Prentsa Oharren banner

Luis Aranburu musika eskolak eta José Uruñuela dantza kontserbatorioak irudimenez egiten diote aurre koronabirusari

Internet bidezko jarduerak antolatu dituzte ikasleentzat zein herritar ororentzat

Covid-19 dela eta ikastetxeak itxita daudenez, eta egungo egoerari aurre egiteko asmoz, Luis Aranburu musika eskolak eta José Uruñuela dantza kontserbatorioak zenbait neurri jarri dituzte abian ikasleei ikasten laguntzeko, baita herritarrentzako zenbait ekimen ere.

“Hezkuntza eta Kultura Sailetik ahalegin handia egiten ari gara gure eskoletako ikasleei edukiak helarazteko,  aparteko egoera honetan ikasten jarraitzerik izan dezaten. Hori ez litzateke posible izango gure irakasle taldearen eta bi eskoletako zuzendaritzaren laguntzarik gabe. Eskerrak eman nahi dizkiet”, adierazi du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

José Uruñuela dantza kontserbatorioko zuzendaritzak telelanerako plan bat ezarri du langile guztientzat, Dantza Klasikoko Ikasketa Profesionalak ematen dituen ikastetxea dela kontuan izanik.

Kontserbatorioko ikasgai teorikoak internetez ematen jarraituko da, Skipe bitartez eta ikasteko materiala, etxeko lanak, zereginak eta azterketak —behar izanez gero— bidaliz; ikasgai hauek  dira zehazki: Anatomia eta Elikadura, Dantzaren Historia, Musika eta Interpretazioa.

José Uruñuela dantza kontserbatorioko zuzendari Ainhoa Arenazak jardueretako bat azaldu du: “Dantza klasikoko eta dantza garaikideko irakasle Arantzazu Susunaga zenbait gairi buruzko bideoak editatzen ari da: pilates, prestakuntza fisikoa, eta dantzara aplikatutako strechinga; berak gauzatutako bideoak dira, dantzariei zuzenduak. Arantzazu dantzari profesionala izandakoa da, eta alor horiei buruzko eskolak eman ditu. Ikasketa Profesionaletako ikasleei euskarri digitalean bidaltzen ari da, eskolarik gabeko egun hauetan ariketen errutinak egin ditzaten.

Planaren barruan, Ikasketa Profesionaletako ikasleei dantzarekin lotutako hainbat eduki euskarri digitalean bidaltzea da asmoa: dantza klasiko eta garaikideko konpainiak; lurreko lana, etxean egiteko; ballet, opera, konpainia eta nazioarteko dantza eskolen estekak eta informazioa streaming bidez. Baita tutorialak ere, kontserbatoriora joan gabe ere barra klasikoko ariketak egin ahal izateko.

Gainera, ikasketa ez-arautuetako eta Oinarrizko Ikasketetako ikasleei ere dantzarekin lotutako edukiak bidaliko zaizkie euskarri digitalean: dantza klasikoko balleta umeentzat, dantza eskola laburrak formatu digitalean, eta dantza ipuinak txikienentzat. Etxetik bertatik dantza errazak ikasteko aukera ere emango zaie.

 

Denontzako musika

Luis Aranburu musika eskolak berriz, Musikarako Informatikari buruzko hiru ikastarotan parte hartzeko aukera ematen die herritarrei: ‘Musika aplikazioko software librea’, ‘Partituren edizioa’ eta ‘Cubase hastapenak’.

Nahi duenak musika konposizio, grabazio eta edizio nozioak ikasi ahalko ditu. Ekimen horri esker, musikarekiko zaletasuna duenak melodiak sortu ahalko ditu ordenagailua erabiliz.

Luis Aranburu musika eskolako zuzendari Joserra Gutiérrez itxaropentsu agertu da ekimenarekin: “herritarrei gonbit egiten diegu ikastaro interesgarri hauetan parte hartzera, eta denbora librean musikan jardutera, gure izateko arrazoia baita. Oraingo honetan, ezin izango da foroetan parte hartu, ezta mezurik jaso edo bidali ere, zirkunstantzia berezi hauek direla eta”.

Informazio gehiago, campus.laume.org online plataforman, edo esteka honetan zuzenean.  

Share