Prentsa Oharren banner

Udaltzaingoak enpresa eta partikularrek emandako osasun arloko materiala bidali du ospitaleetara

Udaltzaingoak hiriko ospitaletara osasun arloko material ugari bidali du azken egunotan. COVID-19a geldiarazteko egunero egiten ari diren beren lanean osasun arloko eta larrialdietako langileei laguntza emateko asmoz enpresek, erakundeek, tokiko komertzioek eta partikularrek zuzenean Agirrelandako bulegoetan utzita egin dituzten dohaintzak dira.

Udaltzaingoa elkartasunez betetako bolada honen lekuko ari da bihurtzen, eta pertsona anonimoak, erakundeak, merkataritzako saltoki txikiak eta enpresa handiak dira horren protagonista. Horiek guztiek maskarak, mantalak, eskularruak, babes-betaurrekoak, toallak, tapakiak, alkohola eta abar eman dituzte. Material hori guztia, gero AUOra, eramaten dute, hura baita kudeaketaz arduratzen dena.

Hala, azken ordutan, Udaltzaingoak honako hauek eman dizkie osasun arloko agintariei: herritar batek dohaintzan emandako 300 maskara, Arabako gaztandegi batek emandako 1.000 mantal, maskaren 70 kaxa eta ikastetxe batek emandako 100 eskularru edo bertako ileapaindegi batek emandako toallen 3 pakete eta 200 eskularru.

Gainera, Estatuko banaketa-enpresa batek eskerrak eman nahi izan dizkie udaltzainei egiten duten lanagatik, eta eguneroko beren lanean patruilek erabil ditzaten 4.000 eskularru eman dizkie.

Marian Gutiérrezek, Herritarren Segurtasunerako zinegotziak, eskerrak eman nahi izan ditu “bizi dugunaren moduko une zail hauetan halako elkartasuna erakusteagatik. Krisiaren hasiera-hasieratik esan dugu bertatik atera ahal izateko beharrezkoa dela hiritar guztien laguntza. Hauen moduko adibideek erakusten dute gure bizilagunen konpromisoa ezin handiagoa dela eta, horregatik, esker ona adierazi, besterik ezin dugu egin”.

Zinegotziak, gainera, egunotan Udaltzaingoak eta suhiltzaileek “herritarrei laguntzen, osasun arloko profesionalei laguntzen eta koronabirusaren hedapena geldiarazteko ezarritako arauak betetzen direla zaintzeko” egin duten lanari balioa eman nahi izan dio.  “Funtsezkoa da haien lana eta nire babes eta aitortza osoa merezi dute”.

Alarma-egoerarekin lotutako salaketak

Udaltzaingoak 51 lagun salatu zituen atzo konfinamendu-neurria ez betetzeagatik eta kalera justifikaziorik gabe ateratzeagatik. Gainera, 457 ibilgailu kontrolatu zituen.

Alarma-egoerarekin lotutako neurriak abian jarri zirenetik, Udaltzaingoak 1 pertsona atxilotu du araua ez betetzeagatik, 463 salatu ditu, eta 2.019 ibilgailu kontrolatu.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share

Haurrentzako jarduera-programa bat eskaintzen dute gizarte-etxeek, etxetik aritzeko

Blog bat sortu dute ludoteka, ludoklub eta elkartze-aretoen udal sareko langileek; eskulanak, sukaldaritza, jolasak eta ipuin-kontalariak eskainiko ditu, besteak beste

Egungo egoerara moldatu da gizarte-etxeen sarearen eskaintza. Gizarte-etxeak itxita badaude ere —jendea kutsa ez dadin—, horietara joan ohi direnengandik gertu egotea erabaki dute ludoteka, ludoklub eta elkartze-aretoetako langileek. Haurrek, etxean egonik ere, modu birtualean parte ahal izango dute, senideekin batera, gizarte-etxeek etxetik aritzeko prestatu duten jarduera-programan.

Familiengana iristeko, blog berri bat sortu da, “Kirikaren txokoa”, haurrek gizarte-etxeetako espazio ludikoekin lotzen duten maskota erreferentziatzat hartuta. Bertan, baita ludoteken ohiko Facebookeko orrian ere, adin guztietakoentzako jarduerak aurki daitezke, eta bereziki haurrei zuzenduak. Eskulanak, sukaldaritza, familiarentzako jolasak eta ipuin-kontalariak, besteak beste. Egunez egun joango da handitzen blogean jarduera-eskaintza, osasun-alertaren egoerak iraun bitartean, hau da, ludoteka, ludoklub eta elkartze-aretoak berriro irekitzen ez diren bitartean.

“Gasteizko familiekin egoten jarraitu nahi du gizarte-etxeen udal sareak, etxean geratu beharra egokitu den sasoi honetan. Ekimen horrekin, ludoteka, ludoklub eta elkartze-aretoetako langileak programazio dibertigarria eta hezitzailea eskaintzen saiatuko dira”, azaldu du gizarte-etxeen zinegotzi Borja Rodríguezek.

BLOGA: https://kirikarentxokoa.wixsite.com/kirikarentxokoa

FACEBOOK: www.facebook.com/ludovitoriagasteiz/

Share