatzea Gasteizen dugun bizi-kalitatearen zutabeetako bat da”, azpimarratu du Gorka Urtaran alkateak.

 

 

 

 

Share

TUVISAko langile eta erabiltzaile diren emakumeak dira protagonista garraio konpainiak martxoaren 8a dela eta sustatu duen kanpainan

Noemí, Maite, Inma, Argiñe, Marijo eta beste emakume batzuk dira protagonista TUVISA udalaren garraio enpresak martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta sustatu duen kanpainan. Gaur goizean aurkeztu den ekimenak garraio publikoa berdintasunerako sektorea dela ikusarazi nahi du. Hain zuzen ere, TUVISAko langile eta erabiltzaile diren emakumeen erretratuak baliatuko ditu horretarako. Orobat, Gasteizko hiri autobusak kudeatzen dituen enpresan eta antzekoetan emakumeek duten zeregin aktiboa indartu nahi da, eta sektorean berdintasuna izan dadin eskatu. “Pausuak ematen ari gara, baina oraindik bada egitekorik desberdintasun eta diskriminazioei aurre egiteko eta berdintasunezko gizarte inklusiboa eraikitzen laguntzeko, bizitzaren arlo guztietan pertsona guztien eskubideak eta partaidetza bermatzearren. Baita garraio publikoan ere”, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi eta TUVISAko lehendakari Amaia Barredok. Konpainiaren kudeatzaile Marijo Ajuriaguerrak, berriz, positibotzat jo du “emakumeen ordezkaritza dagoen TUVISAko arlo guztiek parte hartzea kanpainan“, eta espero du “laster emakume mekanikoak, karrozariak edo garabi-gidariak edukitzea“.

TUVISA ahalegin handiak egiten ari da plantillan duen emakumeen ehunekoa emendatzeko, eta estatuan emakume gehien duten garraio publikoko enpresetako bat izatera iritsi da. Gaur egun, konpainiako langileen % 16 dira emakumeak. 2015ean, berriz, % 9 besterik ez ziren.

Gaur goizean aurkeztu den kanpaina TUVISAren sarean zabalduko da. Zehazki, biniloak jarri dira bost autobus hibridotan, kanpotik, eta barrutik beste 20 binilo. TUVISAko langile eta erabiltzaile diren emakumeak protagonistatzat dituzten 20 irudi dira.

Kanpainaren barruan diseinatu den posterra TUVISAren pantaila guztietan proiektatuko da, bai flota osatzen duten ibilgailuetan bai konpainia kudeatzen dituen aparkalekuetan. Orobat, TUVISAko langileek txapak eramango dituzte, ohiko moreak zein kanpainarako sortu den logoa daramatenak.

Kanpainan parte hartzen dutenek emakumeen presentzia duten TUVISAko arlo guztiak ordezkatzen dituzte: gidariak, garajeko gidariak, aparkalekuetako zaindari-kobratzaileak, administrazio-langileak eta kudeatzailea bera. Gainera, zenbait erabiltzailek ere hartu dute parte, zeinak argazki erreportajea egin zen egunean borondatez aurkeztu baitziren. Flota osatzen duten autobusek ohiko puntu moreak eramango dituzte, eta Udalak sustatutako kanpainaren irudia, zeinaren lema ‘Aurrera baino ez’ baita.

TUVISAko lehendakaria eta kudeatzaileaz gain, konpainiaren protagonistak izan dira aurkezpenean, baita administrazio-kontseiluaren eta langileen ordezkariak ere.

Share

M8ko Adierazpen Instituzionalaren Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta

 

Udalak dei egiten die herritarrei Emakumeen Nazioarteko Egunaren karietara Mugimendu Feministak martxoaren 8rako antolatu dituen mobilizazioetan era aktiboan parte har dezaten.

 

Emakumeen mobilizazioak. Mundua eraldatzen duen emakumeen boterea.

1952an martxoaren 8a Emakumearen Nazioarteko Eguna ezarri zuen Nazio Batuen Batzar Nagusiak (NBE). M8ak emakumeen “grebak” oroitzen ditu, historian zehar euren eskubide laboral, ekonomiko, politiko eta sozialak aldarrikatu dituztenak. Borrokek aldaketak ekarri dituzte legeetan, gizartean eta kulturan, eta gizarteak berdintasun- eta demokrazia-maila handiagotarantz aurreratu dituzte.

Hala ere, emakumeen borroken garaia ez da amaitu. Mundu osoan eta gure tokiko komunitateetan oraindik ere emakumeenganako bereizkeriak eta ezberdintasunak daude, emakume izate hutsagatik. Bereizkeria hori beste batzuekin gurutzatzen da: klase, etnia, adina, kultura, sinesmenak, migrazio-estatusa, sexu-orientazioa, genero-identitatea edo gaitasunak, besteak beste.

Beijing Ekintza Plataformak 25 urte bete dituenean, belaunaldi berriak bat egiten du giza eskubideak defendatu eta genero-berdintasuna lortuko duten ekonomia, gizarte eta sistema politikoak irudikatzeko borrokan, inor bazterrean utzi gabe. Munduko mugimendu honen ustez generoen arteko berdintasuna ez da soilik oinarrizko giza eskubidea, baizik eta mundu baketsu, oparo eta iraunkorra lortzeko beharrezko oinarria. Garapen Jasangarrirako Helburuetan jasotzen den bezala. Berdintasuna gizarte osoaren mezu bakar gisa aldarrikatzeko garaia da.

Emakumeen borrokek eta kaleetako mobilizazioek instituzioei konpromiso irmoko ariketa egitea eskatzen digute:

  • Genero-harremanak eraldatzea gure udalerrien eta gure administrazioen bizitzan;
  • Emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak errotik kentzea eta egiturazko indarkeria horren biktimak erreparatzea;
  • Baldintzak eta aukerak eraikitzea izaera guztietako emakumeek tokiko bizitzako ekonomian, gizartean, politikan eta kulturan parte hartzeko;
  • Diskriminazio mota guztien aurka borrokatzea;
  • Bizitza erdira ekarriko duten gizarte-antolakuntza erantzunkideak diseinatzea.

Tokiko euskal gobernuok konpromiso horiek gure herri eta hirietan egia bihurtzeko politikak diseinatu eta kudeatu behar ditugu, eta horrexegatik, Vitoria-Gasteizko Udalak konpromiso irmoa adierazi du berdintasunezko gizarte inklusiboa eraikitzen laguntzeko, pertsona guztien eskubideak eta parte-hartzea bermatuko dituena tokiko bizitzan, honako neurri hauek abian jarririk.

  • Udalerriko emakumeen baldintzak eta egoerak sistematikoki aztertzea baliabide, ondasun eta zerbitzu guztiak eskuratzeari dagokionez, bai eta tokiko bizitzan parte hartzeari dagokionez ere, desberdintasunak identifikatu eta zuzentzeko.
  • Tokiko Bizitzako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Europako Gutunean zehaztutako konpromisoak betetzea bere lurraldean.
  • Tokiko berdintasun-politikak bultzatzeko langile eta baliabide nahikoak dituen egitura egonkorra bermatzea, toki-mailan edo beste udalerri batzuekin elkartuta.
  • Hara! Emakumeen eta gizonen berdintasunerako Tokiko Ekintza Plana garatzea, haren eragina ebaluatzea eta emaitzen berri ematea.
  • Tokiko arauak arian-arian artikulatzea berdintasun-politikak garatzeko, eta udal-jarduera osoan genero-ikuspegia txertatzen dela bermatzea.
  • Indarkeria matxistaren arretarako Tokiko Koordinazio Protokoloa eguneratzea.
  • Tokiko jardueretan indarkeria matxistaren biktimei erreparazioa emateko printzipioaren aplikazioan aurrera egitea.
  • Udaleko arau, programa eta zerbitzuen genero-eraginaren ebaluazioa arian-arian garatzea.
  • Udalerriko emakumeak ahalduntzeko programak eta ekimenak garatzeko espazioak eta baliabideak eskaintzea.
  • Toki-mailan, emakumeen erakundeekin eta erakunde feministekin etengabe komunikatzeko espazioak antolatzea, berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako tokiko politikak diseinatzeko eta ebaluatzeko.
  • Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskal Udalen Sarearekin – Berdinsarea – bat egiteko kompromisoa berretsi. Sare horren helburua da indarrak batzea eta tokiko gobernuek elkarrekin jardutea berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako politikak, programak eta zerbitzuak bultzatzeko, indartzeko, koordinatzeko eta ebaluatzeko.

 

Azkenean, Udal honek dei egiten die herritarrei Emakumeen Nazioarteko Egunaren karietara Mugimendu Feministak martxoaren 8rako antolatu dituen mobilizazioetan era aktiboan parte har dezaten.

 

Share

Udaleko langileen soldata-igoera onetsi da

Udal langileen 2020ko soldata % 2 igotzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak (atzeraeraginezko izaera du, aurtengo urtarrilaren 1etik aurrera). Martxoko nominatik aurrera aplikatuko da igoera, zein udal langileen alde sozialarekin adostu zen, 2020ko otsailaren 11n egindako negoziazio-mahaian.

Urte hasieran onetsitako 2020ko aurrekontuak aurreikusia zuen soldata-igoera hori, enpresa-batzordearekiko akordioa tarteko. Neurri hau 2/2000 Errege Lege-Dekretuak babesten du (Estatuko Aurrekontuen Lege Orokorraren esparruan sektore publikoko ordainsarien alorreko premiazko neurriak onesten dituena).

Share

Udaltzaingoak datorren astean segurtasun-gailuak kontrolatzeko kanpaina egingo du

 

 

Martxoaren 9tik 15era bitartean, Gasteizeko Udaltzaingoak Gasteizko hiriko bideetan zirkulatzen duten motordun ibilgailuen segurtasuneko gailuen erabilera kontrolatzeko zirkulazio-kanpaina berezia egingo du.

Astebetez, udaltzainak segurtasun-uhalen zein haurrak eusteko sistemen erabilera kontrolatzen zentratuko dira.

Kanpaina hori 2018-2023 Bide Segurtasuneko Udal Plan Estrategikoan jasotako zaintza- eta kontrol-ekintzen baitan sartu behar da.

Esku-hartzeak

Azken 24 ordutan, Udaltzaingoak 17 zirkulazio-istriputan lagundu behar izan du eta hiru lagun zauritu dira horietan. Haietako bakarrak behar izan du laguntza medikoa.

Bestalde, suhiltzaileek Beluntzako (Izarrako araztegiaren alboan) landatar eraikuntza batean piztutako sua itzali behar izan zuten atzo.

 

 

Share

Zabalganak diziplina anitzeko kirol gune berria izango du, 300 metroko irristaketa pista batez inguratuta

Udalak ia 400.000 euro inbertituko ditu ‘Gasteiz Hobetuz’ partaidetza-proiektuaren emaitza den azpiegitura horretan

 

Zabalgana auzoak irristaketa pista eliptikoa eta erabilera anitzeko kirol zona berria izango ditu datorren urtean. Udalak diziplina anitzeko gune bat eraikiko du Aldaian, gaur egun erabiltzen ez den lursail batean (ia 7.000 metro koadro), Nazio Batuen etorbidearen eta Pablo Picasso, Clara Campoamor  eta Antoni Tapies kaleen artean. Herritarren Partaidetzaren eta Gizarte Etxeen Sailak proposatuta, Tokiko Gobernu Batzarrak lanak lizitaziora ateratzea onartu du gaur goizean, ‘Gasteiz Hobetuz’ partaidetza programaren barruan. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinatu du proiektua, eta sail hori arduratuko da gauzatzeaz.

Kontratuak 394.475,98 euroko aurrekontua du, eta sei hilabeteko gauzatze-epea. “Legealdi honetan, auzoetan 100 milioi euro inbertitzeko plana bultzatzen ari gara udal gobernutik, Gasteizko alderdi guztiak hobetzeko xedez. Bi udal sailek elkarren artean koordinaturik egindako ekimen hau ere estrategia horren parte da. Nabarmendu beharra dago, halaber, esku-hartze berritzailea dela, eta herritarrekin eta auzoko ordezkariekin batera diseinatu dela”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Borja Rodriguez Herritarren Partaidetzarako zinegotziak bere aldetik azaltzen duenez, “Zabalganan bizimodua hobetuko duen proiektu hau auzoak egindako eskaera izan zen, erantzuna izan duena. Herritarren parte-hartzea eraginkorra eta ezinbestekoa da auzoen elkarbizitza eta funtzionamendu ona hobetzeko “.

Inguruko kirol gune nagusia forma eliptikoa duen patinatzeko pista izango da. Ia 300 metroko luzera eta 4 metroko zabalera hartuko du; zoladura asfalto leunezkoa izango da, errazago irristatzeko. Pista horrek kirol kantxak eta ingurunea banatuko ditu, zuhaitzak (zedroak eta ezkiak) dituen oinezkoentzako pasabide batek eta egoteko guneek bereizita. Gainera, trazatu horrek ‘oztopoak’ izango ditu lurrean marraztuta, patinajea gustuko dutenek beren trebezia hobetu dezaten.

Aire zabaleko kirol-konplexu moduko horren barrualdean, bestalde, hainbat diziplinatarako guneak sortuko dira: futbola, saskibaloia, minibasketa, voleya, badmintona, pilota, eskalada … Kirol horiek praktikatzeko pistek ez dute neurri estandarrik izango, kirol inklusiboa eta ez lehiakorra sustatu nahi baita. Adibidez, ateak edo saskiak ez dira aurrez aurre jarriko. Diseinu horiek Udalak azkenaldien bultzatu dituen antzeko beste ekimen batzuen ildotik doaz.

Azalera guztia landarez, zipresen lerro batez eta eserlekuz inguratuko da, eta Nazio Batuen hiribidearen ondoan urmael txiki bat jarriko da. Barrualdeak soropil naturala, belar artifizialeko zelaiak eta kautxuzko espazioak izango ditu. Gainera, ureztatze automatikoz eta argiez hornituko da ingurua. Iturri bat, paperontziak eta bankuak ere ipiniko dira.

DOSSIER PISTAS ALDAIA

Share

Udal igerilekuetako sorospen zerbitzua kontratatu da, urte eta erdirako, ia 2,5 milioi euroan

Tokiko Gobernu Batzarrak udal igerilekuetan uretako sorospen eta botikin zerbitzua eskaintzeko kontratua esleitu du gaur goizean; kontratua 18 hilabeterako da, 2020ko apirilaren 1etik 2021eko urrira arte. Udako kanpainan botikin zerbitzua ematea ere barne hartzen du kontratuak. Bi multzotan banatuta dago, eta enpresa banari esleitu zaizkio horiek.

Disport EKI SL enpresa udal kiroldegietako eta gizarte etxeetako igerileku estali guztietako sorospen zerbitzuaz arduratuko da, 1.515.203 euroan (BEZa barne). Aiteko Management SL enpresa, berriz, Mendizorrotzeko igerileku estalian emango du zerbitzu hori, baita kanpoko igerilekuetan ere udako kanpainan, 981.857 euroan. Orotara, 2.497.060 euro bideratuko dira kontratu horietara.

Sorospen zerbitzuari esker, gasteiztarrek askotariko udal igerilekuak erabil ditzakete, zehazki, 11 igerileku estali eta uretako bi esparru ireki, eta horietan bakarka zein kirol taldeen bidez praktikatu daiteke igeriketa. Igerian ikasteko aukera ere ematen du zerbitzuak, kirol lehiaketa ugari egitea ahalbidetzen du, eta instalazio horietaz urte osoan gozatzea bermatzen, bereziki udan.

Gasteizko igerileku estalietan milioi bat erabilera baino gehiago zenbatzen da urtean; udalaren kirol esparruetako igerileku irekietan, berriz, 676.000 sarrera zenbatu ziren udako kanpainan.

 

 

 

 

Share