Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-03-06)

Prentsaurrekoa. Tuvisak bultzatutako kanpaina, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta

Parte hartzaileak. Tuvisako presidente Amaia Barredo; Tuvisako gerente Maria Jose Ajuriaguerra; eta Tuvisako langileak

Eguna. Ostirala, martxoak 6

Ordua. 10:00

Tokia. Cadena y Eleta Apezpikuaren eta Prado kaleen arteko bidegurutzean, Katedral Berriaren sarrera ondoan

—————————————

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, martxoak 6

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————————————-

Martxoaren 8ko Deklarazioa irakurtzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta udal taldeetako ordezkariak

Eguna. Ostirala, martxoak 6

Ordua. 12:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

Share

2019an, handitu egin zen Herritarren Postontzian jasotako kontsulten kopurua, eta erantzunen azkartasuna mantendu

 

  • 2019an, 19.872 mezu jaso ziren orotara; 2018an, berriz, 18.313 izan ziren.
  • Kontsulta kopurua handitu arren, erantzuteko denbora mantendu egin zen, % 89 hamar egunetan baino gutxiagoan ebatzi baitziren.

2019an, orotara 19.872 mezu jaso ziren, hau da, 2018an baino % 7,85 gehiago, orduan 18.313 izan baitziren. Gaien % 99,6 ebatzi ziren, 2018an bezalatsu. Kontsulta kopurua handitu arren, erantzuteko denbora mantendu egin zen, gaien % 89 hamar egunetan baino gutxiagoan ebatzi baitziren. 

Kontsulten kopurua kontuan hartuta, 2019an gai hauek sortu zuten kezka handiena herritarren artean: garbiketa eta hondakinen bilketa, berdeguneak, kalteak bide publikoan eta argiteria publikoa.

Esate baterako, berdeguneekin lotutako mezuak % 28 handitu ziren 2018ko mezuen aldean, bereziki bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan, hau da, udaberrian eta udan. Argiteria publikoarekin lotutako galderak, berriz, % 26 handitu ziren aurreko urtearen aldean; urteko azken hiruhilekoan handitu ziren gehien, argi ordu gutxiago dagoen garaian, hain zuzen. Hiri-altzariei buruzko kontsultak, azkenik, % 19 hazi ziren. “Garbiketa” eta “kalteak bide publikoan” kategoriekin lotutako kontsultak, ostera, % 2 gutxitu ziren 2018koekin alderatuta.

2019an, herritarrek 3272 iruzkin egin zituzten gailu mugikorretatik; aurreko urtean, aldiz, 2524 izan ziren. Horrek esan nahi du % 16,4 hazi dela Herritarren Postontzian bide horretatik jasotako gaien kopurua.

Tresna “ezinbesteko eta eraginkorra”

Herritarren Partaidetzaren eta Gardentasunaren zinegotzi Borja Rodríguezek nabarmendu duenez, “herritarren postontziak Udalaren eta gasteiztarren arteko komunikazio-kanaletako bat dela erakusten jarraitzen du. Zuzenean parte hartzeko tresna ezinbesteko eta eraginkorra da, zeina etengabe ebaluatu eta hobetzen ari baikara”.

2019an Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Sailean txertatu zen zerbitzua, eta udal gobernuaren ardatz estrategikoetako bat bihurtu.

 

 

Share

Abian da 2020ko Empleo Gune foroa

 

Europa biltzar jauregian egiten ari da gaur Gasteizko 2020ko Empleo Gune foroa; 40 enpresak baino gehiagok hartuko dute parte, ia 300 lan-eskaintza egiteko. Alkate Gorka Urtaranek eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako campuseko errektoreorde Ivan Igartuak hitz egin dute ekitaldiaren inaugurazioan, zeina hirian enpleguarekin zerikusia duten eragile nagusien topagunea baita.

“Prestakuntza zentroetan egiten den lana funtsezkoa da Gasteizen etorkizunerako. Udalerriko enpresen zeregina ere funtsezkoa da gure etorkizunerako. Horrekin batera, hau bezalako topaketak funtsezkoak dira enpresen beharrak eta enplegu-eskatzaileak lotzeko”, adierazi du alkateak. Enplegu, Prestakuntza eta Merkataritza zinegotzi Igor Salazar ere izan da Empleo Guneren inaugurazioan.

Share

Udaltzaingoak 130 kirol eta kultur ekitaldi eta 700 manifestazio bideratu zituen

Udaltzaingoak ez du soilik kalean lan egiten, hiria patruilatzen; kudeaketa-lan handia ere egiten du urtero Gasteizen egiten diren jai-, kirol- eta kultura-arloko ehunka jarduera behar bezala garatzeko.

Agirrelandako Kudeaketa eta Plangintza Unitatea arduratzen da lan horretaz, beste udal sail batzuekin lankidetza estuan arituz, hala nola, Espazio Publikoa, Kultura eta Kirol Saila. Antolatzaileekin batera ekitaldiak eta ibilbideak aztertzen ditu –—dagokien planoetan islatuta—, eta  jarduerak egin bitartean bide-segurtasuna eta herritarren segurtasuna bermatzeko behar diren polizia-baliabideak esleitzen ditu.

2019an, horrelako 130 ekitaldi egin ziren Udaltzaingoak gainbegiratuta. Urtea Erregeen desfilearekin hasi eta San Silvestre mitikoarekin amaitu zen, astebete lehenago Olentzero eta Mari Domingiren desfilea egin ondoren. Tartean, saskibaloiarekin lotutako hitzordu handiak izan ziren: otsailean, Erreginaren Kopa, eta maiatzean, Lauko Finala. Horiei guztiei jendetza handia bildu zuten beste ekitaldi batzuk gehitu zitzaizkien, hala nola Umbral Light Festival —argi eta arte ikuskizuna hiriko espazio publiko eta eraikin esanguratsuetan—, Survivor Race edo Ironman.

“Lan gehiena azken urteetan nabarmen hazi diren kirol probek ematen digute. Gero eta gehiago dira lasterketa herrikoiak eta profesionalak egiten dituzten klub, erakunde edo elkarteak“, esan du Kudeaketa eta Plangintza Ataleko ofizialorde Silvia Rodríguez Pascualek.

Alde horretatik, Martin Fiz Maratoiak eta Gasteizko Ironmanak nazioko eta nazioarteko kirolari onenak biltzen dituzten arren, Maratoi Erdia da —dagoeneko 42 edizio bete ditu— pertsona gehien mugitzen dituena, 4.500 inguru.

Ekitaldi kultural, sozial eta erlijiosoak ere ohikoak dira Gasteizko agendan. Aipatutako desfileez gain, Inauterietako desfilea —duela gutxi egindakoa—, Aste Santuko prozesioak —dagoeneko horiek prestatzen ari dira Agirrelandako bulegoetan—, Zeledonen jaitsiera eta Andre Maria Zuriaren jaietako ekitaldiak, eta auzoetako jaiak ditugu.

Udaltzaingoak egiten duen aurretiazko koordinazio-lanari beste bat gehitu zaio ekitaldi horiek amaitu ondoren: “aginduzko azken txostena egiten dugu, eta bertan jardueren garapena nola joan den, zer atera den ondo eta, batez ere, hurrengo edizioetan zer hobetu daitekeen adierazten dugu“, azaldu du Silvia Rodríguez Pascualek.

Manifestazioak

 Kudeaketa eta Plangintza Unitatea antzera kudeatzen ditu manifestazioak, Ertzaintzarekin koordinatuta. 2019an kaleko 700 mobilizazio izapidetu ziren, eta Udaltzaingoak zirkulazioa arautzeko eta segurtasuna zaintzeko laguntza eman zuen.

Share

Udaltzainen eta suhiltzaileen esku-hartzeak

Azken 24 ordutan, Udaltzaingoak zirkulazioko 10 istripu erregistratu ditu eta horietan pertsona bat, patinete elektrikoaren gidari bat, zauritu da.

Suhiltzaileek atzo Salbaterrabide kaleko edukiontzian piztutako sua itzali, Jacinto Benavente kalean erortzeko arriskua zuen adarra kendu eta haizearen ondorioz beste lan batzuk egin behar izan zituzten.

 

Share