Prentsa Oharren banner

Koronabirusak sortutako egoera eramaten lagunduko diete Udalaren haur eskolek familiei

Martxoko kuota, apirilean ordaindu beharrekoa, hezkuntza-zerbitzu hori zabalik egon zen egunetara murriztuko da —hilaren 1etik 9ra, biak barne—

Bertako ikasleen gurasoei laguntzeko plan bat lantzen ari dira Udalaren haur eskolak, koronabirusak sortutako egoera eramaten laguntzeko. Hain zuzen ere, seme-alabekin baliatzeko materialak eskainiko dira, eta gomendioak emango, Gobernu zentralak apirilaren 11ra arte luzatu duen etxeko egonaldirako.

“Haurrari bere familia-esparrutik kanpoko beste pertsona batzuekin —haur nahiz nagusi— esperientziak partekatzeko aukera ematen dion hezkuntza-zerbitzua da Udalaren haur eskola; hain zuzen ere, haurrak jaiotzen denetik heziketa jasotzeko duen eskubideari bide ematen zaio hartara. Neurri horiekin, beren seme-alabak etxean eduki beharrak sortutako egoera berria kudeatzeko tresnak eskaini nahi dizkiegu familiei” adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

 

Kuotak

Kuotei dagokienez, hila burutzean jaulkitzen dira Udalaren haur eskoletako kuotak. Martxoan, otsaileko kuota ordaindu dute familiek, hil osoa, eta apirilean, berriz, martxoko ordainagiria ordaindu beharra daukate, baina haur eskolak zabalik egon diren egunei dagokien partea bakarrik, hau da, martxoaren 1etik 9ra bitartekoa, bi egun horiek barne.

Posta elektronikoz helarazi zaie informazio hori beren haurrak Udalaren haur eskoletara bidaltzen dituzten familiei. Bost eskola ditu sareak: Haurtzaro (hirigune historikoan), Sansomendi, Zaramaga, Lourdes Lejarreta (Lakuan) eta Zabalgana. Haur-eskola guztiek dituzte 2 urtetik 3ra arteko, 1etik 2ra arteko eta urtebetera artekoentzako gelak. Guztiek dute jantoki-zerbitzua.

Udaleko Hezkuntza Sailak gogorarazten die herritarrei bi ordainagiri elkarren segidan ordaintzeari utziz gero baja ematen dela haur-eskoletan.

 

UDALAREN HAUR-ESKOLEN KUOTAK. Martxoaren 1etik 9ra, biak barne.

Urtean 18.000 eurotik beherako errenta duten familietako haurrak:

JaioturteaOrdutegia: 8:00 – 13:00Ordutegia: 8:00 – 16:00
2017EZ DUTE KUOTARIK ORDAINTZEN10,32 €
2018EZ DUTE KUOTARIK ORDAINTZEN10,32 €
2019EZ DUTE KUOTARIK ORDAINTZENEZ DUTE KUOTARIK ORDAINTZEN

 

Urtean 18.000 euroko edo hortik gorako errenta duten familietako haurrak:

JaioturteaOrdutegia: 8:00 – 13:00Ordutegia: 8:00 – 16:00
2017EZ DUTE KUOTARIK ORDAINTZEN25,20 €
201850,40 €75,60 €
201950,40 €65,52 €

 

Ordenantzako laguntza-neurrietan jasota dauden deskontuak aplikatuko zaizkie kuota horiei, dagozkienean. Hau da, honako hauek:

1.- Seme-alaba bat baino gehiago duten familien kasuan, ondoko ehunekoetan murriztuko dira hileko tarifak:

  1. Eskolan lekua eskatzen den haurrak bi anai-arreba baditu, % 25eko murrizketa egingo da dagokion kuotan.
  2. Hiru anai-arreba baditu, % 33ko murrizketa, dagokion kuotan.
  3. Lau anai-arreba baditu, % 44ko murrizketa, dagokion kuotan.
  4. Bost anai-arreba baditu, zati proportzionala izango da murrizketa.

2.- Zenbait ume batera erditutako, adoptatutako edo behin betiko harreran edo adopzioaren aurrekoan haurrak hartutako familien kasuan, hileko kuota bakarra ordainduko da. Aurreko paragrafoan aurreikusitako kuota-murrizketa aplikatzeko, bikiez, hirukiez eta abarrez gaineko anai-arrebak bakarrik zenbatuko dira.

 

Haurreskolak

Haurreskolak partzuergoko haurreskolei dagokienez, jakinarazten da apirilean martxoko ordainagiria jaulkiko dela, Udalaren haur-eskoletan bezala, martxoaren 1etik 9ra arteko zati proportzionalari dagokiona, hain zuzen ere.

Informazio gehiago, Haurreskolak partzuergoaren webgunean: www.haurreskolak.eus

 

 

 

 

 

 

 

Share

Udalak bide publikoaren desinfekzioa indartuko du, 30 talderen bitartez, eta ospitaleetako langileek doan erabili ahalko dituzte Santa Barbarako eta autobus-geltokiko aparkalekuak

 


ALKATEAREN PRENTSAURREKOA

Gorka Urtaran alkateak hainbat neurri iragarri ditu gaur: besteak beste, Udalak bide publikoaren desinfekzioa areagotuko du, 30 talderen bitartez, eta ospitaleetako langileek doan erabili ahalko dituzte Santa Barbarako eta autobus-geltokiko aparkalekuak.

 

Udal garbitzaileen 15 taldek osatutako bi txandak Gasteizko leku jendetsuenen desinfekzioa areagotuko dute

Udalak areagotu egingo du desinfekzioa hiriko espazio jakinetan, garbitu eta desinfektatzeko 15 taldek osatutako bi txandaren bitartez. Udalak behar den materiala eskatu du, eta hori gaur iristea espero da. Horri esker, beste pausu bat emango da joan den astean abiarazitako desinfekzio bereziak betetzeko, premien arabera areagotzen baita

Langileek, ihinztatzeko desinfekzio ekipoz eta norbera babesteko ekipamendu bereziz horniturik, etengabe egingo dute lan, bi txandatan, goizeko 06:30etik gaueko 10ak arte.

Alkateak zehaztu duenez, leku hauetan jardungo dute: ospitale eta osasun zentroen kanpoaldea, janari denden eta dekretuz irekitako saltokien ingurua, autobus eta tranbia markesinak, garraio publikoko geltokiak eta jendea dabilen beste leku batzuk.

 

 

Doako aparkalekuak ospitaleetako langileentzat

Mugikortasunari dagokionez, alkateak iragarri du gaurtik bertatik Osakidetzako langileek doan erabili ahalko dituztela Santa Barbara eta autobus-geltokiko aparkalekuak. Nahikoa izango dute Osakidetzako langileak —sanitarioak zein beste arlo batzuetakoak– direla egiaztatzea neurriaz baliatu ahal izateko.

Bestetik, Arriagako karabanen aparkalekua itxi zen atzo.

TUVISAko zerbitzuak ere berrantolatu egin dira. Bihartik aurrera, ordutegi berriak sartuko dira indarrean. TUVISAren webgunean aurki daiteke informazio eguneratu eta zehatza,  estekan.

 

Udalak zigortu egingo ditu aretoaren kanpoaldean elikagaiak jartzen dituzten saltokiak

COVID-19arekin lotutako neurri berezien multzoaren barruan, bihartik aurrera Gasteizko Udalak zigortu egingo ditu aretoaren kanpoaldean elikagaiak ikusgai jartzen dituzten saltokiak. Udaltzaingoa hasi da horrela jokatzen duten negozioak ohartarazten, bateraezina baita egungo alarma egoerarekin. Orain arte establezimenduen kanpoaldean ikusgai jarritako elikagaiak zaindu eta kontrolatzeko lana egin izan da, baina bihartik aurrera isuna jarriko da.

Osasun Publikoaren Zerbitzuak gogorarazi nahi du txikizkako elikadura-saltokiaren jabearen erantzukizuna dela jende-metaketak eragoztea eta kontsumitzaileek eta langileek gutxienez metro eta erdiko tartea errespetatzen dutela kontrolatzea.

Bide publikoan frutak eta beste elikagai batzuk jartzeak pertsonak metatzea eragin dezake, eta horrek, kutsatzeko arriskua. Prebentzio-neurri gisa, establezimendu horien arduradunek dendaren barruan jarri beharko dituzte janariak bihartik aurrera, martxoak 24.

Alarma egoera dela kausa, eta elikagaien horniketa bermatzeko, txikizkako janari-dendak irekitzea baimendu da salbuespenez, baina jendeak premiazko janaria eta produktuak erosteko behar den denbora baino ezin du igaro barruan. Agintari eskudunak uste badu jarduteko baldintzak direla eta establezimenduren batek kutsatzeko arriskua duela horren jarduera etengo du.

Udalaren haur eskolek familiei lagunduko diete

Udalaren haur eskolak plan bat prestatzen ari dira ikasleen gurasoei koronabirusak sortutako egoera eramaten laguntzeko. Seme-alabak estimulatzeko materialak eskainiko dizkiete, eta itxialdirako gomendioak emango, gobernu zentralak apirilaren 11ra arte luzatu baitu.

Kuotei dagokienez, hilabetea igaro ondoren igortzen dira udal eskoletako ordainagiriak. Martxoan, otsaila osoa ordaindu dute familiek; apirilean, berriz, martxokoa ordaindu beharko dute, baina udal eskolak irekita egon diren tarteari dagokiona bakarrik, hau da, martxoaren 1etik 9ra arteko zatia, biak barne.

 

 

Share

Atxilotuta agindua ez betetzeagatik eta udaltzain bati eraso egiteagatik Covid 19aren kontrol bat saihestu ondoren

Udaltzainek 34 urteko gizonezko bat atxilotu zuten larunbatean erresistentzia, desobedientzia eta poliziari eraso egitearen delituen ustezko egilea izateagatik.
13:00ak inguruan gertatu zen, ibilgailu bat gidatzen ari zen gizonezkoak Heraclio Fournier kalean Covid 19aren osasun-alarma zela eta jarrita zegoen hiritarren segurtasun-kontrola saihestu zuenean.
Patruila batek Olarizu hiribidean atzeman zuen eta bide publikoan justifikatutako arrazoirik gabez zegoela egiaztatu ostean, salatu egin zuten. Une hartan, poliziak iraintzen hasi zen eta haietako bat bultzatu ere egin zuen. Hori zela eta, atxilotu eta poliziaren bulegoetara eraman zuten.
Alarma-egoera hasi zenetik, Udaltzaingoak 411 pertsona salatu eta kontrolak 1.506 ibilgailutan egin ditu.
Genero-indarkeria
Udaltzainek ostegunean 44 urteko gizonezko bat atxilotu zuten familiaren etxebizitzan, Andaluzia kalean, emazteari eraso egiteagatik.
Eztabaida baten ondorioz jazo ziren gertakariak.
Udaltzainek egiaztatu zutenez, emakumeak lesioak zituen. Ondorioz, gizonezkoa atxilotu eta epailearen esku jarri
zuten.
Larunbatean, hilaren 21ean, bestalde, udaltzainek 28 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten genero-indarkeriaren delituaren ustezko egile gisa. Donostia kaleko etxe bateko bizilagunek 092 zenbakira deitu zuten etxebizitza batean bikote bat
eztabaida gogorra izaten ari zelako.
Senar-emazteek eztabaida gogorra izan zutela eta elkarri eraso egin ziotela onartu zuten.
Poliziek egiaztatu zutenez, emakumeak lesioak zituen. Ondorioz, osasun arloko langileen laguntza eskatu eta ustezko erasotzailea atxilotu zuten. Atzo jarri zuten epailearen esku.
Zubi-egunetan, Udaltzaingoak zirkulazioko hamar istriputan lagundu behar izan zuen. Ez zen zauriturik izan.
Share