Prentsa Oharren banner

Gasteiz Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen koordinatzaile hautatu dute

 

Arabako hiriburuak herritar orori zuzendutako 225 hezkuntza-programa eskaintzen ditu

 

Gasteiz Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen koordinatzaile hautatu dute, Sevillaren lekukoa hartu baitu hiriburu hartan martxoaren 11tik gaur arte  egiten ari den topaketa batean. Gaur  egun Espainiako 216 hirik osatzen dute sarea.

Gorka Urtaran alkateak adierazi du “Urteak daramatzagu lanean, hezkuntza-komunitatearekin, gizarte-ehunarekin eta beste erakunde batzuekin partekatutako lidergoaren bidez. Hiritik ikastearen, hirian ikastearen eta hiria ikastearen aldeko apustua egiten dugu. Izan ere, hiria bera euskarri estrategikoa da gure etorkizunerako, aniztasuna, elkartasuna, askatasuna edo tolerantzia bezalako balioetan hazteko.  Gainera alkateak nabarmendu du Gasteiz prest dagoela beste hiri batzuekin sarean lan egiteko, gure gizarteen etorkizunerako funtsezkoak diren elementuetan. Zorionak, gaurtik aurrera, gure hiria hiri hezitzaileen sarean lider izan dadin inplikatutako pertsona eta eragile guztiei”.

Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantoren hitzetan, berriz, “izendapenak udal teknikarien taldeak duela 30 urtetik egindako lana aitortzen du, horri esker 225 hezkuntza-programa eskain baititzakegu gaur egun. Gainera, aktiboki parte hartu dugu Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarean. 1995ean sustatu zuen taldean geunden, eta azken lau urteetan bi sare telematiko gidatu ditugu, hezkuntza konpentsazioaren alorrean. Esperientzia dugu, eta datozen bi urteetan sarearen buru izateko ilusioa“.

Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen XIV. Topaketaren lema “Sentitzen, arnasten eta besarkatzen duten hiriak” izan da. XXI. mendeko hiri hezitzailearen eredua eraikitzen tokiko gobernuek duten zereginaz hausnartzea zen helburua.

Ildo horretatik, Gasteizek “Eskola segregazioa eta hiri hezitzailea” gaiaren inguruko sarea aurkeztu du; Arabako hiriburua 2018-2020 aldian zuzentzen ari da sare hori, zeinean 23 hirik hartzen baitute parte.

Santanderrek ere aurkeztua zuen Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen koordinatzaile izateko hautagaitza, baina hura bazter utzi dute.

 

Zeharkako proiektua

Hezkuntzaren alorreko hausnarketak eta eztabaidak aparteko lekua hartu dute beti Gasteizen. Izan ere, udalerriei esleitzen zaien eskumen-esparrua gainditu du hezkuntza esku-hartzeak bertan.

Duela 15 urte baino gehiago ezarri zuen hiriak euskarri teorikoa, zeina hezkuntza balioen definizioan islatzen baita; balio horiexek ematen diote helburua bertan garatzen den hezkuntza-jarduerari.

Jarduera horien kanpoko ebaluazioa argigarria izan da. Hain zuzen ere, Euskal Herriko Unibertsitateak enpirikoki frogatu zuen udalaren hezkuntza-programek gizartean duten konpentsazio balioa. 

Datozen urteetarako beste helburu bat ezarri da: “Hiri inklusiboa, hiri hezitzailea” izeneko sare berri baten buru izatea.

 

 

 

 

 

 

 

Share

Alkateak herritar ororen inplikazioa eskatu du, koronabirusari aurre egitea erronka kolektiboa baita

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek herritar ororen inplikazioa eskatu du berriro ere, koronabirusak sortutako egoerari aurre egitea erronka kolektiboa baita. Kasu positiboen kopurua handituz doanez, behar diren neurriak hartu behar dira gure osasun sistemak bermearekin erantzuten jarraitu ahal izan dezan; hori dela kausa, eta Iñigo Urkullu lehendakariak duela minutu gutxi iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak Osasun Larrialdiaren Deklarazioa onetsi du, zeinak Euskadiko Babes Zibileko Plana aktibatzen baitu aldi berean. Urtaran goizean goizetik dago lehendakariarekin harremanetan, eta erakundeen arteko koordinazioaren eta lankidetzaren garrantzia azpimarratu du.

“Hemen bizi garen pertsona guztiok ahalik eta erantzukizun handienaz jokatzeko garaia da. Erakundeak hartzen ari diren aparteko neurriek herritarren laguntza eta kontzientziazio gorena eskatzen dute. Horrela baino ez diogu erantzun onik emango egoera honi, gu guztion inplikazioarekin eta ematen diren jarraibideak zorrotz betez“, adierazi du alkateak, eta gasteiztar ororen konpromiso sendoaren beharra azpimarratu.

Gorka Urtaranek hiriko oinarrizko zerbitzuetako langileak oraingo egoeran egiten ari diren lana eskertu du eta, bereziki, ospitale eta osasun zentroetako langileena. Orobat, maitasuna eta sostengua helarazi nahi izan die pandemiak zuzenean eragindako pertsona eta familia guztiei.

Share

Merkataritza zentroan lapurreta egiteagatik atxilotuta

Udaltzainek 22 urteko gazte bat atxilotu zuten Zaramagako merkataritza-zentroko lokal batean hainbat produktu lapurtzeagatik. Helbide ezagunik eta egiaztatzeko modukorik ez zuenez, poliziek atxilotu egin zuten epailearen aurrean jarriko zela bermatzeko. Gaur, egunean zehar, epailearen esku jarriko dute.

Udaltzaingoak, era beran, 41 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo. Atxilotzeko eta Gasteizko Epaitegian aurkezteko eskakizun judiziala zuen gizonak.

Bestalde, zauriturik gabeko 12 trafiko-istriputan esku hartu zuen.

 

 

Share

Taxi elektrikoak erosteko laguntza deialdi berria

 

 

Gasteizko Udalak hiriko taxi-flotari ibilgailu elektrikoak gehitzen laguntzeko deialdia egin du hirugarrenez. Gaur goizean onetsi ditu Tokiko Gobernu Batzarrak deialdiaren oinarriak, Amaia Barredo zinegotziak zuzentzen duen Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak sustaturik. Urtaranen gobernuak 60.000 euro jarriko ditu horretarako, eta ibilgailu bakoitzeko 10.000 euroko dirulaguntza jaso ahalko da. Gasteizek 294 taxi ditu, zazpi elektriko (hauek Udal laguntzak jaso zituzten).

Mugikortasun iraunkorreko politiken barruko deialdi horren bitartez, Udalak gure hiriko airearen kalitatea hobetzen lagundu nahi du, eta kutsadura akustikoa eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten, baita energia-kontsumoa ere. “Gasteizen garraio publikoaren elektrifikazioaren aldeko apustua argia da. BEA abian jartzeko, tranbia-sarea hedatzeko Salburua eta Zabalganera, TUVISAko flota hobetzea… ari gara lanean, baita taxiaren sektorea modernizatzeko ere. Erreferente izan nahi dugu mugikortasunaren arloan”, azaldu du Amaia Barredo zinegotziak.

Gasteizko Udalaren taxi-lizentzia baten jabe diren pertsona fisikoek jaso ahalko dituzte laguntzak, baldin eta dirulaguntzaren xede den ibilgailua aurretik lizentzia horri esleitutako ibilgailua ordezteko bada; Gasteizko taxilarien elkarteek ere jaso ahalko dituzte laguntzak, horren xede den ibilgailua Gasteizko taxi-lizentzia duten ibilgailuak ordezteko erabiltzekoa bada. Taxi-lizentziaren titularrek 2020an erosi dituzten edo erostekoak diren ibilgailu elektriko huts berriengatik bakarrik jaso ahalko da diru-laguntza. Diruz lagundutako taxiek lau urtez eman beharko dute zerbitzu Arabako hiriburuan.

Aste batzuk barru eskatu ahalko dira laguntzak, Diru-laguntzen Datu-base Nazionalean eta ALHAOn argitaratzen direnean.

 

Share

Gasteizen ekonomia eta enplegua sustatzeko lau laguntza-ildo abiarazi ditu udalak

Horien artean negozioak sortu eta sendotzeko dirulaguntza berriak: % 40ko aurrekontu-igoera izango dute, eta, lehen aldiz, bost urtera arteko antzinatasuna dutenak izango dira hartzaile.

Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapenerako Sailak lau laguntza-programaren deialdi publikoa onetsi du gaur, enpresen jarduerari laguntzea eta kalitateko enplegua sortzea xede. Planek eskala ekonomiko osoari egingo diote mesede, bai ekintzaileei, bai sendotutako negozioei. Ildo horretan, Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsitako lau dirulaguntza-ildoek 808.700 euroko aurrekontua dute, guztira. Joan den astean, udal gobernuak 83.700 euroko beste partida bat jarri zuen martxan ekintzaileentzako beketarako, beraz, laguntza hori kontuan hartuta, aurtengo bost laguntzek ia 900.000 euroko aurrekontua dute.

Lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Maider Etxebarriak adierazi duenez, “laguntza hauek funtsezkoak dira udalaren estrategia ekonomiko berriak sendotzeko. Enpresei eskainitako laguntza berrikusi eta indartzeko konpromisoa hartu genuen, eta, astebetean, bost plan onetsi ditugu jarraian, eta % 10eko igoera ekonomikoa izan da 2019koaren aldean. Tokiko ekonomia beste sektore batzuetan dinamizatzeko neurriak ere jarriko ditugu martxan urtean zehar”.

Bertako ekintzaileei eta talentuei laguntzea da Ekonomia Sustapenerako Sailaren lan-ardatz nagusienetako bat. Hori dela eta, gaur onetsitako lehen laguntza-ildoa enpresak sortzen eta sendotzen laguntzeko da. 2020ko deialdiak bi berrikuntza garrantzitsu ditu: Lehena, bost urtera bitarteko antzinatasuna duten enpresek eskatu ahalko dituztela laguntzak (orain arte baino bi urte gehiagoko antzinatasuna onartzen da). Bigarrena, aurrekontua % 40 igo dela. Zehazki, iaz 90.000 eurokoa izatetik aurten 126.700 eurokoa izatera pasa da.

Tokiko merkataritzak eta ostalaritzak ere berariazko deialdiak izango dituzte, denda txikiak ezarri, berritu eta modernizatzea sustatzeko. Batetik, merkataritza eta zerbitzu pertsonalen enpresentzako laguntzak jarri dira martxan 220.000 euroko aurrekontuarekin (iaz baino 20.000 gehiago), eta, bestetik, ostalaritza-enpresentzako laguntzak, 62.000 euroko aurrekontuarekin (12.000 euroko igoera).

Laugarren laguntza-ildoa enplegua egonkortzeko da, eta 400.000 euroan finkatua du aurrekontua. Hauexek dira azken laguntza hauen hartzaileak:  jarduera Gasteizko udalerrian burutzen duten enpresa edo entitateak, 45 urtetik gorakoen aldi baterako kontratuak mugagabe bihurtzen badituzte, lanaldi osoan edo lanaldiaren % 50ean gutxienez.

Ekonomia bultzatzeko lau laguntza hauei gehitu egin behar zaie Tokiko Gobernu Batzarrak joan den astean onartutako programa. Orduan, ekintzaileentzako beken deialdia onetsi zuen. Deialdiak iaz 70.000 euroko aurrekontua izan zuen eta 2020an, 83.700 eurora igo da. Beka hauek  Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emanda ez dauden eta enpresa-ekimen bat garatzen ari diren pertsona fisikoei zuzenduta daude. Laguntza horiek negozio-ideia bat duten pertsonentzat pentsatuta daude, baldin eta negozio horien ezaugarriek dedikazio esklusiboa eskatzen badute proiektua sustatu eta behin betiko sendotzeko, Ekonomia Sustatzeko Saileko adituen laguntzarekin.

Ohikoa denez, deialdiak Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren unean irekiko dira laguntza bakoitzerako eskabideak aurkezteko epeak.

 

 

 

Share

Ekonomia-Sustapenak 32.000 eurorekin lagunduko du Santa Maria Katedrala Fundazioaren programa turistikoa

Ekonomia-Sustapenaren eta Turismoaren zinegotzi Maider Etxebarriak eskatuta, gaur Tokiko Gobernu Batzarrak gaur Santa Maria Katedrala Fundazioarekin hitzarmen bat egitea onetsi du, Erdi Aroko harresiaren bisita gidatuen programa turistikoa antolatzen eta garatzen laguntzeko. Udalak 2020 urterako emango duen ekarpena 32.000 eurokoa da.

Etxebarria zinegotziaren aburuz, “Erdi Aroko harresiaren inguruan Fundazioak garatzen duen bisita-programa gure hiriko eskaintza turistikoaren alderdik erakargarrienetakoa da. Eta jomuga turistiko gisa Gasteizen alde kulturala sustatzea funtsezkoa da”.

Share

Judimendi HLHIko estalkia berrituko du Udalak

Judimendi Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoaren estalkia iragazgaizteko obren kontratazio-dosierra onetsi du Gasteizko Udalak, 161.144,88 euroko zuzkidurarekin (BEZ barne). 2 hilabetekoa izango da kontratuaren gauzatze-aldia.

Obrak egin beharra dago, ikastetxearen estalki laua hondatuta dagoelako eta euri uren ebaluazio-sistemak, zein eraikinaren barrutik pasatzen baita, isuriak dituelako aspalditik. Horretaz gain, margotutako fatxada eta hegalkinetan azalera zartatuta dago, eta konpondu eta berriz margotu behar dira.

Estalkiaren azalera guztia eta ikastetxeko terraza estaliko dira berriz, “chovaterm” edo bi geruzadun antzeko sistema bidez, eta eguzki-erradiaziotik babesteko-geruza izango du. Horrenbestez, estalkiko arazoa konpontzeaz gain, teilatua termikoki isolatzea lortuko da, eta eraikinaren efizientzia hobetuko.

Halaber, aldatu egingo da estalkira igotzeko sabaileihoa eta zorroten eta arketa berriak, eta segurtasun-soka finkoak jarriko dira, besteak beste.

Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguez Ramajok nabarmendu egin du bere sailak udal eraikinak hobetzeko egiten duen ahalegina. “Kasu honetan, ikastetxe bat da, lehentasuneko ekipamenduetako bat, alegia. Judimendi HLHIko lan hauek eraikinaren efizientzia eta jasangarritasuna nabarmen hobetzen lagunduko dute”.

 

Share

Ur-hornikuntzarako sare berria izango du San Prudentzio egoitzak

San Prudentzio egoitzako sorospen-eremuan ur bero sanitarioa hornitzeko sarea ordezteko obra kontratatzeko dosierra onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, 125.108,59 euroko aurrekontuarekin. Lau astekoa izango da lanak gauzatzeko epea.

Eraikin horretako ur-hornikuntzarako sareak ihesak izan ohi ditu maiz. Hodien egoera txarrari zor zaio hori, baita legionellaren kontrako nahitaezko tratamenduaren karga eta talka bortitzei ere.

Ur bero sanitarioa hornitzeko eta itzulerako sare osoa ordeztea proposatzen du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak, horiek baitira gorabeherak izan ohi diren bi sareak. Horretarako, 1.4301 (AISI 316L) motako altzairu herdoilgaitzezko hodiak jarriko dira, gaur egun daudenen diametro berekoak.

Hodiak ordeztu ahal izateko, sabai faltsuak eraitsi beharko dira, eta, ondoren, berregin. Armstrong motako sabai faltsu erregistragarriak izango dira berriak, aurrerantzean instalazioak eskurago egon daitezen.

Bidez batez, korridoreetako argiteria ere aldatuko dute teknikariek, eta LED argi-panelak jarriko.

Hala adierazi du Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguez Ramajok: “Gasteizko adinekoak artatzeko ezinbestekoa den baliabide horretako instalazioen efizientzia lortu nahi da lan horien bitartez. Ur bero sanitarioa hornitzeko sarea berrituz lortuko den energia-aurrezpenari LED argiteria-sistema instalatuz lortuko dena gehituko zaio.”

 

Share

Judimendiko gizarte-etxeak igogailuak modernizatuko ditu

Judimendiko gizarte-etxeko hiru igogailuak aldatzeko lanen kontratazio-dosierra onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, 114.279,36 eurokoa (BEZ barne). 4 hilabetekoa izango da kontratuaren gauzatze-aldia.

Gizarte-etxeko igogailuen funtzionamendu-arazoak konpontzeko beharrari erantzuten diote lan horiek, erabiltzaileen kexa ugari eragin baitituzte.

Gorabehera horiek behin betiko konpontzeko lan eraginkorrak ezinezkoak direnez, udalak egungo igogailu hidraulikoen ordez igogailu elektrikoak jartzea erabaki du. “Igogailuen elektrizitate kontsumoa ekonomizatzeaz gain, kabinak handiagoak izango dira eta sarrera zabalagoa izango dute. Horretaz gain, itxarote-aldiak laburragoak izango dira” adierazi du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguez Ramajok.

“Lanak egin bitartean, igogailuren bat martxan izango da uneoro” , gaineratu du Rodriguez Ramajok.

 

 

Share

700.000 euro inbertituko ditu Gasteizko Udalak 2023ra bitartean iruzurraren kontrako prebentzioa eta borroka hobetzeko softwarea garatzeko

2020-2023 urteetarako Iruzurraren kontrako Prebentzio eta Borroka Planeko ekintzen euskarri izango den softwarea garatzeko kontratazio-dosierra onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak. Kontratuaren aurrekontua 700.000 eurokoa da, BEZa barne, eta gauzatzeko aldia, berriz, lau urtekoa.

Iruzurraren kontrako Prebentzio eta Borroka Planaren bitartez, zerga-sistemaren aplikazio zuzen eta efektiboa zaindu nahi da, zerga eta tasen inguruko informazio-, kontrol- eta erregulazio-jardueren bitartez, funtsezko premisa baita hori Udalaren diru-sarreren kudeaketan.

Lau jarduera-ildo handik osatzen dute plana: zerga-betebeharrak betetzen diren kontrolatzea; zerga- eta bilketa-prozeduren hobekuntza eta eraginkortasuna bultzatzea; beste administrazio batzuekiko lankidetza eta sailen arteko koordinazioa, eta zergadunei ematen zaizkien zerbitzuak hobetzea.

Zehazki, diru-sarreren sistemaren barruan, online aplikazioen efikazia eta eraginkortasuna hobetu nahi dira, hala nola errolden kudeaketa, likidazioa, tarifa fiskal laua edo gainbalioak. Gainera, trafiko-isunak kudeatzeko plataforma arindu egingo da, baita gidariak identifikatzeko web-zerbitzu ere.

Hala adierazi du Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguez Ramajok: “herritarrek Udalaren webgunean erabilgarri dituzten aplikazio informatikoen eraginkortasuna eta efikazia areagotzeko ari gara lanean. Eguneratze teknologikoa ezinbestekoa baita, eta, halaber, funtsezkoa baita herritarrek erabateko konfiantza edukitzea, zerga-sistema modu zuzen eta eraginkorrean aplikatzen dela.”

Aldizkari ofizialetan iragarriko du kontratazio-organoak lizitazioa, baita kontratatzailearen profilean ere.

Share