Prentsa Oharren banner

Amaia Barredok Gasteizko mugikortasun eredua aurkeztu du Go Mobility biltzarrean

Gasteizko Udalak mahai-inguru batean hartu du parte Go Mobility biltzarrean, Estatuko eta Europako beste hiri batzuekin batera; Irungo FICOBA biltzar esparruan egiten ari da hori. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok Arabako hiriburuan duela hamar urte baino gehiago sustatzen ari den mugikortasun eredua azaldu du.

Amaia Barredok “espazio publikoa oinezkoentzat berreskuratzeko” garrantzia azpimarratu du, eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak koordinatzen dituen estrategiak azaldu ditu. Hiri plangintza berriaren osagai nagusi diren “superretxadietatik” hasita garraio publikoaren sistemen sareraino (BEA, tranbia eta TUVISA), abiadura handia Gasteizera iristearekin sortuko den aukera ahaztu gabe. “Hiria ondo konektatuta egotearen aldeko apustua egin dugu, ibilgailu partikularren ordez garraio publikoz, bizikletaz eta oinez mugitzen den hiriaren alde”, gogorarazi du zinegotziak.

‘City market place’ horretan, mugikortasun iraunkorraren alorrean dituzten ekimen eta estrategiak aurkezteko aukera izan dute hamar hirik, horien artean, Bilbo, Donostia, Irun, Kopenhagen, Bartzelona, Rouen eta Sant Cugatek.

Go Mobility Europa hegoaldeko eragile publiko eta pribatu nagusien topagunea da, eta mugikortasun berriaren premia eta erronkei irtenbidea aurkitzen zaie bertan. Irunen egiten ari den ekitaldian mugikortasun berriaren balio-kate industrial eta digitaleko eragileak elkartu dira, balio erantsi handiko trukeak sustatzeko eta proiektu berritzaileak eta lurraldearen eraldaketa industrialean eragiteko tresnak bultzatzeko; besteak beste, erakusketa-gunea, hitzaldiak, mahai-inguruak eta ibilgailu probak (test drive) izango dira. MUBILek antolatu du feria, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Diputazioaren laguntzarekin.

 

Share

Udaltzainen eta suhiltzaileen esku-hartzeak

Udaltzaingoak azken 24 orduetan 14 zirkulazio-istripu erregistratu ditu. Balantze hau izan dute istripuek: 4 zauritu, haietako 2 autobus bateko bidaiariak, Micaela Portilla kalean zihoala bat-batean balaztatu duelako.

Suhiltzaileak

Suhiltzaileak atzo Zubibarri kalean abandonatuta dagoen fabrika batean tresnerian izandako sute bat itzaltzera joan ziren. Ordu batzuk lehenago Abetxukoko Eliza kalean edukiontzi bat itzali zuten.

Haien presentzia ere eskatu zuten N-1 errepidean istripu batean; izan ere, bertan, kamioi bat irauli zen, bazter-babes bat errotik atera zuen eta gasoil-ihesa eragin zuen.

 

Share

Udalak adinekoen zentro soziokulturaletako jarduera mugatu du, eta jantoki zerbitzua baino ez dute eskainiko

  • San Prudentzio adinekoentzako zentro integralean ezarritako neurriak ere indartu dira

 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Osakidetzaren gomendio sorta berria aplikatuz, Gasteizko Udalak adinekoen zentro soziokulturalen jarduera mugatzea erabaki du, eta jantoki zerbitzua baino ez da eskainiko. Neurri horren bidez, COVID-19 kutsatzeko arriskua ahalik eta gehien murriztu nahi da populazio ahulenetako bati arreta ematen dioten eremuetan. Astelehenean jada ikastaro eta lantegiak eten ziren adinekoentzako 15 udal zentroetan; oraingoan, elkartze aretoak, ile-apaindegia eta podologia zerbitzua itxi dira. Beste ezer adierazi arte, jarduera jantoki-zerbitzura mugatuko da.

Aldi berean, San Prudentzio adinekoentzako zentro integralean langile ez-sanitarioetako batek positibo eman duenez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila egoera horretarako une oro ematen ari den jarraibideak aintzat hartzen ari dira, zentroko langileekin zein egoiliarrekin. Horretarako, langileentzako protokolo espezifiko bat aplikatu behar da, egoiliarrei jarraipen handiagoa egiteko neurriak jasotzen dituena. 

 

Garraio publikoaren arloko berariazko neurriak

TUVISA udalaren garraio agentzia etengabe ari da Gasteizko Udaleko Osasun Publikoko Zerbitzuarekin koordinatzen, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailetik datozen gomendioak betetzearren. Besteak beste, autobusen eta enpresako lantokien garbiketa areagotu dute.

Orain arte, autobusen higienea eta garbiketa areagotzeko agindua eman da, eta gidarien postuetan gel hidroalkoholikoak jarri dira. Hemendik aurrera, beste produktu desinfektatzaile batzuk erabiliko dira. Zehazki, alkidimetilbentzilamonio kloruroa eta etilen diamino tetrazetatoa. Langileei prebentziozko informazio guztia ere bidali zaie, eta autobusetan Osasun Sailaren gomendio eguneratuak dituzten kartelak jarri dira.

Era berean, ikastetxeak eta udal instalazioak itxita daudenez, TUVISA kontziliazio-neurriak, lizentziak eta baimenak aztertzen ari da, langileen beharrei erantzuteko. Malgutzeko neurriak ere aztertzen ari dira, lanpostuak eta haien beharrak aztertuz, zerbitzua bete ahal izateko.

 

Biltzar izaerako ekitaldi publikoak

Era berean, Gasteizko Europa eta Goiuri jauregietan aurreikusitako sei ekitaldi edo jarduera bertan behera geratu dira, atzo Osasun Ministerioak emandako aginduei jarraituz koronabirusaren transmisio komunitario handiko lekuetan 1.000 lagunetik beherako edukiera duten gune itxietan egiten diren ekitaldi publikoei dagokienez.

Hain zuzen ere, Fabio Baggiren ‘Immigranteak eta errefuxiatuak, bizikidetza eta herritartasun sortzaileak’ hitzaldi-solasaldia (hilaren 13an, Europa Jauregian), Plan Biko tailerra (hilaren 16an, Europan), Startup Europe Week (16tik 27ra, Goiurin), Eudelen Prestakuntza Jardunaldiak (hilaren 17an, Europan), 2020ko Etxe Berdeak programareb aurkezpena (hilaren 17an, Goiurin) eta Berritzeguneak haur hezkuntzari buruz antolatutako jardunaldiak (hilaren 28an, Europan).

Gainera, bi atzerapen izan dira. Lehena, Goiuri jauregian gaur egitekoa zen Erizaintzaren Historiari buruzko Jardunaldia, azkenean “udazkenean” egingo baita. Bigarrena, Gasteiz On merkatarien elkartearen ohiko moda pasarela da; hilaren 24tik 27ra bitartean egitekoa zen, eta apirilera atzeratu dute.

Bestalde, Turismo Bulegoak irekita jarraitzen du eta normaltasunez artatzen ditu erabiltzaileak, baina aldi baterako bertan behera utzi ditu bisita gidatu guztiak, hilaren 23ra arte.

 

Kultur jarduerak eta bestelakoak

Kultur ekitaldiei dagokienez, atzo bertan behera utzi zen Udal Antzoki Sarearen jarduera martxoaren 23ra arte, egun hori barne. Funtzioak ahal den guztietan atzeratzeko izapideak egiten ari dira, baina sarrera eskuratu duten erabiltzaileek zenbatekoa itzultzeko aukera izango dute. Dagokionean jakinaraziko da noiztik aurrera itzuliko den sarreren zenbatekoa. Bertan behera utzitako ikuskizunak ematekoak ziren konpainiekin egindako kontratuei dagokienez, izapidetze administratibo bakoitza berrikusten ari dira, bai arte eszenikoen sektorearentzat bai kutxa publikoentzat ahalik eta kalte gutxien sortzen duten neurriak aplikatzeko.

Era berean, atzo Osasun Ministerioak emandako jarraibide berriak ikusita koronabirusaren transmisio komunitario handiko lekuetan 1.000 lagunetik beherako edukiera duten gune itxietan egiten diren ekitaldi publikoei dagokienez, Monterhemoso kulturuneko jarduera guztia bertan behera utzi da gaurtik martxoaren 23ra arte, egun hori barne. Izan ere, datozen bi asteetarako aurreikusitako ekitaldi guztietan gainditzen da edukiera osoaren herena.

Ekitaldi publikoen esparruan, orobat, Gasteizko udaletxean egin ohi diren ezkontzei eragingo dieten neurriak hartu dira. Gaurtik aurrera, udaletxeko bulegoetara sartu ahal izango diren pertsonen gehieneko kopurua ez da, inolaz ere, 50 lagunetik gorakoa izango, bi aretotan banatuta: harrera aretoa eta Kinten aretoa. Hartara, espazio horien edukiera osoaren herena ez gainditzeko jarraibidea betetzen da.

Bestalde, eta ostalaritzako elikagaien esposizioari buruzko neurri espezifikorik dagoen kontsultatu denez, esan behar da elikagaiak ez direla identifikatu koronabirusaren transmisio-iturri edo -bide posible gisa. Hala ere, Gasteizko Udaleko Osasun Publikoko Zerbitzuak ostalaritza-sektoreari gogorarazten dio oso garrantzitsua dela higiene- eta osasun-arauak betetzea, edozein birus-mikroorganismo edo haren toxinak elikagaien bidez transmiti ez daitezen.

Gasteizko Udaleko Osasun Publikoko Zerbitzuak aldizka ikuskapen higieniko-sanitarioak egiten ditu elikagai-establezimenduetan, besteak beste ostalaritza-establezimenduetan. Pintxoak babestea nahitaezko neurria da, eta horretan eragingo dute ikuskapenek, elikagaien higieneari buruzko gainerako neurriekin batera. Ikuskapenean ez-betetze bat hautematen bada, administrazio-dosierra irekiko da.

 

Udal bulegoetan telelana ezartzea

Bestalde, Giza Baliabideen Sailak jada identifikatuta ditu telelanaren bidez bete daitezkeen profilak. Plantilla osoa hiru taldetan sailkatu du, ezaugarrien arabera. Batetik, nahitaez fisikoki egon beharra duten langileak, hirugarrenen eskubideak edo zaintzak bermatzen dituztenak: horiek ezin dute telelana egin. Beste bi taldeetan kideen balorazioa egiten ari dira sailetako zuzendariak eta Giza Baliabideen Saila.

Giza Baliabideei dagokienez, halaber, COVID-19aren transmisioari eusteko oraingo fase indartuaren barruan, aldatu egin da A eta B taldeetarako lan-eskaintza publikoan lanpostua lortu duten langileak sartzeko aurreikusita zegoen data: zehazki, apirilaren 1a praktiken hasiera-data gisa ezarrita duten pertsona guztiei maiatzaren 13ra aldatu zaie data hori.

Zehaztapen horietako gehienak alkate dekretu batean jasoko dira, COVID-19ari eusteko fase indartuari dagozkion prebentzio-neurriak eguneratzeko.

INFORMAZIOA ETA GOMENDIOAK: aurreko egunetan hartutako prebentzio-neurriak

Share