Prentsa Oharren banner

Udalak indarkeria matxista jasateko arriskuan dauden pertsonei gogorazi nahi die arreta-baliabide guztiak martxan dituela

 

  • Herritar guztiei dei egiten die gure inguruan gertatzen denaz kontzientzia har dezaten eta erantzukizunez joka dezaten; horrela, indarkeria- edo desanparo-egoeraren baten lekuko izanez gero, hirian eskuragarri dauden baliabideak eta zerbitzuak erabil ditzaten

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

 

Udalak indarkeria matxista jasateko arriskuan dauden pertsonei gogorarazi nahi die arreta-baliabide guztiak martxan dituela. “Gogoratu nahi dugu Udalak bere gizarte zerbitzuak eta indarkeria matxistaren arretara zuzendutako baliabide guztiak martxan mantentzen dituela eta beste erakundeekin koordinazioan ari dela, egungo egoerak ekar ditzakeen egoerei erantzuna emateko. Gainera, egun hauetan gertatutako emakumeen azken hilketen aurrean gure gaitzespenik irmoena errepikatzeko aprobetxatzen dugu eta elkartasuna adierazten diegu biktimen gertuko familiei eta pertsonei”, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.

 

COVID-19k eragindako osasun-krisiko egoera kudeatzeko konfinamendu-neurrien eta alarma-estatuarekin lotutako beste neurri batzuen aurrean, Udala jakitun da sor daitezkeen krisi- edo gatazka-egoerez, bai eta adingabeen babesgabetasun-egoerek edo indarkeria matxistaren emakumeentzako eta beste biktima batzuentzako arrisku-egoerek eragin ditzaketen larriagotzeaz ere. “COVID-19ren hedapena geldiarazteko beharrezko neurria bada ere, derrigorrezko bizikidetza arrisku larria bihur daiteke, eta larriagotu egiten ditu tentsio-egoerak eta indarkeria-arriskua erasotzaileekin bizi direnentzat. Horregatik, herritar guztiei dei egin nahi diegu gure inguruan gertatzen denaz kontzientzia har dezaten eta ardura har dezaten; horrela, indarkeria edo babesgabetasun egoeraren baten lekuko izanez gero, gure hirian dauden baliabideak eta zerbitzuak erabil ditzagun, azaldu du alkateak.

 

Ildo horretan, Udalak gogorarazi du zer udal-baliabidetara jo daitekeen, behar izanez gero:

  • Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzua (SMUS) 24:945 13 44 44
  • Udaltzaingoa 24 ordu: 092
  • Emakumeentzako Zerbitzu Espezializatua (SATEVI), Eusko Jaurlaritzak kudeatua, eta EAE osoan erabilgarri 24h (doakoa eta arrastorik uzten ez duena): 900 840 111 eta satevi@zerbitzuak.org

Horrez gain, Udalak gogoan du LGTBIfobiaren Aurkako Behatokiaren harremanetarako telefonoa ere, Ikusgune: 633309653.

Udalak Familia Indarkeriaren Unitateko kideak indartuko ditu konfinamendu aldi horretan.

Share

Zurrumurruen kontrako bideo baten bidez gogoratu nahi dute Arrazagatiko Diskriminazioa Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna

 

Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Unai Agirre bertsolariak estereotipoen aurka aritu ziren 500 pertsona bildu zituen bertso-saio batean

‘Zurrumurruek pertsona ardi bihurtzen dute… eta gizartea, artalde’. Amets Arzallusen bertso hori aukeratu dute izenburutzat Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak martxoaren 21a Arrazagatiko Diskriminazioa Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela gogoratzeko atera duten bideoarentzat, Zurrumurruen kontrako Estrategiaren barruan. Migratzaileen Nazioarteko Eguna zela eta 2018ko abenduaren 18an zurrumurruen kontra egindako bertso-saioko une gogoangarrien bilduma da. Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Unai Agirre bertsolariek hartu zuten parte, eta 500 pertsonatik gora bildu zituzten.

“Herritarrak sentsibilizatzea da bideoaren xedea; horregatik, aukeratu diren bertsoek hausnarketa esanguratsuak egiten dituzte estereotipoez, aurreiritziez, jatorriagatiko diskriminazioaz eta horrek guztiak bizikidetzari dakarzkion ondorio negatiboez”, nabarmendu du Bizikidetza eta Aniztasunaren zinegotzi Miren Fernández de Landak.

‘Begiak itxi behar ditugu, eta begiradak zabaldu’. Maialen Lujanbioren bertso horrek ematen dio amaiera bideoari, ezin hobeto definitzen baitu Zurrumurruen kontrako Estrategia.

Bai bertso-saioa bera bai bideoaren grabaketa eta zabalkundea Zurrumurruen kontrako Estrategiaren parte dira, zeinak ekintza berritzaile eta parte-hartzaileen bitartez pentsamendu kritikoa eta sentsibilizazioa sustatzeko xedea baitu.

2016ko bukaeran hasi zen Zurrumurruen kontrako Udal Estrategia lantzen Gasteizen, entitate eta pertsona konprometituen sare bat osatzeko, informazioaren, prestakuntzaren eta kontzientziazioaren bitartez gizartean migrazioaz eta atzerritarrez zabaltzen diren estereotipo negatiboak eta zurrumurru faltsuak desaktibatzeko  xedez, jarrera baztertzaile eta xenofoboak sorraraz ez ditzaten.

Arabako Foru Aldundiak berriz, 2016ko ekainean egin zuen bat ZAS! Zurrumurruen aurkako Euskal Sarearekin, lurraldeko herrietan bizikidetza sustatzeko estrategia bat aurrera eramatearren eta agerian uztearren Arabako herritarrek “ez dutela utziko” migratzaileen eta errefuxiatuen gaineko zurrumurru, gezur eta aurreiritzi xenofoboek “nahas” ditzaten.

Bideoa Zurrumurruen aurkako bertso-saioa: https://youtu.be/JrySM3jI5M4

 

 

 

Share